Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2023ko urriaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4585

AGINDUA, 2023ko irailaren 29koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita Euskarianako datu-bazkideen metadatu eta miniaturak Europeanari emateko prozesua.

Agindu honen lege-oinarri dira Euskal Herrirako Autonomia Estatutuak 10. artikuluan –17., 19. eta 20. apartatuetan– Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) emandako kultura-arloko eskumenak.

Beraz, Autonomia Estatutuaren 17. apartatuan xedatutakoarekin bat, EAEk eskumen esklusiboa du kultura-arloan. Bestalde, 19. zenbakiak Autonomia Erkidegoari ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta EAEk bere gain hartzen du Estatuak ezartzen dituen arau eta betebeharren betetzea, ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurrean babesteko. Horrez gain, 20. apartatuak Estatuaren titulartasunekoak ez diren artxibo, liburutegi eta museoen eskumen esklusiboa aitortzen dio autonomia-erkidegoari.

Bestalde, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Lege berriak euskal kultura-ondarearen definizio irekia ematen du zioen azalpenean, eta bertan sartzen dira gure erkidegoaren kultura-jaraunspena osatzen duten adierazpen esanguratsu guztiak, errealitate material higiezin edo higigarrien eta errealitate immaterialen bidez adierazten direnak. Horrez gain, legeak ondare digitalaren garrantzia aitortzen du, objektu analogiko batetik abiatuta birtualizatua edo objektu digital gisa jaioa, eta azpimarratzen du interkonektatutako kultura-espazio digital berri bat agertu dela, non fitxategiak gordetzeko, datuak tratatzeko eta hedatzeko tresnak partekatzen diren, eta horrek eduki kulturala eskuragarriago egiteko eta berrerabiltzeko aukera eman duela, betiere jabetza intelektualeko eskubideekin eta datu pertsonalen babesarekin uztargarria bada.

Aurrekoarekin bat, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legeak 1. artikuluan ezartzen duenez, legearen xedea da EAEko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea, beraren babesa, kontserbazioa eta balio-nabarmentzea bermatzeko, bai eta pertsona guztiek, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek, irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan, posible denean, ondare hori ezagutu, ikertu, hedatu eta goza dezaten ahalbidetzea ere.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren funtsezko helburuetako bi dira euskal kultura-ondarea kontserbatu eta hedatzea. Zehazki, Sailak, Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren bitartez, zenbait egiteko ditu, besteak beste euskal ondare digitala sortu, babestu eta hedatzeko mekanismo egokiak ezartzea, sarbidea bermatzea eta ondare digitalaren arloan lankidetza-programak sustatzea.

Helburu horiek artxiboetarako, liburutegietarako eta museoetarako erabili izan dira normalean. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) pixkanaka sartu izanak funtsezko aldaketa ekarri du ikuspegi horretan. Nahiz eta gaur egun erakunde horiek funtsezko zeregina izaten jarraitzen duten kontserbazioan, mundu digitalak erabateko eraldaketa ekarri du hedapenaren eremuan, eta, txikiagoa bada ere, kontserbazioaren eremuan ere bai.

Euskadiko artxibo, liburutegi eta museoek sartu-irten nabarmenak egin dituzte mundu digitalean, baita aitzindari gisa ere gure ingurune hurbilenean. Modu horretan, euskal kultura-ondarea gero eta eskuragarriagoa da edonorentzat, baldin eta ordenagailua, sarerako konexioa eta euskal espazioarekin eta kulturarekin lotutako gaien inguruko ezagutza edo interesa badu. Baina gero eta interkonektatuago dagoen eta gero eta datu gehiago sortzen dituen mundu honetan, ez da nahikoa informazioa digitalizatzea: eskuragarri jarri behar da eta ikusgai egin behar da. Horregatik, euskal kultura-ondarearen ezagutza unibertsalizatu nahi badugu, hainbat eremutan egin behar ditugu ekintzak.

Behar horri erantzuteko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren bitartez, abian jarri du Euskariana Euskal Kulturaren Atari Digitala. Liburutegi digital nazional baten eredu berritzailea eta euskal kulturarekin lotutako alderdi guztietara sartzeko plataforma bateratua da, jatorrizko euskarria edozein izanda ere: liburuak, aldizkariak, kartelak, argazkiak, diskoak edo beste material mota batzuk. Euskadiko erakunde, kultura-ekipamendu eta sormen-eragile guztiek partekatzen dute proiektua.

Beraz, Euskarianak aukera ematen du euskal kultura-ondarearen ezagutza unibertsalizatzeko: proiektu kolektibo integrala izan behar du, eta bertan euskal kulturaren eremuan inplikatuta dauden erakunde publiko eta pribatu gehienek hartu behar dute parte, elkarrekikotasunaren eta eragile bakoitzaren idiosinkrasiarekiko eta erantzukizunekiko errespetuaren ikuspegitik.

Halaber, Euskarianaren proiektua zenbait erakunderen arteko lankidetza estuaren bidez ari dira eraikitzen: Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, EAEko udalak, unibertsitateak, kultura-erakundeak eta euskal kultura-ondarearen baliabide digitalizatuak kudeatzen dituzten eragile guztiak. Horri esker, estrategia komun bat ezarriko dute administrazioen, erakunde pribatuen eta kultura-arloko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzaren sailaren artean.

Aurrekoaz gain, Euskarianak herritarren inplikazio handiagoa eta euskal kulturaren dinamizazioa ahalbidetzen ditu, IKTen potentzialtasuna eta gizarte digital baten usadioak eta ohiturak aprobetxatuz.

Interes-arloaren oinarri dira euskal egileek sortutako, Euskadin argitaratutako eta euskal gaiei buruz munduko edozein tokitan ekoitzitako baliabideak. Halaber, arreta berezia jartzen du euskaraz sortutako edo euskarara itzulitako edukietan.

Horrela, Euskarianak mesede egin nahi die bai objektu digital horien titularrei eta bai publiko orokorrari, Interneten euskal kultura-ondarearekin lotutako eduki oro bilatu ahal izateko atari digital gisa. Horrez gain, euskal kulturarekin lotuta ahalik eta baliabide digital gehienak bildu nahi ditu, baita erregistroak sistematizatu eta homogeneizatu ere, materialen jatorria identifikatuz eta sortzaileen eskubideak errespetatuz.

Gainera, Euskarianak kalitatezko zerbitzu publiko bat eman nahi du, informazioa bilatzen ari diren erabiltzaile orokorren eta ezagutza berriak sortu nahi dituen ikertzaile espezialisten beharrak asetzeko.

Gaur egun, Euskarianak euskal artxibo, liburutegi eta museoen bilduma digitalak biltzen ditu, eta euskal kultura-ondarea osatzen duten askotariko materialetarako (eskuizkribuak, inprimatutako liburuak, argazkiak, mapak ...) sarbidea ematen du.

Beharrezkoa da, bestalde, ahalegin hori esparru horretako nazioarteko ekimenekin lotuta egotea, eta, zehazkiago, Europeanarekin, hau da, kultura-ondare digitalizatuaren Europako atariarekin. Ildo horretatik, Europako Batzordeak, kultura-materialaren sareko digitalizazio eta irisgarritasunari eta kontserbazio digitalari buruzko 2011ko urriaren 27ko Gomendioan, estatu kideei eskatzen die Europeana garatzen laguntzeko, eta kultura-erakundeei eta beste eskubide-titular batzuei eskatzen die haien material digitalizaturako sarbidea emateko Europeanaren bitartez, jabari ezberdinetako edukiak Europeanan sartu ahal izateko agregatzaile nazionalak sortuz eta indartuz. Horrez gain, kultura-erakundeek ekoitzitako metadatuen eskuragarritasun zabal eta askea bermatu beharko dute estatu kideek, Europeanaren moduko zerbitzuen bidez berrerabili ahal izateko.

Jarduketa-ildo horretan, 2019an, Eusko Jaurlaritzak Adostasun Txostena sinatu zuen Europeana Fundazioarekin, haren webgunean euskara erabiltzeko. Akordio hori luzatzeko aukera zegoen, betiere lankidetza-arlo berriak identifikatzen baziren.

Horretarako, Euskarianak digitalizazioari, sarean kultura-materiala eskuratzeari eta sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko Europako araudia aplikatu behar du. Zehazki, garrantzitsua da Batzordearen 2021eko azaroaren 10eko 2021/1970 Gomendioa (EB), kultura-ondarerako datuen Europako espazio erkideari buruzkoa, agregatzaileen eta arlo horretan lan egiten duten adituen arteko interakzioa indartzeko. Espazio erkide hori Europeanaren egungo estrategian oinarritzen da, eta haren helburua da kultura-ondareaz arduratzen diren erakundeei eraldaketa digitalerako gaitasunak ematea. Horri esker, Europeanako agregatzaileek funtsezko rola izango dute, nazio eta Europa mailan; beraz, estatu kideei babesa indartzeko eskatzen zaie, kultura-ondarerako datuen Europako espazio erkidearen alde egiteko.

Aurrekoa kontuan hartuta, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari eta bere organoei dagozkien funtzio eta eskumenetan oinarrituta, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat, agindu honen bidez Europeanari metadatu eta miniaturak emateko prozedura finkatzen da.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskarianako datu-bazkideek Europeanari metadatu eta miniaturak emateko prozedura onestea, agindu honen I. eranskinean eta bazkide horiek aldez aurretik egindako eskaeran aurreikusitakoarekin bat etorriz, klausula hauen arabera:

Lehenengoa.– Euskariana.

1.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskadiko Liburutegi Digitala zerbitzuaren bitartez, lankidetza-mekanismoak ezartzen ditu erakunde publiko eta pribatuekin, euskal ondare digitala sortu, babestu eta hedatzeko eta sarbidea bermatzeko. Horretarako sortu du Euskariana ataria.

2.– Euskariana da euskal kulturaren atari digitala, eta haren helburua da sarbide unibertsala ematea euskal kultura-ondarearen ezagutzari, ahalik eta gehien hedatzeko.

3.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskadiko Liburutegi Digitala zerbitzuaren bitartez, zenbait funtzionalitate inplementatu ditu Euskarianan, euskal kultura-ondarearen baliabideen edukiak, datu-bazkideek emandakoak, eskualde-mailan eta gaiaren arabera gehitzeko. Horretarako, metadatu eta miniaturak biltzen ditu euskal kulturarekin lotutako gordailuetatik, Europeana hornitzeko.

Bigarrena.– Euskarianako datu-bazkideek Europeanari metadatu eta miniaturak emateko prozedura.

1.– Euskarianaren datu-bazkideek erabaki ahal izango dute osorik edo partez eman nahi dizkioten Europeanari Euskarianan bildutako metadatu eta miniaturak.

2.– Euskarianaren datu-bazkideek metadatu eta miniaturak eman nahi badizkiote Europeanari, konpromisoa hartzen dute agindu honen I. eranskinean jasotako baldintzak betetzeko.

3.– Interesa duten Euskarianako datu-bazkideek aginduaren II. eranskina bete eta sinatu beharko dute, eta, ondoren, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari bidali, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedurari buruzko 39/2015 Legean aurreikusitako bitartekoen bidez.

1) Pertsona fisikoek aurrez aurre zein elektronikoki aurkez ditzakete eskabideak:

a) Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari bidali beharko zaizkio, eta toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, soilik aurretiazko hitzorduarekin https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean helbidean sartuta, edo aurretiazko hitzordua eskatu edo bertan behera uzteko telefono-zenbakiaren bidez: 945 01 90 00 edo EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako tokietan, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita. Eskabidearen eredua Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri.

b).Bide elektronikoa: bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan. Eskabidearen eredua Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri.

2) Pertsona juridikoek bitarte elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren egoitza elektronikoan. Eskabidearen eredua Euskadiko Liburutegi Digitalaren zerbitzuaren webgunean egongo da eskuragarri

4.– Eskaeraren osteko izapideak bide elektronikoz egingo dira, «Nire karpeta» atalaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bideak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta atxikitzen diren egiaztagiriak. Era berean, eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.

7.– Eskabidea aztertu ondoren, Kulturako sailburuordearen ebazpenaren bidez ebatziko da, hilabeteko epean. Epe hori inolako ebazpenik eman gabe igaro bada, eskabidea onartu dela ulertuko da.

8.– Europeanari miniatura eta metadatuak emateko, agindu honen I. eranskinean jasotako termino eta baldintzak beteko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Eranskinak gauzatzeko eta aldatzeko jarraibideak.

Kultura Ondarearen zuzendariari baimena ematen zaio agindu honetan xedatutakoa betetzeko jarraibide zehatzak emateko, baita, hala badagokio, berau osatzen duten eranskinetako edukia aldatzeko ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoa.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 29a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala