Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2023ko urriaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA ENPLEGU SAILA
4590

AGINDUA, 2023ko irailaren 27koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez bekak deitzen eta arautzen baitira Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen kidegora eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalako Lan Ikuskatzaileordeen kidegora sartzeko prestatzeko 2023rako, 2024rako eta 2025erako.

Ekainaren 28ko 138/2011 Dekretuaren bidez, Transferentzien Batzorde Mistoaren 2011ko ekainaren 22ko Akordioa onartu zen. Akordio horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak ikuskatzailetza-funtzio publikoaren alorrean dituen funtzioak eta zerbitzuak. Era berean, agindu zen akordioa osorik argitaratzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean, aipatutako dekretuaren eranskin gisa.

Halaber, 138/2011 Dekretuak langileak ere lekualdatu zituen; hain zuzen ere, une hartan Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen goi-mailako kidegoan eta Lan Ikuskatzaileordeen kidegoan (Enplegu eta Gizarte Segurantzako eskalan) sartuta zeudenak. Hartara, organikoki, Autonomia Erkidegoaren mendeko bihurtu ziren, baina kidego biek Estatukoak izaten jarraitu zuten, eta kidegoetarako sarbide bakarraren, deialdi bakarraren eta administrazioen arteko mugigarritasunaren printzipioei eutsita.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetza Sistema antolatzen duen uztailaren 21eko 23/2015 Legeak ezartzen duenez, ikuskaritza-funtzioa soilik bete ditzakete karrerako funtzionarioek, zeinak oposizio bidez sartzen baitira kidego eta eskala desberdinetara, berdintasun, merezimendu eta gaitasun baldintzetan; era berean, legeak ezartzen du ezen, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen eta Lan Ikuskatzaileordeen kidego nazionaletan, sarbidea eta deialdia bakarrak izango direla, eta, horretarako, estatuko hautaketa-prozesu bateratuak egingo direla.

Hain zuzen ere, arau horrek –23/2015 Lege antolatzaileak– sortu du Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalako Lan Ikuskatzaileordeen kidegoa, eta Eusko Jaurlaritzak 6 plaza sortu ditu ex novo; izan ere, segurtasun- eta osasun-arloan esklusiboki dituen eskumenak, organikoki, Eusko Jaurlaritzako Lan Sailaren mende daude.

Abiapuntutzat hartuta giza baliabideek berebiziko garrantzia dutela, ikusi da sustatu eta bultzatu behar dela Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrak sartzea Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen kidegora eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Lan Ikuskatzaileordeen kidegora, Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskatzailetzako lanpostu-zerrendak bete daitezen, eta, ondorioz, Lan Ikuskatzailetzako zerbitzu publikoa kalitate onekoa izan dadin, eta areagotu dadin herritarrek eremu horretan duten gogobetetze- eta konfiantza-maila.

Deialdi honen xedea da pertsona fisikoei ekonomikoki laguntzea, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean badute egoitza, gradu- edo lizentziatura-titulazioren bat badute, eta hautaketa-prozesuetako deialdietako betekizunak betetzen badituzte, ikasi, eta beren burua presta dezaten kidego horietan txanda libretik sartzeko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen goi-mailako kidegoko eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalako Lan Ikuskatzaileordeen kidegoko deialdietan.

Laguntza ekonomiko lerro honen helburua da pertsonak motibatzea, baldin eta sarbide-titulazioko betekizunak betetzen badituzte, beren asmo profesionalak zuzen ditzaten Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalako Lan Ikuskatzaileordeen kidegoetara, atzeratu ahal izan dezaten lanean hasteko eta ordainsariak lortzeko unea, eta, hori egin beharrean, ikas dezaten hautaketa-prozesuak gainditzeko eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzako aipatutako kidegoetako funtzionario-plazak lortzeko.

Hala, apurka-apurka, kontsolidatuz joango da Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskatzailetzako plantillan lortu nahi den egonkortasuna, eta, horrela, lagunduko zaio baliabide pertsonal egonkorrak izaten; era berean, zerbitzu publiko garrantzitsu honen efikazia-eta kalitate-maila ere hobetuko da.

Laguntza-deialdi honekin, Lan eta Enplegu Sail honek bete egiten du «Euskadiko Lan Ikuskaritzaren kudeaketa-plana (2022 2024). Lan Ikuskaritza Euskadin kalitatezko enplegua sortzearen zerbitzura». Plan horren helburu nagusietako bat da Euskadiko Lan Ikuskaritza «indartzea» autonomia-eskumeneko arloetan (lan-harremanak, segurtasuna eta osasuna eta enplegua).

Lan Ikuskaritza indartzeko, plaza berriak sortu dira Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzako lanpostu-zerrendan (LZn). Hori eginda dago, eta, Euskadiko Lan Ikuskatzailetzako web-orrian ikus daiteke zer inportanteak diren sortutako plazak: Laneko eta Gizarte Segurantzako ikuskatzaileak eta Lan ikuskatzaileordeak (Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalakoak). Baina, ezbairik gabe, indartzeko, laguntza ekonomikoak sustatu dira, ikasketaldiko diru-sarrera falta konpentsatuko dutenak, Euskadiko egoiliarrek oposizioak presta ditzaten sarbidea izateko kidego eta eskala horietara, eta, horrela, Eusko Jaurlaritzak hiru lurraldeetan dituen plantillen egonkortasuna areagotzeko.

Agindu honetan diseinatzen den laguntza-lerro hau urte birako ematen da, eta laguntzok hilero jasoko dira. Bekak 6.600na eurokoak dira, eta bi urterako emango dira. Hilero, 550 euro emango dira bekako.

Lan Ikuskaritzako goi-mailako kidegoko oposizioak prestatzeko deitutako hiru deialdietako laguntzak emateko eta Laneko Segurtasun eta Osasun eskalako Lan Ikuskatzaileordeen oposizioak prestatzeko deitutako hirurak prestatzeko laguntzak emateko, hiru irizpide hartuko dira kontuan: irizpide ekonomikoa, lurralde-irizpidea eta euskararen ezagutzaren irizpidea.

Irizpide ekonomikoa: laguntzak ematea gaitasun edo baliabide ekonomiko pertsonal edo familiar gutxien egiaztatzen duten pertsonei, 10. artikuluan ezarritako baremoaren arabera; hau da, pertsonen euren edo familia-unitateen baliabide ekonomikoen arabera.

Lurralde-irizpidea: lurraldeka ematea Lan Ikuskaritzako edo Lan Ikuskariordetzako –Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskala– oposizioak prestatzen dituzten pertsonentzako aurreikusitako hiru laguntzak. Alegia, laguntza bat Bizkaian Ikuskaritzako oposiziogileentzat, beste bat Araban, eta beste bat Gipuzkoan, eta berdin Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalako Lan Ikuskariordetzako oposiziogileentzat.

Horrela, ikuskaritza-sistemara sartzeko bokazioak sustatu nahi dira, berdin-berdin, Euskadiko hiru lurralde historikoetan, laguntza guztiak banatu ez daitezen lurralde bereko pertsonen artean, zeren, normalean, biztanlerik gehien duen lurraldeko pertsonen artean banatzen dira, lurralde horrek jasotzen baititu eskabide gehien.

Laguntza hauek emanda, sail honek sustatu nahi du oposiziogile-talde bat osatzea hiru lurraldeetan, oposiziogile horiek lurralde horietako plazak lor ditzaten, eta, horrela, hiru lurraldeetako plantillak egonkor daitezen.

Euskararen ezagutzaren irizpideren xedea da erraztea Euskadiko Ikuskaritzako plazak lortzen dituztenek euskara-mailaren bat izatea, eguneroko lanean euskaldunekin mintzatu ahal izan daitezen.

Behin gaindituta laguntzak emateko prozesua, izangai onuradunek lau hilerik behin egiaztatu behar izango diote erakunde tramitatzaile eta ebazleari prestatzen ari direla dagokien kidegoko hautaketa-prozesurako, izan beharreko aprobetxamenduaz eta pertsona fisiko edo juridiko prestatzailearen ziurtagiriaz, zeina agindu honetako 14. artikuluan zehazten baita.

Hori behar bezala egiaztatzen ez bada, laguntza errebokatu egingo da.

Hautaketa-prozesu horiek gainditzeko, zeinak berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak zuzentzen baitituzte, izangaiek, batez beste, hiru urte ematen dituzte ikasten; beraz, oso ondo prestatuta amaitzen dute Lan Ikuskaritzako sistemako eskumeneko gaietan. Ondorioz, ekonomikoki kaudimen handiena duten familiek edo izangaiek baino ez dute aukera oposizioak prestatzeko. Laguntza-lerro honekin, motibatu nahi dira ekonomikoki hain ondo ez dauden pertsonak.

Lan-ikuskatzaileek edo Laneko Segurtasun eta Osasuneko lan-ikuskatzaileordeek hartu behar duten denboraldi luze horrek justifikatzen du laguntza bi urterako ematea, zeren, urtebeterako soilik emanez gero, ez da bermatzen pertsonek edo familia-unitateek ekonomikoki aurrera egitea hautaketa-prozesua egiteko hartu behar den denbora guztian.

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen kidegoko eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalako Lan Ikuskatzaileordeen kidegoko sarbidea prestatzeko laguntza-prozedura sartuta dago Lan eta Enplegu Saileko 2023. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aplikatuz.

Hori dela eta, bi urterik behin egingo da deialdia, Eusko Jaurlaritzako Laneko sailburuaren agindu bidez.

Era berean, deialdi hau ebazteko, kontuan izango da zer printzipiok gidatzen duten administrazioen dirulaguntzak emateko jarduera, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezartzen duen moduan, eta bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 6 beka emateko lehiaketa baten deialdia egitea eta arautzea 2023ko ekitaldirako, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen kidegoko eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalako Lan Ikuskatzaileordeen kidegoko oposizioak prestatzeko txanda libretik (kidegoko, 3na beka).

