Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2023ko irailaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

URAREN EUSKAL AGENTZIA
4425

EBAZPENA, 2023ko irailaren 14koa, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez «Krispiña-Gobeo-ko hondakin uren araztegia. Zadorra ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua. 4. fasea» jendaurrean jartzeko izapidea ebatzi eta proiektua behin betiko onesten baita.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak 2022ko abenduaren 23an emandako ebazpen baten bidez hasierako onespena eman zitzaien «Krispiña-Gobeoko HUA. Zadorra ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua. 4. fasea» delakoari eta horrek ingurumenean edukiko duen eraginaren ebaluazio sinplifikatuari.

Proiektua jendaurrean jartzeko iragarkia 2023ko otsailaren 3an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Jendaurrean egon den aldian lau alegazio-idazki jaso dira; gainera, aldaketak egin dira lursailetarako sarbideetan eta ureztatze-sistemak berrezarri dira. Bestalde, Forondako aireportua babesteko jarduketak kendu dira proiektutik, beste proiektu baten xede izango baitira.

2023ko irailaren 8ko ebazpen baten bidez Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak proiektu horren ingurumen-inpaktuaren txostena egin du.

Era berean, proiektua ikuskatu eta jakinarazi da, eta egiaztatu da teknikoki zuzena dela eta betetzen dituela arlo horretako berariazko araudian ezarritakoa, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 233. artikuluan xedatutakoa eta indarrean dauden gainerako lege-xedapenak.

Agentziako Administrazio Kontseiluak 2010eko ekainaren 29ko bilkuran emandako eginkizunen eskuordetzearen ondorioz zuzendari nagusiari dagokio proiektu hau onartzea. Eskuordetzea Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 13.f) artikulua aplikatuz onartu zen, lege beraren 15.m) artikuluaren eta Agentziaren Estatutuen 7.2.ñ) artikuluaren arabera.

Azaldutakoa oinarri hartuta, bidezkoa da proiektua jendaurrean jartzeko izapidea ebaztea eta behin betiko onartzea.

Horregatik, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozen eta oro har aplikatu behar diren gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– «Krispiña-Gobeo-ko hondakin uren araztegia. Zadorra ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua. 4. fasea» delakoa jendaurrean jartzeko izapidea ebaztea.

Bigarrena.– «Krispiña-Gobeo-ko hondakin uren araztegia. Zadorra ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektua. 4. fasea» delakoa onartzea, kontratarako aurrekontua hau dela: bost milioi bostehun eta laurogeita zazpi mila zazpiehun eta laurogeita hamar euro eta hogeita bederatzi zentimo (5.587.790,29) euro, beza barne.

Hirugarrena.– Uraren Euskal Agentziako teknikariek lanen zuinketa egitea. Bertan proiektuaren errealitate geometrikoa egiaztatuko da, eta onetsitako proiektuan agertzen diren suposizioetatik kontratua aurrera eramateko oinarrizkoak direnak ere bai.

Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 6.4 artikuluari jarraikiz, ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzan ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete igaro baino lehen.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 14a.

Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ANTONIO AIZ SALAZAR.


Azterketa dokumentala