Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2023ko urriaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4595

AGINDUA, 2023ko irailaren 12koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez baimentzen den, Euskadiko lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.6 artikuluan eta Hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako prozeduran xedatutakoarekin bat etorriz, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak modu globalean betetzea etxebizitzen transferentziak eginez Alegria-Dulantziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren barruan.

Aztertu DA Alegria-Dulantziko Udalak egindako baimen-eskaera, konpentsatu dadin udalerriko hainbat eremutan babes publikoko bizitegi erabilerako hirigintza-eraikigarritasunari buruzko legezko aurreikuspena. Izan ere, zenbait eremutan murriztutako estandarra beste eremu zehatz batzuetan txertatutakoarekin osatzen da.

GERTAKARIAK

2023ko uztailaren 18an sarrera-erregistroa eman zitzaion Alegria-Dulantziko Udalak aurkeztutako eskabideari. Horren bidez, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.6 artikuluan aurreikusitako baimena eskatu zen, babes publikoko etxebizitzen estandarra transferitzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren eremuen artean.

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Alegria-Dulantziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren espedienteak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena jaso zuen 2021eko martxoaren 23an egindako 2/2021eko osoko bilkuran, behin betiko onarpena jaso aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen ari den espedientea ebazteko, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.6 artikuluak eta Hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 11.1 artikuluak xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako eskaerak babes publikoko etxebizitzetarako lurzoru-estandarraren konpentsazioa proposatzen du udalerri osoan.

3.– Organo honetara atxikitako zerbitzu teknikoek Udalak egin duen eskaria aztertu dute. Bizitegirako hiri-lurzoruan gutxieneko zenbatekoak 7.518 m2t artekoa da, babes publikoko araubideren bati atxikitako etxebizitzentzat 2/2006 Legeak ezartzen duenez. Horietatik, babes sozialeko etxebizitzentzat gutxienekoa 3.759 m2t da; eta gainerakoa, 7.518 m2t-ra artekoa, etxebizitza tasatuentzat. Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren arabera, 2.475 m2t dira babes sozialeko etxebizitzentzat eta 1.392 m2t, etxebizitza tasatuentzat.

Lurzoru urbanizagarri sektorizatuari dagokionez, ezarritako gutxieneko estandarrak 46.229 m2t dira babes publikoko araubide bati atxikitako etxebizitzen eraikigarritasunerako. Babes sozialeko etxebizitzentzat, berriz, gutxienekoa 33.901 m2t da, eta gainerakoa, 46.229 m2t-ra artekoa, etxebizitza tasatuentzat. Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, babes sozialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako zehazki 36.050 m2t-koa izatea aurreikusten da, eta 15.559 m2t etxebizitza tasatuen eraikigarritasunerako.

Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta Hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak emandako txostena aztertuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baimentzea, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearekin eta Hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita, aipatutako Legearen 80.6 artikuluan eta aipatutako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako etxebizitza-transferentzia Alegria-Dulantziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren barruan.

Agindu honen eranskinean jasotzen dira Alegría-Dulantziko udalerriko eremu bakoitzean babes sozialeko etxebizitzentzat eta etxebizitza tasatuentzat dauden erreserbak.

Bigarrena.– Baimen hori honako baldintzapean ematea: txertatzea Alegria-Dulantziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren testuan espedientea bete izanaren justifikazioa, 2/2006 Legearen 80. artikuluaren eta 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluaren araberakoa.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko ataletan ezarritako baldintzetan ematen da, eta ez du baliorik izango baldin eta behin betiko onarpena eskumena duten esparruren batean (hartzaileak edo igorleak) aldaketarik eragin dezaketen beste baldintza batzuekin ematen bada, babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak betetzeari dagokionez.

Laugarrena.– Alegria-Dulantziko Udalari Agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da eta administrazio-bidea amaitzen du. Interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.

Halaber, nahi izanez gero eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, agindu hau argitaratu edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Kasu horretan ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri berraztertzeko errekurtsoa berariaz ebatzi edo horren ustezko ezespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 12a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA

Eranskina, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2023ko irailaren 12ko Aginduarena, zeinaren bidez baimentzen den Alegría-Dulantziko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak modu globalean betetzea, etxebizitzen transferentziak eginez.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala