181. zk., 2023ko irailaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (246 KB - 11 orri.)
- EPUB (309 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
4360
EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 30ekoa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez bekak iragartzen baitira kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko 2023-2024 aldian.
Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuak arautzen ditu Europar Batasunaren eta Kanpo Harremanen eremuan gazteak prestatzeko bekak (2019ko otsailaren 1eko EHAA, 23. zk.).
Aipatutako dekretuaren 5.1 artikuluarekin bat etorriz, bekak iragartzen dira Europar Batasunaren eta Kanpo Harremanen eremuan gazteak prestatzeko 2023-2024 aldian; beka horiek Lehendakaritzako 2023. urterako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan barne hartuta daude, zeina Lehendakaritzako idazkari nagusiaren Ebazpenak onartu baitzuen.
Hori dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da hamalau beka ematea, Europar Batasunaren eta Kanpo Harremanen eremuan gazteen prestakuntza bultzatzeko 2023-2024 aldian.
2. artikulua.– Beken modalitatea eta kopurua.
1.– Modalitate hauen arabera banatzen dira iragarritako bekak:
a) Europar Batasuna: sei beka.
b) Kanpoan den euskal komunitatea: lau beka.
c) Kanpo-harremanak: lau beka.
2.– Eskatzaile bakoitza deitutako beka-modalitateetako bakar batera aurkeztu ahal izango da.
3. artikulua.– Destinoak.
1.– Europar Batasuneko beken onuradunek destino hauetan gauzatuko dute beren jarduera:
a) Bi beka Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.
b) Bi beka Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzan, Bruselan.
c) Bi beka Euskadiren Frantziako Ordezkaritzan, Parisen.
2.– Kanpoan den euskal komunitateko beken onuradunek destino hauetan gauzatuko dute beren jarduera:
a) Bi beka Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.
b) Beka bat Euskadiren Argentinako Ordezkaritzan (Mercosur), Buenos Airesen.
c) Beka bat Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzan, New Yorken.
3.– Kanpo-harremanetako beken onuradunek destino hauetan gauzatuko dute beren jarduera:
a) Bi beka Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusian, Vitoria-Gasteizen.
b) Bi beka Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzan –bata Santiagon eta bestea Bogotan–.
4. artikulua.– Diru-zuzkidura eta ordainketa.
1.– Deitu den beka-programaren guztizko kreditua 288.000 eurokoa da; horietatik 144.000 euro 2023ko ordainketa-kredituei dagozkie, eta 144.000 euro 2024ko konpromiso-kredituei.
2.– Hau izango da beken diru-zuzkidura:
– 16.000 euro gordin destinoa Vitoria-Gasteizen duen beka bakoitzeko.
– 24.000 euro gordin destinoa Euskadiren kanpoko ordezkaritzaren batean duen beka bakoitzeko.
3.– Jasotako zenbatekoak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Gizarte Segurantzaren araubidearen mende egongo dira.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek aurrez aurre edo bide elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte prozedura honen izapide guztiak.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa telematikoki izapidetzeko zehaztapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073108
3.– Eskabidea egiteko, behar bezala bete beharko da eskabide normalizatu bat, egoitza elektroniko honetan eskuragarri dagoena: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073108
Eskabideak identifikatzeko eta sinatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartutako bitartekoak erabili behar dira; helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
4.– Izapide elektronikoak ordezkari baten bidez egin ahal izango ditu eskatzaileak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistroan inskribatu beharko da ordezkaritza hori, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Eskabideak aurrez aurre aurkeztea aukeratuz gero, egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen inprimaki-eredua bete beharko dute interesdunek; hemen dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0073108
Posta-helbide honetara bidali beharko dira eskabideak, zein beka-modalitatetara aurkeztu nahi den adierazita:
Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusia.
Lehendakaritza – Eusko Jaurlaritza.
Nafarroa kalea 2 - 01007 Vitoria-Gasteiz (Araba).
Aurreko paragrafoan adierazitako idazkaritza nagusian ez ezik, Euskadiren kanpoko ordezkaritzetan eta Zuzenean Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Arreta bulegoetan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak. Zuzenean bulegoetan aurkezteko, hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik https://www.euskadi.eus/zuzenean-aurrez-aurreko-arreta/web01-a2zuzen/eu/ helbidean, edo, bestela, 945 01 90 00 telefono esklusiboaren bidez –aldez aurreko hitzordua eskatzeko edo baliogabetzeko aukera dago telefono hori erabilita–. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzak horretarako daukan datu-basean agertu beharko du onuradunak.
Alta eman edo hirugarrenaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko du interesdunak, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/
Ebazpenen jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago, beka-modalitate bakoitzaren instrukzio-organoak hamar eguneko epea emango dio eskatzaileari dokumentu osagarria bidal dezan.
2.– Epe hori igarota, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, dokumentuak aurkeztu ez badira, eskabideari uko egiten diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusten diren baldintzetan emandako ebazpenaren ondoren.
7. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 11. artikuluan aipatzen den Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu merezimenduak; hauek osatuko dute:
– Concepción Quintana Aguirre, Kanpo Harremanen zuzendaria, batzordeburua izango da. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Estibaliz Urcelay Erguido Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordeztuko du.
– Mikel Anton Zarragoitia, Europar Batasunerako zuzendaria. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Eloísa Susaeta Azcoitia Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordeztuko du.
– Gorka Álvarez Aramburu, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, José Manuel Meaurio Antón Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordeztuko du.
– Ibon Mendibelzua Madariaga, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikaria; batzordeko idazkari-lanak egingo ditu. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Loreto Guzmán Fonquernie Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordeztuko du.
– Ainara Jauregi Rekondo, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikaria. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Eloísa Susaeta Azcoitia Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordeztuko du.
– Benan Oregi Iñurrieta, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikaria. Kargua hutsik badago, bertaratu ez bada, gaixorik badago edo legezko beste arrazoiren bat gertatzen bada, Andoni Martín Arce Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko goi-mailako teknikariak ordeztuko du.
2.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 11.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, hautaketa-batzordeak Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko aholkulari den Asier Areitio Ibarlucearen aholkularitza izango du, zeinek hitza izango baitu, baina botorik ez.
8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoak dira ebaluazio-irizpideak.
2.– Gehienez 15 puntu emango zaizkio pertsonaren profil akademikoa bekaren edukiari egokitzeari, eta nazioarteko harremanen arloko ezagutzek eta esperientziak zehaztutako dute hori. Horretarako, idatzizko proba bat egingo da, aldez aurretik adierazitako lekuan eta egunean (eskatzaile bakoitzak emandako helbide elektronikora mezua bidaliz jakinaraziko dira lekua eta eguna).
9. artikulua.– Probaren modalitateak.
1.– Izangaiek idatzizko proba bat egingo dute: 15 galderako test bat, aukeratzen duten beka-modalitatera egokitua. 30 minutu izango dituzte proba egiteko. Galdera guztiek puntuazio bera izango dute, eta 15 puntu emango dira gehienez, honela banatuta:
a) Europar Batasuna modalitatea:
– 5 galdera Europar Batasuneko erakunde-esparruari buruz.
– 5 galdera Europako gaurkotasun politikoari buruz.
– 5 galdera Europako gaurkotasun ekonomikoari buruz.
b) Kanpoan den euskal komunitatea modalitatea:
– 5 galdera euskal etxeen esparruari buruz.
– 5 galdera euskal emigrazioaren memoria historikoari buruz.
– 5 galdera euskal diasporarako erakunde-programei buruz.
c) Kanpo-harremanak modalitatea:
– 5 galdera erakunde multilateralei buruz.
– 5 galdera nazioarteko gaurkotasun politikoari buruz. Ez da Europari buruzko galderarik egingo.
– 5 galdera nazioarteko gaurkotasun ekonomikoari buruz. Ez da Europari buruzko galderarik egingo.
10. artikulua.– Txostenak.
1.– Bekadunek txosten partzial bat aurkeztu beharko dute, urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretuaren 16.2.j) artikuluan aurreikusitako ikerlanaren garapenaren egoera zehazten duena, bai eta azken txosten zehatz bat ere, aztertutako gaiei, planteatzen dituzten arazoei, balizko irtenbideei eta, oro har, bekarekin lotutako alderdi interesgarri guztiei buruz.
2.– Txosten partziala bigarren ordainketa jaso baino lehen aurkeztu beharko da, eta, nolanahi ere, beka baliatzeko laugarren hilabeteko azken eguna baino lehen.
3.– Azken txosten zehatza beka baliatzeko hamaikagarren hilabetea amaitu baino lehen aurkeztu beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Xedapen hauek ezarritakoaren mende daude ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua eta Kanpo-harremanen eremuan gazteak prestatzeko bekak arautzen dituen urtarrilaren 29ko 12/2019 Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke organo berari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Guztiek jakin dezaten, www.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 30a.
Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARIA ÁNGELES ELORZA ZUBIRIA.