175. zk., 2023ko irailaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (309 KB - 17 orri.)
- EPUB (125 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
4241
AGINDUA, 2023ko abuztuaren 29koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzen deialdia egiten baita, EAEko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden parte hartzeko proiektuak gauzatzeko 2023-2024 ikasturtean zehar.
Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, EAEko botere publiko guztien lehentasunezko zeregina da osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozioekonomikoko sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien intzidentzia deuseztatzea eta osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea Euskal Autonomia Erkidegoan, egokitzat jotzen dituen gomendioak emanez edo neurriak hartuz, politika sektorial guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboak taxutzea bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.
Aipatutako legearen 3. artikuluak adierazten du Osasunaren alorreko EAEko Administrazioari dagokiola Osasun Publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluak adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko organo guztiak, zein bere sektoreko ikuspuntutik, elkarlanean arituko direla heziketa sanitarioaren eremuan ekintzak sistematikoki egiteko, funtsezkoak baitira banakoen eta komunitatearen osasuna hobetzeko.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 23ko 116/2021 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak hauek dira, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta ekimen komunitarioa indartzea, komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.
Agindu honen xedea da, beraz, osasuna sustatzea eskola-mailako jarduketetan eta sektore sanitariokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau zeharo loturik dago Europar Batasunak gomendatutako «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, baita Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen Batzordeak egindako txostenarekin ere. «Osasuna politika guztietan» estrategiaren oinarrian egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, sektore sanitarioaren eragin-eremutik kanpo daude.
Jarduera fisikoa sustatzeko Torontoko Gutunak dio, argi eta garbi, ohiko jarduera fisikoak mesede egiten diola osasunari, gaixotasunak prebenitzen dituela, gizarte-harremanak eta bizi-kalitatea hobetzen dituela, onura ekonomikoak ekartzen dituela eta ingurumenaren jasangarritasunari laguntzen diola.
2013-2020rako Osasun Planaren helburuetako bat da herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa prebenitzea, EAEn jarduera fisikoa sustatzeko Mugiment proiektuan zehaztutako jarraibide eta estrategiei jarraituz.
2023ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez, Osasun Sailaren 2023ko ekitaldirako dirulaguntzen plan estrategikoa onartu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratu. Plan horretan, I. eranskineko 3.1.4 epigrafean, honako hau jasotzen da: «Elkarteei eta kooperatibei zuzendutako laguntzak, ikasleen artean jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa gutxitzeko parte-hartze bidezko proiektuetarako (mugikortasun aktiboa)».
Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean, laguntza horietarako aurrekontu-kreditua jasotzen da. EAEko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteen eta irakaskuntza-kooperatiben helburuetako bat da ikasleentzako heziketa-jarduera osagarriak abiarazten laguntzea; ildo horretan, jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako proiektuak gauza ditzakete.
Ikasleak kaleetan segurtasunez eta autonomiaz mugitu ahal izatea eta espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzea da eskola-bideei buruzko proiektuen xedea.
Ikastetxeetako jolastokiak eraldatzeko proiektuek ikasleen jolas-aukerak handitzen dituzte, eta mugimendua eta jarduera fisikoa bultzatzen eta berdintasunean eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako kalitatezko harremanak eta esperientziak sustatzen.
Familian ohiko jarduera fisikoa egiteak, familia-harremanak sendotzeaz gain, ongizatearen estimulu positiboak dakartza, eta, horren eraginez, jarduera fisikoa egitea ondo sentitzearekin lotuko dute haurrek etorkizunean.
Eskola-giroan jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea tresna eraginkor bat izan daiteke herritarrak txiki-txikitatik kontzientziatzeko jarduera fisikoak osasunari dakarkion onuraz. Eskola-adinean jarduera fisikoa egiteak, osasun fisikoari dakarkion onuraz gain, ikasleen memoria eta errendimendu akademikoa hobetzen ditu, eta ongizate psikikoari eta pertsonen arteko harremanei mesede egiten die.
Horiek horrela, honako hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta helburua.
1.– Agindu honen helburua da laguntza ekonomikoak iragartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden parte hartzeko proiektuak gauza ditzaten 2023-2024ko ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.
2.– Laguntza horien xedea da 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era egiten diren jarduketa hauek finantzatzea:
a) Parte hartzeko proiektuak gauzatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatuz.
Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatzak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta antzekoak erabiliz), seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.
b) Parte hartzeko proiektuak gauzatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikasteko, jolasteko eta mugitzeko espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta kultura, etnia, adin, sexu, desgaitasun eta bestelako aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta.
Proiektu horiek beharko dute:
1) Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.
2) Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.
3) Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.
c) Familian ohiko jarduera fisikoa egitea bultzatzera bideratutako jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak izango dira ikasleen guraso-elkarteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen irakaskuntza-kooperatiben titularrak, zeinek honako betekizun hauek izango baitituzte:
1.– Legez eratuta egongo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta.
2.– Irabazi-asmorik gabeak izan behar dute.
3.– Egunean eduki behar dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
4.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.
5.– Ez dute izan behar zehapen penalik edo administratiborik, dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dienik, ez eta horretarako ezgaitzen dituen debeku legalik ere, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barnean direla.
6.– Ez dute egon behar Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritako egoeraren batean.
7.– Artikulu honetako 3. eta 4. apartatuak agindu honetan ezarritakoaren arabera beteko dira: Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa.
8.– Ez dute egon behar arau hauetan jasotako egoera eragozleetan: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikulua; Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikulua, eta Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua.
3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-zuzkidura eta deialdia kudeatzen duen organoa.
1.– Deialdiaren zenbatekoa berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) eurokoa da.
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdia kudeatzen duen organoa.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era sortutako eta ordaindutako gastuak, proiektua dinamizatzearen, koordinatzearen eta gauzatzearen ondoriozkoak; hauek, hain zuzen ere:
a) Parte hartzeko prozesuak dinamizatzea prozesuko protagonisten artean (ikasleak, irakasleak, ikastetxeko langile ez-irakasleak, familiak eta bestelakoak) egungo egoerari, diseinuari eta proiektuaren garapenari buruzko gogoeta-faseetan.
b) Abiapuntuko egoeraren analisia:
1) Eskola-inguruneko mugikortasuna.
2) Espazio fisikoa eta haren erabilera.
3) Familien jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren mailak eta haien beharrak eta lehentasunak.
c) Espazioak egokitzea.
d) Behar den materiala eskuratzea.
e) Hitzaldiak, lantegiak edo bestelako jarduerak antolatzea, baldin eta agindu honen xedearekin zerikusia badute eta ikasleen eta haien familien artean jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta badaude.
f) Boluntarioen istripu-aseguruaren eta erantzukizun zibileko aseguruaren zenbatekoa.
2.– Honako gastu hauek, berriz, ez dute dirulaguntzarik jasoko:
a) Kontuen interes zordunak.
b) Finantza-gastuak.
c) Inbertsio-gastuak.
d) Administrazio-lizentziak.
e) Berandutze-errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak; besteak beste, zergen, tributuen, tasen, Gizarte Segurantzako kuoten, prozedura judizialen edo gatazkak borondatez ebazteko beste prozedura batzuen ordainketan berandutzeak edo ez-ordaintzeak eragindakoak.
f) Hauen ondoriozkoak:
– Kirol- eta kultura-arloko ekitaldi eta programazioak.
– Jarduketa isolatuak, izan puntualak nahiz ezarritako aldizkakotasunekoak, osasuna sustatzeko proiektu zabalago batean sartuta ez daudenak, hala nola...ren eguna, ...ren astea eta...ren jardunaldia.
3.– Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da oinarrizko legedi gisa.
5. artikulua.– Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.
Oinarri hauen babespean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira administrazio publikoek edo erakunde pribatuek helburu bererako emandako beste edozein dirulaguntzarekin. Dirulaguntzen zenbatekoa –bera bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabideei gehituta–, inoiz ez da izango diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Kostua gainditzen bada, oinarri hauen babespean emandako dirulaguntza murriztu egingo da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.
1.– Dirulaguntzaren hasierako zenbatekoak ez du muga hauetako bat ere gaindituko:
a) Eskatutako zenbatekoa.
b) Diruz laguntzeko moduko gastuen % 100.
c) 5.000 euro proiektuko.
2.– Proiektu bakoitzari dagozkion kopuruak esleitu, eta deialdi honetarako zehaztutako aurrekontu-zuzkidura osoa ez bada agortzen, proiektu bakoitzaren gehieneko dirulaguntza handituko da, 5.000 eurotik 6.000 eurora. Hala ere aurrekontua agortzen ez bada, proiektu bakoitzari 1.000 euro gehituz joango zaio, deialdi honetako 3.1 artikuluan adierazitako aurrekontu osoa esleitu arte.
7. artikulua.– Eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Erakunde bakoitzari eskaera bakarra onartuko zaio. Erakunde batek eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, modu elektronikoan aurkezten duen azkena bakarrik hartuko zaio kontuan. Lehendik eskaera bat erregistratuta duenak beste eskaera bat aurkezten badu, aurreneko eskaera automatikoki ezetsi eta prozedurari bukaera emango zaio, ezesteko ebazpena emanda legez ezarritako moduan.
2.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu behar dira:
a) Bilera-aktaren kopia arrunta, deialdi honetan parte hartzeko erabakia jasotzen duena.
b) Proiektua beste toki-erakunderen edo erkidegoko beste agenteren batekin koordinatuta egiten bada, inplikaturiko agente guztiek izenpeturiko dokumentua, akordioa egiaztatzen duena.
c) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.
8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Elkarte edo kooperatiba bakoitzari eskaera bakarra onartuko zaio.
3.– Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 20. artikuluan adierazitako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa erabilita.
4.– Eskaera aurkezten duenak ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu behar du bere burua:
a) Erakundearen ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, ez du beste egiaztagiririk behar.
b) Pertsona fisikoaren ziurtagiri elektronikoa erabiltzen badu, 20. artikuluan aipatutako ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko du, edo erakunde eskatzaileak deialdi honetarako berariaz emandako baimena aurkeztu beharko du.
5.– Elkarte edo kooperatiba eskatzaileek eskabidea eta gainerako dokumentazioa aurkezteko hizkuntza ofiziala aukeratu behar dute. Prozesu osoan erabiliko da eskatzaileak aukeratutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskaeran egindako akatsak zuzentzea.
Eskaeran datuak falta badira edo nahitaezkoa den agiriren bat falta bada, administrazioak 10 egun balioduneko epea emango dio erakunde eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Halaber, adieraziko dio ezen, hala egiten ez badu, ulertuko duela eskaeran atzera egin duela. Administrazioak eskaera horiei buruzko ebazpen espresua eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan (zeinak lotura baitauka 21. artikuluarekin).
10. artikulua.– Datuak eta betekizunak egiaztatzea.
1.– Organo kudeatzaileak identitate-datuak kontsultatuko edo bilduko ditu dagokion administrazio publikoan, eta eskakizunak betetzen direla egiaztatuko du. Kontsulta horiei berariaz uko egiten zaiela adieraz daiteke eskaeran. Erakundeak ez badu kontsultarako baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.
Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7.2 artikuluan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren eskakizunak eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztuko ditu erakundeak.
2.– Eskaerak gutxienez honako hauei buruzko erantzukizunpeko adierazpenak jaso behar ditu:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.
– 38/2003 Legearen 13.2 artikuluak ezarritako gainerako egoera bakar batean ere ez egotea.
– Eskatuta edo emanda izatea, edo ez, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk, edozein administrazio publiko edo erakunde publikotako edo pribatutakoak edo estatuko, Europar Batasuneko edo nazioarteko erakundeetakoak. Halakorik eskatu edo jaso bada, kopurua adierazi behar da.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan izapidetzen hasitako itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta egotea edo ez egotea. Erantzuna baiezkoa bada, prozedura edo prozedurak identifikatzea.
– Dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ez eta halakoak jasotzeko gaitasuna kentzen duen lege-debekurik ere, eta, bereziki, arau hauetan jasotako egoera eragozleetan ez egotea: Ekonomia Zirkularrerako Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 109.4 artikulua; Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikulua, eta Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 82. artikulua.
3.– Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman aurretik eta ordainketa bakoitza egin aurretik, behar den egiaztapena egingo da.
4.– Erantzukizunpeko adierazpen bateko datu, adierazpen edo dokumenturen batean funtsezko zehaztasunik eza, faltsukeria edo omisioren bat hautematen bada, erakunde eskatzaileak ezin izango du prozeduran jarraitu egitate horien berri jakiten den unetik aurrera. Gainera, bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatu ahal izango dira.
Halaber, egoera horren berri ematen duen administrazio publikoaren ebazpenak ezar dezake erakunde interesdunak dirulaguntza itzuli behar duela –hala badagokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin duela aurkeztu xede bereko beste prozedura batera; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskaerak balioesteko irizpideak.
1.– Dirulaguntzak irizpide hauen arabera emango dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:
a) Proiektuaren deskribapen teknikoa. Gehienez 20 puntu.
1) Ikastetxearen hasierako egoera. Gehienez 5 puntu.
a) Egoera fisikoa (kokapena, instalazioak, zentroaren irisgarritasuna, etab.): puntu 1.
b) Ikasleen ezaugarriak: inguruabar sozioekonomikoak, hezkuntza-premia bereziak, ikasleek ikastetxean jarraitzea, kultura-aniztasuna edo bestelakoak: 2 puntu.
c) Ikasleen jarduera fisikoaren eta sedentarismoaren maila. Generoaren, desgaitasunaren, adinaren edo bestelakoen araberako aldeak: puntu 1.
d) Hiri- eta hezkuntza-espazioen erabilera (desberdinkeria, hezkidetza, jolas librea, bizikidetza): puntu 1.
2) Aginduaren xedearekin lotutako helburuak (1. artikulua). Gehienez 5 puntu.
a) Proiektuak helburuak garatu eta azaltzen ditu: 3 puntu.
b) Proiektuak helburuak lotzen ditu: 2 puntu.
3) Garapen-faseak. Gehienez 5 puntu.
a) Faseak izendatzen ditu: 2 puntu.
b) Fasean faseko edukiak garatzen ditu: 3 puntu.
4) Ebaluazio-proposamena. Gehienez 5 puntu.
a) Proposamenak zehazten du proiektuaren jarraipena egiteko sistema bat: 3 puntu.
b) Proposamenak zehazten du planteatutako helburuak lortu diren balioesteko sistema bat: 2 puntu.
b) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa. Gehienez 25 puntu.
1) Parte hartzeko dinamikak: hezkuntza-komunitateak proiektuan parte hartzea. Gehienez 15 puntu.
a) Proiektua diseinatzeko fasea. Gehienez 5 puntu.
Azaltzen du hauek nola parte hartu duten:
1) Irakasleek: 2 puntu.
2) Ikasleek: 2 puntu.
3) Gainerako hezkuntza-komunitateak: puntu 1.
b) Proiektua ezartzeko fasea. Gehienez 5 puntu.
Azaltzen du hauek nola parte hartu duten:
1) Irakasleek: 2 puntu.
2) Ikasleek: 2 puntu.
3) Gainerako hezkuntza-komunitateak: puntu 1.
c) Proiektua ebaluatzeko fasea. Gehienez 5 puntu.
Azaltzen du hauek nola parte hartu duten:
1) Irakasleek: 2 puntu.
2) Ikasleek: 2 puntu.
3) Gainerako hezkuntza-komunitateak: puntu 1.
2) Proiektuaren diseinua eta garapena ikastetxearen prestakuntza-programan sartzea. Gehienez 10 puntu.
a) Azalduta dago proiektua zein ikasgaitan lantzen ari diren: 3 puntu.
b) Azalduta dago zein gai lantzen ari diren: 5 puntu.
c) Gurasoei hitzaldiak ematea edo irakasleei prestakuntza ematea aurreikusten da: 2 puntu.
c) Tokiko komunitatearen inplikazioa. Udalerriko erakundeekin edo taldeekin koordinatzea, proiektuan izango duten inplikazioa baieztatuta. Gehienez 15 puntu.
1) Udala. Gehienez 10 puntu.
a) Zein fasetan edo jardueratan parte hartzen duen zehaztu da: 5 puntu.
b) Udalak zein eratara parte hartzen duen garatu da: 5 puntu.
2) Auzo-elkarteak eta bestelakoak, beste hezkuntza-zentro edo kolektibo batzuk. Gehienez 5 puntu.
a) Proiektuko parte-hartzea azaldu eta agiri bidez justifikatzen da: 2 puntu.
b) Parte hartzeko era azaltzen da: 3 puntu.
d) Desberdinkeria sozioekonomikoetan, genero-desberdinkerietan, jatorri-desberdinkerietan, desgaitasun-desberdinkerietan eta bestelakoetan arreta berezia jartzea. Gehienez 40 puntu.
1) Proiektua ikastetxe batean gauzatzen bada, puntuazio hauek dagozkio:
a) Eraldatzen programan parte hartzen badu: 30 puntu.
b) Ez badu Eraldatzen programan parte hartzen:
– Ikasleen % 59 baino gehiago bekadunak badira: 30 puntu.
– Ikasleen % 50 eta % 59 artean bekadunak badira: 20 puntu.
– Ikasleen % 40 eta % 49 artean bekadunak badira: 10 puntu.
2) Neskek jarduera fisikoarekin inplikazioa izatea eta jarduera fisiko gehiago egitea lortzeko modua deskribatzen duen proiektua: 5 puntu.
3) Desgaitasuna duten ikasleek jarduera fisikoarekin inplikazioa izatea eta jarduera fisiko gehiago egitea lortzeko modua deskribatzen duen proiektua: 5 puntu.
2.– Bestalde, 0,90eko haztapen-faktorea aplikatuko zaio 2022-2023 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen mugikortasun aktiboa sustatzeko parte-hartzeko proiektuak gauzatzeko laguntzen deialdian esleipendun izan ziren elkarteek edo kooperatibek aurkeztutako proiektuen hasierako puntuazioari.
3.– Dirulaguntza emateko ezinbestekoa da a) irizpideari dagokion atalean 8 puntu izatea gutxienez, eta guztira 50 puntu izatea gutxienez.
12. artikulua.– Eskaerak balioestea, eta dirulaguntzak emateko eta zenbatekoak finkatzeko prozedura.
1.– Hauek izango dira eskaerak balioesteko balioespen-batzordea osatuko dutenak:
a) Batzordeburua: Itziar Larizgoitia Jauregui, Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria.
Ordezkoa: Koldo Cambra Contin, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariordea.
b) Batzordekideak:
– Juan Carlos Fernández Crespo, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arabako zuzendariordea.
Ordezkoa: Iosune Egaña Txurruka, Osasuna Sustatzeko teknikaria.
– Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko zuzendariordea.
Ordezkoa: Patxi Cirarda Larrea, Osasuna Sustatzeko Zerbitzuko burua.
– Elena Albisua Cortazar, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako zuzendariordea.
Ordezkoa: Blas Borde Lecona, Osasuna Sustatzeko teknikaria.
c) Batzordeburuak batzordekideen artetik izendatzen duen pertsonak egingo ditu kide anitzeko organoko idazkari-lanak.
2.– Dagokion artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera baloratuko ditu eskaerak Balioespen Batzordeak.
3.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den aldetik, edo Balioespen Batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua hobeto ulertzeko.
4.– Balioespen Batzordeak zehaztuko du, proiektu bakoitzerako, lortutako puntuazioa eta diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.
5.– Hau da eskaerak balioesteko eta zenbatekoak zehazteko prozedura:
a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaera bakoitzari 11. artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa esleituko zaio.
b) 11.3 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskaerak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.
c) Puntuazio osoan berdinketa gertatuz gero, 11.1 artikuluaren d) apartatuan lortutako puntuazioa nagusituko da lehenik, eta c) eta b) apartatuetan lortutakoa gero. Hala ere berdinketak jarraitzen badu, eskaeren sarrera-hurrenkera kronologikoa hartuko da aintzat.
d) Hurrenkera kontuan hartuta zehaztuko da banakako zenbatekoa, 6. artikuluan aurreikusitako mugak eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa aintzat hartuta, 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.
6.– Zenbatekoak zehaztu ostean, Balioespen Batzordeak Osasuneko sailburuordeari bidaliko dio dirulaguntzak emateko proposamena. Proposamen horretan, hauek zehaztu beharko dira banakako proposamen bakoitzari dagokionez:
a) Emateko proposamena bada: erakunde onuradunaren nortasuna, proiektuaren espediente-zenbakia eta zenbatekoa.
b) Ez emateko proposamena bada: erakunde eskatzailearen nortasuna, proiektuaren espediente-zenbakia eta dirulaguntza ez emateko arrazoia.
7.– Proiektu bati laguntza esleitzeak ez du obra-lizentzia eskuratzetik salbuesten, lizentzia hori beharrezkoa baita obrak edo erreformak egiten badira.
13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Osasuneko sailburuordeari dagokio laguntzen deialdia ebaztea, Balioespen Batzordeak proposatuta.
2.– Ebazpenean zehaztuko da eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatu diren. Eman direnetan, elkarteen identitatea eta bakoitzari esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatu direnetan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.
3.– Prozedura ebazteko eta ebazpena elkarte edo kooperatiba interesdunei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Gehieneko epea igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntza-eskaera ezetsi zaiela ulertu ahal izango dute erakunde interesdunek, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko zaie elkarte eta kooperatibei.
5.– Ebazpenak ez dio bukaera ematen administrazio-bideari eta, horrenbestez, aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean, 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.
6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte edo kooperatiba onuradunei esleitu eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, bukatuta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organo autonomoek eta administrazio orokor horren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedurek.
14. artikulua.– Laguntza justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko justifikazio telematiko bat bete beharko da. Datu horiek nahitaez adierazi beharko dira 20. artikuluan aipatzen den «Nire Karpeta» atalean eskuragarri dagoen inprimakian.
2.– Justifikazioetan gutxienez datu hauek jarri behar dira:
a) Elkartearen edo kooperatibaren izena.
b) Proiektuaren izenburua, espediente-zenbakia, harremanetarako pertsonaren izena eta proiektuan parte hartzen duen ikastetxearen izena eta kodea.
c) Proiektua gauzatzeari buruzko memoria:
1) Egindako jarduketak:
a) Egindako jarduketen deskribapena.
b) Ebaluazioa.
2) Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa proiektuan:
a) Parte hartzeko dinamikak:
– Diseinua.
– Ezarpena.
– Ebaluazioa.
b) Prestakuntza-programa.
3) Tokiko komunitatearen inplikazioa proiektuan.
a) Udala.
b) Elkarteak eta beste ikastetxe eta kolektibo batzuk.
- - Desberdinkeriei jarritako arreta berezia (datuak sexuaren arabera bereizita aurkeztu behar dira).
d) Proiektuaren gastuen memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda dakarrena; hala badagokio, helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk jaso direla zehaztuko du. Diruz laguntzeko modukoa ez den ekarpen propiotzat justifika daiteke langile boluntarioen lanaren balioztapena, orduko 20 euroko gehieneko mugarekin. Langile boluntarioak balioztatzeko, elkarte edo kooperatibaren inguruko lagunek proiektuaren xedeak lortzeko eta ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egiten da. Gastu horiek proiektuaren zenbateko osoaren % 20 izango dira gehienez ere.
e) Gastua egiaztatzeko agirien zerrenda. Zerrenda horretan, gastu-egiaztagiri guztien zerrenda jaso beharko da, aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren zenbateko osoa egingo duena, eta honako hauek adierazi beharko dira: dokumentuaren izaera, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari egotzitako ehunekoa. Gastuen egiaztagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.
3.– Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:
a) Fakturen edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopia soilak, erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia bukatu baino lehen egin dela ordainketa eta dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela.
b) Proiektua gauzatu dela egiaztatzen duten dokumentu osagarriak, material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo sortutako beste dokumentuak barne. Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiria aurkeztu behar da. Datu hauek azalduko dira bertan: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NANa), ordu-kopurua, orduko kostua, zenbateko osoa eta boluntarioaren sinadura.
4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek izango dira:
a) Erakunde onuradunaren izenean egindako fakturaren bidez justifikatutakoak.
b) Ziurtagirien edo banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak. Dokumentu horiek finantza-erakundeek egiten dituzte eta fakturetan azaltzen diren datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.
c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak. Ordainagiriek Gizarte Segurantzako kotizazio-eredu eta -buletinen eredu ofizialen araberakoak izan behar dute.
d) Balio erantsiaren gaineko zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanen kasuan, enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, elkarte onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek honako hauek jasoko ditu gutxienez: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo sozietate-izena, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta zenbateko osoa; idazkiaren jaulkipen-data; hartu-agiria eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.
e) Langile boluntarioak edukiz gero, boluntarioen asegurua agindu honetan aurreikusten diren diruz laguntzeko moduko gastutzat har daiteke, jarduketen esparruan, jarduketa horiek boluntarioen laguntza izan badute. Finantzatu beharreko boluntarioen aseguruak bi poliza izan behar ditu nahitaez: bata, istripuena, eta bestea, erantzukizun zibilarena. Azken poliza horretan, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, eta aseguruaren urte osoko kuota ordainduko zaie polizako boluntario guztiei. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren zenbateko osoa.
5.– Dirulaguntza jaso aurretik egindako gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintzen eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2023ko uztailaren 1etik 2024ko ekainaren 30era sortu eta ordaindu badira.
6.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2024ko uztailaren 18an bukatuko da, eta egun horixe izango da agiri horiek onartzeko azkena.
7.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 20. artikuluan, izapidetze elektronikoari buruzkoan, azaltzen den moduan.
8.– Gizonen eta emakumeen egoeran dagoen eraginaren berri izateko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da justifikazio horretan, hala badagokio.
9.– Artikulu honetan zehaztu ez diren gaietan, 38/2003 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
15. artikulua.– Aurkeztutako justifikazio-dokumentuetako akatsak zuzentzea.
Justifikazio-dokumentazioan akatsen bat edo ez-egiteren bat ikusten bada, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo dokumentazioa aurkezteko eskatutako zaio erakundeari.
Eskakizun horri ez badio garaiz eta modu egokian erantzuten, eskatutakoa behar bezala justifikatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 21. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
16. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.
1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:
a) % 70, ebazpena argitaratu eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.1 artikuluan ezarritako epean.
b) Gainerako % 30a: proiektua gauzatu izana eta haren gastu osoa justifikatu eta gero, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen arloko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.
3.– Onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek edo haren sektore publikoko gainerako erakundeek emandako gisa bereko laguntza edo dirulaguntzengatik abiarazitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek bukatu gabe badaude.
4.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak erregistratuta egon behar du Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro elektronikora jo beharko da; erregistro hori Eusko Jaurlaritzak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte, indarrean dagoen araudiak adierazitako betebeharrez gain:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Erakunde onuradunek ez badiote berariaz uko egiten dirulaguntzari esleipen-ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 10 egun balioduneko epean, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, jasotako laguntza guztia horretara bideratuz.
3.– Dirulaguntzak emateko eskatu eta kontuan hartu den betekizunen bati eragiten dion zerbait aldatu bada, horren berri ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
5.– Diruz lagundutako proiektuari jarritako baldintzak eta eskakizunak bete direla eta proiektua gauzatu dela justifikatzea.
6.– Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea,egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan, eta Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jardueren mende jartzea.
7.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea eskaera aurkezten denetik 5 urtez, agiri elektronikoak barne, egiaztatu eta kontrolatu ahal izateko.
8.– Osasun Sailaren babesa aipatzea egiten diren dokumentuetan, baita egiten den publizitate guztian ere. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz egingo da (hemen dago eskuliburua: https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/).
9.– Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubide mugagabea ematea Osasun Sailari, doan eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, eta bai zabaldu eta/edo argitaratzeko ere formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edota teknika erabiltzen uzten duen bide oro baliatuz.
10.– Euskadi Aktiboa plataforman, baliabide komunitario gisa ikusaraztea erakunde adjudikazioduna, bai eta urtebetetik gorako jarraitutasuna duten jarduerak ere. Plataformarako sarbidea egoitza elektroniko honetan dago: https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa-auzolanean-osasuna-zabaltzen/web01-a2osabiz/eu/
11.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, laguntzen erabilera fiskalizatzeko zeregina betez, eskatutako informazio guztia ematea.
12.– Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipioak eta betebeharrak betetzea.
13.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoa betetzea.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozein aldaketa gertatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, edo aldi berean Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuen beste dirulaguntza eta laguntza batzuk jasoz gero, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Osasuneko sailburuordeak aldaketa-ebazpen bat emango du, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doitzeko, eta honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:
a) Gastuen justifikazioan aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoarekiko beheranzko aldea % 25ekoa edo txikiagoa bada eta betiere hasieran aurreikusitako helburu guztiak bete badira, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.
b) Aurkeztutako aurrekontu osoarekiko beheranzko aldea % 25etik gorakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
Bi kasuetan, soberan jasotako zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira erakunde onuradunak, 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerari jarraipena egitea.
Osasun Sailak beharrezkotzat jotzen dituen gainbegiratze, ikuskatze eta egiaztatze guztiak egingo ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.
20. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Elkarte edo kooperatiba interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz –eta ez bestela– egin beharko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan dago eskuragarri ahalordeen (ordezkarien) erregistro elektroniko orokorrari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/ordezkariak.
3.– Elkarte edo kooperatibak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri identifikazio elektronikorako onartzen diren baliabideak: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren atal honetan daude eskuragarri laguntzak izapidetzeko jarraibideak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1091504.
5.– Eskaeraren ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atala erabilita: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
21. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzultzeko ebazpena ematen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.
3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da, emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin batera– proiektuaren kostua gainditzen badu. Kasu horretan, soberako kostua eta dagokion berandutze-interesa soilik itzuli beharko da.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren 18. artikuluko baldintzak aldatuz gero, laguntzaren parte bat itzuli beharko da; betiere, hasiera batean aurreikusitako helburu guztiak bete badira eta erakundeak egiaztatzen badu irmo ahalegindu dela bere konpromisoak betetzen. Nolanahi ere, aldaketak ezin izango du sekula eragin gauzatutako jarduerak lotura galtzea deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ezta proiektuaren beraren xedea bete gabe geratzea ere. Halakorik gertatzen bada, dirulaguntza-eskubidea galdu, eta jasotako kopuru guztiak itzuli beharko dira.
Laguntzaren parte bat itzuli behar bada, laguntza aldatzeko ebazpenean finkatutako zenbatekoaren soberakina itzuli beharko da. Ebazpen hori deialdiaren 11. artikuluan aipatzen diren eskaerak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da.
5.– Osasuneko sailburuordeak emango dizkio hasiera eta ebazpena itzulketa-prozedurari, beharrezko prozesuak izapidetu eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da, zeinaren bidez arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeak eta itzulketak, eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak.
6.– Itzulitako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
22. artikulua.– Datu-babesa.
Datuak babesteko ordezkariak Tratamendu Jardueren Erregistroan aurreikusitako «Osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntzak eta dirulaguntzak» tratamendu-jarduerarako prestatutako klausuletan oinarrituta, ezartzen da datu pertsonalak tratatu egingo direla eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Arloko Laguntzak eta Dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla.
Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa:
– Arduraduna: Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
– Xedea: osasun publikoaren eta adikzioen arloko laguntza ekonomikoak eta dirulaguntzak kudeatzea.
– Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako eginkizun bat betetzeko beharrezko tratamendua.
– Hartzaileak: bankuak, kutxak eta landa-kutxak; ogasun publikoa eta zerga-administrazioa; autonomia-erkidegoko bestelako organoak.
– Eskubideak: datuak eskuratzea, zuzentzea eta ezabatzea, baita informazio gehigarrian jasotako bestelako eskubideak ere.
– Informazio gehigarria: www.euskadi.eus/datu-babesa
Datu-babesari buruzko arauak:
– 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa.
– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta berau garatzeko jarduketak xedapen hauen mende egongo dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
Deialdia Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren mende egongo da (Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da agindu hori).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, zuzenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, 2 hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 29a.
Osasuneko sailburua,
MIREN GOTZONE SAGARDUI GOIKOETXEA.