Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2023ko urriaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4584

AGINDUA, 2023ko irailaren 29koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakunde Autonomiadunak (HABE) eskaintzen dituen zerbitzuen eta betetzen dituen jardueren prezio publikoak finkatzeko den Agindua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren 33. artikuluak ematen dizkidan ahalmenen indarrez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak prezio publikoen bidez ordain daitezkeen zerbitzu eta jarduerak zehazten dituen uztailaren 30eko 397/2013 Dekretuak dioenarekin bat etorriz, eta Ogasun eta Finantza Sailak goian aipaturiko 2020ko abuztuaren 4ko Agindua, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuarena, aldatzeko espedienteari aldeko irizpena eman diola kontuan hartuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko abuztuaren 4ko Aginduaren 2. artikuluaren aldaketa.

Honela geratzen da idatzia Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko abuztuaren 4ko Aginduaren 2. artikulua:

«2. artikulua.– Euskara irakasteko zerbitzuak.»

Sektore publikoko langileak euskalduntzeko ikastaroak antolatu, koordinatu, kontratatu eta jarraipena egiteagatik honako hauek izango dira salneurri publikoak:

a) Sektore publikoko langilez osatutako ikastaldeak:

1.– Aurrez aurreko ikastereduan eskaintzen diren ikastaroak euskaltegi publikoetan: 132,38 euro/taldeko/orduko.

2.– Euskaltegi publikoek aurrez aurreko ikastereduan eskainitako ikastaroak administrazioaren lokaletan: 121,36 euro /taldeko/orduko.

3.– Aurrez aurreko ikastereduan eskaintzen diren ikastaroak euskaltegi pribatuetan: 98,21 euro/taldeko/orduko.

4.– Euskaltegi pribatuek aurrez aurreko ikastereduan eskainitako ikastaroak administrazioaren lokaletan: 89,35 euro/taldeko/orduko.

b) Barnetegiak:

Euskaltegietan egiten diren egonaldi eta ostatuei dagozkien zerbitzuak:

– 15,41 euro/eguneko/ikasleko mantenu erdia.

– 38,59 euro/eguneko/ikasleko mantenu osoa.

c) Sektore publikoko langileen ikastaldeetan sartzen ez diren ikasle solteak:

1.– Ikastaroak euskaltegi publikoetan: 11,02 euro/ikasleko/orduko.

2.– Ikastaroak euskaltegi pribatuetan:

– Lurralde historikoetako hiriburuetan:10,17 euro/ikasleko/orduko.

– Gainerako herrietan:9,62 euro/ikasleko/orduko.

3.– Ikasleei eginiko abiapuntuaren ebaluazioa: 33,23 euro/orduko edo ikasleko.

d) Sektore publikoko langileen ikastaroen koordinazio- eta jarraipen-zerbitzuak:

– Sektore publikoko ikastaldeetan: 6,54 euro/taldeko/orduko.

– Ikasle solteak bestelako taldetan: 0,57 euro/ikasleko/orduko.

e) Eguneko/orduko bertaratzeari buruzko datuak.

– Tarifa: 2,20 euro/ikasleko hilean.

f) Autoikaskuntza tutorizatuan eskaintzen diren ikastaroak.

1.– Autoikaskuntza tutorizatuaren bidezko ikastaroak lanpostuan bertan:

– Autoikaskuntza-sistemaren lizentziak. Haren barruan izango dira: autoikaskuntzarako softwarea instalatzea, eguneratzea eta zerbitzu teknikoa beharrezkoa izanez gero, erabiltzeko argibideak, mailaketa-azterketak, pedagogia-jarraipena eta tutoretza-saioak. Lizentziaren prezioa kontratatutako lizentzia-kopuruaren araberakoa izango da:

(Ikus .PDF)

– Mintza-saioak:

Lantokian osatutako taldeetan:

– 9 hilabeteko ikastaroa (astean ordubete): 89,35 euro/orduko/taldeko.

– 3 hilabeteko ikastaroa (astean ordubete): 89,35 euro/orduko/taldeko.

Telefono edo IKTen bidez, lantokia EAEtik kanpo dagoenean:

– 9 hilabeteko ikastaroa (banaka, 20 minutu astean): 871,00 euro/ikasleko.

– 3 hilabeteko ikastaroa (banaka, 20 minutu astean): 290,00 euro/ikasleko.

Zerbitzu osagarriak (ikastaro guztietan):

– Lizentzia finkotik mugikorrerako edo interneterako aldaketa (instalazio packa barne): 163 euro/ikasleko.

– Ikasle-aldaketa (lizentzia beste ikasle bati pasatzea): 102 euro/ikasleko.

– Programaren erabilera, asistentzia eta aprobetxamenduaren hileroko txostena: 5,23 euro/txosteneko/ikasleko.

– Programaren erabileraren hileroko txostena: 1,84 euro/txosteneko/ikasleko.

Tutoreek euskaltegia edo autoikaskuntzarako zentro homologatua kokatuta dagoen herritik kanpo dagoen lantokira mugitu beharra badute, joan-etorrietako gastuen ordainketak zerbitzuen ondoriozko kalteordainei buruzko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoetako enplegatu publikoentzat aurreikusten direnak aplikatuko dira.

2.– Autoikaskuntza tutorizatuaren bidezko ikastaroak euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetan:

Autoikaskuntza tutorizatuaren bidezko ikastaroko matrikula:

(Ikus .PDF)

3.– Lotura-eskubideak:

Euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatu gabeko zentroetan HABEren autoikaskuntzarako ikas-plataforma erabiltzeko urteko baimena.

– 1-20 erabiltzaile: 1.767 euro/urteko/zentroko.

– 21 eta 100 erabiltzaile bitartean: aurreko prezioari urteko 87,84 euro gehituko zaio 20tik gorako erabiltzaile bakoitzeko.

– 100 erabiltzaile baino gehiago: 100 erabiltzailetik gorakoek ez dute beste gehigarririk izango.

– Prezio publiko honetatik kanpo geratzen dira sarean instalatu ahal izateko plataforman egin beharreko egokitzapen-lanak, eta baita zerbitzuaren mantenu-gastuak ere. Gastu horiek ikas-plataforma erabiltzeko baimena jaso duenaren kargu izango dira, eta zuzenean ordainduko dizkio instalazio- eta mantenu-zerbitzuaren emaileari.

Bigarren artikulua.– 2020ko abuztuaren 4ko Aginduaren 3. artikuluaren 3.2 apartatuaren aldaketa.

Honela geratzen da idatzia 2020ko abuztuaren 4ko Aginduaren 3. artikuluaren 3.2 apartatua:

«3. artikulua. Hizkuntza-gaitasuna ebaluatzeko eta egiaztatzeko zerbitzuak.»

3.2.– Epaimahaietan eta Balorazio Batzordetan HABEren teknikariek parte hartzeko, frogak prestatzeko, aplikatzeko eta zuzentzeko zerbitzuak: 66,47 euro/lanorduko (BEZ barne).

Horrez gain, teknikarien joan-etorrietako gastuen ordainketak zerbitzuen ondoriozko kalteordainei buruzko ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoetako enplegatu publikoentzat aurreikusten direnak aplikatuko dira."

Hirugarren artikulua.– 2020ko abuztuaren 4ko Aginduari 3bis artikulua eransten zaio.

Honela geratzen da idatzia 2020ko abuztuaren 4ko Aginduari eransten zaion 3bis artikulua:

3.bis. artikulua.– Mintegi, kongresu, jardunaldi eta ikastaroetako matrikulak.

1.– HABEk euskara-irakasleentzako antolatzen dituen aurrez aurreko saioak zein modulu telematiko bidezko prestakuntza-jarduerei dagokien matrikularen zenbatekoa iraupenaren arabera ezarriko da.

(Ikus .PDF)

2.– Beste erakunde batzuek antolatutako prestakuntza-jarduera zein ikastaroetan HABEren zerbitzuak jaso nahi badira, 87,21 euro/orduko ordainduko da zerbitzu horiengatik.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 29a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala