Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

184. zk., 2023ko irailaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4421

AGINDUA, 2023ko irailaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez eskola-garraiorako banakako esleipenak iragartzen baitira, ohiz kanpo, horretarako eskubidea izanda ikasturte hasieran zerbitzu horren falta pairatu duten eta 2023-2024ko ikasturtean maila hauetan matrikulatuta dauden ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa.

Eskola-garraioko zerbitzua, gaur egun, maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuan eta ondorengo aldaketetan araututa dago. Zerbitzu hori hainbat modalitatetan eman daiteke. Eskola-garraioko zerbitzu horren zati handi bat, 69/2015 Dekretuaren bigarren artikuluaren lehenengo apartatuko «a)» letran xedatutakoaren babesean, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak kontratatutako ibilgailuen ibilbideen bidez ematen da, zeinek eskola-umeak errepidez garraiatzeko zerbitzu publiko erregularra (erabilera berezikoa) ematen duten.

Hala ere, egungo egoerak, Hezkuntzako sailburuaren 2023ko irailaren 1eko Aginduan jasota dagoenez, salbuespeneko neurriak hartzera behartzen gaitu, ezin baita zerbitzua ematen jarraitu orain arte eskainitako baldintzetan (agindu horren bidez agindua ematen da eskola-garraioko zerbitzua ematen jarraitzeko maila hauetan ari diren ikasleei: Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa).

Hezkuntzako sailburuaren 2023ko irailaren 1eko Aginduak ezarri bezala, eskola-garraioak hezkuntza-eskubidea baliatzea baldintzatzen du eta, beraz, Hezkuntza-administrazioak zenbait inguruabar eta irakaskuntzatan bere gain hartu beharreko betebeharren artean dago; hori dela eta, gogoratu behar da Konstituzioaren 27. artikuluak arautzen duen oinarrizko eskubidea dela.

Eskola-garraioa, beraz, funtsezko zerbitzua da, zuzenean lotuta dago hezkuntzarako oinarrizko eskubidearekin, eta ikasturtero Euskal Autonomia Erkidegoan bermatzen du hamarnaka mila ikasle ikastetxeetara joatea.

Hori dela eta, agindu hau eman da, alde batetik, zerbitzua eman ez izanak eragindako kaltea gutxitzeko, eta, bestetik, egoera honek eragindako gastuak ordaintzen laguntzeko (agindu honen bidez eskola-garraiorako banakako esleipenak iragartzen dira, ohiz kanpo, horretarako eskubidea izanda ikasturte hasieran zerbitzu horren falta pairatu duten eta 2023-2024ko ikasturtean maila hauetan matrikulatuta dauden ikasleentzat: Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa).

Hala, oinarritzat hartuta maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuan ezarritakoa (Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –garraioaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari– buruzkoa), bai eta ondorengo aldaketetan ezarritakoa ere, eta aintzat hartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; dirulaguntzei buruz indarrean dauden legeak, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legea, hauxe

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Eskola-garraiorako banakako esleipenak iragartzen dira, ohiz kanpo, eskola-garraiorako eskubidea duten, 2023-2024ko ikasturtean ondoren adierazten diren mailetan matrikulatuta dauden eta ikasturtearen hasieran zerbitzu hori eman ez izana pairatu duten ikasleentzat, egoera horrek iraun bitartean: Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren maila, Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Oinarrizko Lanbide Heziketa, unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan, bai eta itunpeko ikastetxe pribatuetan daudenentzat ere, maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuaren 5.a) artikuluan eta ondorengo aldaketetan jasotako kasuetan. Dekretu hori Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari– buruzkoa da.

2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria da laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna.

3. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.000.000 euro bideratuko dira helburu horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako finkatutako aurrekontu-partiden kargura.

Behar izanez gero, adierazitako zenbatekoak handitu ahal izango dira, kontuan harturik ebazteko dauden baina ebazpen-proposamena duten eskabideen zenbatekoa; betiere, eskabideak ebatzi baino lehen egingo da hori. Horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuta.

4. artikulua.– Betekizun orokorrak.

Deialdi honetaz balia daitezke eskola-garraiorako eskubidea duten Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko hirugarren mailako ikasleak, Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoak, Lehen Hezkuntzakoak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak eta Oinarrizko Lanbide Heziketakoak, Eskola-garraioari buruzko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuaren 5. artikuluaren eta ondorengo aldaketen arabera, betiere Hezkuntza Sailak ikasturtearen hasieran kontratatutako ibilgailuei dagozkien ibilbide batzuetan zerbitzu hori eman ez izanak eragin badie.

2.– Dirulaguntza hauen onuradunek honako xedapen hauetan ezarritako betebeharrak ere bete beharko dituzte: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikulua.

5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Kilometroko 0,29 euroko dirulaguntza ordainduko da, kontuan hartuz etxetik ikastetxera bitarteko bi joan-etorri, jardunaldi zatituko eskola egun bakoitzeko; eta joan-etorri bat, jardunaldi jarraituko eskola egun bakoitzeko.

Zuzeneko kudeaketako erregimenean jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan, kalkulu hori egiteko ez dira barnean hartuko jardunaldi zatituko eguerdiko joan-etorriak, baldin eta garraiorako eskubidea duten ikasle guztiak hartu ahal baditu jantokiak.

Distantziak neurtzeko,«GeoEuskadi» kartografian oinarritutako tresna erabiliko da.

2.– Laguntza horiek ez dira bateragarriak izango xede bererako beste era bateko dirulaguntza edo laguntzak, publikoak zein pribatuak, eskuratzearekin.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak betetzeko, web-helbide honetan dagoen aplikazio informatikoa erabiliko da: www.euskadi.eus/servicios/0168908

2.– Eskabidea eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko da, eta ikasleak berak bete beharko du, edo, emantzipatu gabeko adingabea bada, haren legezko ordezkariak; hilabeteko epea izango da horretarako, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidea honela aurkez daiteke:

a) telematikoki; horretarako, ezinbestekoa izango da sinadura elektronikoa izatea indarrean dagoen ziurtagiri digitalarekin (NAN, Izenpe txartela) edo itsasontzi-jokoa (B@kq).

b) paperean; horretarako, aplikazioak sortuko duen eskabide-inprimakia inprimatu, sinatu eta ikasleak ikasketak egiten dituen ikastetxearen zuzendariari aurkeztu beharko zaio, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren lekuetan.

3.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ostean, aurkeztutako eskabideetako datuak egiazkoak diren egiaztatuko dute Lurralde Ordezkaritza eskudunek, 10 egun balioduneko epean, artikulu honen 2. apartatuan ezarritako eskaera-epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

7. artikulua.– Eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

8. artikulua.– Dirulaguntzak ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertuta, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, eta Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko.

2.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du behin-behineko ebazpena, eta ebazpen hori eraginpekoei jakinarazteko aginduko, ebazpena https://euskadi.eus webgunearen iragarki-taulan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren. Aurrekoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte ukitutako pertsonek, jakinarazpena egin eta 10 egun balioduneko epean.

3.– Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aztertuta, epea igaro eta gero, eta beharrezkoak diren egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak prozeduraren behin betiko ebazpena emango du, eta ebazpena https://www.euskadi.eus/informazioa/eskola-garraioa/web01-a2hikasl/eu/ web-orriko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da.

Behin betiko ebazpenaren jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso duten eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen espresurik argitaratzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da.

Aurrekoa alde batera utzi gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

4.– Behin betiko ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, behin betiko ebazpena https://euskadi.eus web-orriko iragarki-taula elektronikoan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

5.– Behin betiko ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hilabeteko epean egingo dira, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

9. artikulua.– Laguntza ekonomikoa ordaintzea.

1.– Onartutako laguntzen zenbateko osoa hilero ordainduko da, laguntzak ematea justifikatzen duen egoerak irauten duen hilabete bakoitzeko, agindu honen 5. artikuluan adierazitako parametroetan oinarrituta.

Dagokion hilabetea bete baino lehen amaitzen bada dirulaguntzak ematea justifikatzen duen egoera, bakarrik ordainduko da hilabete horretan dirulaguntzak ematea justifikatzen duen arrazoia gertatzen den hilabeteko eskola-egunei dagokien zenbatekoa.

2.– Eskatzaileak laguntza-eskabidean adierazitako kontu korrontean sartuko da laguntzaren zenbatekoa.

3.– Onuradunei laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.

10. artikulua.– Ikuskapena.

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko beste organismo publiko batzuetan.

11. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak tratatu eta izen honetako tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira. Unibertsitateaz kanpoko laguntzak, dirulaguntzak eta bekak.

Arduraduna: Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza.

Helburua: Unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleei bekak ematea, eta ikasleei eskola-garraioko laguntzak eta zuzendaritza honetako beste zenbait laguntza ematea.

Legitimazioa:

– Interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak erabiliz egindako misioa betetzeko behar den tratamendua.

Hartzaileak:

– Ekonomia eta Ogasun Saila.

– Ikastetxe publiko eta pribatuak.

Eskubideak: Eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/025200-capa2-eu.shtml

Araudia:

• Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

• 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).

LEHEN XEDAPENA

Honako hauetan xedatutakoak arautuko du agindu hau:

• 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –garraioaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari– buruzkoa, eta ondorengo aldaketak.

• 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

• 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

• 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

• 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta dirulaguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

• 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala