Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2023ko urriaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4566

AGINDUA, 2023ko irailaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez aparteko dirulaguntzak onartzen baitira ardogintza-sektorerako 2023rako, Errioxa JDK jatorri-deitura kalifikatuaren babespean dauden mahastizainentzat, Ukrainako gerra dela-eta urrituta ikusi dituztelako enpresa-errendimenduak.

Nahiz eta munduko ardo-merkataritza oso erritmo onean berreskuratu zen COVID-19 pandemiaren ostean, oso kolokan egon zen 2022an, Errusiak Ukraina militarki inbaditu zuelako. Urte-hasieran, inbasio horrek hornidura- eta material-krisia eragin zuen, eta nabarmen garestitu zituen energia eta erregaiak; ondorioz, faktore horiek inflazio global handia ekarri dute. Horrek guztiak nahasmen handia eragin dio mahastizaintza eta ardogintzako merkatuari, eta salbuespenezko neurriak ezarri behar izan dira aldi baterako, Euskadin ekoizten den ardoaren izakinak murrizteko.

Eragin hori bereziki kezkagarria da Errioxako JDKn; izan ere, han, Errusiak Ukraina inbaditzeak ardo-esportazioetan eragin duen nahasmenak direla-eta, ardo-stock handiak sortzen ari da upeltegietan, merkaturatzeko aukerarik gabe –uste baita ezen, JDK osoan, gutxi gorabehera 80 milioi litro, gehi hurrengo uztakoak–. Horrek areagotu egingo luke sektorearen egoera larria, denbora askotxo beharko baitu stock horiek merkaturatzeko, munduko merkataritzan aurreikustekoa omen den hobekuntza eta hazkundearen babesean.

Euskadin, Ardoaren Merkatuaren Espainiako Behatokiak aztertutako datuen arabera, ardo-esportazioaren bolumena % 12,7 jaitsi zen 2022ko lehen 10 hilabeteetan (urrira arte metatutako aldia); alegia, 38,7 milioi litro arte. Azken 10 urteetan, aldi horretan merkaturatutako ardo-kantitate txikiena izan da.

Egoera horren aurrean, Errioxa JDKak erreakzionatu egin du, eta % 10 murriztu du 2023ko kanpainan uztatzen den mahats beltzaren errendimendu onargarrien topea (6.500Kg/ha-ko errendimendu estandarrarekiko), eta uzta berdea bultzatuko du kanpaina honetan, Espainiako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari laguntzeko programaren barruan.

Kontsiderazio horiek eginda, jarrera kontserbadorea ezarri da uztaren produkziorako, zeren aurreikusten da ezen, 2023an, ziurgabetasunak bere horretan segituko duela Ukrainako gerrak aurrera segitzen duelako. Horrenbestez, laguntza finantzarioa ezarri behar da; izan ere, Europako Batzordeak luzatu eta zabaldu egin du ekonomiari laguntzeko neurrien denbora-esparrua, Errusiak Ukraina inbaditu eta gero ezarri zena.

Aurreko denbora-esparrua Batzordearen 2022ko martxoaren 22ko Jakinarazpenaren bidez onartu zen (2022/C 131 I/01). Jakinarazpen hori, berriz, EBAO Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialeko 65. zenbakian eman zen argitara, 2022ko martxoaren 24an, eta denbora-esparruari gerora egin zitzaizkion aldaketa guztiak ere EBAOn argitaratu ziren. Esparru hori, bestalde, Batzordeak 2022ko azaroaren 9ko EBAOn argitaratutako Jakinarazpenak ordezkatu zuen, eta, estatu-mailan, bada esparru nazional bat, aterkiarena egiten duena eta Europar Batasunak Erabakiaren bidez onartu zuena (C(2022)9442 Amaierakoa) 2022ko abenduaren 12an, azken aldaketekin batera, eta indarrean egongo dena 2023ko abenduaren 31 arte.

Europako Batzordeak gaitutako denbora-esparru horrekin bat etorriz, Espainian denbora-esparru nazionala ere onartu da, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren hartu beharreko laguntza-neurriei buruzkoa eta aintzakotzat hartzen duena zer eduki duten Europako Batzordearen erabakiak –SA.102771 (2022/N)– eta haren aldaketek. Denbora-esparru nazional hori 2023ko abenduaren 31 arte aplika daiteke, eta, beraren babesean, autonomia-erkidegoek aukera dute ezartzeko zer laguntza-ildo jotzen duten egokitzat, nor bere eskumen- eta jarduketa-eremuen arabera; bestalde, Errusiak Ukraina inbaditu ostean, testuinguru ekonomikora egokitzen joateko egin diren aldaketen ondoren sortu den bertsio kontsolidatuan, 3.1 apartatuak aukera bat gaitzen du kopuru mugatu bateko dirulaguntza zuzenak emateko.

Horrela, bada, denbora-esparru nazional horren babespean, agindu honetan biltzen diren aparteko neurrien bidez, arindu nahi da zer galera izan duten Araban mahastizaintzan ari diren pertsonek Errioxa JDK-k bultzatutako neurriengatik eta horrek dakartzan kostu gehigarriengatik; izan ere, aurreikus daiteke upeltegiek erosteko ahalmen gutxiago izango dutela. Era berean, eskaintza eta eskaria arautu nahi dira, eta berriro orekatu gura da Euskadiko mahastizaintza-sektorea, horrek lagundu egingo baitu murriz dadin Errioxa JDK babespean dagoen ardo guztia.

Horretarako, asmoa da laguntza bikoitza ematea: batetik, mahastizainei laguntza bat eman nahi zaie beren mahatsa uztatzeko, eta konpentsatzeko kanpaina honetarako Errioxa JDK-k mahats beltzaren errendimendurako adostu duen % 10eko murrizketa; bestetik, beste laguntza bat, kanpaina honetan errendimendu-murrizketa aplikatzen duten mahastizainentzat, galera ekonomikoak eta kostu gehigarriak arintzeko.

Horrekin guztiarekin, asmoa da merkatutik 16 milioi kg mahats ateratzea: gutxi gorabehera, Errioxako JDK-ko 11 milioi litro ardo Euskadin.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan jasotako gaikuntzan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-lerroetarako, bitarteko elektronikoak erabili behar dira Administrazioarekin harremanak izateko, kontuan izanik balizko onuradunek beren arduraldi profesionaletik eratorritako ezaugarri batzuk dituztela (gaikuntza hori ahalbidetzen dutenak), eta aintzakotzat hartuta sektoreari laguntzeko eta hura kontrolatzeko araudiak harreman elektronikoak ezartzen dizkiela hartzaileei (informazio-betebehar guztiak betetzeko) eta, edonola ere, kontuan hartuta ohiko ekipamendua dagoela harreman elektronikoak ahalbidetzeko, eta ziurtatuta geratzen dela aukera dagoela beharrezkoak diren baliabide elektronikoak erabiltzeko.

Horregatik guztiagatik, honen bidez argitara ematen da laguntzen deialdi hau, nahikoa zuzkidura baitago Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera.

Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikuluak ezartzen du ezen, kalterik egin gabe Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei, sailburuek eskudantzia dutela administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko beren sailari dagozkion gaietan.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak dirulaguntzen plan estrategiko bat dauka –Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Agindua, zeinaren bidez onartzen baita Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021, 2022 eta 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, eta haren ondorengo aldaketak–, eta agindu hau plan horren barruan sartzeko prozesuan dago, haren helburuak eta DLOren aurreikuspenak betetzeko.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Onartzea zein izango diren ardogintza-sektoreari 2023ko ekitaldirako egiten zaion aparteko laguntza-deialdiko oinarriak, mahastigintza-sektoreari laguntzeko. Oinarri horiek agindu honetako I. eranskinean jasotzen dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta izaera.

1.– Agindu honen xedea da aparteko laguntza-deialdia egitea, 2023 ekitaldirako, mahastigintzan ari diren pertsonei, beren etekin ekonomikoak konpentsatzeko, mahats-produkzioa murriztuta ikusi dutelako Ukrainako gerrak mahastigintzako merkatuan izan duen eraginagatik. Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko, derrigorrezkoa izango da inskribatuta egotea Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua Arautzeko Kontseiluko Mahastien eta haien Titularren Erregistroan.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat joko dira.

3.– Laguntzak emateko, aplikatu egingo da Krisi eta Trantsizio Denbora Esparrua, Errusiak Ukraina inbaditu ostean ekonomiari eusteko laguntza-neurriei buruzkoa; denbora-esparru hori Europako Batzordeak onartu zuen, eta azken aldaketak 2022ko abenduaren 12an egin zizkion, C(2022)9443 Amaierako Erabakiaren bidez, zeina 2023ko abenduaren 31 arte aplika baitaiteke. Laguntzok, zehazki, Denbora Esparru Nazionalaren babespean emango dira, zeina baita Errusiak Ukraina inbaditu ostean ekonomiari eusteko laguntza neurriei buruzkoa, eta Europako Batzordeko SA.102771 (2022/N) Erabakiaren eta haren aldaketen bidez baimendu baitzen, eta aukera gaitzen baitu kopuru mugatu bateko dirulaguntza zuzenak emateko; zehazki, gehienez ere 250.000 euro emateko enpresako nekazaritza-produktuen produkzio primarioko sektoreetan.

2. oinarria.– Laguntza-lerroa.

Agindu honetako 1. oinarrian finkatutako xedea lortzeko, bi laguntza-lerro ezarriko dira: bata, konpentsatzeko zer murrizketa izan dituzten Errioxa JDKren babespean dauden mahats beltzeko ustiategiek beren etekin ekonomikoetan; bestea, berriz, konpentsatzeko zer galdera ekonomiko eta kostu gehigarri izan dituzten errendimenduak murrizteko egin behar izan dituzten eragiketengatik. Lerro biak bateragarriak dira onuradun bakarrarentzat.

3. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura.

Deialdi honetarako, 7,3 milioi euro zuzenduko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako 2023.1000532200.1.71110.450001.2023.001130 aplikazioaren kontura: 4 milioi euro zuzenduko dira mahats beltzaren errendimendu ekonomikoak konpentsatzeko laguntzak emateko, eta 3,3 milioi zuzenduko dira konpentsatzeko zer galera ekonomiko eta kostu gehigarri sortu dituzten errendimenduak murrizteko eragiketek.

Dena den, laguntzen azken kalkulua egitean aurrekontuak doitu behar izanez gero, funtsak lerro batetik bestera pasatu ahal izango dira, baina inoiz gainditu gabe aurrekontu-kredituko muga: 7,3 milioi euro.

Indarrean dagoen legedia beteta aurrekontu-aldaketarik onartuz gero, emango diren laguntzen zenbateko osoa ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere. Baldin eta zenbateko hori gainditzen bada agindu honetan jasotakoaren arabera, proportzionalki murriztuko dira 7. artikuluan finkatutako zenbateko unitarioak.

4. oinarria.– Onuradunak.

Honako hauek izan ahal izango dira laguntza hauen onuradun:

1.– Mahastigintzan ari diren eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua Arautzeko Kontseiluko Mahastien eta haien Titularren Erregistroan izena emanda duten pertsonei etekin ekonomikoetan izan dituzten galderak konpentsatzeko laguntza-lerroa.

Onuradun izateko, mahastizaintzako ustiapenetako titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

• Nekazaritzako ustiategia izatea, eta EAEko edo haren lurralde historiko bateko NUE batean erregistratuta egotea, edo mahastiak inskribatuta edukitzea Arabako Lurralde Historikoko Mahastien Erregistroan eta Errioxa JDKren babespean.

• 2023ko ekitaldian, mahats beltza uztatzea, Errioxa JDKren barruan ardo bilakatzeko.

• Ez gainditzea mahats beltzerako onartzen den errendimendu produktiboaren topea: 5.850 kg/ha (6.500 kg/ha-ko errendimendu estandarraren % 90).

2.– Errendimendua murrizteko eragiketek eragin dituzten galera ekonomikoak eta kostu gehigarriak konpentsatzeko laguntza-lerroa:

Onuradun izateko, ustiapenetako titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

• Nekazaritzako ustiategia izatea, eta EAEko edo haren lurralde historiko bateko NUE batean erregistratuta egotea, edo mahastiak inskribatuta edukitzea Arabako Lurralde Historikoko Mahastien Erregistroan eta Errioxa JDKren babespean.

• Euskal Autonomia Erkidegoan, aurkeztuta izatea eskabide bat uzta berderako, FEAGA laguntzako 2023ko deialdian onartzeko modukoa eta Espainiako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari laguntzeko programaren barrukoa.

• 2023ko ekitaldian zehar, uzta berdea eginda izatea beren ustategietako lurzatiren batean edo denetan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduko 47. artikuluan ezarritakoaren arabera. Uzta berdea egiteko azken eguna 2023ko uztailaren 15a da.

5. oinarria.– Betekizun orokorrak.

Agindu honetan iragarritako laguntza-lerroen onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako eskakizunak bete behar dira. Izan ere, oinarri honek jasotzen ditu honako hauetan dauden betekizunak: Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan.

Horrenbestez, honako hauek dira onuradun izateko betekizunak:

1.– Ez egotea bete gabeko berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabakita badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta ezin dela barne-merkatuarekin bateratu.

2.– Eskabidea egiten eta ematen denean, ez egotea epai irmo bidez kondenatuta edo zehatuta dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera, edo delitu hauetako bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legez kontrako ordainarazpenak edo hirigintza-arloko delituak.

3.– Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratuta ez egotea, konkurtso-deklarazioa jaso ez izana, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende ez egotea edo desgaituta ez egotea Konkurtso Legearen testu bategina onartzen duen maiatzaren 5eko 1/2020 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera, eta amaitu gabe egotea konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia.

4.– Ez izatea ebatzita Administrazioarekin egindako kontratu baten amaiera irmoa, kausaren batean errudun deklaratua izateagatik.

5.– Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak ez egotea sartuta honako lege hauek ezartzen dituzten kasuren batean: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legea; edo Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Eusko Legebiltzarraren Legea, edo Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautetsiak izatea, bertan ezarritako baldintzetan edo arlo horiek erregulatzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

6.– Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduarekin, zeina zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa baita; bai eta bat etorriz ere Euskadiko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruko dirulaguntzak itzultzeari buruzko betebeharrekin.

7.– Egunean egotea itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Ulertuko da betebehar horien ordainketak egunean dituztela, baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude edo bertan behera uztea erabaki bada dagokion itzultze-ebazpena dela-eta. Eskakizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira, bai dirulaguntza ematen denean, bai ordainketak egiten direnean.

Era berean, ezin izango zaio laguntzarik edo dirulaguntzarik eman inongo jarduerari, baldin eta sexuagatik edo bereizkeria anizkoitzagatik diskriminatzailea bada (Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.1 artikuluan deskribatuak), ez eta, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tartean, sexuagatik bereizteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalen bat jaso duten pertsona fisiko eta juridikoei ere.

8.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, Merkataritzako eragiketetan berandutzaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea aplikatzen zaien pertsona fisikoek eta juridikoek (zuzenbide publikoko erakundeak ez beste guztiek), irabazteko asmoa duten heinean, egiaztatu beharko dute, apartatu honetan xedatzen den bezala egiaztatu ere, ordainketa-epealdiak betetzen dituztela, lege horretan ezartzen direnak onuraduna edo entitate laguntzailea izateko.

Eskabidea egiten den unean aurkeztu beharko dira egiaztagiriak. Hala ere, baldin eta auditorearen ziurtapena edo adostutako prozedurei buruzko txostena ezin bada lortu hura aurkezteko ezarritako epealdiaren barruan, frogagiri bat aurkeztu beharko da, adierazten duena egiaztagiri hori eskatu dela; dena den, ziurtapen hori lortu bezain pronto aurkeztu beharko da, betiere dirulaguntza emateko ebazpena eman baino lehen.

Baldintza horren betetze-maila egiaztatzeko, honako frogagiri hauek aurkeztu ahal izango dira:

a) Urteko kontu laburtua: pertsona fisikoek eta juridikoek, baldin eta, aukerarik badute kontabilitate-araudiaren arabera urteko kontu laburtua aurkezteko ordezkaritza-ahal nahikoa duen pertsona baten ziurtagiriaren bidez; urteko kontu laburtu horretan, aditzera eman beharko dute iritsi direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara. Horrez gainera, hori egiaztatzeko, hurrengo b) letran ezartzen diren frogabideak ere erabil ditzakete, beren araudia betez gero.

b) Pertsona juridikoek ezin badute aurkeztu galeren eta irabazien kontu laburtua Kontabilitateko araudiaren arabera, honako agirietako bat aurkeztu ahal izango dute:

1) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek sinatutako ziurtagiria, zeinean banakatuta agertuko baita informazioa, ikuskatutako azken urteko kontuen memorian azaltzen diren ordainketei buruzkoa; baldin eta kontu horietatik ondorioztatzen bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-mailara iritsi direla (apartatu honetan ezartzen den mailara iritsi direla).

Ziurtagiri hori baliagarria izango da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.

2) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egiterik ez badago, «Adostutako prozedurei buruzko txostena» aurkeztu ahal izango da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatuta dagoen auditore batek egina, oinarritzat hartuz erreferentzia-data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarri bati egin zaien berrikusketa bat, ondorioztatzen duena inolako salbuespenik gabe bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdiak, edo, salbuespenik antzemanez gero, salbuespenek ez dutela eragotzi apartatu honen azken paragrafoan eskatzen den betetze-mailara iristea.

Kasu horretan, eskatzen den baldintza betetzat joko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epealdien betetze-maila baldin eta maila hori bada Enpresen sorkuntzari eta hazkundeari buruzko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan ezartzen den ehunekoaren parekoa edo handiagoa.

Adostutako prozedurei buruzko txostena egiteko, bete beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. bis artikuluan ezartzen dena.

Betekizun horiek erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatuko dira, zeinetan, espresuki, honako hauek adieraziko baitira: onuradun izan daitezkeenek kalte ekonomikoak jasan dituztela Ukrainako inbasioaren ondorioz, nazioarteko komunitateak Errusiaren aurka ezarritako zehapenen ondorioz edo Errusiak zehapen horien aurka hartutako neurrien ondorioz. Gainera, adierazi beharko dute ea beste laguntzarik jaso duten, Aldi Baterako Esparru Nazionala edo Europako eta Ukrainako Aldi Baterako Esparrua aplikatzearen ondorioz. Erantzukizunpeko adierazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoen administrazio-espediente bakoitzaren parte izan beharko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), eta aurkeztutzat joko da, 8. artikuluko 6.a apartatuan xedatutakoari jarraituz.

6. oinarria.– Aplikazio-eremua.

1.– Aplikazio-eremua izango da Arabako Lurralde Historikoko Mahastien Erregistroan jaso, eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua Arautzeko Kontseiluko Mahastien eta haien Titularren Erregistroan izena emanda duten lurzatiena.

2.– Uzta berdetzat joko da mahats-mordoak erabat hondatzea edo desegitea mahats-mordoak heldu gabe daudenean, eta lurzatiaren errendimendua ezerezean geratzea; laguntzaren xede-partzelan, ezingo da mahatsik egon bildu gabe.

7. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

A) Mahats beltzaren etekin ekonomikoak konpentsatzeko laguntza.

1.– Laguntzaren balioa finkatzeko, prima bat ezartzen da mahats beltzeko Ha-ko, baldin eta Errioxako JKTak 5.850 Kg/ha-ko gehieneko errendimendua aplikatzen badie. Arabako Lurralde Historikoko Mahastien Erregistroak zenbat Ha dituen jasota eta Errioxako JDK-k babestuta, hala ezarriko dira ustiategiko Ha-tarteak. Zenbatekoak honako hauek izango dira:

a) =30 Ha-ko ustiapenak: 390 euro/ha.

b) >30-60 Ha-ko ustiapenak: 260 euro/ha.

c) =60 Ha-ko ustiapenak: 130 euro/ha.

2.– Ustiategietako titularrek egiaztatu beharko dute Errioxako JDK-ak ziurtatu duela mahats beltzeko zenbat Ha baztertu diren, eta, hala dagokionean, ea heldu dioten Espainiako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari laguntzeko 2023ko programari.

B) Errendimendua murrizteko eragitek eragindako galera ekonomikoak eta kostu gehigarriak konpentsatzeko laguntza.

1.– Laguntzaren balioa finkatzeko, prima bat ezartzen da Espainiako mahastizaintza- eta ardogintza-sektoreari laguntzeko programako 2023ko deialdian onar daitekeen Ha-ko. Arabako Lurralde Historikoko Mahastien Erregistroak zenbat Ha dituen jasota eta Errioxako JDK-k babestuta, hala ezarriko dira ustiategiko Ha-tarteak. Zenbatekoak honako hauek izango dira:

a) =15 Ha-ko ustiapenak: 1.100 euro/ha.

b) >15-30 Ha-ko ustiapenak: 825 euro/ha.

c) =30 Ha-ko ustiapenak: 550 euro/ha.

2.– Uzta ordaintzeko, egiaztatu egin beharko da uzta berdea gauzatu dela eskatutako lurzatietan.

3.– Onar daitekeen lur-azalerak, gutxienez, 0,3 Ha izango ditu, eta, gehienez ere, 10 Ha.

C) Gehieneko zenbatekoa, ustiategiko.

1.– Gehienez ere, 250.000 euroko laguntza emango da eskatzaileko.

8. oinarria.– Laguntzak kudeatzea eta ebaztea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza izango da laguntzak kudeatu eta ebazteko organo eskuduna.

2.– Izapideak egiteko, soilik erabili beharko dira bitarteko elektronikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Laguntzak kudeatzeko, kontuan izango da zer datu dauden Arabako Foru Aldundiko Ardoaren Etxeko erregistro eta espedienteetan, eta, hala dagokionean, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua Arautzeko Kontseilukoetan (ikus 13. oinarria), zeinak 4. eta 7. oinarrietan aipatzen baitira; bestalde, laguntzak ofizioz emango dira Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez, aintzakotzat hartuta 7. oinarriko artikuluan aurreikusitako zenbatekoak, eta egiaztatu eta gero ea betetzen diren betekizunak.

Hala ere, ustiategietako titularrek ukatu ahal izango dute datu horiek kontsultatzea, eta, ukatuz gero, deialdi honetan adierazitako egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

4.– Betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibideak eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango dizkie onuradun izan daitezkeenei, laguntza behar bezala ebazteko.

5.– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko du zein den 4. artikuluan aipatzen diren eta eskatutako betekizunak betetzen dituzten ustiategien titularren behin-behineko zerrenda (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), non adieraziko baita zenbat hektarea zenbatu diren. Zerrenda hori argitaratzeko epea, gehienez ere, 15 egun baliodunekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen den egunetik hasita.

6.– Onuradunek 10 egun balioduneko epea izango dute, a) apartatuan aipatutako argitalpena egiten denetik hasita, honako hau egiteko:

a) Zerrendan badaude: hori onartu, ukatu edo datuak aldatzeko eskatzea. Epe berean, laguntzari espresuki uko egitea, edo aldatzeko eskatzea; horretarako, adierazi beharko dute zer aldatu nahi duten, eta ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte, eskatzen duten aldaketaren oinarri gisa. Uko egiteak atzera egitearen ondorio berak izango ditu. Ulertuko da onarpena isilbidez egin dela, baldin eta 10 egun baliodunak igaro ondoren interesdunak inolako jakinarazpenik egiten ez badu. Epe berean, espresuki adierazi beharko da laguntzari uko egin nahi bazaio edo eskabidea aldatu nahi bada; aldatzeko eskatuz gero, espresuki aditzera eman beharko da, epe berean; zer aldatu nahi den, eta ziurtagiriak aurkeztu beharko dira aldatu nahi den hori aldatzeko. Uko egiteak atzera egitearen ondorio berak izango ditu.

b) Behin behineko zerrendan azaldu ez, baina bete eginez gero 4. oinarrian ezarritako betekizunak, eskatu beharko da zerrendan sartzeko; horretarako, aurkeztu beharreko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

7.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren babesean aurkeztutako alegazioei, gehienez ere, hilabeteko epean emango zaie ebazpena, alegazioak aurkezteko aurreikusitako 10 eguneko epea amaitu, eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

8.– Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

9.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie. Hala ere, pertsona edo enpresa eskatzaileak modu arrazoituan aurka egin ahal izango du, eta, hala egiten badu, berak aurkeztu beharko du ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

10.– Taulan, zerrenda bat argitaratuko da, zerbait zuzendu behar duten pertsona guztiekin, hamar egun balioduneko epean zuzen dezaten akatsa edo erants ditzaten nahitaezko dokumentuak. Halaber, adieraziko zaie ezen, hori egin ezean, ebazpena eman, eta ulertuko dela atzera egin dutela. Ebazpen hori, berriz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan eman beharko da.

11.– Aurreko apartatuan aipatutako epea amaitu ostean, eta egiaztatu eta gero ea onuradunak egunean dituen zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak, laguntzak eman, ukatu, jakinarazi eta ordaindu egingo dira, Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariaren ebazpen baten bidez. Ebazpena jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ere argitaratuko da. Data horretan ebazpenik eman eta argitaratu ezean, interesdunek ulertu beharko dute laguntza ezetsi dela.

9. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradunek bete beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei (aurrerantzean EONALTB-ri) buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan araututako betebeharren araubidea; nolanahi ere, zehazki, alderdi hauek bete beharko dituzte:

14.1 artikuluari dagokionez:

a) Helburua betetzea; proiektua egikaritzea, edo, dirulaguntzak emateko orduan, oinarrian dagoen jarduera egitea edo jarrera hori hartzea.

b) Dirulaguntza esleitzen duen organoari justifikatzea betetzen dituztela eskakizunak eta baldintzak, jarduera egikaritu dutela, eta bete dutela helburua, beharrezkoa baita dirulaguntza emateko eta hartaz gozatzeko.

c) Laguntza ematen duen organoak zer egiaztatze-jarduera egin, jarduera horiek egitea onartzea, baita beste jarduera batzuk, kontrol-organo eskudunek –estatukoek zein Europar Batasunekoek– egin ditzaketenak finantzak egiaztatzeko edo kontrolatzeko. Horretarako, zer informazio eskatzen zaien ekintza horiek gauzatzean, informazio hori guztia eman beharko dute.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko bestelako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta betiere justifikatu baino lehen zertan erabili diren jasotako funtsak.

e) Egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, laguntza edo dirulaguntzaren likidazioa egin artekoak.

f) Behar bezala ikuskatuak izatea kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro izatea, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

g) Emandako dirulaguntza onartzea; alde horretatik, laguntza onartutzat emango da, baldin eta, onuradunek espresuki uko egiten ez badiote, hura eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean.

h) Jasotako funtsak zertan erabili diren, hori justifikatzen duten dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak eta kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

i) Gastuei eta diruz lagundutako jarduerei buruz ematen den informazio edo publizitate guztian, argiki jasotzea Eusko Jaurlaritzaren funtsekin finantzatu direla jarduerok, bat etorriz Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatuarekin.

j) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan jasotzen diren kasuetan, jasotako funtsak itzultzea.

46. artikuluari dagokionez, lankidetzan aritzea ezinbestekoa da, honela:

1.– Onuradunek, erakunde laguntzaileek lankidetzan jardun beharko dute eta eman beharrezko dokumentazioa beharko diete honako hauei, kontrol-jardueretan ari direnean dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruaren barruan: Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusia, autonomia-erkidegoena edo toki-korporazioena. Horiez gain, Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako egitekoak esleituta dituzten erakundeei ere eman beharko diete informazio hori; izan ere, ahalmen hauek izango dituzte xede horretarako:

a) Sarbide librea izateko egiaztatu beharreko agirietara, informatika-euskarria duten programak eta artxiboak barne.

b) Irispide librea izateko negozio-lokaletara; bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietara ere, edo laguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak direnez egiaztatzeko arakatu beharreko tokietara.

c) Fakturak, agiri baliokideak edo ordezko eta eragiketei buruzko beste edozein agiri atxikitzeko edo kopia eskuratzeko, baldin eta zantzuak badaude erakusten dutenak dirulaguntza oker lortu, gozatu edo bideratu dela.

d) Irispide librea izateko dirulaguntza kobratu den finantza-erakundeko banku-kontuetara edo funtsak baliatzeko erabili den kontuko informazio guztira.

2.– Betebehar hori betetzeari uko egitea, berriz, erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat joko da, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren arabera, eta, hala badagokio, zehapenak ezarri ahalko dira.

Era berean, laguntza hauek jasoko dituzten erakunde onuradunek beren gain hartu beharko dituzte martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak ezarritako betebeharrak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena); besteak beste, tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak bete beharko dituzte. Publizitatean eta sortzen dituzten dokumentuetan, hizkera eta irudi inklusiboak erabili beharko dituzte, eta alde batera utzi sexuarekin lotutako rolak eta estereotipoak.

Amaitzeko, azkeneko bost urteetan Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzarik jaso ez bada, altan egon beharko da Hirugarrenen Erregistroan, emandako laguntza ordaindu ahal izateko; beraz, agiri hori dirulaguntza ordaindu aurretik aurkeztu behar da.

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Egoitza Elektronikoko zerbitzuaren bidez: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

10. oinarria.– Atzera egitea.

1.– Laguntza eskatu duen pertsonak prozeduran atzera egin ahal izango du, laguntza emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Atzera egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du, eta amaitutzat joko du hari dagokion prozedura.

2.– Laguntza-onuradunak uko egin ahal izango dio emandako laguntzari, emandako laguntza onartu eta gero eta gastua egikaritu aurretik; betiere, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egitea idatziz aurkeztuko da, idazkia Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariari zuzenduta. Zuzendari horrek, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du uko-egite hori, eta deklaratuko du ezen, harentzat, prozedura bukatu dela.

Behin onartuta uko egin dela, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

11. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Gutxienez, honako hauek izango dira ez-betetzeen kausak:

a) Ez betetzea agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean baldintzarik ezarri bada, haiek ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.

d) Sartuta egotea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren batean.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egongo balitz, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, ez-betetze espedientea egingo du; espediente horretan, entzunaldia emango dio interesdunari, 15 eguneko epean, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan; gero, ebazpen baten bidez, deklaratuko du dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu duela, partez edo osorik, eta, hala badagokio, onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio kobratuta dituen laguntzak eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren proportzioan. Hori guztia, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta 2003ko dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin; hargatik eragotzi gabe dagozkion gainerako neurriak hartzea.

Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratiboak izan litezkeen gertakarien ondorioz hasi bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan. Administrazioko arau-hausteak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren III. kapituluan jasotako jokabideak.

12. oinarria.– Bateragarritasunak.

1.– Oro har, agindu honetan jasotzen diren laguntzak metatu ahal izango dira beste edozein administraziok Ukraina Europako Denbora Esparruaren babespean edo Denbora Esparru Nazionalaren babespean ematen dituen beste laguntza batzuekin; betiere, errespetatzen badira esparru horiek ezartzen dituzten gehienezko zenbatekoak eta gehienezko intentsitate-atalaseak.

2.– Agindu honetan jasotako laguntzak metatu ahal izango dira COVID-19aren Denbora Esparruan emandako beste batzuekin, baldin eta metaketa-arauak betetzen badira.

3.– Agindu honetan jasotako laguntzak metatu ahal izango dira minimis erregelamenduen aplikazio-eremuan sartzen diren laguntzekin, baldin eta errespetatzen badira minimis erregelamendu horietan aurreikusitako metatze-arauak.

4.– Agindu honetan jasotako laguntzak metatu ahal izango dira minimis erregelamenduen aplikazio-eremuan sartzen diren laguntzekin, baldin eta errespetatzen badira minimis erregelamendu horietan aurreikusitako metatze-arauak.

5.– Agindu honetan jasotako arauak metatu ahal izango dira EBFTko 107. artikuluko 2. apartatuko b) letraren ondorioz emandako laguntzekin (hondamendi naturalek eragindako edo salbuespenezko beste gertaera batzuen kalteak konpontzeko laguntzekin), baldin eta gainditzen ez badira Denbora Esparru Nazionalean eta Ukraina Europako Denbora Esparruan aurreikusitako gehieneko zenbatekoak.

Metaketak zenbateko horiek eta gehieneko atalaseak gaindituz gero, behar beste gutxitu egingo da hasieran kalkulatutako kopurua, muga horiek gaindi ez daitezen.

Nolanahi ere, ofizioz konprobatuko da ea gainditzen den Ukraina Esparrurako gehienez ere eman daitekeen laguntza (250.000 euro/ustiategia).

13. oinarria.– Kontrolak.

Uzta berdea ziurtatzeko orduan, lurzoruan bertan egin ahal izango dira kontrol-lanak, edo, egiaztatu ahal izateko, dokumentu-froga bat eskatuko zaie onuradun izan daitezkeen pertsonei, egiaztatu ahal izan dadin uzta berde hori benetan egin dela lurzatian edo lurzatietan: zein lurzatirako eskatu den laguntza, lurzati horretan edo horietan (adibidez eta besteak beste, argazki georreferentziatuak).

14. oinarria.– Datuak babestea.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak tratatzeko orduan, bete egingo da Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatzen dena.

Datuak babesteari buruzko informazioa lortzeko, jo helbide honetara:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/113000-capa2-eu.shtml


Azterketa dokumentala