Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2023ko irailaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4364

AGINDUA, 2023ko abuztuaren 9koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Aukera Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

2023ko martxoaren 14an, Aukera Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea aurkeztu zen, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean. Eskaerarekin batera, eraketa-eskritura publikoa aurkeztu zen, 2023ko martxoaren 9an Pasaian egiletsitakoa, Miguel Ángel Sanchez Ferrer notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 552).

2023ko martxoaren 21ean, fundazioaren lehen ekitaldi ekonomikoari dagokion jarduera-plana aurkeztu zen.

Fundatzailea da Adimen Urritasun Arin, Adimen Limite, Buru-Gaixo eta Gizartetik Baztertuak Izateko Arriskuan dauden Pertsonen Laguntza, Babes, Defentsa eta Integraziorako «Ortzadar» Guraso Elkartea. Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, AS.R.P.G.00817 erregistro-zenbakiarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordea 2023ko ekainaren 15ean bildu zen, fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasunari buruzko inskripzio-eskaera baloratzeko, eta aldeko txostena eman zuen.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman du 2023ko abuztuaren 7an.

Estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, Aukera Fundazioa izeneko fundazioa honako interes orokorreko helburu honekin eratu da:

«Gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden pertsonen normalizazioa eta gizarteratzea, hezkuntza eta lan-inklusioa sustatzea, heziketa-ibilbideak edo enplegua lortzeko eta mantentzeko edozein arrazoirengatik zailtasunak agertzen duten pertsonei:

– Formazioaren edota lanbide-kualifikazioaren beharra edo nahia duten pertsonak.

– Dibertsitate funtzionala duten pertsonak: desgaitasuna, mugako adimena, gaixotasun mentala, babesa behar dutenak.

Enplegagarritasuna aztertuz eta hobetuz, banakako gizarte- eta lan-orientazioa emanez eta enplegura bideratutako hezkuntza eta lanbide-heziketa emanez».

Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren egoitza Donostian (Gipuzkoa) egongo da, Ategorrietako Galtzada Zaharrean, eta fundazioak batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko ditu bere jarduerak.

Fundazioaren hasierako zuzkidura hogeita hamar mila eurokoa da (30.000 €), eta elkarte fundatzaileak egiten du ekarpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12. artikuluaren bigarren apartatuaren arabera, Nafarroako Rural Kutxa, Kreditu Koop. Elkartea banku-entitatean. Erakunde horrek 2023ko otsailaren 7an emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatu da.

Estatutuen 8. artikuluak xedatzen duenez, patronatua gutxienez hiru (3) pertsonak osatuko dute, eta horien % 60, bederen, fundazioko bertako jarduneko langileak izango dira.

Eratzeko eskritura publikoan eta estatutuen 9. artikuluan jasotakoaren arabera, lehenengo patronatua honako hauek osatuko dute:

– Presidentea: José Francisco Javier Madariaga Jalón jauna.

– Idazkaria: Alberto Intziarte Lazkano jauna.

– Diruzaina: Marcio-Andrés Ferreira Fernandes jauna.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dute beren kargua, ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio eraketa espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Espedienteari funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aukera Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, F-486 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, 2023ko martxoaren 9an, Pasaian, Miguel Ángel Sanchez Ferrer notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan jasotako zehaztapenekin bat etorriaz (protokolo-zenbakia: 552).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 9a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.


Azterketa dokumentala