191. zk., 2023ko urriaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 5 orri.)
- EPUB (111 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4567
AGINDUA, 2023ko irailaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko 2023an.
Baliabide genetikoen –batez ere autoktonoen– kontserbazioa, karakterizazioa eta hobekuntza eredugarri izan da Europako legeria berria diseinatzeko eta FAOren mundu-estrategia diseinatzeko. Eredu horrek eskatu du laguntza-mekanismoak ezartzea, politika horiek abeltzain-elkarteen jarduerara moldatzeko.
Elkarte horiek, batetik, ustiategiak modernizatzeko ahaleginak koordinatu eta bultzatzen dituzte, liburu-genealogikoak kudeatuz, hautaketa-programak baliatuz eta errendimenduen kontrola eginez. Bestetik, jakinarazten dute zer emaitza lortzen duten, eta abereak eta haien produktuak merkaturatzen laguntzen dute; horrela, apurka-apurka programa berritzaileak eta teknologia berriak aplikatuta, lortzen dute produkzioa eraginkorragoa izatea eta abeltzaintzako ustiategiak errentagarriagoak izatea. Era berean, laguntzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak eta mendi-nekazaritzako inguruak garatzen eta sustatzen.
Ziurtatzeko neurriak erabat eraginkorrak direla eta bermatzeko hartzaile izan daitezkeenek aukera berberak dituztela laguntzak eskuratzeko eta gozatzeko, eta araudi zooteknikoaren aplikazioa homogeneoa izan dadin, urriaren 24ko 240/2017 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen duena.
Dekretu arautzaile horren 13. artikuluak xedatzen duenez, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren agindu bidez, urtero deialdi bat egingo da dirulaguntzak emateko Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei. Dekretu horren arabera, deialdi-aginduan zehaztuko da zenbat diru bideratuko den dirulaguntza horietara eta zer epe dagoen eskaerak aurkezteko, eta, hala behar izanez gero, zehaztuko da zein den Emakume Nekazarien Estatutuaren bigarren xedapen gehigarriaren edukia.
Era berean, agindu honen bidez iragarritako laguntzak jasota daude Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak 2021-2023 urteetarako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Plan estrategiko hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onartu zen (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako dirulaguntzen plan estrategikoa onartzekoa), eta argitaratuta dago Eusko Jaurlaritzaren «www.euskadi.eus» webgunean, sailari buruzko eremuan, «Planak eta proiektuak» atalean.
Laguntza-deialdi honek aurrekontu-zuzkidura nahikoa dauka hala Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera nola Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.
Laguntzak ematea ebazterakoan, aintzat hartuko dira administrazio publikoen dirulaguntza jarduera arautzen duten publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak, betiere honako arau hauetan xedatutakoari jarraituz: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenak. Gainera, diru-baliabide erabilgarriak aplikatzeko, kontuan izango da zer irizpide ezartzen diren agindu honetan.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2023ko ekitaldiko deialdia egitea Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei laguntzak emateko, hain zuzen ere urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan aurreikusten diren laguntzak emateko.
Bigarrena.– Eskabideak eta dokumentazioa.
1.– Hilabeteko epea egongo da urriaren 24ko 240/2017 Dekretuan ezarritako laguntzen 2023ko deialdiko eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua arautzen da.
2.– Eskabideak aurkezteko, eskatzaileek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte. Honako helbide elektroniko hauetan eskuratu ahal izango dira eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako agiriak:
https://www.euskadi.eus/servicios/1046107
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1046107
Helbide honetan daude eskuragarri Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen dituen bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
3.– Kanal elektronikoaren bidez eskabidea egin ondorengo izapideak –jakinarazpenak eta justifikazioak barne– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira:
https://www.euskadi.eus/micarpeta
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta (euskaraz).
4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez eginez gero, ordezkaritza egiaztatzeko, bete egin beharko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.
Ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Eskabideak 1. apartatuan adierazitako helbideetan eskura daitezke, eta bat datoz urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren eranskineko eredu normalizatuarekin. Eskabide horiek aurkezteko, elkarte eskatzailearen legezko ordezkaritza duen pertsona batek sinatu beharko ditu, dekretu horren 11. artikuluko 5., 6. eta 7. apartatuetan zehazten diren agiriekin batera.
6.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Gainera, dirulaguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, elkarte eskatzaileak zer hizkuntza aukeratu, hizkuntza hori baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoari jarraituz.
7.– Eskabidea aurkezten duen elkarteak aurreko deialdietan ere aurkeztu badu, ez da beharrezkoa izango honako agiri hauen kopiarik aurkeztea, baldin eta aldatu ez badira: eratze-akta, elkartearen estatutuak, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria edo euskararen normalizazio-plana.
8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko erakundeak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute, apartatu honetan xedatzen den bezala egiaztatu ere, ordainketa-epealdiak betetzen dituztela, lege horretan ezartzen direnak onuraduna edo entitate laguntzailea izateko.
Eskabidea egiten den unean aurkeztu beharko dira egiaztagiriak. Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu hura aurkezteko ezarritako epealdiaren barruan, frogagiri bat aurkeztu beharko da, adierazten duena egiaztagiri hori eskatu dela; dena den, ziurtapen hori lortu bezain pronto aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen.
Baldintza horren betetze-maila egiaztatzeko, honako frogagiri hauek aurkeztu ahal izango dira:
a) Urteko kontu laburtua: pertsona fisikoek eta juridikoek, baldin eta, aukerarik badute kontabilitate-araudiaren arabera urteko kontu laburtua aurkezteko ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona baten ziurtagiriaren bidez; urteko kontu laburtu horretan, aditzera eman beharko dute iritsi direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara. Horrez gainera, hori egiaztatzeko, hurrengo b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete, beren araudia betez gero.
b) Pertsona juridikoek ezin badute aurkeztu galeren eta irabazien kontu laburtua Kontabilitateko araudiaren arabera, honako agirietako bat aurkeztu ahal izango dute:
1.a Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita informazioa, ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzkoa; baldin eta kontu horietatik ondorioztatzen bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla (apartatu honetan ezartzen den mailara iritsi direla).
Ziurtagiri hori baliagarria izango da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2.a Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egiterik ez badago, «Adostutako prozedurei buruzko txostena» aurkeztu ahal izango da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina, oinarritzat hartuz erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarri bati egin zaien berrikusketa bat, ondorioztatzen duena inolako salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak, edo, salbuespenik antzemanez gero, salbuespenek ez dutela eragotzi apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.
Kasu horretan, eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila baldin eta maila hori bada Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoaren parekoa edo handiagoa.
Adostutako prozedurei buruzko txostena egiteko, bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. bis artikuluan ezartzen dena.
Orobat, egiaztatu beharko da bete egiten direla Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.5 artikuluan aurreikusitako betekizunak.
Hirugarrena.– Diru-zuzkidura eta laguntzen zenbatekoa.
1.– Laguntzak hauek 2023an finantzatzeko, guztira, 480.000 euro erabiliko dira, eta aurrekontu global hori, oso-osorik, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-orokorretatik aterako da.
2.– Baldin eta 480.000 euroko diru-zuzkidura hori nahikoa ez bada elkarte onuradun guztiei diruz lagundu ahal zaizkien gastuen zenbatekoa estaltzeko, hainbanatu egingo da dirulaguntzaren zenbatekoa, bat etorriz urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4.c artikuluan aurreikusitakoarekin.
Laugarrena.– Laguntzak baloratzeko eta kuantifikatzeko irizpide objektiboak.
1.– Eskaerak baloratzeko, urriaren 24ko 240/2017 Dekretuaren 4.4 artikuluan zehaztutako prozedurari jarraituko zaio. Dirulaguntza bakoitzaren zenbatekoa zehazteko, kontuan izango da zer muga ezartzen duten dekretu horretako 6., 7. eta 8. artikuluek, eta, horretako, 10. artikuluan bildutako irizpideak aplikatuko dira. Inoiz ez da diruz lagunduko balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa), salbu eta hura ez denean berreskuratzeko modukoa BEZari buruzko legeria nazionalaren arabera.
2.– Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren arabera, elkarteei ez zaie laguntzarik ez dirulaguntzarik emango baldin eta zuzendaritza-organoetan ez badute emakumeen presentzia orekaturik.
3.– Ezingo da gasturik diruz lagundu, baldin eta gastuok ez badira ordaindu aplikagarri den araudi sektorialak ezarritako epeetan, edo, halakorik ezean, Merkataritza Eragiketetan Berankortasuna Ekiditeko Neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako epeetan.
Bosgarrena.– Datuak babestea.
Agindu hau aplikatuta biltzen diren datu pertsonalak tratatzeko, kontuan izango da zer dioten Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta horretarako aplika daitezkeen gainerako arauek.
Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/077400-capa2-eu.shtml
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, kontuan hartu beharko da zer xedatzen duten arau hauek: urriaren 24ko 240/2017 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko arraza garbien abeltzain-elkarteei dirulaguntzak emateko modua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen, urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko manuak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen, eta Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 2022/2472 (EB) Erregelamendua, zeinak barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen baititu Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluekin bat nekazaritza- eta basogintza-sektoreetarako eta landa-inguruneetarako laguntzen zenbait kategoria.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 26a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.