193. zk., 2023ko urriaren 9a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (167 KB - 9 orri.)
- EPUB (120 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4618
94/2023 EBAZPENA, urriaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko hitzarmena, prestakuntzaren arlokoa.
Hitzarmen hori sinatu egin da eta, publikotasun egokia emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta IVAP Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko hitzarmena, prestakuntzaren arlokoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko urriaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
MARÍA BEGOÑA OTALORA ARIÑO.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 3KO 94/2023 EBAZPENARENA
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO PRESTAKUNTZA ARLOKO HITZARMENA
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 13a.
PARTE-HARTZAILEAK
Alde batetik, Eva Ferreira García andrea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea eta Unibertsitatearen ordezkari, 2011ko otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartutako Estatutuek hala xedatzen baitute 181 a) artikuluan.
Beste alde batetik, Maite Barruetabeña Zenekorta andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen bidez sortutako erakunde autonomoa da IVAP, eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza eta Autogobernu Sailari atxikita dago. Lege bereko 12. artikuluaren arabera egikaritzen du IVAPeko zuzendariak erakundearen ordezkaritza.
Bi alderdiak bakoitza bere erakundearen izenean eta hura ordezkatuz agertu dira, eta hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena aitortzen diote elkarri, sinetsita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean lankidetza estua izateak onurak ekar ditzakeela bientzat, prestakuntza-arloan bi erakundeek esleituta dituzten zereginak betetzeko orduan. Hortaz,
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Azaroaren 9ko 289/2010 Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren 2010eko urriaren 28ko Akordioa onartu zuen. Akordio horren arabera, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen zituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizun eta zerbitzuak, azaroaren 5eko 1441/2010 Errege Dekretuak ezarritako baldintzetan.
Bigarrena.– Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen izaera publikoa ezartzen du.
Hirugarrena.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuek, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartuek, 5.2 g) artikuluan, arauak egiteko ahala aitortzen diote Unibertsitateari, besteak beste, irakasleak, ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak prestatu eta lanean gora egin dezaten. Artikulu bereko i) apartatuak, ahala aitortzen dio beste erakunde batzuekin harremanak ezartzeko, unibertsitatearen helburuak indartu eta aurrera eramateko.
Laugarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari honako helburu hau esleitzen dio, besteak beste, erakundea bera sortu zuen 16/1983 Legeak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta beste edozein herri-administraziok edo araubide juridikoak bere esku utz dezakeen funtzionarioen eta kontratudunen prestakuntza eta hobekuntza.
Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak, zuzkidurak kontsignatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen prestakuntza finantzatzeko. Zuzkidura horiek isla dute Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen aurrekontuan. Aurrekontu horrek Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea onuradun duen zuzkidura bat kontsignatzen du, gehieneko kopurua adierazita.
Seigarrena.– 15/2022 Legearen Bederatzigarren Xedapen Gehigarriak xedatzen duenez, Euskal administrazio publikoetako enplegatuen enplegurako prestakuntzarako IVAP organismo autonomoaren aurrekontuetan agertzen diren kredituak organismo horrek kudeatuko ditu, kasuan kasuko deialdien bidez.
Zazpigarrena.– IVAPen 2023ko dirulaguntzen plan estrategikoak, IVAPen webgunean argitaratua, Administrazio Publikoetan lanean ari diren pertsonen prestakuntza finantzatzeko laguntzak aurreikusten ditu. Plan horrek berariaz aipatzen du Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienez, 1216 programaren barruan, Administrazio Publikoetako langileak hautatu eta prestatzea.
Zortzigarrena.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak 28.1 artikuluan xedatzen duenez, hitzarmenak dira ohiko bidea Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako dirulaguntza izendunak bideratzeko.
Bederatzigarrena.– Bi alderdiek, nork bere ahalmenak baliatuz, eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan aritzeak, kudeaketa publikoaren efizientzia hobetuko duela iritzita, hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, honako klausula hauei lotuta.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen bidez, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari, 2023ko ekitaldian, administrazio eta zerbitzuetako enplegatuentzat eta enplegurako prestakuntzaren baitan burutzen dituen prestakuntza-plan edo -programetarako IVAPek emango dizkion dirulaguntzak arautzen dira.
Prestakuntza-plan edo -programek, berariazko prestakuntza-eskaintzaz gain, honako ekintza hauetakoren bat edo batzuk jaso ahal izango dituzte:
a) Prestakuntza-edukiak diseinatzea eta/edo prestatzea.
b) Ikaskuntzako sareak ezartzea, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak.
c) Irakaskuntzako materiala diseinatzea, prestatzea eta argitaratzea, prestakuntzan erabiltzen den edozein euskarritan.
d) Aprobetxamenduaren, transferentziaren edo eraginaren ebaluazioarekin lotutako azterketak, erakundeak garatutako prestakuntzari buruzkoak.
Programatzen diren prestakuntza ekintzetako bat, gutxienez, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzkoa izan behar da.
Ez dira inola ere diruz lagunduko plan edo programetan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonen joan-etorri, mantenu, egonaldi- eta ordezkapen-gastuak.
Hitzarmen honi Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak dituen oinarrizko arauak aplikatzen zaizkio, hitzarmenaren objektua bat baitator Legearen 2.1 artikuluak ematen duen dirulaguntzaren kontzeptuarekin. Aplikatzen zaio, halaber, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena. Horrez gain, garapen-araudia ere aplikatzekoa da.
Bigarrena.– Definizioak.
Hitzarmen honetan ezarritakoa interpretatze eta aplikatze aldera, betiere kontuan izango dira honako definizio hauek:
a) Prestakuntza Beharren Analisia da pertsona batek lanpostuan behar bezala jarduteko jakin beharko lukeenaren eta benetan dakienaren arteko aldearen analisia.
b) Prestakuntza-plan edo -programatzat hartzen da prestakuntza-ekintzen multzo antolatu bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileen prestakuntza planifikatu eta antolatzeko irizpide orokorrei buruzko otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuan ezarritakoaren arabera (EHAA, 2008ko otsailaren 27koa).
c) Prestakuntza-ekintzatzat hartzen da, oro har, langileei alderdi, eremu edo ezagutza-arlo jakin bati buruzko prestakuntza ematera bideratutako eragiketen multzoa. Prestakuntza-ekintzak ikaskuntzakoak edo informaziokoak izan daitezke, otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuaren 4. artikuluan ezartzen denaren arabera.
d) Erakundearen langile-kopurua: erakundearen guztizko plaza-kopurua, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.
Hirugarrena.– Finantza-zuzkidura.
Zuzkidurak, gehienez, 37.890 euroko zenbatekoa izango du, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko aurrekontuan hitzarmen honen xederako ezartzen duen bezala 2023ko ekitaldirako. Sekzioa: 43; programa: 1216; zerbitzua: 02; kontzeptua: 410; partida: 19/001318. Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko prestakuntza-planak.
Laugarrena.– Laguntza izapidetzea.
Unibertsitateak prestakuntza-plan edo -programak betetzeak dakartzan gastuei aurre egin diezaien, hitzarmena sinatutakoan, hirugarren klausulan ezarritako zuzkidura osoaren ordainketa izapidetuko da. Ordainketa hori plan edo programaren aldez aurreko ordainketa izango da. Aldez aurreko ordainketa jaso baino lehen, Unibertsitateak ondoko agiriak aurkeztu beharko ditu:
a) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela egiaztatzen duen agiria, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluarekin bat.
b) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duen agiria, indarrean dagoen araudiaren arabera.
2023ko azaroaren 30a baino lehen, Unibertsitateak ondoko dokumentazioa emango dio IVAPi:
a) Finantzatzeko diren prestakuntza-plan edo -programak. Horiek, gutxienez, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren otsailaren 19ko 30/2008 Dekretuan ezarritako edukia izan behar dute (EHAA, 2008ko otsailaren 27koa). Halaber, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 17. artikulua betez, prestakuntza-planak berdintasunaren arloko prestakuntza-ekintzak bildu beharko ditu. Prestakuntza-ekintza horiek oinarritu beharko dira administrazio horri atxikitako langileek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan dituzten prestakuntza-beharren diagnostikoan lortutako emaitzetan. 2023rako berrikuntza gisa, prestakuntza-planetan eta dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak bete direla justifikatzen duen memorian, prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua identifikatu beharko da, bai eta erakunde onuradunaren plantilla osatzen duten pertsonen guztizko kopurua ere, sexuaren arabera banakatuta, genero-berdintasunari buruzko azterlanak eta estatistikak egin ahal izateko.
b) Prestakuntza planaren oinarri den Prestakuntza Beharren Analisia, horretarako erabili den metodologia azalduta. Analisi hori IVAPek zehaztu duen Prestakuntza Beharren Analisiaren metodologietan oinarritu daiteke. Era berean, analisitik ondorioztatzen diren prestakuntza lehentasunak jasoko dira.
c) Prestakuntza-eskaintzarekin batera hau erantsi behar da gutxienez:
– Ekintzaren edo ekintzen deskribapena.
– Beharrizanaren edo komenigarritasunaren justifikazioa.
– Ekintzaren edo ekintzen kostua.
d) Erakundearen langile-kopuruaren egiaztagiria, onartutako azken aurrekontu-plantillaren arabera.
Bosgarrena.– Betearazpen-maila justifikatzea.
Planaren edo programaren betearazpen-maila justifikatzeko, Unibertsitateak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2023ko azaroaren 30a baino lehenago:
a) Aurkeztutako prestakuntza-planaren edo -programaren betearazpenari buruzko txostena. Dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak bete direla justifikatzen duen memorian, prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua identifikatu beharko da, bai eta erakunde onuradunaren plantilla osatzen duten pertsonen guztizko kopurua ere, sexuaren arabera banakatuta, genero-berdintasunari buruzko azterlanak eta estatistikak egin ahal izateko.
b) Erakundeak burututako prestakuntza-plan edo -programaren kostuari buruzko ziurtagiria, erakundeko barne-fiskalizazioaren arduradunak izenpetua.
c) Ziurtagiria, ondokoa adierazten duena: planak edo programak ez duela jasotzen, hitzarmen honetan esleitutako kopuruarekin batera, gehiegizko finantzaketa dakarren laguntzarik, kostuaren edo bete den planaren edo programaren zatiari dagokion kostuaren gainetik dagoen zenbateko batean.
Egindako justifikaziotik ondorioztatzen bada prestakuntza-plana edo -programa ez dela bete edo zati batean bakarrik bete dela, dagokion likidazioa egingo da, lortutako betetze-maila kontuan hartuta. Gertatuko balitz erakundeak azkenean egokituko zaion zenbatekoaren gainetik dauden kopuru batzuk jaso dituela, itzuli egin beharko dira behar ez den bezala jaso diren kopuru horiek.
Unibertsitateak, prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektronikoz egingo ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, Nire karpeta gunean.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak, Ordezkarien erregistroan izendatuko ditu erakundearen izenean jardungo duten pertsona edo pertsonak, hitzarmen honen izapidetze eta betearazte ondorioetarako.
Prozedura honen izapide guztiak bide telematikoez egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartzen duen edozein ziurtagiri elektroniko erabili ahal izango da.
Unibertsitateak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezake dokumentazio guztia. Prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Aurkezten diren dokumentuek klausula hauetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo haien edukia nahikoa ez bada, Unibertsitateari jakinaraziko zaio hamar egun dituela eskabidea osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta adieraziko zaio, horrela egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Administrazioa behartuta dago eskaera horri buruzko ebazpen adierazia ematera, bai eta jakinaraztera ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorrita.
Seigarrena.– Laguntza esleitzea.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bitartez esleituko da laguntza. Ebazpen horrek, esleitutako diru-kopurua zehaztuko du, eta kopuru horri dagozkion kontzeptuak ere adieraziko dira. Ebazpena egoitza elektronikoaren bidez jakinaraziko da ematen den egunean. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.
Laguntzaren zenbatekoak ezin izango du gainditu prestakuntza-plan, -programa edo jardueraren kostuaren ehuneko berrogeita hamar.
Zazpigarrena.– Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen betebeharrak.
Hitzarmen honen xedeak burutze aldera, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak, dirulaguntzaren onuradun den aldetik, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legeak eta 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, ezarritako betebeharrak bete beharko ditu. Bereziki honako hauek:
a) Dirulaguntza ematea eragin duen prestakuntza-jarduna burutzea.
b) IVAPi behar bezala justifikatzea baldintzak eta betebeharrak bete dituela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin duela ere. Dirulaguntzak ematean ezarritako betebeharrak bete direla justifikatzen duen memorian, prestakuntza-ekintza guztietan parte hartzen duten pertsonen sexua identifikatu beharko da, bai eta erakunde onuradunaren plantilla osatzen duten pertsonen guztizko kopurua ere, sexuaren arabera banakatuta, genero-berdintasunari buruzko azterlanak eta estatistikak egin ahal izateko.
c) IVAPek egingo dituen egiaztapen jardueren mende egotea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura jasotako dirulaguntzetan, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkion kontrol jardueren mende. Hori guztia, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusten direnez gain.
d) IVAPi aditzera ematea beste zernahi administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribaturen batek xede bera duten dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman dizkion.
e) Laguntza esleitzean kontuan izan zen dena delako egoera objektiboaren edo subjektiboaren edozein aldaketaren berri ematea IVAPi.
Esleipena egiteko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, gerta liteke horren ondorioz esleipen ebazpena ere aldatzea. Era berean, ebazpen hori eraldatzea eragin dezake beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatu batzuen dirulaguntzak eskuratzeak eta, edozein kasutan, xede bera betetzeko beste zernahi diru-sarrera edo baliabide jasotzeak; baldin eta, ebazpen honen babesean emandako finantzaketarekin batera, finantzatu daitekeen edozein kontzepturen finantzaketan, kostuaren guztizkoaren gainetik dagoen zenbatekoa hartzen badute.
f) Jasotako dirulaguntza ezagutarazteko, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko 18.4 artikuluan ezartzen diren neurriak hartzea.
g) Laugarren klausulan ezartzen den eran, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela egiaztatzea.
Zortzigarrena.– IVAPen betebeharrak.
a) Esleitutako dirulaguntzaren ordainketa izapidetzea hitzarmen hau izenpetutakoan.
b) Universidad del País Vasco/ Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean aritzea, prestakuntza-beharren analisi edo diagnostikoak efizientziarik handienarekin egin ahal izateko.
c) Unibertsitateak aurkeztutako dokumentazioa aztertzea eta ebazpena ematea, laugarren klausularen azken paragrafoan ezarritakoa ere aintzat harturik.
Bederatzigarrena.– Esleitutako finantzazioari uko egitea.
Unibertsitateak uko egin diezaioke, osorik edo partez, esleitu zaion dirulaguntzari. Uko-egitea idatziz jakinarazi beharko da, eta esleipenetik eratorritako eskubide ekonomiko guztiak edo uko-egiteari dagokion zuzkiduraren zatiari dagozkion eskubideak galtzea ekarriko du. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, betiere, onartu egingo du aurkeztutako uko-egitea.
Hamargarrena.– Itzultzea.
Dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzak ez direla bete egiaztatzen bada, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak jasotako zenbatekoa itzuli beharko dio Euskadiko Diruzaintza Orokorrari, dagozkion berandutze-interesekin. Hori guztia, ondoko arauekin bat: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua. Bereziki, kasu hauetan itzuli behar da dirulaguntza:
a) Justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.
b) Laguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe.
c) Laguntzaren xedea ez betetzea.
d) Hitzarmen honetan ezartzen diren baldintzak ez betetzea.
e) Legean ezartzen diren kontrol-jardunei ezezkoa ematea edo oztopoak jartzea.
Hamaikagarrena.– Administrazio-isiltasuna.
Eskabidea aurkezten denetik hiru hilabete igarota, egoitza elektronikoan esleipen-ebazpenik jakinarazi ez bada, Unibertsitateak ezetsitzat jo ahal izango du bere eskaera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1. a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.
Hamabigarrena.– Jarraipen-batzordea.
Hitzarmena sinatzen duten erakundeek jarraipen-batzorde bat sortuko dute, haietako bakoitzak izendatutako bina ordezkarik osatua, hitzarmena ondo betetzen dela begiratze aldera. Berariazko akordiorik ezean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko ordezkarietako bat izango da batzorde horren buru, eta idazkari, aldiz, Unibertsitateak izendatutako ordezkarietako bat.
Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Hitzarmenean aurreikusitako ekintzen jarraipena egitea; elkarri informatzea eta hartutako konpromisoak betetzea ahalbidetu dezaketen irizpideak eta moduak zehaztuta.
b) Hitzarmenak interpretazio- edo exekuzio-arazorik izanez gero, konpontzen ahalegintzea.
Hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean, jarduketei bide egokia emateko behar den guztietan bilduko da batzordea, alderdietako edozeinek hala proposatuta. Batzordearen bileren bertaratze-quorumak kide guztiak agertzea eskatzen du, eta aho batez hartuko dituzte kideek erabakiak.
Hitzarmen honetan Jarraipen Batzordearentzat espresuki jasotzen ez diren gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. atalean xedatutakoa aplikatuko da.
Hamahirugarrena.– Araubide juridikoa.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du eta aplika dakiokeen antolamendu juridiko administratiboaren bidez arautuko da Hitzarmenaren interpretazioa eta garapena; zehazki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak xedatutakoaren arabera.
Administrazio publikoen kontratuei buruzko legeriaren aplikagarritasunari dagokionez, baztertuta geratzen da hura, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legeak 6.1 artikuluan xedatzen duenaren arabera.
Hitzarmen hau sinatzeak ez dakar esku hartzen duten alderdiek beren eskumenei uko egitea edo eskumen horiek aldatzea; hartzen dituzten konpromisoei dagozkien erantzukizunak bakarrik egiten dituzte bere.
Hamalaugarrena.– Datu pertsonalak babestea.
Hitzarmen honen ondorio diren jardueretan lortutako datu pertsonalak alde sinatzaileen ardurapeko tratamenduetara ekarriko dira, eta hitzarmen hau behar bezala betetzeko baino ez dira erabiliko. Bi alderdiek konpromisoa hartzen dute datu horiek indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera erabiltzeko. Titularrak datuetara irispidea izateko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideaz balia daitezke dokumentu honetan jakinarazpen-ondorioetarako bi alderdiek emandako helbidean.
IVAPi dagokionez, hitzarmen honetatik sortutako lankidetza-ekintzetan jasotako datu pertsonalak erakunde horrek antolatutako prestakuntza eta hobekuntza izeneko tratamenduan sartuko dira, eta lankidetza-jarduera horiek kudeatzeko baino ez dira erabiliko. Tratatzen diren datu pertsonalen titularrak datuetara irispidea izateko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideaz balia daitezke Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendariaren aurrean.
Hamabosgarrena.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak konpromisoa hartzen du Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzei buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea benetan betetzeko, bai eta hori egiaztatzeko ezarritako dokumentazioa aurkezteko eta justifikatzeko eta irizpide sozial horiei buruzko egiaztapen-jarduerak egitea baimentzeko ere.
Hamaseigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen honek sinatzen den egunetik 2023ko abenduaren 31ra bitartean izango du eragina, hurrengo klausulan hitzarmena iraungitzeko ezarritako arrazoiren bat tarteko ez bada.
Hamazazpigarrena.– Hitzarmena iraungitzea.
Hitzarmen hau arrazoi hauengatik indargabetu ahal izango da:
a) Alderdietako batek hitzarmenaren amaiera iragartzea, idazki bidez, hiru hileko aurrerapenarekin.
b) Bi alderdiak hitzarmena bertan behera uzteko ados egotea.
c) Hitzarmeneko klausularen bat ez betetzea.
Sinatzaileek azaldutako eta hitzartutako guztiarekin ados daudela adierazten dute, eta, dauzkaten eskumenak baliatuz, hitzarmen hau sinatzen dute, bi aletan, goian adierazitako lekuan eta datan.
Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MAITE BARRUETABEÑA ZENEKORTA.