Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2023ko urriaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4572

EBAZPENA, 2023ko irailaren 27koa, Gizarte Zerbitzuen zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntzetarako 2023ko ekitaldian izango den kreditua handitzen dela. Agindu horren bitartez, honako prozedura hau ezarri zen: Genero Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko prozedura.

2014ko urriaren 29ko Aginduak, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarenak, prozedura bat ezartzen du abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitakoaren arabera genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko (2014ko azaroaren 19ko EHAA, 221. zk.).

Haren xedapen gehigarrian, finantzaketa eta aurrekontu-egozpenari buruzkoan, honako hau ezartzen da: «Publikotasun-printzipioa betetzeko, Gizarte Zerbitzuen zuzendariak aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran emango du jakitera, ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako esleitu den zuzkidura».

Halaber, honako hau ere zehazten da: «Aurrekontu-ekitaldi baten barruan emango diren laguntzen zenbateko osoak ez du gaindituko aipatutako zuzkidura edo hura eguneratzearen ondoriozkoa, Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen aurrekontu-araubidearen arabera. Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren ebazpen bidez emango da horren berri, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta».

Gizarte Zerbitzuen zuzendariaren 2023ko otsailaren 8ko Ebazpenaren bidez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzen zuzkidura argitaratu zen (2023ko otsailaren 16ko EHAA, 33. zk.).

Gaur egun, ekitaldi honetarako bideratutako kredituaren zati handi bat agortuta dagoenez, zehazki, % 89,64, kontuan hartuta aurkezten diren eskaeren kopurua eta onuradun izan daitezkeenen beharrizan atzeraezinak, 2023rako bideratutako aurrekontu-zuzkidura handitu behar da.

Beraz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 12/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta 2014ko urriaren 29ko Aginduaren xedapen gehigarri horrek ematen duen gaikuntza eta erabilgarri dagoen aurrekontua kontuan hartuta, aurrekontu-baliabideak 844.010 euro handitu behar dira.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Publikotasun-printzipioa betetze aldera, 2014ko urriaren 29ko Aginduan aurreikusitako laguntzen finantziazioa handitu egin behar da 2023ko ekitaldirako, 844.010 eurotan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gizarte Politiketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112. artikuluan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak ebazpen honek.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 27a.

Gizarte Zerbitzuen zuzendaria,

MARÍA ANTONIA OLABARRIETA IBARRONDO.


Azterketa dokumentala