181. zk., 2023ko irailaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (138 KB - 3 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4363
AGINDUA, 2023ko abuztuaren 4koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Bisubi, Bizkaiko Sukaldarien Bilkura fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2023ko otsailaren 7an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Bisubi, Bizkaiko Sukaldarien Bilkura fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Horrekin batera administrazio-espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Estatutuen 3. artikuluak fundazioaren xedeak jasotzen ditu:
«Honako hauek dira fundazioaren xedeak:
– Baliabide ekonomiko eskasak dituzten pertsonen gizarte- eta giza-garapena sustatzea, gastronomia-arloarekin zerikusia duten jardueretan parte-hartzearen bidez.
– Kalitatezko enplegua sustatzea fundazioaren jarduera-arloetan, batez ere karrera profesionala hasteko zailtasunak dituzten pertsonei dagokienez.
– Enpresa-kultura eta kultura ekintzailea sustatzea eta zabaltzea gastronomiaren alorrean.
– Euskadiko kultura gastronomikoa sustatzea eta zabaltzea.
– Euskadiko gastronomiaren arloan ikerketa sustatzea.
Xede horiek lortzeko edota xedeetara bideratzeko baliabideak lortzeko, fundazioak honako jarduera hauek egin ahal izango ditu:
– Erakunde publiko zein pribatuen laguntzak eta/edo dirulaguntzak kudeatzea eta bideratzea, bai eta beharrezkoak diren kontratu eta hitzarmenak izenpetzea ere.
– Egin nahi duen zeinahi jarduera ekonomiko garatzea, baita enpresa-, industria- edo merkataritza-jarduerak ere, baldin eta fundazioaren xedeekin zerikusia badute edo berorien zerbitzura badaude.
– Partaidetza eta/edo inbertsioa izatea beren bazkideen erantzukizuna mugatuta duten merkataritza-sozietateetan edo gizarte-ekonomiako sozietateetan. Sozietate horien bidez, fundazioaren helburuak gauzatzen laguntzen duten jarduerak egin ahal izango dituzte, edo, salbuespen gisa bada ere, helburu horiekin zerikusirik ez duten jarduerak ere.
Aurreko jardueren berri eman beharko zaio Babesletzari, Fundazioei buruzko Legean aurreikusitako baldintzen arabera hala dagokion kasuetan.»
Fundazioaren hasierako zuzkidura 6.675 euroko diru-ekarpena da. Hasierako zuzkiduraren balio ekonomikoa 30.000 eurora iristen ez denez, eraketa-eskritura publikoari profesional independente batek egindako azterlan ekonomikoa erantsi zaio (602 protokolo-zenbakia duen eskritura osagarria), Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 12.1 artikuluaren bigarren paragrafoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41.1 artikuluan araututakoarekin bat.
Jarduerak garatzeko lurralde-eremu nagusia Bizkaiko Lurralde Historikoa da, hargatik eragotzi gabe jarduerak, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoan egin ahal izatea.
Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatuak gutxienez 3 kide izango dituela eta gehienez 30.
Fundazioaren hasierako patronatua honako kargu eta kideek osatzen dute (horien izendapena eta onarpena eratzeko eskrituran jasota dago):
– Presidentea: Lara Martín Sierra andrea.
– Presidenteordea: Luis Carlos Sanz Blanco jauna.
– Idazkari ez kidea: Diego Valdivielso Treceño jauna.
– Diruzaina: Óscar García Baldeón jauna.
– Kidea: Eduardo Maroto Soto jauna.
– Kidea: Juan Manuel Salvado Crespo jauna.
– Kidea: Sergio Ortiz de Zarate Ruiz jauna.
– Kidea: Olaia Fernández de la Cuadra Gandasegui andrea.
Lehen patronatua lau urterako izendatu da, eraketa-eskritura publikoaren laugarren hizpaketak eta fundazioaren estatutuen 12. artikuluak xedatutakoaren arabera. Kide berrien izendapena estatutuen 9. artikulutik 11. artikulura araututa dago.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2023ko ekainaren 15ean bildu zen, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasunari buruzko inskripzio-eskaera baloratzeko, eta, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.
Era berean, 2023ko abuztuaren 2an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eraketa espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Hori guztia kontuan hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Bisubi, Bizkaiko Sukaldarien Bilkura fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-485 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, honako eskritura hauetan jasotako baldintzetan: 2022ko abenduaren 9an Bilbon Almudena Fernández Ostolaza notario andrearen aurrean egiletsitako eskritura publikoa –2023ko maiatzaren 4ko eginbidez zuzendua– (protokolo-zenbakia: 1778), eta aurrekoa osatzen duen 2023ko ekainaren 5ean Jaime Fernández Ostolaza notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoa (protokolo-zenbakia: 602).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 4a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.