2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa.

1.– Bekak, urteko, 6.600na eurokoak izango dira. Hilero, 550 euro emango dira bekako.

Bi urterako ematen dira.

2.– Laguntza hilero ordainduko da, hil bakoitzaren lehenengo hamabostaldian.

3.– Agindu honek aipatzen dituen laguntzen xederako, hiru mila eta hirurehun (3.000) euro zuzenduko dira 2023ko ekitaldirako; hogeita hemeretzi mila eta seiehun (39.600) euro, 2024ko ekitaldirako, eta hogeita hamasei mila eta hirurehun (36.300) euro, azkenik, 2025erako. Zuzkidura nahikoa dago, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak onartzen dituen kredituen arabera.

3. artikulua.– Iraupena.

1.– Bekak bi urte naturalekoak izango dira, emakidaren ebazpenean ezartzen den datatik aurrera; beti ere, onuradun izateko betekizunak betetzen badira. Deialdi honetan bekarik emanez gero, ezin izango zaie pertsona horiei halakorik eman hurrengo deialdietan.

2.– Onuradunak hautaketa-prozesua gainditzen badu aurreko paragrafoan ezarritako denboran, laguntza amaitu egingo da argitara ematen denean praktiketako funtzionarioak izendatzen dituen zerrenda argitaratzen duen ebazpena, eta hilabete horretako ordainketa doitu egingo da kontuan izanik zenbat egun igaro diren data horretara arte.

4. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak.

1.– Eskatzaileek honako betekizun hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean, eta bere horretan mantendu beharko dituzte bekaldi guztian:

a) Zer kidego eta eskalako hautaketa-prozesura aurkeztea erabaki duten, hautaketa-horretako azken deialdian exijitutako baldintzak betetzea. Zer kidegotara aurkeztu, kidego horretarako exijitzen den titulazioa izatea.

b) Azken 7 urteetatik, gutxienez, 5ean Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, eta bertan izatea egoiliartza efektiboa; eskabidea egiten den unean, berriz, azken 5 urteetatik, bitan izan beharko da egoiliartasuna.

c) Dagokion titulua eman denetik, gehienez ere, zazpi urte igarota egotea.

d) Ikasketa-espedienteko batez besteko nota, gutxienez ere, 6koa izatea.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez konpromisoa hartzen baita laguntza ematen den kidego eta eskala bereko pertsona fisiko prestatzailea bilatzeko, edo pertsona juridiko bat (akademia edo ikastegia) lagun diezaion oposizioa gainditzen.

f) Gehienez ere hiru urteko epean –jarraian edo aldizka– izan ez izatea deialdi honetan aipatzen diren oposizioak prestatzeko edozein bekaren onuradun edo antzeko graduondokoren edo laguntzaren onuradun.

g) Eskatzailearen kargu dauden pertsonek ez izatea 75.000 euro gordin baino gehiagoko diru-sarrerarik urtean, edo 10.000 euro gordin, baldin eta onuradunak bere diru-sarrera propioak baditu. Diru-sarera modura, zenbatu egingo dira hala lan-errendimenduak eta/edo jarduera ekonomikoak nola kapital higiezin edo higigarrienak. Era berean, kostu gabeko eskualdaketen ondoriozko ondare-irabaziak ere zenbatuko dira.

Halaber, diru-sarreratzat joko dira langabezia-prestazioak, aurretiazko erretiroak, ezintasunak, diru-sarrerak bermatzeko errenta, prestazio kontributiboak edo ez-kontributiboak, gizarte-larrialdiko diru-sarrerak, gizarteratzekoak edota aurrekoen antzeko beste diru-sarrera batzuk.

Eskatzaileek independentzia ekonomikoa eta familiarra badute, egiaztatu beharko dute beren baliabide ekonomiko propioak dituztela, eta egoitza berezitua dutela, familia-ingurutik kanpokoa.

Baldin eta eskatzaileak ekonomikoki, gurasoen menpe barik, beste pertsona batzuen menpe badaude, ebazpen bidez egiaztatu beharko dute aparteko mendekotasun-egoera hori, edo epai judizial bidez edo legez zuzenbidean onartutako beste bide baten bidez.

h) Ez izatea zehapen penalik ez administratiborik eragozten duenik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, eta ez izatea legezko debekurik horretarako ezgaitzen duenik.

Era berean, inork ezin izango du laguntzarik jaso baldin eta zehapen penal edo administratiborik izan badu sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik, bat etorriz edo Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluarekin.

i) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, indarrean dauden xedapenek ezarritakoak, eta ordainduta izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

Betebehar horiek exijitu ahal izango dira hala onuradun izateko nola egoera horretan segitzeko; beraz, egiaztatu egingo da ea betebeharrok bete egiten diren, bai beka eman baino lehenago, bai II. eranskinean jasotzen den lau hilabeteko justifikazio-memoria aurkeztean, bai eta azken ordainketa egin baino lehenago ere.

j) Inork ezingo du bekarik lortu, baldin eta urratzen badu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako debekuren bat.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztu ahal izango dira.

– Aurrez aurre: eskabideak Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan aurkeztuko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren organoetan.

– Elektronikoki: eskabideak aurkezteko, euskadi.eus-eko egoitza elektronikora jo beharko da, artikulu honen 4. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

3.– Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko kanal bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurre edo elektronikoki egiteak, ez du behartzen aurrerantzean ere bide bera erabiltzera prozedurako gainerako izapideak egiteko, eta edozein momentutan alda daiteke.

4.– euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan azalduko da zer egin behar den eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki izapidetzeko, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1237101

Eskabidearen osteko izapideak helbide honen bitartez egin beharko dira elektronikoki: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Eskabidea osorik bete beharko da egoitza elektronikoko inprimakian, agindu honetako I. eranskineko eredu normalizatuaren arabera, eta nahitaezko dokumentazioa erantsi beharko zaio.

6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta hari erantsi beharreko gainerako egiaztagiriak. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan eta prozedura guztian, eskatzaileak zer hizkuntza hautatu, hizkuntza hori erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

7.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak.

6. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea, eta zer dokumentazio aurkeztu eskabidearekin batera.

Eskabidearekin batera, dokumentazio hau ere aurkeztu behar da:

a) NANaren fotokopia.

b) Udal ziurtagiria, jatorrizkoa edo kopia autentikoa, eskatzailearen administrazio-auzotasuna eta egoitza egiaztatzen duena 4. artikuluko b) letran ezarritako epean. Ziurtagiriak, gainera, eskatzailearen egoitzan bizi diren pertsona guztiak jaso beharko ditu.

c) Eskatzailea noren mende dagoen, haien egoera ekonomikoa egiaztatzen duen dokumentazioa, eta/edo berarena, halakorik balego. Horretarako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren behin betiko likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko da, aurre-aurreko ekitaldikoa, edo ekitaldi horretan izandako diru-sarrerak egiaztatzen duen dokumentazioa, baldin eta, sarrera-maila dela-eta, ez badaude behartuta aipatutako aitorpena aurkeztera.

Nolanahi ere, PFEZeko dokumentazioa eta eranskinak aurkeztu beharko dira, zeinetan espresuki jasoko baitira diru-sarrera gordinak eta errendimendua garbia, hala lan-errendimenduena nola jarduera ekonomikoena, baita kapital higiezinena, higigarriena eta ondare-irabaziena ere.

Halaber, hala badagokio, eskatzaileak edo hura mantentzen dutenek langabezia-prestaziorik, aurre-erretirorik, larrialdi sozialeko diru-sarrerarik, gizarteratzeko laguntzarik edo halako sarrera osagarririk jaso izan badute 2022. urtean, halakoak egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikokoak, Gizarte Segurantzakoak edo dagokien erakunde edo organokoak); berdin dio jasotzailea errenta-aitorpenean sartuta dagoen ala ez.

Eskatzailea mantentzen duten pertsonen banaketa, dibortzio edo antzeko egoerarik baldin bada, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioaz gain (familia-liburua edo hura ordezkatzen duen dokumentua, egoera hori egiaztatzen duen epaia, eta abar), beharrezkoa da hitzarmen arauemailea ere aurkeztea. Hitzarmen arauemaile horretan jasotako diru-sarrerak ordaindu ez badira, zuzenbidean onartutako legezko edozein bitartekoren bidez egiaztatu beharko dira.

Eskatzaileek diru-sarrera propiorik badute, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren behin betiko likidazioaren fotokopia aurkeztu beharko dute, aurre-aurreko ekitaldikoa, edo ekitaldi horretan izandako diru-sarrerak egiaztatzen dituen dokumentazioa, baldin eta, sarrera-maila dela-eta, ez badaude behartuta aipatutako aitorpena aurkeztera.

Era berean, independentzia ekonomiko eta familiarra justifikatzeko, aurkeztu beharko dute eskatzailea bizi den etxebizitzako alokairu-kontratua, ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagiria edo zuzenbidean onartutako beste edozein titulu, bizi den etxebizitzako titulartasuna egiaztatzen duena.

Eskatzaileak ekonomikoki, gurasoen menpe barik, beste pertsona batzuen menpe badaude, aparteko mendekotasun-egoera hori egiaztatu beharko dute; horretarako, ebazpen, epai judizial bat aurkeztu beharko dute, edo legez zuzenbidean onartutako beste bide bat, mendekotasun-egoera hori justifikatzen duena.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzen duten ziurtagiriak, jatorrizkoak eta dagokion organo eskudunak emanak.

Deialdi honetako organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du ea betetzen den puntu honetan eskatutako dokumentazioa, salbu eskatzaileak espresuki eta arrazoiak emanez uko egiten badu; kasu horretan, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako ziurtagiriak.

II. eranskineko lau hileko memoria aurkezten denean eta azken ordainketa egiten denean ere egingo dira egiaztatze-lan horiek.

e) Euskararen ezagutza-mailaren jatorrizko egiaztagiria edo, hala badagokio, kopia autentikoa.

Eskabidean adostasuna adieraziz gero, ofizioz egiaztatu ahal izango da puntu honetan eskatzen den dokumentazioa.

f) Unibertsitate-tituluaren eta ikasketa-espedienteren kopia konpultsatua. Ikasketa-espedientean batez besteko nota azaldu beharko da.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Eskabidean jasotzen den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, inguruabar hauek egiaztatuko dira:

– Bete egiten direla prestatu nahi den oposizioko azken deialdiko betekizunak.

– Eskatzaileak, baldin eta laguntzaren onuradun bada, prestatzaile izango duen pertsona fisiko baten helbidea izango duela (eskatzailea zer kidegotara aurkezten den, pertsona fisiko prestatzaileak kidego horretakoa izan beharko du), edo pertsona juridiko batena, hala nola akademia edo ikastegi batena, nahiz eta prestatzailearen helbidea ez adierazi zuzenean eskabidearekin batera.

– Eskatzaileak ez dabilela jasotzen inongo administrazio publiko edo erakunde pribatuk emandako beste laguntzarik edo dirulaguntzarik helburu eta xede bererako.

– Ez izatea inongo zehazpenik, penal edo administratiborik, galarazten dionik dirulaguntza edo laguntza publikoak lotzea.

– Ez izatea inongo debeku legalik, ezgaitzen duenik dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko, espresuki aipatuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoa betez.

– Ez egotea sartuta inongo itzultze- edo zehapen-prozeduratan. Hala, dirulaguntzak ordaintzeko, amaituta egon beharko du edozein itzultze- edo zehapen-prozedurak. Onuradunak adierazi beharko du ea dirulaguntza-aldian zehar aldaketarik egon den bere egoeran.

– Bete egiten dituela laguntza hauen onuradun izateko betekizunak, betiere indarrean den legedian jasotzen direnak.

– Egiazkoak direla eskabidean eta erantsitako dokumentazioan jasotako datuak.

– Ez duela inongo debekurik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezartzen denik.

Eskatzaileak bere erantzukizunpean aitortuko du benetakoak direla adierazpen hauetan azaltzen diren datuak.

Administrazioak erabaki dezake prozedurarekin ez jarraitzea baldin eta erantzukizunpeko adierazpenetako datuak ez badira zehatzak, faltsuak badira edo funtsezko zerbait falta bada; hori gorabehera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak izan ahalko dira.

8. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Ikusirik zer dokumentazio aurkeztu duten eskatzaileek, Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetzak egiaztatuko du ea ezer falta den dokumentazio horretan edo ea dokumentazioak betetzen dituen aurreko artikuluetan adierazitako betekizunak, eta onuradunei eskatuko die falta zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko hamar egun balioduneko epean, eta adieraziko die ezen, hori egin ezean, ebazpena eman, eta ulertuko dela eskaeran atzera egin dutela.

9. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Eusko Jaurlaritzako Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetzari dagokio deialdi hau kudeatzea.

10. artikulua.– Merezimenduak baloratzea.

1.– Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzaileen kidegoko edo Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalako Lan Ikuskatzaileordeen kidegoko oposiziogileentzat aurreikusitako hiru laguntzak lurraldeka banatuko dira, lurralde historikoaren arabera; merezimenduak, artikulu honen arabera, bereizita baloratuko dira, lurralde historikoaren arabera. Alegia, lurraldeka, batera baloratuko dira izangaien merezimenduak: laguntza bat emango da Bizkaian Ikuskaritzako oposiziogileentzat, beste bat Araban, eta beste bat Gipuzkoan, eta berdin Laneko Segurtasun eta Osasuneko eskalako Lan Ikuskariordetzako oposiziogileentzat.

Lurralderen batek ez badu eskabiderik jasotzen, Ikuskatzailetzako edo Ikuskariordetzako laguntza beste lurraldeetako laguntzei gehituko zaie, eta Gipuzkoak edo Arabak lehentasuna izango dute Bizkaiaren aurretik.

Kasu horretan eta bigarren instantzian, Araba eta Gipuzkoa artean, artikulu honetako 2. eta 3. puntuetan ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

2.– Onuradun izan ahal izateko, hautaketa-batzordeak kontuan hartuko ditu honako merezimendu hauek:

a) Egoera ekonomikoa, 0tik 40 puntura bitarteko eskalan baloratuko da, honako banakapenaren arabera:

a.1.– Familia-unitatearen urteko diru-sarrerak/euroak, edo eskatzailearenak, bere diru-sarrera propioetatik bizi bada.

(Ikus .PDF)

a.2.– Urteko diru-sarrerak/ euroak familia-unitateko kideko honako kopuru hauetara bitarte:

(Ikus .PDF)

Merezimenduak baloratzeko, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako aitorpenaren bidez egiaztatuko dira diru-sarrerak, eta kontuan hartuko dira errendimendu garbiak. Hala ere, diru-sarrera gordinak zenbatuko dira, baldin eta diru-sarrerak ez badira egiaztatzen aitorpen horren bidez, baizik eta zuzenbidean legez onartutako beste baliabide baten bidez, eta baliabide horretan ez badaude jasota diru-sarrera garbiak.

b) Euskaraz jakitea: 3 puntutik 5 puntura, B1: 3 puntu, B2: 4 puntu, eta C1: 5 puntu.

3.– Eskatzaile bik edo gehiagok puntuazio berdina lortuz gero, berdinketa ebazteko, kontuan izango da: lehenengo eta behin, irizpide ekonomikoa; hau da, lehentasuna emango zaio egoera ekonomikoaren araberako puntuaziorik altuenari.

11. artikulua.– Laguntzen onuradunak aukeratzea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean, hautaketa-batzordeak erabakiko du zein izangai proposatu bekak eskuratzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea, edo beraiek izendatutako ordezkoek:

Batzordeburua:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Ikuskaritzako zuzendariordea: Iciar González Carrasco.

Kideak:

– Eusko Jaurlaritzako Laneko Ikuskaritzako Arabako burua: Sonia Holgado Arín.

– Eusko Jaurlaritzako Laneko Ikuskaritzako Gipuzkoako burua: Orreaga Zorrilla Berasategui.

– Ikuskatzaileen kidegoko kide bat, kidego horretako oposizioak prestatzeko beken kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Ikuskaritzako zuzendariordeak izendatuta: Katrin Begońa Iturrate Zamarripa.

– Laneko Segurtasun eta Osasuneko Lan Ikuskatzaileordeen kidegoko kide bat, kidego horretako oposizioak prestatzeko beken kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Laneko Ikuskaritzako zuzendariordeak izendatuta: Iratxe Luengas Santisteban.

Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetzako teknikari bat izango da idazkaria (hitza izango du baina botorik ez), zuzendaritza horretako titularrak izendatuta: Alvaro Tueros Bringas.

Batzordeak, bere funtzionamenduan, bete beharko du Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak kide anitzeko organoetarako ezartzen duena.

2.– Izangaiak hautatzeko, kontuan izango da zer baremo ezartzen diren agindu honetan. Akordioak hartzeko, bat etorri beharko dute batzordeko kide gehienek, eta kontuan izango da zein puntuazio-ordena lortu den.

3.– Batzordeak, hautatutako 6 izangaien zerrenda bat proposatuko du, lortutako puntuazioaren arabera sailkatua; horrekin batera, hurrengo 6 eskatzaileen beste zerrenda bat ere proposatuko du, hurrengo puntuazioak lortu dituzten pertsonekin, ordezkoak izan daitezen (3 Lan Ikuskatzaileen kidegokoak eta 3 Laneko Segurtasun eta Osasuneko Lan Ikuskatzaileordeen kidegokoak), baldin eta onuradunak egoera hori galtzen badu beka bukatu delako, uko egin diolako, ez duelako ondo bete betebeharrekoa, ezintasunen bat sortu zaiolako edo onuradun izateko aukera galarazten duen beste edozein gorabehera izan duelako; betiere, egoera hori bi hilabeteko epean gertatzen bada, laguntza ematen denetik aurrera.

4.– Ordezko hautagai horien zerrenda ordenatzeko, kontuan izango da zer puntuazio lortu duten izangaiek aipatutako lehentasunezko merezimendu-baremoaren arabera.

5.– Deialdi honen bidez emango diren beketan bakanterik sortuko balitz, zerrendako lehenengo ordezkoak eskuratuko du hutsik geratutako beka, ordezkatuari geratzen zaion aldirako edo hirugarren artikuluan ezartzen dena bete arte.

Edonola ere, laguntza hori esleitzeko, kontuan izango da zer aurrekontu geratzen den erabiltzeko moduan ekitaldi horretan.

12. artikulua.– Bekak esleitzea.

1.– Behin hautaketa-batzordearen proposamena aztertuta, Laneko eta Gizarte Segurantzako Sailburuordetzak ebatziko du deialdia: zer izangai hautatu diren eta, hala dagokionean, nor diren haien ordezkoak, zer puntuazio lortu duten. Ebazpena, gehienez ere, sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera.

Epe horretan batzordeak ez badu ebazpen espresurik ematen, ulertuko da eskabideak ezetsi egin direla. Aipatutako ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epearen barruan.

