184. zk., 2023ko irailaren 26a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (125 KB - 2 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4417
AGINDUA, 2023ko irailaren 14koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita Mubil Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa.
2023ko martxoaren 15ean, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Mubil Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Aldaketa hori patronatuak 2021eko maiatzaren 4an eta 2023ko martxoaren 29an aho batez hartutako erabakien ondorio da. Erabaki horiek publiko egin ziren 2022ko martxoaren 9an, Donostian, Jose Luis Carvajal García Pando notario jaunaren aurrean egiletsitako eskrituraren bidez (protokolo-zenbakia: 305).
Ildo horretan, 2021eko maiatzaren 4an erabaki zen estatutuen 8. artikulua aldatzea, patronatuaren gehieneko osaerari buruzkoa, hura zabaltzeko. 2022ko martxoaren 29an erabaki zen, bestalde, fundazioaren izaera berariaz sartzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitarteko propio pertsonifikatutzat estatutuen 3. artikuluan, foru-erakundearen Gobernu Kontseiluak 2022ko apirilaren 12an egindako bileran onartu zuenez.
Azkenik, 2023ko maiatzaren 30ean, fundazioaren patronatuak aho batez berretsi zituen aurreko erabakiak, Fundazioen Erregistroak 2023ko apirilaren 17an egindako errekerimendua betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoa oinarri hartuta.
Aurreko inguruabar horiek guztiak eskrituraren notario-protokoloan sartu ziren, baimena eman zuen notarioaren 2023ko uztailaren 3ko diligentziaren bidez, erakunde emaileak eskatuta, berrespen-erabakia jasotzen duen ziurtagiria hari lotuta uzteko.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Mubil Fundazioa izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, Agindu honen datarekin, eta 2023ko martxoaren 9an Donostian Jose Luis Carvajal García Pando notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 305).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 14a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.