Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2023ko urriaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
4596

EBAZPENA, 2023ko irailaren 21ekoa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, zeinaren bidez ezartzen baita gripearen aurkako 2023-2024 denboraldiko txertaketa-kanpainaren hasiera.

Gripearen aurkako txertaketaren helburua da gripearekin lotutako hilkortasuna eta gaixotze-tasa murriztea, bai eta gaixotasun horrek komunitatean duen inpaktua gutxitzea ere.

Txertaketa-kanpaina arrisku-pertsona eta -taldeei zuzenduta dago, eta horiei gomendatzen zaie gripearen aurkako 2023-2024 denboraldiko txertoa jartzea EAEn, bat etorriz EAEko Txertoen Aholku Batzordeak 2023ko irailaren 20ko bileran hartutako erabakiekin eta Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren gomendioekin, zeinak Osasun Publikoaren Batzordeak onartu baitzituen 2023ko irailaren 12an.

Hauek dira arrisku-pertsona eta -talde horiek:

1.– 60 urte edo gehiago duten pertsonak.

2.– Desgaitasun-zentroetan eta adinekoen egoitzetan 5 urtez edo gehiagoz barneratuta dauden pertsonak, baita luzaroan instituzionalizatuta dauden beste pertsona batzuk eta erakunde itxietan bizi direnak ere.

3.– Arrisku-baldintza hauek dituzten 60 urtetik beherako pertsonak:

– Diabetes mellitusa eta Cushing sindromea.

– Obesitate morbidoa (gorputz-masaren indizea =40 helduetan, = 35 nerabeetan edo =3 DS haurretan).

– Gaixotasun kroniko kardiobaskularrak, neurologikoak edo arnasketakoak, bronkio-biriketako displasia, fibrosi kistikoa eta asma barne.

– Gibeleko gaixotasun kronikoa eta sindrome nefrotikoa.

– Hemoglobinopatiak eta anemiak edo hemofilia, koagulazioaren beste nahasmendu batzuk eta nahasmendu hemorragiko kronikoak, baita hemoderibatuen hartzaileak eta transfusio anizkoitzak ere.

– Asplenia edo disfuntzio espleniko larria.

– Gibeleko gaixotasun kronikoa, alkoholismo kronikoa barne.

– Gaixotasun neuromuskular larriak.

– Immunoezabatzea (immunoeskasia primarioak eta GIBaren edo farmakoen ondoriozko infekzioak eragindakoak barne, bai eta transplante-hartzaileen eta osagarri-defizitaren kasuan ere).

– Minbizia eta hemopatia gaiztoak.

– Likido zefalorrakideoaren fistula eta kokleako inplantea edo horren zain dagoena.

– Eritasun zeliakoa.

– Gaixotasun inflamatorio kronikoa.

– Disfuntzio kognitiboa dakarten trastorno eta gaixotasunak: Down sindromea, dementziak eta bestelakoak.

4.– Haurdun dauden emakumeak, haurdunaldiko edozein hiruhilekotan, eta erdiberriaroan daudenak (erditzearen ondorengo 6 hilabeteak arte, eta haurdunaldian txertorik hartu ez badute).

5.– Immunoezabatze maila handia dutenekin bizi diren pertsonak: oro har, guraso hematopoietikoen transplanteak, organo solidoen transplanteak, giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa, GIB bidezko infekzioa CD4 kontaketa txikiarekin (< 200 cel/ml), immunoeskasia primario batzuk eta terapia immunoezabatzaile batzuk dituztenak. Arrisku handiagoko beste gaixotasun batzuk dituzten pertsonekin eta adinekoekin (1. eta 3. azpiapartatuetan definituak) bizi direnak ere sartu ahal izango dira.

Inpaktua murrizteko eta gizartearentzako zerbitzu kritiko eta funtsezkoak mantentzeko:

6.– Zentro eta establezimendu sanitario eta soziosanitario publiko eta pribatuetako langileak (sanitarioak zein ez-sanitarioak).

7.– Funtsezko zerbitzu publikoetan lan egiten duten pertsonak, bereziki azpitalde hauetan:

– Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoak, Espainiako, autonomia-erkidegoko edo tokiko mendetasuna dutenak, bai eta Indar Armatuak ere.

– Suhiltzaileak.

– Babes zibileko zerbitzuetako langileak.

Aurrekoez gain, honako hauei ere gripearen aurkako txertoa ematea gomendatzen da:

– 6-59 hilabeteko haurrak.

– Gripearen ondoriozko konplikazioak izateko arrisku handia duten 5 eta 59 urte bitarteko pertsonak.

– Azido azetilsalizilikoarekiko tratamendu luzean dauden 5 eta 18 urte bitarteko pertsonak, gripearen ondoren Reye sindromea garatzeko duten arriskuagatik.

– Erretzaileak.

– Osasun-zentroetako eta zentro soziosanitarioetako praktiketako ikasleak.

– Animaliekiko edo haien jariakinekiko esposizio zuzena duten pertsonak hegazti-, txerri- edo bisoi-ustiategi edo haztegietan, edo fauna basatiarekikoa (hegaztiak, basurdeak edo mustelidoak), hala nola abeltzainak, albaitariak, abeletxeetako langileak, ehiztariak, ornitologoak, ingurumen-agenteak, zoologikoetako langileak eta abar. Helburua da giza birusaren eta hegazti- edo txerri-birusaren infekzio konkomitantea gertatzeko aukera murriztea, bi birusen arteko birkonbinaziorako edo truke genetikorako aukera gutxituz.

2023-2024 denboraldiko txertoaren konposizioa bat dator Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordeak emandako gomendioekin.

Azaldutakoagatik, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko txertaketa-egutegi ofiziala onartzen duen Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 18ko Aginduaren 8. artikuluan eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1.d) artikuluan xedatutakoarekin (sail horrek Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari esleitzen dio «gaixotasunak prebenitzea eta osasunaren sustatzea, dela programa bertikalak diseinatuz edo gauzatuz, dela helburu horietara zuzenduriko asistentzia-zerbitzuetan hainbat jarduera sartuz»), honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2023ko urriaren 9an hasiko da gripearen aurkako 2023-2024 denboraldiko kanpaina. Aldez aurretik, irailaren 25ean, pertsona instituzionalizatuen txertaketa hasiko da.

Bigarrena.– Kanpaina hau 2023ko abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, data hori alda liteke, arrazoi epidemiologikoak tarteko.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 21a.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,

ITZIAR LARIZGOITIA JAUREGUI.


Azterketa dokumentala