2.– Hautatutako izangaiek ezingo dute egon sartuta inongo itzultze- edo zehatze-prozeduratan; beraz, dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

3.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpen bidez, EHAAn argitara emango da zein den hautatutako izangaien zerrenda, zein den haien ordezkoen zerrenda eta, halakorik badago, bakanteena, eta zenbatekoak diren emandako bekak; hargatik eragotzi gabe prozeduraren ebazpena espresuki eta banan-banan jakinaraztea.

13. artikulua.– Laguntzen baldintzak.

1.– Laguntzen onuradunek konpromisoa hartuko dute pertsona fisiko prestatzaile bat bilatzeko, Lan Ikuskatzaileen kidegokoa edo Laneko Segurtasun eta Osasuneko Lan ikuskatzaileordeen kidegokoa bera, edo pertsona juridiko bat, hala nola akademia edo ikastegi bat, prestatzen duena kidego eta eskala horietara sartzeko, agindu honetako 4.f) artikuluan ezarritako moduan.

2.– Beka hau izanez gero, ezin izango da beste bekarik izan xede bererako.

3.– Onuradunaren istripuaren kausaz edo gaixotasun larriaren ondorioz ezintasunik izanez gero eta ezin izanez gero prestatzen jarraitu, deklaratu ahal izango da aldi baterako utziko zaiola beka hartzeari. Dena den, behar bezala egiaztatu beharko da hori, eta etenaldiak ezin izango du gainditu hiru hilabeteko epe-muga.

Behin epe hori igarota, eta beka-etenaldia ekarri zuten inguruabarrek bere horretan jarraitzen badute, amaitutzat joko da beka; horretarako, jaso egin beharko da prestatzaileak horretaz egiten duen txostena, eta egiaztatuko da zein alditan ez den segituko prestakuntzaldiarekin.

4.– Inguruabar hori gertatuz gero, azken hilekoa likidatuko da, kontuan hartuz zer egiaztatzen den agindu honetako II. eranskineko ereduaren arabera idatzitako memorian: azken hilean zenbat egunetan geratzen den egiaztatuta egokiro jarraitu dela prestatzen, proportzio horretan likidatuko da.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunak beka onartzeak berekin dakar deialdi honetako arau guztiak onartzea, eta, zehazki, jakinaraztea zer pertsona fisiko edo juridiko arduratuko den prestakuntzaz, 13. artikuluan jasotako betekizunen arabera.

Laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunari emakida-ebazpena jakinarazi eta biharamunetik 10 egun natural igaro ondoren, hark ez badu kontrakorik adierazten.

2.– Erregulartasunez joatea pertsona fisiko edo juridiko prestatzaileak ematen dituen prestakuntza-saioetara, eta saiok aprobetxatzea. Hori lau hilerik behin egiaztatuko da.

3.– Deialdi hau egin ostean izango den lehen hautaketa-prozesuan parte hartzea; horretarako, gutxienez sei hilabete igaro behar dira laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denetik harik eta hautaketa-prozesuaren deialdia argitaratzen denera arte.

Ondorio horietarako, hautaketa-prozesuan parte hartzea izango da: prozesu horretako onartu-zerrendan sartzea; azterketetara joatea, eta haiek egitea. Inguruabar horiek egiaztatu egin beharko dira zuzenbidean legez onartutako ziurtagiri edo justifikazio-agiri bidez, zeinek egiaztatuko baitute onuraduna hautaketa-prozesuan parte hartzen ari dela.

Aipatutako hautaketa-prozesu horietan parte hartzen dutenek, parte hartu duten hautaketa-prozesuko probak amaitu, eta 15 egun naturaleko epean bidali beharko dituzten ziurtagiri edo justifikazio-agiriak.

4.– Lau hilabeterik behin bidaltzea justifikazio-memoria, adierazten duena izangaia erregulartasunez doala prestakuntza-saioetara eta ondo aprobetxatzen dituela saioak. Memoria hori, berriz, pertsona fisiko prestatzaileak edo pertsona juridiko prestatzailearen (akademia edo ikastegiaren) ordezkariak sinatu beharko du.

Justifikazio-memoria hori, pertsona prestatzaileak sinatu beharrean, aukeran edo haren ordez, onuraduna prestatzen den lurralde historikoko Ikuskatzailetzako buruak sinatu ahal izango du, baldin eta Ikuskaritza horretako pertsona fisiko batek edo batzuek (ikuskatzaileek edo ikuskatzaileordeek) zuzentzen badute laguntzaren onuradunaren prestakuntza.

5.– Dirulaguntzaren indarraldian gorabeherarik gertatuz gero, horren berri ematea Administrazioari.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zer informazio eskatzen duten laguntzen destinoaren inguruko fiskalizazio-funtzioak betetzeko, informazio hori guztia ematea.

7.– Beste zernahi betebehar, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren laguntzei dagokienez indarreko ordenamendu juridikoan ezartzen dena, eta bereziki 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan xedaturikoa (1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, non jasotzen baita zein diren laguntza eta dirulaguntza publikoen onuradunen betebeharrak) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoa.

8.– Bekaldiko lehen urtea amaitu eta hilabeteko epean, 4. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen segitzen dela justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztea, eskabide-aldian erabili ziren bitarteko beren bidez.

15. artikulua.– Onuradunen justifikazio-memoria.

1.– Laguntzen onuradunek lau hilerik behin aurkeztu beharko dute agindu honetako 14. artikuluko 4. apartatuan aurreikusten den justifikazio-memoria, agindu honen II. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Eredua euskadi.net egoitza elektronikoan argitaratuko da.

2.– Justifikazio-memoria aurrez aurre aurkeztu ahal izango zaio Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetzari herritarrentzako arreta-bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazitako organoetan; horretarako, instantzia normalizatua erabili beharko da, eta behar bezala eta osorik bete.

3.– Era berean, justifikazioak bitarteko elektroniko bidez aurkeztu ahal izango dira helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

16. artikulua.– Onuradunei jarraipena egitea.

1.– Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetzak jarraipena egingo die laguntzen onuradunei; horretarako, lau hilerik behin, txosten bat eskatuko die onuradunen prestatzaile izan diren pertsona fisiko edo juridikoei, edo onuradunak oposizioa prestatzen duen Lan Ikuskaritzako lurralde-burutzari, 14. artikuluko 3. apartatuan aurreikusitako egoeran.

2.– Prestatzaileei edo lurralde-burutzei aldiro eskatzen zaien txostena egiteaz gain, gorabeheraren bat gertatzen bada laguntza-onuradunen aprobetxamenduari dagokionez, zuzenean jakinarazi beharko diote Laneko Ikuskaritzaren Zuzendariordetzari zer gertatzen den. Adibidez, ez dela prestakuntza-saioetara erregulartasunez joaten, aldi batean edo betiko utzi diola joateari, eta abar.

Jakinarazten den egoeraren arabera, interesdunari entzun eta gero, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak laguntza hori kendu ahal izango dio ebazpen bidez, eta ordezko onuradunen zerrendako hurrengo pertsonari eman.

Era berean, Administrazioak edozein momentutan eskatu ahal izango du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa, edo ofizioz egiaztatu ahal izango ditu parte hartzeko eskatutako datuak, egiaztatzeko ea esleipendunak segitzen duen betetzen deialdian ezarritako betekizunak.

17. artikulua.– Lehentasunezko destinoa eskatzea eta zerbitzu-ematearen iraupena.

1.– Oposizioa gainditzen duten laguntza-onuradunek, ahal dela, Euskal Autonomia Erkidegoan eskaintzen diren destinoak eskatu beharko dituzte.

2.– Hautaketa-prozesua gainditu eta destinoa Euskal Autonomia Erkidegoan lortuz gero, gutxienez lau urtez eman beharko dituzte zerbitzuak autonomia-erkidegoaren eremuan, salbu haien borondatearen kontrako arrazoiek eragozten dietenean.

3.– Hamazazpigarren artikulu honetako bi puntuetakoren bat bete ezean, itzuli egin beharko dira kontzeptu honengatik jasotako laguntzak, salbu halabeharrezko arrazoiak edo arrazoi objektiboak daudenean tartean, egiaztatu beharko direnak argi eta garbi, eta inolako zalantzarik eragin gabe.

4.– Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak interesdunari entzun ostean ebatziko du ea ez betetzerik dagoen.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Laguntzaren onuradunak deialdi honetako betebeharren bat betetzen ez badu, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharren bat betetzen ez badu, Laneko eta Gizarte Segurantzako sailburuordeak, entzunaldi-izapidea egin eta dagokion prozedura gauzatu eta gero, emandako laguntza ordaintzeko eskubidea galdu egin dela adieraziko du.

2.– Era berean, emandako laguntza ordainduta egongo balitz, deklaratuko du betebeharra dagoela Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hala jasotako diru-kopurua nola dirulaguntza-arloko berandutze-interesak; hain zuzen ere, dirulaguntza ordaindu zenetik dirua itzuli behar dela erabakitzen den datara artekoak, edo zordunak dirua itzultzen duen datara artekoak, baldin eta beranduago itzultzen baditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.1 artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

3.– Diru hori itzultzeko, proportzionaltasun-irizpideak aplikatuko dira. Kontuan izanik agindu honetan araututako eta deitutako laguntzak diruz laguntzeko moduko egoeretarako eta denboraldi jakin bateko direla, denbora ez-betetze partzialak ekarriko du laguntza soilik onartzea laguntzen sarbide-baldintzak bete egin diren denboraldian, eta itzuli behar izatea betekizunak bete ez diren aldian jasotako kopuruak.

Hori guztia, kalterik eragin gabe egin beharreko gainerako ekintzei, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezartzen duenarekin (698/1991 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren).

4.– Itzultzen diren zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea, berriz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aipatzen diren laguntzek oinarritzat hartzen dute Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, zeinaren bidez onartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Enpleguko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 27a.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala