Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

183. zk., 2023ko irailaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
4401

EBAZPENA, 2023ko irailaren 6koa, Garraio Plangintzaren zuzendariarena, salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko behar diren segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasuna egiaztatzeko eta berritzeko Euskal Autonomia Erkidegoko azterketetarako deialdia egiten duena.

Salgai arriskutsuak nazioarteko errepideetan garraiatzeko Europako akordioari lotuta, otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuaren arabera, salgai arriskutsuen errepideko garraioa edo zama-lanak egiten dituzten enpresek, arlo horretako arriskuetatik babesteko segurtasun-ikuskatzaile bat edo gehiago izan beharra daukate. Gainera, dekretu horrek segurtasun-ikuskatzaileek bete behar dituzten eskakizunak eta eginkizunak finkatu zituen, betiere Kontseiluaren eta Europar Parlamentuaren 2008ko irailaren 24ko 2008/68/EE Zuzentarauari jarraikiz.

Helburu hori gauzatu ahal izateko, Sustapen Ministerioak salgai arriskutsuen errepide eta trenbideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileen lanbide-gaitasunari buruz otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduak xedatu zuen horretarako azterketak egiteko deialdiak autonomia-erkidego bakoitzeko organo eskudunak egin behar dituela, eta gutxienez urtean behin.

Gainera, Sustapen Ministerioaren otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduaren bidez ezarri denez, segurtasun-ikuskatzaileen gaitasun-agiriak 5 urteko indarraldia izango du, eta, ziurtagiriaren azken balio-urtean kontrol-azterketa bat gaindituz gero, beste hainbeste urtetarako berritu ahal izango da; kontrol-azterketa hori agindu horren 2. artikuluan adierazitako lehenengo proba izango da, eta baldintzak ikuskatzaile berrientzat jarritako berberak izango dira.

Ondorioz, otsailaren 27ko FOM/605/2004 Aginduan ezarritakoaren arabera, eta urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 15.2.j) artikuluak Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari ematen dizkion ahalmenak erabiliz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzaileen titulua lortzeko lanbide-gaitasuna egiaztatzeko azterketetarako deialdia egiten da izangai berrientzat, eta titulua berritzeko probetarako deialdia, berriz, behin betiko titulu horiek ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunean iraungitzearen aurreko urtean daudenentzat.

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Azterketen esparrua.

1.– Lanbide-gaitasuna egiaztatzeko azterketetarako deialdia egiten zaie salgai arriskutsuen errepideko garraiorako segurtasun-ikuskatzailearen titulua lortu nahi dutenei edo, tituludunak izanik ere, ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunean, iraungi aurreko urtean egon eta berritu nahi dutenei.

2.– Errepideko garraioaren modalitatearen barruan, izangaiek, nahi izanez gero, espezialitate guztien azterketa osoa egin ahal izango du, edo, bestela, bereizita, salgai motari jarraikiz bereizitako espezialitate hauen artean aukeratutako baten edo gehiagoren azterketa:

– 1. salgai mota (materia edo objektu lehergarriak).

– 2. salgai mota (gasak).

– 7. salgai mota (erradioaktiboak).

– 3, 4.1, 4.2, 4.3, 5.1, 5.2, 6.1, 6.2, 8 eta 9. salgai motak. Salgai arriskutsuen nazioarteko garraiorako Europako akordioaren arabera, salgai mota bakoitzean jasotako materia solido eta likidoak.

– Nazio Batuen Erakundeak 1202. (gasolioa), 1203. (gasolina) eta 1223. (kerosenoa) zenbakiekin identifikaturiko likido sukoiak.

3.– Titulua berritu nahi dutenek lehendik egiaztatuta zeukaten modalitatera baino ezin izango dira aurkeztu.

Bigarrena.– Azterketak.

Izangai berrien zein titulua berritu behar dutenen azterketak osatuko dituzten probek, azterketen egiturak eta kalifikatzeko moduak otsailaren 27ko FOM/605/2004 Agindua beteko dute.

Hirugarrena.– Eskabideak.

1.– Azterketak egiteko eskabidea Eusko Jaurlaritzako Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak horretarako jarri duen web-orriaren bidez aurkeztu beharko da:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/garrioak/lanbide-gaitasuna/

2.– Eskabidea aurkezteko, hamabost egun balioduneko epea izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Eskabidea web-orriaren bidez bete ondoren, azterketa egiteko eskubidea ematen duen tasa-likidazioa sortuko dute eskatzaileek. Espezialitate bakoitzeko, 21,79 euroko tasa ordaindu beharko da, honako hauetan xedatutakoa kontuan hartuta: abenduaren 30eko 13/1996 Legearen 27.2.4.2.1 artikulua, Estatuaren eta toki-tasen legezko araubidea eta ondarezko prestazio publikoen berrantolamendua aldatzen duen uztailaren 13ko 25/1998 Legearen azken xedapenetako lehenengoaren 5. apartatua, eta 2023ko Estatuaren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 31/2022 Legea.

Tasak, zuzenean, Interneteko web-orri horren bidez (linean) edo zenbait banketxetako kutxazain automatikoetan (lineaz kanpo) ordaindu ahal izango dira.

Banketxe bidez ordaindu nahi izanez gero, likidazio horiek barra-kode bat izango dutenez, finantza-erakunde laguntzaileetan (Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Banco Santander, Sabadell Guipuzcoano, Bankoa, «La Caixa» eta Bankia) barra-kodea irakurtzeko gailua duten kutxazain automatikoetara jo beharko da, edozein ordutan, baina eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da nahitaez, ez baita onartuko okerrak zuzentzeko utziko den epean egiten.

Eskabideak aurkezteko epean ordaintzen ez bada, izangaia ez da onartuko.

4.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak Interneten argitaratuko ditu Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak. Zerrendak ebazpen bidez onartuko dira.

Baztertutako izangaiek eta onartutakoen zerrendan ageri ez direnek edo, ageri arren, daturen bat gaizki dutenek, ebazpena jendaurrean jarri eta hurrengo egunetik aurrera 10 egun balioduneko epea izango dute akatsak zuzentzeko.

Akatsak zuzentzeko epea igarotakoan, Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onetsi, eta Interneten argitaratuko ditu.

Laugarrena.– Epaimahaia, eta azterketen lekua eta eguna.

1.– Epaimahaia:

Epaimahaiburua: Aritz Virumbrales Vinagret.

Epaimahaikideak:

Arantza Unamuno Lekuona.

Jose Ignacio Arriba Chavarri.

Marisa Madinabeitia Rivarés.

Idazkaria: Jose Manuel Anabitarte Fernández.

2.– Azterketak egiteko egunak eta lekuak web-orrian jarriko dira.

Bosgarrena.– Izangaien bete beharreko baldintzak.

Azterketa-egunean, identitatea egiaztatzeko agiri ofiziala (NANa, gidabaimena edo pasaportea) aldean dutela azaldu beharko dute izangaiek. Hala ez bada, ez dituzte azterketan onartuko. Gainera, komeni da ordainagiriak ere eramatea.

Prozesu osoaren jarraipena Interneteko webgunearen bidez egin ahal izango da, eta gainditu dutenen behin betiko zerrendak ere Interneten argitaratuko dira:

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/garrioak/lanbide-gaitasuna/

Azterketa egiteko, izangaiek musukoa, arkatza eta borragoma eraman beharko dituzte.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 6a.

Garraio Plangintzaren zuzendaria,

SARA BARREAL JIMENEZ.


Azterketa dokumentala