Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

190. zk., 2023ko urriaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4538

AGINDUA, 2023ko uztailaren 26koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa eta laguntza-eskabideen inprimaki normalizatuak.

Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuak 15.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, familia-politikaren arloan eskumena duen sailburuaren aginduaren bidez onartuko dira dekretu horretan aurreikusitako laguntzak eskatzeko eredu normalizatuak, bai eta laguntza horiek eskuratzeko baldintzen egiaztagiriak ere.

Aipatu dekretuak 15.4 artikuluan dio, halaber, eskabideak elektronikoki aurkez daitezkeela, edo aurrez aurre, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean herritarrentzako arreta-zerbitzuak dituen bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, inprimaki normalizatuaren bidez eta haren atal guztiak behar bezala beteta.

Bestalde, aipatutako 15. artikuluaren 5. apartatuak ezartzen du laguntzaren informazio-fitxa eskuragarri dagoela helbide honetan: https://www.euskadi.eus/servicios/0045802, non eskuragarri egongo baitira eskabide-inprimakiak eta horiek betetzeko jarraibideak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66. artikuluak xedatzen du –administrazio prozedura hasteko eskabideei buruzkoa da artikulua– Administrazioak prozedura jakin batean espresuki ezartzen baditu berariazko eredu batzuk eskabideak aurkezteko, interesdunek nahitaez erabili beharko dituztela eredu horiek, eta gehitzen du eskatzaileek nahi adina datu erants ditzaketela eskabide-ereduan jasotakoak zehazteko eta osatzeko, zeinak organo hartzaileak onartu eta kontuan izan beharko baititu.

Azaldutako guztia kontuan hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa eta laguntza-eskabideen inprimaki normalizatuak onartzea.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu honetan aurreikusitako laguntza eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa eta laguntza-eskabideen inprimaki normalizatuak aplikatuko zaizkie Agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera aurkezten diren laguntza-eskabideei.

3. artikulua.– Laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa.

1.– Laguntzak eskuratzeko baldintzak dokumentu hauen bidez egiaztatu ahal izango dira:

a) Familia-unitatea osatzen duten gurasoen identitatea: Europar Batasuneko estatu bateko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartzen duen estatu bateko nazionalitatea dutenen kasuan, titularraren nazionalitatea jasotzen duen nortasun-agiri ofizial bat edo pasaportea aurkeztu beharko da, eta, gainerako herrialdeetako nazionalitatea dutenen kasuan, Atzerritarren Identifikazio Txartela (AIT) edo pasaportea, edo, hala dagokionean, duten bizileku-baimena.

b) Filiazio biologikoaren kasuan, filiazio-lotura jaiotza-ziurtagiriaren bidez egiaztatu behar da, edo, halakorik izanez gero, Familia Liburuaren bidez.

Adopzio-kasuetan, Erregistro Zibilaren ziurtagiria aurkeztu behar da, adopzioa eratzeko ebazpen judizialaren inskripzioari buruzkoa, edo, halakorik izanez gero, Familia Liburua.

Adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintzaren delegazio bat bada, hura eratzen duen administrazio-ebazpena aurkeztu beharko da.

Tutoretza-egoeretan, tutoretza eratzeko ebazpen judiziala aurkeztu behar da.

c) Erroldatzea: eskatzailearen errolda-agiriaren bidez, non jasoko baita bizilekuan bizi diren pertsona guztien zerrenda, eta adieraziko baita eskatzailea noiztik dagoen udalerrian erroldatuta.

Erroldatua egotea eskatzen den aldian zehar, eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan bizi izan bada, eskabidean zehaztu beharko du hori, eta baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu.

Ez da onartuko eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenagoko antzinatasuna duen errolda-ziurtagiririk.

d) Seme-alabaren zaintza eta jagoletza epailearen ebazpen baten bidez ezarri bada, eskatzaileak dokumentu hori aurkeztu beharko du.

Ebazpen judizialaren bidez zaintza eta jagoletza partekatua ezarrita duten kasuetan, bai laguntza sortzen duten alaba-semeentzat, bai laguntza eragin ez baina familia-unitateko seme-alaben kopurua zehazteko zenbatzen direnentzat, berariazko akordio bat aurkeztu beharko dute gurasoek, zehazteko bietatik nork eskatuko duen laguntza.

e) Seme-alabak desgaitasunen bat edo mendetasun-egoeraren bat aitortuta badu, egiaztatu egin beharko da.

f) Laguntza kobratu nahi den banku-kontua Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, BBVA, Banco Santander, Sabadell, Caja Rural de Navarra edo ABANCAkoa ez bada, banku-agiri bat aurkeztu beharko da, eta bertan erakundearen izena, banku-kontuaren zenbakia, banku-kontuaren titularraren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren zenbakia agertu beharko dira, edo, pasaportearekin identifikatu bada, pasaportearen zenbakia.

Eskabide-orrian adierazitako banku-kontuaren titularra laguntzaren eskatzailea izan beharko da nahitaez.

g) Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, hauek egiaztatuko ditu eskatzaileak:

I.– Laguntza hauek kudeatzen dituen zuzendaritzari berehala jakinaraziko dio eskabidean adierazitako datuetan egondako edozein aldaketa eta dirulaguntzaren xedea edo laguntzaren onuradun izateko beharrezko baldintzak nabarmen aldatu ditzakeen edozein gertaera.

II.– Eskabide honetan nahiz aurkeztutako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak dira, eta halaxe dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu dezake.

III.– Laguntza hauen onuradun izateko baldintzak betetzen ditu, eta laguntza aprobetxatu bitartean baldintza horiek betetzeko konpromisoa hartzen du.

IV.– Beste guraso bat badago edo bikotekide edo ezkontiderik edukiz gero, pertsona hori jakinaren gainean jarriko da, eta baimena emango du eskabide honetan adierazitako datuak kontsultatzeko.

V.– Bere helbidean bizi diren adinez nagusiak jakinaren gainean jarriko dira, eta eskabide honetan adierazitako errolda-datuak kontsultatzeko baimena emango dute.

VI.– Ez diote zehapenik jarri, zigor- nahiz administrazio-arloan, eta, halaber, ez dago laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea legez eragozten dion beste ezein egoeratan.

VII.– Ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako laguntza edo dirulaguntzekin lotutako itzultze- edo zehapen-prozedura batean.

Horrez gain, hirugarren seme-alaba eta hurrengoak hazi eta mantentzeko laguntza gehigarrien kasuan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen bidez adieraziko du familia-etxean bizi diren 18 urtetik gorako eta 25 urtetik beherako seme-alabek ez dutela lanbide arteko gutxieneko soldata baino errenta handiagorik.

2.– Gainera, III. kapituluan aurreikusitako laguntzek laguntzaren zenbatekoa familia-errenta estandarizatuaren arabera zehaztea aurreikusten dute. Familia-unitatearen diru-sarrera fiskalak honako informazio honen bidez egiaztatuko dira:

a) Dagokion administrazioak egindako likidazioa, familia-unitatea osatzen duten gurasoen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenari dagokiona (baterako aitorpena edo bakoitzaren aitorpen indibiduala), laguntza eskatu baino bi urte lehenagoko zergaldikoa.

b) Familia-unitatea osatzen duten gurasoek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egin ez badute, dagokion administrazioak emandako ziurtagiria, laguntza eskatu baino bi urte lehenagoko zergaldiari dagozkion errenta guztiak eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari egotz dakizkiokeen errenta eta errendimendu guztiak adierazten dituena.

Familia-errenta estandarizatua zehazteko, informazio hau hartu behar da kontuan:

1) Laguntzaren eskatzailea genero-indarkeriaren biktima bada, Familia-politiken esparruan familia-errenta estandarizatzeko sistemari buruzko uztailaren 24ko 154/2012 Dekretuak 4.3 artikuluan (edo hura ordezkatzen duen arauak) ezarritako bitartekoren baten bidez egiaztatu beharko da genero-indarkeriaren egoera.

2) Familia-unitatea osatzen duen norbaitek desgaitasun edo mendetasun aitortu bat izanez gero, hori egiaztatzen duen ziurtagiria.

3) Familia-unitatea guraso bakarrekoa bada, eskatzaileak egiaztatuko du laguntza eragin duen seme-alaba ekonomikoki bere mende dagoela bakarrik.

Hori honela egiazta daiteke, besteak beste:

– Adingabea berak bakarrik aitortua bada, hori egiaztatzen duen dokumentu administratiboaren bidez.

– Bi gurasoek aitortu badute seme-alaba, beste gurasoak ez duela mantenu-pentsioa ordaintzen egiaztatzen duen dokumentu judizial edo administratiboaren bidez.

3.– Eskatzaileak eskubidea du ez aurkezteko jadanik administrazio jardulearen esku dauden dokumentuak edo beste administrazio orok egindakoak. Laguntzak kudeatzen dituen organoak artikulu honetako 1. apartatuko a), b), c) eta e) letretan eta 2. apartatuan –datu fiskalak eta desgaitasunari edo mendetasunari buruzko datuak– adierazitako dokumentuak kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egin ezean.

Era berean, eskatzaileak laguntza kobratzeko adierazi duen banku-kontua ez bada honako hauetakoren bat: Kutxabank, Laboral Kutxa, Caixabank, BBVA, Banco Santander, Sabadell, Caja Rural de Navarra edo Abanca; adierazitako banku-titulartasunaren datuak egiazkoak ote diren egiaztatuko da, elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez. Elkarreragingarritasun hori ezin da aplikatu eskatzailea pasaportearekin identifikatu bada.

Agindu hau indarrean jartzen den unean, aipatutako erakundeek hitzarmen bat sinatu dute Eusko Jaurlaritzarekin, beren bezeroei banku-datuak baliozkotzeko aukera eskaintzeko. Horrela bada, etorkizunean beste finantza-erakunde batzuk hitzarmen horri atxikitzen bazaizkio, laguntzen informazio-fitxan zehaztuko dira.

Aurka egiten bada edo, kontsulta egin ostean, dokumentazioa lortu ezin bada, arrazoia edozein dela ere, eskatzaileak berak aurkeztu beharko du dokumentazioa.

4.– Aurkezten diren atzerriko dokumentuak, hala badagokio, modu ofizialean euskarara edo gaztelaniara itzulita egon behar dute. Halaber, atzerriko dokumentu publikoek behar bezala legeztatuta egon beharko dute.

Europar Batasuneko beste estatu bateko nazionalitatea dutenen kasuan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko uztailaren 6ko 2016/1191 Erregelamendua (EB) aplikatuko da, zeinaren bidez errazten baita herritarren zirkulazio librea, dokumentu publiko jakin batzuk Europar Batasunean aurkezteko eskakizunak erraztuta, eta zeinaren bidez aldatzen baita 1024/2012 Erregelamendua (EB).

4. artikulua.– Laguntza-eskabideen inprimaki normalizatuak.

1.– Jarraian adierazten diren laguntza-eskabideen inprimaki normalizatuak onesten dira, eta agindu honi eransten zaizkio:

– 0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzako laguntza-eskabidea, eta aparteko laguntzaren eskabidea erditze anizkoitzagatik, adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik (0-3 kodearekin identifikatzen da).

– 3 eta 7 urte bitarteko hirugarren seme-alaba eta hurrengoak dituzten familientzako laguntza-eskabidea (3-7 kodearekin identifikatzen da).

– Seme-alabaren desgaitasunagatiko edo mendetasunagatik laguntza bikoizteko eskabidea (DS kodearekin identifikatzen da).

2.– Inprimaki normalizatuak eta horiek nola bete jakiteko jarraibideak «https://euskadi.eus» webgunean daude eskuragarri. Zehazki:

0 eta 3 urte bitarteko seme-alabak dituzten familientzako laguntzen eskabideak, eta aparteko laguntzaren eskabideak erditze anizkoitzagatik, adopzio nazional anizkoitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik, hemen: https://www.euskadi.eus/servicios/0045802

3 eta 7 urte bitarteko hirugarren seme-alaba eta hurrengoak dituzten familientzako laguntza-eskabideak, hemen: https://www.euskadi.eus/servicios/0045802

Seme-alabaren desgaitasunagatiko edo mendetasunagatiko laguntza bikoizteko eskabideak, hemen: https://www.euskadi.eus/servicios/0045802

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira honako hauek: Agindua, 2023ko otsailaren 22koa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Seme-alabaren bat duten familientzako laguntzen otsailaren 21eko 27/2023 Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko dokumentazioa eta laguntza-eskabideen inprimaki normalizatuak, eta, orokorrean, agindu honetan ezarritakoaren aurka doazen maila bereko edo baxuagoko xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 26a.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala