Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2023ko urriaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4568

AGINDUA, 2023ko irailaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko molusku kuskubikoen ekoizpeneko guneen sailkapena ezartzen duena.

Batzordearen 2019ko martxoaren 15eko 2019/627 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren bidez, giza kontsumorako animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak egiteko xedapen praktiko uniformeak ezartzen dira. Bada, erregelamendu horren 52. artikuluan ezarritakoaren arabera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017/625 (EB) Erregelamenduarekin bat etorriz (erregelamendu horren bidez, Batzordearen 2074/2005 (EE) Erregelamendua aldatzen da kontrol ofizialei dagokienez), agintaritza eskudunak 2017/625 (EB) Erregelamenduaren 18. artikuluaren 6. apartatuaren arabera sailkatzen diren ekoizpen- eta berrezarpen-eremuen kokalekua eta mugak zehaztu beharko ditu, arau horretan aurreikusten diren hiru eremu-kategorien arabera. 2019/627 (EB) Betearazpen Erregelamenduak A motako eremutzat sailkatzen ditu zuzeneko giza kontsumorako molusku kuskubiko biziak bil daitezkeen eremuak; B motako eremutzat, giza kontsumorako arazketa-zentro batean tratatu ondoren edo berrezarri ondoren soilik merkaturatu daitezkeen molusku kuskubiko biziak bil daitezkeen eremuak; eta C motako eremutzat, berriz, aldi luze batez berrerzarri ondoren soilik merkaturatu daitezkeen molusku kuskubiko biziak bil daitezkeen esparruak. Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko moluskuen ekoizpen-eremuak deklaratzea eta sailkatzea. Horretarako, aintzat hartu dira kuskubikoen ekoizpeneko guneetan aldian behin egiten diren azterketa eta laginketak.

Agindu honek xedetzat du Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko moluskuen ekoizpeneko guneen kokalekua eta mugak ezartzea, bai eta haiek sailkatzea ere. Horretarako, aintzat hartu dira kuskubikoen ekoizpeneko guneetan aldian behin egiten diren azterketa eta laginketak.

B eta C motetan sailkatutako guneei dagokienez, ohartarazi beharra dago, arazteko zentrorik eta berrezarpeneko gunerik ez dagoenez, debekatuta dagoela gune horietan moluskuak biltzea.

Itsasoko aisialdi-arrantzaren erregelamendua onesten duen urriaren 3ko 198/2000 Dekretuaren azken xedapenak eskumena ematen dio arrantzaren arloko eskumena duen sailburuari dekretu horretan xedatutakoa garatu eta betearazteko, eta dekretuaren II. eranskineko bigarren apartatuan bildutako espezieak harrapatzeko baldintzak eta aldiak aldarazteko, itsaski-baliabideen egoerari buruz egiten diren azterlan eta analisi zientifikoetatik eratorritako gomendioen arabera. Escherichia coli bakterioaren kontzentrazioei buruz azterlanek adierazten dituzten datuak ikusita, beharrezkotzat jotzen da ez baimentzea 198/2000 Dekretuaren II. eranskinak esperimentu gisa aurreikusten zuen kuskubikoen harrapaketa.

Hori guztia kontuan izanik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko moluskuen ekoizpeneko guneen kokalekua, mugak eta sailkapena ezartzea, Batzordearen 2019ko martxoaren 15eko 2019/627 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 52. artikuluaren arabera.

Bigarrena.– Hondarribia (Bidasoa ibaiaren estuarioa): Ikus I. eta II. eranskinak.

Sailkapeneko B eremua: ibai-ahotik aireportuko muturrerainoko esparrua (PAV 1/01). Bertan lortutako moluskuek arazketa-prozesu bat pasa beharko dute bizirik merkaturatu baino lehen.

Eremu itxiak: honako hauek moluskuak ekoizteko gune itxiak dira, eta debekatu egiten da bertan moluskuok biltzea:

– Aireportuaren muturretik barrualderantz doan eremua.

– Hondarribiko arrantza-portua.

– Hondarribiko kirol-portua.

– Beteranoen moila.

Hirugarrena.– Mundaka (Oka ibaiaren estuarioa). Ikus I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko B eremua: Arketako azpieremua (PAV 1/02-1, ibai-ahoaren eta Sandinderi uhartearen arteko eremuaren eskuinaldea), Portuondo azpieremua (PAV1/02-2, ibai-ahoaren eta Sandinderi uhartearen arteko eremuaren ezkerraldea) eta Kanala azpieremua (PAV1/02-3, Sandinderi uhartearen eta Muruetako ontziolaren arteko eremua). Bertan lortutako moluskuek arazketa-prozesu bat pasa beharko dute bizirik merkaturatu baino lehen.

Eremu itxiak: honako hauek moluskuak ekoizteko gune itxiak dira, eta debekatu egiten da bertan moluskuok biltzea:

– Itsasadarrean gora, Muruetako Ontziolatik Gernikaraino.

– Txatxarramendi uharteko zubipeko aldea.

– Mundakako portua.

Laugarrena.– Plentzia (Butroe ibaiaren estuarioa): Ikus I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko C eremua: ibai-ahotik Arrainolara bitarteko aldea (PAV 1/03), Plentziako portua izan ezik. Bertan, debekatuta dago molusku kuskubikoak biltzea.

Eremu itxiak: honako hauek moluskuak ekoizteko gune itxiak dira, eta debekatu egiten da bertan moluskuok biltzea:

– Plentziako portua.

– Estuarioaren barrualdea (Arrainolatik gorako urak hartzen dira barrualdetzat).

Bosgarrena.– Mendexa-Ondarroa. Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasertza (PAV1/04).

Sailkapeneko A eremua: molusku kuskubiko biziak bil daitezke gizakiek zuzenean kontsumitzeko, aldez aurretik araztu beharrik gabe, baldin eta animalia-jatorriko elikagaietarako indarrean dauden osasun-arauak betetzen badira (adibidez, kutsatzaileei eta biotoxinei dagokienez).

Moluskuak hazteko eta itsaskiak biltzeko jarduerak itxita dauzkaten eremuak jarraipenik egiten ez den ibai-ahoen barrualdeko eremuak edo portu-eremuak dira.

Honako koordenatu hauetan jasotakoa:

(Ikus .PDF)

Seigarrena.– Agindu honetan ezartzen den ekoizpen-eremuen sailkapena aintzat hartu beharko da, honako espezie hauek bildu nahi izanez gero:

– Ostra (Ostrea edulis, Crassostrea angulata eta Crassostrea gigas).

– Datila (Pharus legumen, Solen marginatus, Ensis ensis eta Ensis siliqua).

– Berberetxoa (Cerastoderma edule edo Cardium edulis).

– Txirla edo muxila (Venerupis pollastra, Ruditapes edo Tapes pullastra, Venerupis decussata, Ruditapes edo Tapes decussata, Venerupis semidecussata, Tapes semidecussata edo Ruditapes philippinarum, Venerupis aurea eta Venerupis rhomboides).

– Txirla txikia (Venus striatula eta Chamelea gallina).

– Muskuilua (Mytilus edulis eta Mytilus galloprovincialis).

Zazpigarrena.– Debekatuta dago agindu honetako seigarren ebazpen-zatian zehaztutako espezieak biltzea bai eremu itxietan, bai agindu honetan B eta C kalifikazioa eman zaien eremuetan, baita sailkatu gabeko eremuetan ere. Ondarroa eta Lekeitio arteko itsasertzean (PAV1/04), Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko urtarrilaren 8ko Aginduan jasotako espezieak baino ezin daitezke bildu. Agindu horren bidez, Ondarroa eta Lekeitio arteko kostalde tartean molusku kuskubikoak itsasoko hazkuntzaren bidez ekoizteko eremu bat izendatzen eta sailkatzen da.

Zortzigarrena.– Ez da baimenik ematen 198/2000 Dekretuaren II. eranskinak aurreikusten zuen itsaskien bilketarako urriaren 1a eta abenduaren 31 bitartean, zeinak, esperimentu moduan, espezie hauetako 50 ale harrapatzea baimentzen baitzuen eguneko: txirla lirdingatsua (Venerupis pullastra), txirla handia (Tapes decussatus) eta txirla txikia (Chamelea gallina).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala