191. zk., 2023ko urriaren 5a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (231 KB - 19 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4565
AGINDUA, 2023ko irailaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez 2024rako laguntzak emateko deialdia egiten baita mahastizaintzako eta ardogintzako eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan eta merkaturatze-egituretan eta -tresnetan inbertsio material eta immaterialak egiteko (MAE inbertsioa).
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 43. artikuluak xedatzen duenez, estatu kide guztiek esku hartu beharko dute mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorean, eta, 57. artikuluak eta hurrengoek, berriz, sektore horretan egin beharreko esku-hartze motak eta horiek egiteko Europar Batasunak emango duen finantza-laguntza jasotzen dituzte. Erregelamendu horretan, Europar Batasuneko estatuek nekazaritza-politika erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoetarako (NPEren plan estrategikoak) laguntzari buruzko arauak ezarri dira, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduen indargabetzea xedatu da; laguntza hori Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuko da.
Estatu-mailan, Espainiako erresumaren Nekazaritza Politika Erkidearen 2023-2027ko Plan Estrategiko Nazionala argitaratu da, eta haren helburua da garapen jasangarria lortzea nekazaritzan, elikagaietan eta landa-eremuetan, gizartearen elikagai-segurtasuna bermatzeko, sektore lehiakor baten eta landa-eremu bizi baten bidez. Europako Batzordeak 2022ko abuztuaren 31n onartu zuen plan hori.
Nekazaritza Politika Erkideari buruzko arau berriak indarrean sartzearen ondorioz, Espainiako mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektorearentzako laguntza-programak utzi dio politika horren neurrietatik aparte egoteari eta plan estrategikoaren parte izango da, hots, esku-hartze bat gehiago izango da, Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku-hartze Sektorial (MAE) deritzon horretan.
Bukatzeko, estatu-mailan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua argitaratu da, eta haren bidez arautu da Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruko mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala. Bigarren atalean, mahastizaintzako eta ardogintzako eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan eta merkaturatze-egituretan eta -tresnetan inbertsio material eta immaterialak egiteko laguntzak ezarri dira.
Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuan daude ezarrita Europako Erkidegoko erregelamenduak eta Estatuko oinarrizko araudia garatzeko eta aplikatzeko arauak (227/2014 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreari laguntzeko Europako Erkidegoaren laguntza-neurriak aplikatu eta garatzekoa). Arau horrek abenduaren 22ko 630/2009 Dekretua indargabetu eta ordeztu du, hain zuzen ere laguntza hauek arautzen dituzten arau substantiboetan egindako aldaketak txertatzea ahalbidetzeko.
Agindu honen bidez, deialdia egiten da urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuan ezarritako laguntzak emateko. Laguntza horien gastua 2025eko NBEFren aurrekontuari egotziko zaio. Horrenbestez, laguntza horiek eraginkorrak izateko, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko Aurrekontu Orokorretan behar besteko kreditua eduki behar da, hala xedatuta baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko 2007ko apirilaren 26ko Aginduan.
Agindu honen bidez egindako deialdiko laguntzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2024., 2025. eta 2026. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuko dira. Plan hori Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus erakunde-webgunean argitaratuko da.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da mahastizaintzako eta ardogintzako eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan eta merkaturatze-egituretan eta -tresnetan inbertsio material eta immaterialak egiteko laguntzak emateko 2024ko deialdia egitea, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz.
Bigarrena.– Eskabideak aurkeztea eta horretarako epea.
1.– Mahastizaintzako eta ardogintzako eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan eta merkaturatze-egituretan eta -tresnetan inbertsio material eta immaterialak egiteko laguntza-deialdiaren barruko eskabideak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzendu behar zaizkio, eta agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, baina 2024ko otsailaren 1a baino lehen. Hala ere, 2023ko apirilaren 1etik aurrera aurkeztutako eskabideak onartuko dira (egun hori barnean dela).
Agindu honen III. eranskinean dago jasota laguntza hau eskatzeko inprimakiaren edukia.
2.– Eskabideak aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartu beharko dira, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako helbideetara jota.
3.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa esteka honetan dago (hor daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskabide-inprimakira):
EU: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1222904
ES: https://www.euskadi.eus/servicios/1222904
Eskabidearen osteko izapideak elektronikoki egingo dira hemen: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.
5.– Laguntzak kudeatzen dituen organoak, ikusten badu eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioak ez dituela betetzen agindu honetan xedatutako betekizunak, horren berri emango dio eskatzaileari, hamar egun balioduneko epean behar diren zuzenketak egin ditzan edo dagokion dokumentazioa aurkez dezan. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren arabera.
6.– Establezimendu bakoitzak eskabide bakarra aurkeztu ahal izango du.
Hirugarrena.– Egokitzapena.
1.– Laguntza hauek xedapen hauen arabera arautuko dira: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamendua eta urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua, Espainiako estatu osoan betebeharrekoak baitira; abenduaren 9ko 227/2014 Dekretua, eta horiek aldatzen edo ordezten dituzten araudiak.
2.– 2024ko laguntzak arautzen dituen araudia ezagutarazteko, abenduaren 9ko 227/2014 Dekretuaren 7.2 eta 17.2 artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honen I. eranskinean jaso da araudia, ekitaldi honetan aplikatzekoa zein erreferentziazkoa.
Laugarrena.– Bateraezintasunak.
Laguntza hauek ezin dira bateratu, batetik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren babespeko landa-garapenerako programetan jasota laguntzekin; bestetik, 2002ko ekainaren 14ko Batzordearen 1040/2002 (EE) Erregelamenduan jasota dauden neurriekin (erregelamendu horren bidez, arazo fitosanitarioei aurre egiteko Batasunaren parte-hartze finantzarioaren esleipenari dagozkion xedapenak betetzeko arau partikularrak ezartzen dira eta 2051/97 (EE) Erregelamendua indargabetzen da) eta, azkenik, ezta Europar Batasunaren finantza-tresnen bidez finantzatutako gainerako neurriekin.
Bosgarrena.– Inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena.
Agindu honetako II. eranskinean jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren inbertsioetarako laguntzetan lehentasuna izateko irizpideen haztapena, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 25.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
Seigarrena.– Errekurtsoak.
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du; beraz, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke, hilabeteko epean, nekazaritza gaietako eskumena duen sailburuari; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Zazpigarrena.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 26a.
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
INBERTSIOETARAKO LAGUNTZEI APLIKATU BEHARREKO ARAUDIA
I.– Aplikazio-eremua.
Mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko enpresen errendimendua oro har hobetzeko, merkatuaren eskarira egokitu daitezen laguntzeko eta lehiakortasuna areagotzeko, laguntza finantzarioa emango zaie ardogintzaren eraldaketa-instalazioetan eta azpiegituretan egindako inbertsio material eta immaterialei, bai eta merkaturatze-egituretan eta -tresnetan egindakoei ere. Laguntza finantzarioa emango da, halaber, energia-aurrezpena, efizientzia energetiko orokorra eta prozesu jasangarriak hobetzeko.
Inbertsio horiek mahastizaintzako eta ardogintzako zenbait produktu ekoizteko, merkaturatzeko edo bietarako izango dira; zehazki Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak, Espainiako lurraldean ekoitzi direnak.
Ekitaldi honetan, inbertsioei dagokien neurriari aplikatuko zaion araudia urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren bigarren atalean jasotakoa izango da; errege-dekretu horrek Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen du.
II.– Onuradunak.
1.– Inbertsioetarako laguntza eskatu ahal izango dute:
a) Mahastizaintzako eta ardogintzako enpresek, baldin eta, eskabidea egiten duten unean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian jasotako produktuak ekoitzi edo merkaturatzen badituzte, edo, orobat, laguntza-eskabidearen xede den eragiketa gauzatzearen ondorioz halako produktuak ekoizten edo merkaturatzen hasi badira. Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta egon behar dute enpresek.
b) Mahastizaintzako eta ardogintzako ekoizleen antolakundeak, baldin eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 152. artikuluaren arabera aitortuta badaude, eta haien elkarteak.
c) Ekoizle bi edo gehiago biltzen dituzten elkarteak, baldin eta nortasun juridikoa badute eta lehenago adierazitako erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatutako produktuak ekoizten badituzte.
Eskabidea aurkezteko eguna baino lehen eratuta egon behar dute elkarteek.
d) Lanbidearteko antolakundeak.
e) Antolakunde profesionalak.
Dena den, jarduera bakarra merkaturatzea duten enpresak badira, itxitako azken ekitaldiko fakturazioaren % 80, gutxienez, produktu hauek merkaturatzetik atera beharko da: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian zehaztutako produktuak.
Betekizun hori ez zaie aplikatuko beraiek edo haien kideek egiten dituzten ardoak merkaturatzen dituzten kooperatibei.
2.– Ezin izango dira onuradun izan egoera hauetako edozeinetan dauden pertsonak:
a) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako betekizunetako edozein ez betetzea, besteak beste, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatekoa.
b) Krisialdian daudenak, betiere krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01 Jakinarazpena).
c) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskatu dutenak.
d) Edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu direnak.
e) Konkurtsoan deklaratu direnak, salbu eta konkurtsoan hitzarmenen batek eraginkortasuna lortu badu.
f) Esku-hartze judizialaren mendean daudenak edo desgaituta daudenak Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
g) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamenduaren 62. artikuluaren arabera errege-lege dekretu honetan ezarritako onargarritasun- eta lehentasun-irizpideak betetzeko baldintzak espresuki sortu dituztenak, horrela izan dela egiaztatzen bada; erregelamendu hori Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketa, kudeaketa eta jarraipenari buruzkoa da, eta 1306/2013 (EB) Erregelamendua indargabetzen du.
h) Sexu-bereizkeriagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penala jaso dutenak, dagokien zehapenean ezarritako aldian.
i) Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten eta halakorik ez dutenak, ez eta 50 langiletik gorako enpresak ere, baldin eta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez badute, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legeek ezarritako baldintzetan.
III.– Iraunkortasuna.
Eskuratutako aktibo material eta immaterialak onuradunen jabetzakoak izan eta onuradunek eduki beharko dituzte bost urtez, azken ordainketa egin den egunetik aurrera.
Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak badira, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioak dioenaren arabera, aurreko apartatuan adierazitako aldia hiru urtekoa izango da, azken ordainketa egin den egunetik aurrera.
Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/126 Erregelamendu Delegatuaren 11.9 artikuluak ezarritako inguruabarretako edozein gertatuz gero, itzuli egin beharko dira bai laguntza bai berandutze-interesak, ez-betetzearen iraupenari dagokion proportzioan. Agintaritza eskudunek finantza-laguntza ez berreskuratzea erabaki ahal izango dute, baldin eta onuradunak ekoizpen-jarduera eten badu iruzurrik gabeko porrot baten ondorioz.
IV.– Eragiketen xedeak.
Laguntzaren xede diren eragiketek lagundu behar dute urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren IX. eranskinean xedatutako helburu estrategietako bat lortzen, gutxienez.
Helburu estrategiko horiek lortzeko, eragiketa bakoitzean helburu orokor bat edo batzuk identifikatu beharko dira. Helburu horietako zenbait, baina ez denak, zerrendatuta daude abenduaren urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren X. eranskinean. Eragiketa jakin baten helburu orokorretako baten bat jasota ez badago zerrenda horretan, eskatzaileak zehaztu beharko du zein den helburu hori.
V.– Eragiketen ezaugarriak.
1.– Inbertsioetarako laguntza, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 58.1.b) artikuluaren arabera, honelako eragiketa hauetan gauzatu ahal izango da:
a) Urtekoak, laguntzarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den finantza-ekitaldiaren ondoko ekitaldian eragina izango dutenak. Deialdiaren xede den laguntzarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den finantza-ekitaldiaren ondo-ondoko lehen ekitaldira mugatu beharko dira gastu-kontzeptuak.
b) Biurtekoak, laguntzarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den finantza-ekitaldiaren ondoko bi ekitaldietan eragina izango dutenak. Deialdiaren xede den laguntzarako eskabideak aurkezteko epea amaitzen den finantza-ekitaldiaren ondo-ondoko lehen ekitaldian onartutako gastu-kontzeptuen zenbatekoaren % 50 gutxienez izan beharko dute sartuta.
2.– Eskatutako laguntzaren xede diren eragiketak gauzatzen hasteko egunak laguntza-eskabidea aurkeztu den egunaren ondorengoa behar du izan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 8. apartatuko XII. eranskinean xedatutako salbuespen-kasuetan izan ezik. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako langileek egiaztatuko dute hori horrela dela hasi ez izanaren akta baten bidez.
3.– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 20. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, eskatutako inbertsio-aurrekontua 100.000 eurokoa, txikiagoa edo handiagoa duten eragiketak hautatu ahal izango dira.
VI.– Eskabideak onartzeko irizpideak.
Eskabideak irizpide hauen arabera aztertuko dira:
1.– Inbertsioetan esku hartzeko eskabideetan argiro definitutako inbertsio-eragiketak jasoko dira, honako hauek barnean hartuta: ekintzen eta jarduketen zehaztasunak, iraupena, ekintza bakoitzaren gastu-kontzeptu banakatuak eta kostuen zenbatespena.
Zehaztuko da, orobat, eragiketa bakoitzak nolako helburu estrategiko eta orokorrak bete nahi dituen.
2.– Bermatuko da proposatutako eragiketaren kostuek ez dituztela gainditzen merkatuaren ohiko prezioak, eta kostuak neurrikoak direla.
Diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoak (urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XI. eranskinean jasota daudenak) ezartzeak ez du esan nahi kostuen moderazioa ebaluatu behar ez denik.
Agintari eskudunek uste badute kostuek merkatuaren ohiko prezioak gainditzen dituztela edo ez dela betetzen kostuen moderazioa, eskatzaileari eskatuko diote eskabidea zuzentzeko edo behar bezala justifikatzeko.
Kostuen moderazioa ebaluatzeko, sistema hauetako bat gutxienez erabiliko da, edo konbinaturik:
a) Eskaintzen arteko konparazioa.
Oro har, eskatzaileak hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztu beharko ditu gutxienez, zerbitzua eman baino lehen edo ondasuna entregatu aurretik.
Gutxienez, honako alderdi hauek ebaluatuko dira: eskaintzen independentzia; eskaintzen elementuak konparagarriak izatea, eta eskaintzen deskribapenaren argitasuna eta zehaztasuna.
Eskaintzen arteko hautaketa egiteko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, eskaintza merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da zergatik, bai eta, hala badagokio, zergatik ez dagoen hornitzaile nahikorik. Alderdi hori berdin aplikatuko da, halaber, gauzatutakoa ez badator bat onartutakoarekin.
b) Erreferentzia-kostuak.
Agintari eskudunek erreferentzia-prezioen datu-base bat ezarri edo erabiltzen dute. Datu-base horrek osoa eta behar bezain zehatza izan behar du, aldian-aldian eguneratu beharko da, eta bermatu beharko du prezioak merkatuaren prezioen isla direla.
c) Ebaluazio-batzordea.
Ebaluazio-batzorde bat eratzen bada edo merkatu-azterlan bat egiten bada, kontuan hartu beharko da batzordekideek dagokion arloan esperientzia izan behar dutela. Batzordearen lana behar bezala dokumentatu beharko da.
3.– Eskatzaileak frogatuko du eskura dituela baliabide teknikoak eta finantzarioak, eragiketa zuzen gauzatzeko adinakoak, eta enpresa ez dagoela krisi-egoeran Europako Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 214/C 249/01 Jakinarazpenean ezarritakoari jarraituz.
Eskatzaileak frogatu beharko du enpresa ekonomikoki bideragarria dela, non ez den estatutuei jarraituz irabazi-asmorik gabeko antolakunde bat.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatzen diren produktuen ekoizle bi edo gehiago biltzen dituen eta nortasun juridikoa duen elkarte bat baldin bada eskatzailea, elkarteko ekoizle bakoitzak frogatu beharko du gaitasuna duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko, inbertsioan duen partaidetza alde batera utzita, edo, bestela, aukeran, elkarteak berak gaitasun hori duela beharrezkoak diren baliabide tekniko eta finantzarioak eskuratzeko.
Honako egoera hauetako edozeinetan ulertuko da alderdi horiek frogatu gabe geratu direla eta, ondorioz, eskatzailea ezin dela dirulaguntzaren onuraduna izan:
a) Krisialdian baldin badago, betiere krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (Batzordearen 2014ko uztailaren 31ko 2014/C 249/01 Jakinarazpena).
b) Borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskabidea egin badu, prozeduraren batean kaudimengabekotzat jota badago, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta badago (salbu eta horretan hitzarmen batek eragingarritasuna hartu badu), epailearen esku-hartzearen mende badago edo uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta badago, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.
c) Egiaztatu ez badu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkala Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamenduan ezarritako eran.
4.– Eskatzaileak proposatutako estrategien eta finkatutako helburuen arteko koherentzia, eta eragiketak izan dezakeen eragina eta arrakasta bai eraldaketaren edo merkaturatzearen errendimendu orokorra hobetzeko, bai eskatzailearen instalazioak merkatuaren eskarietara egokitzeko eta bai lehiakortasuna areagotzeko.
Ez da inolako laguntzarik emango, laguntza-eskabideetan inkoherentzia-egoeraren bat atzemanez gero, edo haietan aurreikuspenak behar bezala dokumentatuta ez badaude.
VII.– Laguntza-eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
– Pertsona fisikoentzat:
• Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, eskabidea aurkeztu aurreko ekitaldikoa.
– Pertsona juridikoentzat:
• Legezko ordezkariaren NANa.
• Enpresa eratzeko eskritura.
• Legezko ordezkariaren ahalordetze-eskritura.
• Entitatearen estatutuak.
• Eskabidea aurkeztu aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zerga.
– Berdin bientzat:
• Hirugarrenaren altaren dokumentua, ez badu Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso azken 5 urtean.
• Enpresa merkaturatzailea bada:
* Fakturazioaren % 80 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik datorrelako idatzizko konpromisoa.
• Proiektua deskribatzeko memoria, gutxienez hauek jasotzen dituena:
* Eragiketarako proposatzen diren ekintzen eta jardueren deskribapen zehatza: ekintza eta haien iraupen zehatza, ekintza bakoitzaren gastu-kontzeptu zehatzak eta kostuen zenbatespena.
* Urtez urteko gauzatze-egutegia eta finantza-ekitaldiko justifikazioa.
* Ekintza bakoitzarekin lortu nahi diren helburu orokorrak eta estrategikoak.
• Aurrekontu xehatua, euskarri-dokumentazioarekin, besteak beste, proformako fakturak, kontratuen kopia edo eskabide irmoak. Proposatutako eragiketak merkatuko ohiko prezioak gainditzen ez dituelako eta inbertsio guztien kostuen moderazioa betetzen delako bermea (adibidez, hiru hornitzaileren eskaintzak aurkeztuta).
• Obra zibila duten proiektuak badira:
* Lurren jabetza-titulua edo lurzoruaren erabileraren lagapena.
* Obra gauzatzeko proiektu ikus-onetsia.
* Obra-lizentziaren eskabidea.
• Eraikinak erosten badira, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edo behar bezala baimendutako organo edo organismo publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da. Ziurtagiri horren bidez, frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.
• Enpresaren bideragarritasun teknikoaren eta ekonomikoaren memoria; hauek jasoko dira gutxienez:
* Sustatzaileen identifikazioa (enpresaren aurrekariak).
* Enpresa-egitura.
* Ekoizpen-prozesuaren eta landutako produktuen deskribapena.
* Produktu landuen merkatuak.
* Proiektuaren kokalekua.
* Inbertsioarekin aurreikusten diren emaitzak (ekonomikoak, modernizazioa, enplegua sortzea...).
* Azken bi urteetako balantzeak eta emaitza-kontuak.
• Euskal Autonomia Erkidegorako berariazko lehenespen-irizpideak egiaztatzen dituen justifikazio-memoria (urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuko XIV. eranskina).
• Eskatzen den dirulaguntza 30.000 eurotik gorakoa bada eta eskatzaileak Merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen aplikazio-eremuaren barrukoak badira, lege horretan xedatutako ordainketetarako epeak egiaztatzeko, galdu-irabazien kontu laburtua aurkeztu beharko dute, kontabilitate araudiarekin bat etorriz kontu laburtu hori aurkez dezaketen sozietateak badira; horrela egin ezin duten sozietateak badira, berriz, Kontuen Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatua dagoen auditore batek emandako ziurtagiria, enpresa-bezeroak ordainketak egiten dituen benetako epearekin bat etorriko baita eta enpresa hornitzaileak aurretik kobratzeko izandako edozein finantzaketa alde batera utzita.
VIII.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Ekintza hauen kostuak lagundu ahal izango dira diruz:
a) Ondasun higiezinak eraiki, erosi eta hobetzea.
b) Makina eta ekipo berriak erostea, produktuaren merkatu-balioraino. Gastu horien barruan sartuko dira energia sortzen duten sistemetan egindako inbertsioak, baina urtean sortzen den energia-kopurua ez bada urtean zehar inbertsioaren xede diren instalazioetan kontsumitutakoa baino handiagoa.
c) Administrazio-gastuak, a eta b letretan jasotako gastuekin loturikoak, adibidez, arkitektura-, ingeniaritza- eta aholkularitza-jardueren ondoriozko ordainsariak, eta bideragarritasun-azterketen ondoriozkoak, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 76. artikuluak ezarritako mugekin bat etorriz.
d) Ordenagailuetarako euskarri logikoak erosi edo garatzea, patenteak, lizentziak eta egile-eskubideak erostea eta marka kolektiboak erregistratzea.
Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XI. eranskinean adierazitako kontzeptuetarako, inbertsio-eragiketetan diruz lagundu daitezkeen gehieneko zenbatekoek ezin izango dituzte gainditu eranskin horretan adierazitako mugak. Hala, eragiketa batean muga horiek gainditzen badira, gaindikina ez da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.
Ezin izango dira diruz lagundu urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekreturen XII. eranskinean ezarritako gastuak.
IX.– Balioespen-batzordea.
Abenduaren 9ko 227/2014 Errege Dekretuan xedatutakoa betetzeko xedez, eta aurkeztutako eskabideak balioesteko, balioespen-batzorde bat eratuko da eta hauek izango dira batzordekideak: Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria edo hark eskuordetzen duena –batzordeburu arituko baita– eta Nekazaritzako, Arrantzako eta Politika Erkidegoetako sailburuordetzaren mendeko teknikarien artean aukeratzen diren bi kide, Nekazaritzako, Arrantzako eta Politika Erkidegoetako sailburuordearen ebazpenez izendatuko baitira, idazkari gisa nor arituko den adieraziko da hartan.
X.– Ebaztea.
1.– Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentziak funtsak esleitu ondoren, hautatutako eskabideen behin betiko zerrenda eginda, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak dagozkion ebazpenak emango ditu eta onuradunei jakinaraziko dizkie. Ebazpenetan hauek adieraziko dira gutxienez: diruz lagundu daitezkeen inbertsioen zenbatekoa, emandako laguntza eta onartutako gauzatze-egutegia.
2.– Prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da sektoreko konferentziak funtsak esleitu eta hurrengo egunetik aurrera. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagokio dirulaguntza ukatzeko edo, errekurtsorik aurkeztuz gero, errekurtsoak ezesteko ebazpen arrazoituak ematea.
3.– Sei hilabeteko epea igaro ondoren, ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 25.5 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
4.– Ebazpena aldekoa bada, laguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean, onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Dirulaguntza emateko baldintzen berariazko onarpen bat.
b) Egikaritze onaren berme bat gordailutu dela egiaztatzen duen agiri bat, Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko (EB) 2022/127 Erregelamendu Delegatuan aurreikusitako baldintzen arabera. Erregelamendu horrek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2116 Erregelamendua osatzen du, organismo ordaintzaileei eta beste organo batzuei, finantza-kudeaketari, kontuen likidazioari, bermeei eta euroaren erabilerari dagokienez. Aipatutako bermea Europar Batasuneko finantzaketaren zenbatekoaren % 15 izango da, eta onuradunak eragiketaren parte diren ekintza guztiak gauzatzen dituela ziurtatuko du.
XI.– Eragiketak aldatzea.
1.– Hasieran onartutako inbertsio-eragiketen aldaketak aurkeztu ahal izango ditu onuradunak, bi motatako aldaketa hauek, hain zuzen:
a) aldaketa handiak; 4. apartatuan daude garatuta horretarako xehetasunak.
b) aldaketa txikiak; 5. apartatuan daude garatuta horretarako xehetasunak.
2.– Aldaketa guztiak behar bezala justifikatu beharko dira, eta Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio. Aurkeztutako aldaketa guztiak ebaluatuko ditu zuzendaritza horrek.
3.– Aldaketek muga hauek bete beharko dituzte:
– Eragiketa onartzeko aurkeztu ziren helburu estrategiko edo orokorrak ez aldatzea.
– Hautagarritasun-baldintzak ez aldatzea.
– Aurreko hautaketa-prozesuan laguntza-eskabideak jaso zuen puntuazioan aldaketarik ez eragitea, baldin eta eskabideak onartuak izateko gutxieneko puntuazioaren azpitik geratzea badakar. Lehentasunezko irizpideekin bat etorriz puntuazio bat lortzea ekarri duten eta, gero, eragiketatik ezabatu diren ekintzak, ondorengo deialdi batean sartu ahal izateko, behar bezala justifikatu beharko dira.
– Onuraduna ez aldatzea, kasu hauetan izan ezik: onuradun berria bat-egiteko edo salerosketako prozesu baten ondoriozkoa bada, edo sozietate motaren edo nortasun juridikoaren eraldaketa baten ondoriozkoa, eta, betiere, laguntza ematerakoan aintzat hartu ziren baldintzak aldatzen ez badira.
– Ez eragitea ordainketak NBEFren ekitaldi batetik geroagoko beste batera aldatzea.
– Laguntzaren xede den inbertsioa hasieran onartutakoaren % 40 baino gehiago ez murriztea.
– Onuraduna ez aldatzea Batzordearen 2021eko abenduaren 7ko 2022/126 (EB) Erregelamendu Delegatuaren 11. artikuluko 1 b) eta 9 c) apartatuetan xedatutakoarekin bat etorriz.
4.– Aldaketa handirik egin aurretik, dagokion autonomia-erkidegoko organo eskudunak eman beharko du horretarako baimena.
Aldaketa handiak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari aurkeztu beharko zaizkio, aldatu nahi diren inbertsioak ordaintzeko eskatu behar den finantza-ekitaldiko otsailaren 1a baino lehen. Ezin dira aldatzeko bi eskabide baino gehiago aurkeztu eragiketako eta urteko, ezinbesteko kasuetan edo salbuespeneko inguruabarretan izan ezik.
Jarduketaren bat ez gauzatzea aldaketa handitzat hartuko da beti.
5.– Aldaketa txikiak aldez aurretiko baimenik gabe egin ahal izango dira; baina aurkeztu beharko dira, beranduenez, jarduketen amaiera jakinarazi edo ordainketa-eskabidea aurkeztu baino lehen.
Hauek baino ez dira aldaketa txikitzat hartuko:
a) Makina edo instalazio baten marka edo hornitzailea aldatzea, baldin eta ezaugarri teknikoak mantentzen edo hobetzen badira, errendimendua, energia-kontsumoa, mantentze-lanak, eta antzeko alderdiak kontuan hartuta.
b) Upelen kopurua aldatzea, baldin eta guztizko edukiera eta ezaugarriak mantentzen badira urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XI. eranskineko V. epigrafean aurreikusitako tipologiaren arabera.
Aldaketa txiki horietarako diruz lagundu daitekeen inbertsioaren zenbatekoa ezin izango da izan digulaguntzarako xedatutakoa baino handiagoa.
6.– X. apartatu honetan adierazitakoa gorabehera, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak salbuespenez baimena eman dezake aurreko apartatuetan adierazitako baldintzekin bat ez datozen aldaketak egiteko, ezinbesteko kasuetan edo salbuespeneko inguruabarretan.
7.– Onartutako aurrekontuak murriztea dakarten aldaketek emandako dirulaguntzaren murrizketa proportzionala ekarriko dute.
8.– Onartutako aurrekontuak gehitzea dakarten aldaketek ez dute ekarriko onartutako dirulaguntza handitzea.
9.– Onuradunak bere horretan mantenduko du egikaritze onaren bermea gordailutzeko betebeharra, hasierako dirulaguntza-emakidaren gainean kalkulatutako zenbatekoen arabera.
XII.– Finantzaketa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza mota % 40koa izango da, kontuan hartuta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko (EB) 2021/2115 Erregelamenduaren 59.2 artikuluak aipatutako inbertsio-kostu onargarriak.
2.– Gainera, laguntza mota horri faktore hauek aplikatuko zaizkio:
A) 1. apartatuan adierazitako laguntza mota mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei aplikatuko zaizkie, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan halako enpresei buruz ematen den definizioaren arabera.
B) 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak estaltzen ez dituen enpresak badira –750 langile baino gutxiago dituzten enpresak edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena dutenak–, laguntzaren intentsitatea 1. apartatuan aipatutako laguntzaren % 50ekoa izango da.
C) 2003/361/EE Gomendioaren I. tituluko 2. artikuluaren 1. apartatuak estaltzen ez dituen enpresak badira –750 langile edo gehiago dituzten enpresak edo 200 milioi euro edo hortik gorako negozio-bolumena dutenak–, laguntzaren intentsitatea 1 apartatuan aipatutako laguntzaren % 25ekoa izango da.
3.– Kasu guztietan, baita enpresa handietan ere, eskatzaileen langile kopurua eta negozio-bolumena zehazteko, Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan finkatutako kalkulu-irizpideak erabiliko dira.
4.– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren VII. eranskineko II. zatian aipatzen diren produktuen ekoizle bi edo gehiago biltzen dituen, nortasun juridikoa duen eta jarduera ekonomikorik ez duen elkarte bat baldin bada eskatzailea, laguntzaren kalkulua egiteko, ekoizle bakoitzak inbertsioan duen partaidetzaren proportzioa hartuko da kontuan, betiere ekoizle bakoitzak bere aldetik izango duen laguntza motarekin bat etorriz.
5.– Europar Batasuneko gainerako herrialdeetako inbertsioetarako, kokapena hartuko da kontuan laguntzaren ehunekoa zehazteko, aurreko apartatuetan ezarritako laguntza motekin bat etorriz.
6 – Laguntza motak gehienez 10 puntu murriztu ahal izango dira autonomia-erkidegoaren barruan esku hartzeko dagoen aurrekontua agortu arte, eta autonomia-erkidegoko agintaritza eskudunak zehaztuko du zer ehunekotan deialdian onartzen den eskabide kopuruaren arabera.
XIII.– Ordainketak.
1.– Gehienez ere, NBEFren bi ekitalditan justifikatu eta ordaindu beharko da inbertsioa, ezinbesteko kasuetan edo salbuespeneko inguruabarretan izan ezik.
Eragiketa edo jarduketa bakoitza amaitu ondoren eta gauzatzeko eta finantzatzeko egutegiaren arabera, onuradunek inbertsio orokorra edo dena delako jarduketa justifikatu beharko diote, eta hura ordaintzeko eskatu, autonomia-erkidegoko agintaritza eskudunari, ordaintzeko eskabide hori aurkeztea aurreikusita dagoen finantza-ekitaldi bakoitzaren maiatzaren 1a baino lehen.
Biurteko eragiketen kasuan, onuradun batek hasieran aurreikusitako jarduketa bati edo batzuei gauzatze-egutegian ezarri baino lehenago ekiten badie, deialdiaren xede den bigarren finantza-ekitaldian justifikatzeko, jarduera horiek ordaintzeko eskabidea aurkeztu ahal izango du deialdiaren xede den lehen finantza-ekitaldian justifikatzeko aurreikusitako jarduketen epe berean; baina ordaindu ahal izango da, horretarako nahiko funts badago bakarrik.
2.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak ebazpen bat eman beharko du aurkeztutako ordainketa-eskabide bakoitzeko, inbertsio-eragiketarena edo, hala badagokio, inbertsio-eragiketa osatzen duten jarduketa batena edo batzuena, betiere egiaztatzen bada dena delako eragiketa edo jarduketa gauzatu dela eta administrazio-kontrolak egin direla, eta, hala badagokio, tokian bertan. Ezinbesteko kasuetan edo salbuespeneko inguruabarretan, egiaztatu beharko da osorik gauzatu diren ala ez, onuradunak zer laguntzatarako eskubidea duen zehazteko xedez.
3.– Ordainketa-eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztuko dira, gutxienez:
a) Gauzatze-memoria balioetsia, gastuen, fakturen eta ordainagirien zerrenda, eta, hala badagokio, hasierako eskabidearen aldean izandako aldaketen zerrenda barnean. Salbuespeneko edo ezinbesteko kausak direla eta, aurreikusi diren eta gauzatu diren jarduketen arteko alderik bada, dena delako autonomia-erkidegoari justifikatu beharko zaizkio balioetsi ditzan.
b) Onuradunaren deklarazioa, zeinaren bidez jasota geratuko baita ez duela ez eskatu ez jaso inbertsio bererako bestelako laguntzarik, eta ez dagoela sartuta dirulaguntzak itzultzeko inongo prozesutan.
c) Dirulaguntzaren zenbatekoa jaso nahi den banku-kontuari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.
d) Eraikinak erosten diren kasuetan, behar bezala egiaztatutako tasatzaile independente baten edo behar bezala baimendutako organo edo organismo publiko baten ziurtagiria ere aurkeztu beharko da; ziurtagiri horren bidez, frogatuko da erosketa-prezioak ez duela gainditzen merkatuko balioa, lurzoruaren balioa merkatu-prezioen arabera banakatuta.
e) Gastuaren fakturak edo egiaztapen-balio baliokidea duten kontabilitate-dokumentuak, eta ordainketen ziurtagiriak.
f) Onuradunak zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituelako egiaztagiriak.
g) Bete behar den arautegian exijitutako beste edozein dokumentu, eta laguntza emateko behar diren inguruabarrak eta betekizunak egiaztatzeko xedez emakida-ebazpenean adierazitako dokumentuak.
Dirulaguntza ordaintzeko, nahitaezkoa da inbertsioa justifikatzen duten kontuak aurkeztea. Kontu horiek egiaztatu egin beharko dira, hain zuzen ere Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean izena emanda duen kontu-auditore baten edo auditoria-sozietate baten bitartez; halakorik ezean, autonomia-erkidegoak egiaztatuko ditu aipatutako fakturak eta dokumentuak. Egiaztapen horretan, laguntza-espediente bakoitzaren gaineko in situ ikuskapen bat egingo da, gutxienez.
4.– Kontrolen bidez egiaztatuko dira alderdi hauek:
– Laguntzaren xede diren eragiketak gauzatzen hasteko eguna laguntza-eskabidea aurkeztu den egunaren ondorengoa eta agintaritza eskudunak eskatutako eragiketak hasi ez izanaren egiaztapenaren ondorengoa dela, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XII. eranskineko 8. apartatuan xedatutako salbuespenetan izan ezik.
– Onartutako eragiketan barrikak, upelak edo egurrezko dolareak badaude, edukiera edozein dela ere, alderdi hauek egiaztatu beharko dira:
a) Onartutako edo, hala bada, aldatutako laguntza-eskabidean adierazitako kalitatearekin eta kopuruarekin bat datozela.
b) Inbertsioa ez dela ordezkatze hutserako baliatu.
c) Laguntzaren xede diren mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak biltzeko baliatzen direla.
d) Elaboraziorako edo ontzerako diren espazioetan baino ez direla biltzen.
e) Elementuetako bakoitzak ezabatu ezin den kode alfanumeriko bat edo banakako matrikula bat daukala, laguntzaren organo kudeatzaileak esleitutako kodea barnean hartzen duena eta kontrolerako eskuragarri dagoena.
– Laguntza-eskabidea aurkezteko unean antzeko elementuak bazeuden kontrola egiten den instalazioan, elementuok behar bezala egon beharko dute sartuta inbentarioan.
– Inbertsioak barne hartzen baditu energia sortzeko sistemak, egiaztatu beharko da urtean sortu den energia kopurua ez dela onuradunaren ohiko jarduerek urtean balia dezaketena baino handiagoa.
5.– Ezinbesteko kausak edo salbuespeneko inguruabarrak direla eta, ekintza bat edo gehiago gauzatu ez bada, amaierako laguntza murriztuko da proportzio berean, hau da, osorik gauzatu diren banakako ekintzei dagokien zenbatekoa baino ez da ordainduko.
6.– Ezinbesteko kausak edo salbuespeneko inguruabarrak ez diren arrazoiak direla eta, ekintza bat edo gehiago gauzatu ez bada, baina eragiketaren/programaren amaierako helburu orokorra bete bada, amaierako laguntza zigorrez murriztuko da, hasierako edo aldatutako laguntza-eskabidearen barruan dauden eta osorik gauzatu ez diren ekintzei dagokien zenbatekoaren % 100 kenduta. Hau da, emango den laguntza kalkulatzeko, osorik gauzatu diren banakako ekintzen zenbatekoari zigor hori aplikatuko zaio, eta horren emaitza izango da ordainduko dena.
7.– Ezinbesteko kausak edo salbuespeneko inguruabarrak ez diren arrazoiak direla eta, ekintza bat edo gehiago gauzatu ez bada, eta, gainera, eragiketaren/programaren amaierako helburu orokorra bete ez bada, ez da dirulaguntzarik emango.
8.– Murrizketa horiek aplikatuz gero, aurretik banakako ekintzetarako laguntzarik ordaindu bada, ekintza horiei dagozkien zenbatekoak gehi behar diren interesak itzultzeko eskatuko da.
XIV.– Bermeak liberatzea eta betearaztea.
1.– Egikaritze onaren bermeak balioa izango du azken ordainketa egin arte.
2.– Bermea liberatuko da Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak haren indargabetzea erabakitzen duenean, baina, aurretik administrazio-egiaztapena egin beharko da, bai eta tokian bertan egiaztatu ere, ziurtatzeko eragiketa egin dela eta onuradunak hasierako edo aldatutako laguntza-eskabideak jasotzen duen eragiketa orokorraren parte diren ekintza guztiak gauzatu dituela, eta onuradunak urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 29. artikuluak xedatzen duen dokumentazioa ere aurkeztu duela. Errege-dekretu horren bidez, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzako eta ardogintzako esku-hartze sektoriala arautzen da.
3.– Onuradunak onartutako hasierako edo aldatutako laguntza-eskabideak jasotzen duen eragiketa egikaritzen ez badu edo helburu orokorra betetzen ez badu, egikaritze onaren bermea exekutatuko da, ezinbesteko kausetan edo salbuespeneko inguruabarretan izan ezik.
II. ERANSKINA
Euskal Autonomia Erkidegoan urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren XIV. eranskineko lehentasun-irizpideetan aplikatzen den haztapena
1.– Eskatzaileak lehenestea.
1.1 lehentasun-irizpidea: haztapena: 1.
1.2.1 lehentasun-irizpidea: haztapena: 3.
1.2.2 lehentasun-irizpidea: haztapena: 1.
1.3 lehentasun-irizpidea: haztapena: 1.
1.4.1 lehentasun-irizpidea: haztapena: 1.
1.4.2 lehentasun-irizpidea: haztapena: 1.
1.5 lehentasun-irizpidea: haztapena: 6.
1.6 lehentasun-irizpidea: haztapena: 4.
1.7 lehentasun-irizpidea: haztapena: 5.
1.8 lehentasun-irizpidea: haztapena: 4.
1.9.1 lehentasun-irizpidea: haztapena: 6.
1.9.2 lehentasun-irizpidea: haztapena: 4.
1.9.3 lehentasun-irizpidea: haztapena: 2.
1.10 lehentasun-irizpidea: haztapena: 4.
1.11 lehentasun-irizpidea: haztapena: 4.
1.12 lehentasun-irizpidea: haztapena: 2.
2.– Proiektuak lehenestea.
2.1 lehentasun-irizpidea: haztapena: 14.
2.2 lehentasun-irizpidea: haztapena: 14.
2.3 lehentasun-irizpidea: haztapena: 14.
2.4 lehentasun-irizpidea: haztapena: 6.
2.5 lehentasun-irizpidea: haztapena: 1.
2.6 lehentasun-irizpidea: haztapena: 8.
2.7.1 lehentasun-irizpidea: haztapena: 14.
2.7.2 lehentasun-irizpidea: haztapena: 7.
2.7.3 lehentasun-irizpidea: haztapena: 3.
2.8 lehentasun-irizpidea: haztapena: 10.
2.9 lehentasun-irizpidea: haztapena: 5.
2.10 lehentasun-irizpidea: haztapena: 1.
2.11 lehentasun-irizpidea: haztapena: 3.
III. ERANSKINA
MERKATU ANTOLAKUNDE ERKIDEAREN INBERTSIO-FORMULARIOAREN EDUKIA:
Eremu generikoak:
– Identifikazio-agiriaren mota.
– Zenbakia.
– Izena (pertsona fisikoentzat soilik).
– Lehen abizena (pertsona fisikoentzat soilik).
– Bigarren abizena (pertsona fisikoentzat soilik).
– Sexua (pertsona fisikoentzat soilik).
– Entitatearen izena (pertsona juridikoentzat soilik).
– Telefono finkoa.
– Telefono mugikorra.
– Helbide elektronikoa.
– Ordezkaria.
– Lurralde historikoa.
– Jakinarazpen- eta komunikazio-kanala.
– Abisuak jasotzeko posta-helbidea.
– Abisuak jasotzeko helbide elektronikoa.
– Abisuak jasotzeko telefono mugikorra.
– Jakinarazpen, komunikazio eta abisuen hizkuntza.
– Aurreikusitako gauzatze- eta justifikazio-egutegia.
– Programak gauzatzeko arduraduna.
– Zerga-egoitza.
– Egoitza soziala.
– Onuradunak.
– Enpresa eskatzailearen kapital sozialaren egungo egitura.
– Nekazaritza-ustiapena (hala badagokio).
– Egun garatutako edo aurreikusitako jarduerak.
– Erabilitako edo merkaturatutako mahastizaintza- eta ardogintza-lehengaiak.
– Elaboratutako edo merkaturatutako produktuak.
– Inbertsioaren kokalekua.
– Inbertsioaren deskribapena.
– Eragiketen helburu orokorrak eta estrategikoak.
– Eskatutako inbertsioaren zenbatekoa ekitaldiko eta ekintzako.
– Inbertsio-proiektuaren finantzaketa.
Lehentasun-irizpideak:
– Eskatzailea lehenestea.
– Proiektuak lehenestea.
Eremu osagarriak: alderdi hauek jasotzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:
– Ez duela xede eta helburu bererako laguntza edo dirulaguntzarik jaso administrazio publiko eta entitate pribatuetatik.
– Laguntza-eskabidean adierazitakoa egia dela, eta eskabidearekin batera aurkeztutako agiriak benetakoak direla; faltsutasunik edo datu okerrik azalduz gero, erantzukizun osoa bere gain hartuko duela, eta ez duela adieraziko ez zekiela faltsutasun edo datu oker horiek eragin dituzten gertaeren berri.
– Konpromisoa hartzen duela proiektua gauzatu dela egiaztatzeko behar den dokumentazio guztia Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren esku jartzeko.
– Proposatutako programaren iraupen osorako finantzaketa bermatzen duela.
– Ez dela krisian den enpresatzat hartzen, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europako zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauekin bat etorriz (Batzordearen 2014/C 249/01 Komunikazioa, 2014ko uztailaren 31koa).
– Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 31. artikuluan inbertsioen iraunkortasunari buruz xedatutakoarekiko konpromisoa hartzen duela.
– Ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik eta administratiborik, eta ez duela horretarako legezko inolako debekurik, sexu diskriminazioagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 23.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
– Ez duela konkurtso-deklaraziorik eskatu, ez dagoela ezein prozeduratan kaudimengabetzat deklaratuta, ez dagoela konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan hitzarmen batek eraginkortasuna hartu badu, ez dagoela esku-hartze judizialaren eraginpean edo ez dagoela desgaituta Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak ez daudela Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo ez daukatela Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargurik, legez ezarritako baldintzetan.
– Ez duela zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.
– Enpresa merkaturatzailea izanez gero, fakturazioaren % 80 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) VII. eranskinaren II. zatiko produktuetatik datorrela.
– Ez daukala sexu-bereizkeriagatiko edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatiko zehapen administratibo edo penalik, dagokien zehapenean ezarritako aldian.
– Hauek ere badagozkiola (Markatu dagokiona):
• 50 langile edo gehiagorentzako enplegua ematen du, eta, berdintasun-plana egin eta aplikatzeari dagokionez, Emakumeen eta gizonen berdintasun efektiborako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluko 2. apartatuak xedatutakoa betetzen du.
• 50 langile baino gutxiagorentzako enplegua ematen du, eta enpresak ez dauka berdintasun-plana egin eta aplikatu beharrik, Emakumeen eta gizonen berdintasun efektiborako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45. artikuluko 5. apartatuak xedatutakoarekin bat etorriz.
• 50 langile baino gehiagorentzako enplegua ematen du, eta sexu-jazarpenari edo sexuagatiko jazarpenari aurrea hartu eta aurre egiteko neurriak ezarri ditu enpresan, estatu-legeek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan ezarritako moduan.
Enpresa mota:
– Enpresa ez da ez enpresa txikia ez ertaina, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak enpresa txiki eta ertainez emandako definizioarekin bat etorriz.
– Enpresa txikia edo ertaina da, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak mikroenpresez, enpresa txikiez eta ertainez emandako definizioarekin bat etorriz.
Enpresaren kategoria:
– ETE-mikroenpresa (10 enplegatu baino gutxiago; 2 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).
– ETE txikia (50 enplegatu baino gutxiago; 10 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra).
– ETE ertaina (250 enplegatu baino gutxiago; 50 milioi eurotik beherako urteko negozio-bolumena edo 43 milioi eurotik beherako urteko balantze orokorra).
Halaber, baimen inplizitua eman beharko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki honako hauek egiazta ditzan: NANa, IFZ, zerga-betebeharrak egunean izatearen ziurtagiriak eta Gizarte Segurantzako ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Baimen hori berariaz ukatzeko aukera izango du, eta, hala eginez gero, norberak aurkeztu beharko du dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria.