177. zk., 2023ko irailaren 15a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (332 KB - 12 orri.)
- EPUB (252 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4286
AGINDUA, 2023ko irailaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, itunpeko ikastetxe pribatuetan eskola-eremua euskalduntzeko Nolega dirulaguntzen deialdia egiten duena 2023-2024 ikasturterako.
Azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, honela dio 17. artikuluan: «Jaurlaritzak, nahitaezko ikastaldia bukatzerakoan ikasleek, aukera berdinetan, bi hizkuntza ofizialak benetan erabiltzeko adina menderatuko dituztela ziurtatzera bideratutako neurri guztiak hartuko ditu; halaber, euskal giroa ziurtatuko du, euskara ikastetxeetako barne- nahiz kanpo-jardueretan eta administrazio-jardun eta -dokumentuetan ohiko tresna bihurtuz». Ildo beretik, Hezkuntza eta Kultura Sailaren 1983ko abuztuaren 1eko Aginduak (1983ko abuztuaren 19ko EHAAn argitaratua, 122. zk.), zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko irakasmaila ez unibertsitarioetan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duen uztailaren 11ko 138/1983 Dekretua garatzen baitu, zera dio12. artikuluan: «Hezkuntza eta Kultura Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu euskararen erabilera eskola-giroan bermatzeko, klase barruan nahiz klasez kanpoko ekintzetan ohiko adierazpide bihurtuz».
Honen haritik, Nolega izeneko ekimen sorta moldatu zuen Hezkuntza Sailak 1984tik aurrera. Atal horrek, urte hauetan guztietan eta gaur egun arte, etenik gabe hainbat ekimen bideratu, antolatu edota diruz lagundu du. Ahozko erabilera areagotzeari begira, deialdi sorta zabala eskaini izan du urtero. 2013-14 ikasturtetik aurrera, ikastetxe gisa arlo honi modu bateratuan erantzungo dion ekimena proposatu zuen. Horregatik, Nolega Deialdi Bateratuan lehengo ildo berezituak bildu dira: Ahozko Adierazpena (eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, bideogintza, podcastak, kontalaritza eta irratigintza); Ikasgelaz kanpoko Ekintzak (IKE); Euskal Girotze Egonaldiak (EGE); eta Ikastetxeen arteko binakako loturak (Ikabil).
Hezkuntzako Curriculum Dekretuek (Haur Hezkuntzako 75/2023 Dekretua, Batxilergoko 76/2023 Dekretua eta Oinarrizko Hezkuntzako 77/2023 Curriculum Dekretua, 2023ko ekainaren 9an EHAAn argitaratuak) ikasle guztiek funtsezko konpetentziak garatzea dute xede nagusia. Zortzi funtsezko konpetentzia horien artean, Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia eta Konpetentzia Eleaniztuna ditugu. Ikasleei bi konpetentzia horiek eskuratzen laguntzea funtsezkoa da, horrek ahalbidetuko dielako gainerako konpetentziak ere garatzea, eta, beraz, gainerako arloen zerbitzura egongo delako.
Ildo estrategikoen artean, hezkuntza linguistiko eta eleaniztunaren kalitatea jasotzen du: beharrezkoak diren tresnak eta baliabideak ematen ditu errealitatea ulertzeko, pentsamendua adierazteko, arrazoitzeko, ezagutza transmititzeko eta mundu-ikuskera eta ulerkera jakin bat eta besteekin harremanetan jartzeko era zehatz bat garatzeko. Euskal Hezkuntza Sistemak konpromiso berezia hartzen du euskararekin –hizkuntza propioa baita– eta kulturarekin eta haren transmisioarekin, euskara eta euskal kultura identitate-, adierazpen- eta elkarbizitza-tresnatzat hartzen dituen heinean, baita beste hizkuntzekin ere.
Horretarako, ez da nahikoa ohiko klase emankizunetan lantzen diren gaitasunak jorratzea. Gelako metodologia erabat paradigma komunikatiboetan kokatzeaz gain, eskola esparruko beste hainbat ekimen osagarri ere eskaini beharko dizkio ikasleari. Batez ere, ikasleengan hizkuntza-gaitasuna eta bat-bateko jariakortasuna bermatu nahi da. Horretarako, eskola-giroan hizkuntza lantzeko saiakera biziak eta naturalak egiten dira; saiakerok babestea eta sustatzea du helburu deialdi honek, ikaslearen bizipenetan, adierazpenetan eta irudikapenetan euskara txertatuz.
Beraz, orain artekoari jarraikiz, bidera daitezkeen gainerako ekintzei kalterik egin gabe eta beste aurrerapauso bat emanez, 2023-2024 deialdia egitea erabaki da.
Deialdi honetan aplikagarri izango da ondoko araudia: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenak (EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan); eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena, eta horien kudeaketan parte hartzen dutenek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da, 2023-2024 ikasturtean, eskola-eremuan euskararen erabilera bultzatzeko asmoz NOLEGA dirulaguntza-deialdia egitea eta haren oinarriak onartzea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek aurreikusi ez duenari dagokionez, aintzat hartuko dira bai 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, bai 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta, halaber, dirulaguntza publikoak erregulatzen dituzten arauak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean. Halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera ekarriko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 5a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.
I. ERANSKINA
LEGE-OINARRIAK
1.– Zein ekintza lagunduko diren eta zeintzuk diren baldintzak.
Dirulaguntza deialdi honen bidez, ikasgela barruan zein kanpoan burutzekoak diren jarduera hauek lagunduko dira diruz:
a) Ahozko Adierazpena. Ikastetxeetan hizkuntzaren ahozko erabilera egoera ez formaletan bultzatzea, eskola-giroa euskalduntzeko asmoz egiten diren saio-jardueren bitartez: eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, irratigintza, bideogintza, podcastak, kontalaritza eta ikasleen ahozko adierazpena hobetzeko asmoz eskolara gonbidatuak ekartzea. Jarduera horiek ikastetxearen beraren erantzukizuna izango dira, eta zuzendaria izango da ikastetxearen ordezkaria.
b) IKE (Ikasgelaz Kanpoko Ekintzak). Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, ikasgelatik kanpo eginiko jarduerak:
b.1.– Ikastetxearen barruan, arlo akademikotik kanpo, euskaraz bizitzeko helburuarekin prestatutako jarduerak (jarduera bere osotasunean lagunduko da diruz: lanketa fasea, emanaldia, atrezzoa, bibliografia, jantziak..).
b.2.– Guraso, langile ez-irakasle edota irakasleentzat antolatutako berariazko jarduerak, betiere horien helburua ikasleen erabilera areagotzea denean.
Ikastetxean euskararen erabilera sustatzeko egiten diren jarduerak modu zabalean hartuko dira kontuan atal honetan; alegia, ikastetxearen antolamenduarekin zein pertsonen dinamizazio-motibazioarekin zerikusia dutenak, eta dagokion ikastetxeko planean kontuan hartuta daudenak.
Atal honen barruan ez dira sartuko, bestalde, berariazko laguntza bidea duten irakasleen prestakuntza edo berrikuntza-jarduerak: Irale, Prest Gara...
b.3.– Eskola-antolamenduko jarduerak, euskararen erabilera areagotzeari lotuak: hizkuntza paisaia, liburutegia, idatzizko arauak...
Ekimen hauen helburu nagusia euskararen erabilera bultzatzea eta ahozkotasuna lantzea dela kontuan hartuta, ez dira diruz lagunduko arte-lanketarako, gorputz-espresiorako, ikus-entzunezko efektuetarako eta abarretarako gastuak; ezta horrelako beste edozer hobetzeko erabiliko liratekeen gastuak ere.
c) EGE (Euskal Girotze Egonaldiak). Euskal giroan bizipena eskaintzeko asmoz antolatutako egonaldiak. Gutxienez 2 gaueko iraupena izan behar dute diruz lagunduak izateko.
Deialdi honetan ez dira diruz lagunduko Sailak kudeatzen dituen Euskal Girotze Barnetegietan egiten diren egonaldiak eta dirulaguntza aurrez jaso dutenak.
d) IKABIL (Ikastetxeen arteko binakako loturak). Euskal kultura, hizkuntza zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzea helburu duten ikastetxeen arteko truke-irteerak.
Kultura molde, euskal hizkera zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzeko egiten diren ikastetxe-trukeak izango dira lagunduak. Truke orok 2 gaueko iraupena izan behar du gutxienez. Normalean bi egonaldi izango dira, truke-kide bakoitzaren lekuan bana, alegia. Halere, salbuespen bezala, egonaldi bakarra egin ahal izango da, adostutako aterpe batean edo ikastetxe bakar baten herrian, bi ikastetxeen arteko distantziagatik edo beste arrazoiren bat dela medio.
Trukea EAEko ikastetxeen artekoa denean, ikastetxe biek bete behar dute eskabidea. Trukea Nafarroako edo Iparraldeko ikastetxe batekin egin nahi bada, berriz, EAEkoak soilik egingo du eskabidea, eta dirulaguntza osoaren jasotzailea ere bera izango da.
2.– Jarduerak burutzeko epea.
Dirulaguntza deialdi honek 2023-2024 ikasturtean egingo diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Deialdi honen bitartez diruz lagundutako egitasmoak justifikatzeko azken eguna 2024ko ekainaren 15a izango da. Hori dela eta, egitasmo horiek data hori baino lehen eskaini, eman, aurkeztu edota gauzatuko dira.
3.– Diru-baliabideak.
Dirulaguntza-deialdi honetarako erabiliko den diru-kopurua 190.000 eurokoa da.
4.– Dirulaguntzen bateragarritasuna
1) Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako eman ditzaketenekin. Hala ere, dirulaguntzaren kopuruak, bakarka edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, ez du inola ere gaindituko diruz lagundutako jardueraren kostua. Kasu horretan, deialdi honen bidez emandako kopurua dagokion zenbatekora murriztuko da.
2) Deialdi honetara aurkezten diren ikastetxeek, dirulaguntzagai diren jarduerak egiteko, beste erakunde publiko edo pribatutatik dirulaguntzarik eskatuta badute, edota halakorik jaso badute, horren azalpena egin beharko dute, berariaz, eskabide-orrian, dagokion atalean.
5.– Onuradunak.
1) Dirulaguntza deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko itunpeko ikastetxe pribatuei zuzenduta dago, hain zuzen ere maila hauek eskaintzen dituztenei: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Horiez gain, deialdi honetan parte hartzeko aukera izango dute, maila horietan aritu ez arren, Ulibarri programan dauden ikastetxeek.
Erakunde eskatzaileak beti bete beharko ditu honako hauetan xedatutako baldintzak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean 13. artikulua eta haren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia, laguntzon onuradun izateko indarrean dagoen araudia denez.
2) Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez, eta dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrei dagokienez.
Hori horrela, 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza-eskaera aurkeztean, eskatzaileak baimena emango dio dirulaguntza ematen duen organoari, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan xedatzen direnak egiazta ditzan. Hori bai, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena, baina, orduan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatzen den egiaztagiria aurkeztu beharko du.
Edozein ordainketa egin baino lehen, ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari nahiz dirulaguntzak itzultzeko prozedurei loturikoak beteta dituztela egiaztatuko da.
3) Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
4) Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat dutenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrena betez.
6.– Onuradunen betebeharrak.
1) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan ezartzen diren baldintzak eta betekizunak bete beharko dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu nahi dituztenek, besteak beste, honako hauek:
a) Dirulaguntzak oinarri duen helburua lortzea, eta horretarako eskabidean zehaztutako helburuak burutzea.
b) Dirulaguntza ematen duen erakundeari frogatzea eskakizunak baldintzak bete direla, eta dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela.
c) Egin daitezkeen egiaztatze-jarduketei men egitea, horretarako beharrezko informazio guztia aurkeztuz. Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzaren inguruan Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eska dezan edozein informazio eskaintzera behartuta dago dirulaguntza-jasotzailea.
d) Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea dirulaguntza ematen duen organoari edo entitate laguntzaileari. Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, betiere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.
e) Jasotako dirulaguntza hartu dela egiaztatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontroleko jarduerak aurrera eraman ahal izateko.
f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan ezarritakoa betetzea; alegia, dirulaguntzen bidez egiten diren ekimenen iragarki eta publizitatean ekimenak diruz lagunduak direla aipatzea.
g) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan aipatzen dituen kasuetan.
2) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen bigarren aldaketa egiteko martxoaren 3ko 1/2022 Legean xedatutakoari jarraikiz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.
3) Ikasleen aniztasuna aitortzea eta errespetatzea, eta gaitasun diferentea duten ikasleen beharretara egokitzeko aukerak ematea, askotariko errealitateak kontuan hartuta, aipaturiko 75/2023, 76/2023 y 77/2023 curriculum-dekretuek arautzen dutenez.
4) Ikasturtean zehar egindako jardueren azalpen-memoria eta gastuak justifikatzeko dokumentua bete eta aurkeztu beharko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez, deialdi honetan ezarritako epean.
7.– Eskabidea eta formularioak aurkezteko prozedura.
1) Eskabidea modu elektronikoan egin beharko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0101915 gunean, eta bi urratsetan:
a) Lehenengo urratsa edo aurre-eskabidea: bertan, egingo diren jarduerei lotutako datuak sartuko dira. Aurre-eskabidearen zenbakia gorde egin behar da eskabidea egiteko.
b) Bigarren urratsa edo eskabidea: aurre-eskabidea bidali eta gero, eskabidea egin behar da. Horretarako, eskabidea bete, sinatu eta bidali egin beharko da. Eskabidea egiteko, beharrezkoa izango da identifikazio elektronikorako txartelen bat edukitzea.
Eskabidea egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainerako agiriak ere helbide horretan egongo dira eskuragai.
2) Eskaerak aurkezteko epea hamabost (15) egun naturalekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3) Ikastetxe bakoitzak eskabide-orri bakar bat aurkeztu ahal izango du deialdi honetara. Eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten badira, erregistratua izan den azken eskabide-orria hartuko da kontuan.
4) Administrazioan jasotako dokumentazioan edo eskabidean hutsune edo osatu beharren bat sumatzen bada, honen berri emango zaio eskatzaileari eta 10 eguneko epea emango zaio, ondo osa dezan. Epe horretan osatu beharrekoa osatzen ez badu, ikastetxeak bere eskabideari uko egin diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5) Eskabidea egin ondorengo izapideak Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6) Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikazio eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide hauetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
8) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen erregistro elektronikoaren helbidea hau da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
9) E-Administraziorako Teknologi Plana (EATP) onartzen duen 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute tramitazio elektronikoa.
8.– Deialdiaren organo kudeatzailea.
Deialdi honen kudeaketa Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzari dagokio –Hezkuntza Saila, Hezkuntza Sailburuordetza–.
9.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura.
1) Deialdiko baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiei esleituko zaie dirulaguntza.
2) Gehienez 3.000 euroko dirulaguntza esleituko da ikastetxeko.
3) Eskabideak aztertu eta ondorengo irizpideak kontuan hartuta, dirulaguntza-proposamenak egiteko ikastetxe bakoitzari puntuazio bat esleituko zaio. Deialdiak duen diru-baliabidea puntuazio horien arabera banatuko da.
(Ikus .PDF)
10.– Ebazpena.
1) Eusko Jaurlaritzako Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak deialdiaren ebazpena eman eta sei hilabeteko epean jakinaraziko du, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2) Autonomia Erkidegoaren Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuko da ebazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoa jarraikiz, eta argitaratu eta biharamunetik hasita izango du eragina.
3) Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak oharrak bidali ahal izango dizkie interesdunei, SMS edo mezu elektronikoen bitartez, eskabide-orrietan adierazitako telefono mugikor edo posta elektronikoaren helbideetara. Ohar horiek ez dute, inolaz ere, jakinarazpen formalaren baliorik izango.
4) Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da. Organo eskudunak berariazko ebazpena emateko betebeharra du.
5) Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
6) Gardentasunaren ondorioetarako, emandako dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
11.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1) Aurretiaz eta ordainketa bakarrean gauzatuko da ordainketa eta ebazpena argitaratu ondoren izapidetuko da. Ebazpenaren jakinarazpena jasotzen den egunetik hasi eta hamar (10) eguneko epean ikastetxe onuradunek dirulaguntzari espresuki uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartutzat joko da.
2.) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere dirulaguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako dirulaguntzarik eman badu, dirulaguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, beharrezkoa den likidazio-ebazpena emango du Hezkuntzako sailburuordeak.
3) Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du dirulaguntza-jasotzaileak, dirulaguntza jaso ahal izateko. Alta emateko edota aurretik erregistratutako kontu-zenbakia aldatzeko, lotura honetan dagoen agiria aurkeztu beharko du: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak.
12.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1) Dirulaguntza jasotzen duten ikastetxeek, jarduera burutzen dutenetik 2024ko ekainaren 15era bitartean (azken egun hori barne) egin beharko dute egindako jardueraren justifikazioa, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak. Helbide horretan aurkituko dute ekintzei dagokien diru-justifikazioa jasotzen duen dokumentua.
Justifikazioa egiteko jarraibide zehatzak helbide elektroniko honetan azalduko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0101915
2) Jasotako dirulaguntzaren justifikazioa garaiz eta zuzen amaitzen ez duenak Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko dizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak– arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) zehaztutako prozeduraren arabera.
13.– Eginbeharrak ez betetzea.
1) Ikastetxeren batek dirulaguntza jaso eta ekimena aurrera eraman ez, edota baldintzaren bat bete gabe uzten badu, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak –Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak– arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) zehaztutako prozeduraren arabera.
2) Modu berean jokatuko da erakunde eskatzailea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotzen diren itzulketa-kasuren batean egonez gero.
14.– Datu Pertsonalen Babesa.
Agindu honetako prozeduretan erabiltzen diren eskabide eta dokumentazioetako datu pertsonalak Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzak tratatuko ditu, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Ikaskuntzako eta Hezkuntza Berriztatzeko dirulaguntzak. Helburua, berriz, Ikaskuntzaren eta Hezkuntzaren Berrikuntza finantzatzea eta laguntzea da. Datu pertsonalen tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Ekonomia eta Ogasun Saila da hartzailea, eta interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea dute, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio osagarria: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/050400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (www.euskadi.eus/contenidos/informacion/normativa_dpd/eu_def/adjuntos/RGPD-2016_0679_eu.pdf).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (www.boe.es/boe_euskera/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673-E.pdf).