Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2023ko irailaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4239

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 8koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Petróleos del Norte SAk (Petronor) Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz eta Zierbena udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatutako findegiaren eta Bilboko portuaren arteko poliduktua handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena.

AURREKARIAK

2023ko maiatzaren 2an, Bizkaiko Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak eskaera bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Petróleos del Norte SAk Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz eta Zierbena udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatutako findegiaren eta Bilboko portuaren arteko poliduktua handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko maiatzaren 25ean, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat organismoren aldetik, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egin ahal izateko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E. eranskineko 3. epigrafean xedatutakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua behar dute proiektu hauek: «Beste proiektu batzuk, II.D eranskinekoak ez direnak, zuzenean edo zeharka, bakarrik edo beste plan, programa edo proiektu batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezakete naturagune babestuetako batean edo natura-ondarea kontserbatzeko araudiaren arabera babes-araubidea duten naturaguneetan». Proiektua bi gas-hoditeria berri eta hondakin-uren beste bat egitean datza, findegiaren eta Bilboko portuaren arteko egungo poliduktua handituz. Trazatua gainjarri egiten zaio neurri batean «Barbadún ibaia» (ES2130003) kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) babes-eremu periferikoari.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea findegiaren eta Bilboko portuaren arteko poliduktua handitzeko Petróleos del Norte SAk (Petronor) Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz eta Zierbena udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatutako proiekturako, honela:

A) Proiektua Petronor findegia eta Bilboko Portua lotzen dituen poliduktua handitzean datza, eta, horretarako, bi hoditeria berri ezarriko dira CO2 eta H2 garraiatzeko, eta hirugarren bat findegiko hondakin-urak isurketa-punturaino bideratzeko, azken hori hondatuta dagoen eta zerbitzuz kanpo geratuko den hodiaren ordez.

B) Findegiaren eta Bilboko portuaren arteko poliduktua handitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-dokumentua aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F. eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Gaur egun, poliduktuan 8 hodi daude, hainbat produktu petrokimiko garraiatzen dituztenak (gordina, gasolina, gasolioa, fuel-olioa, GAL, propilenoa, naftak eta kerosenoak), eta 6 eta 42 hazbete arteko diametrokoak dituzte (152,4 eta 1.066,8 mm artean). Beste hodi bat ere badago, 20 hazbetekoa, findegian sortutako hondakin-urak itsasora isurtzen dituena, Bilboko portuko lurretan.

Poliduktua osatzen duten linea guztiak 20 metroko lur-zerrenda baten barruan daude, eta etengabeko zortasuna dute. Zortasun-zerrendaz gain, 3 metroko zabalera duten luzetarako beste bi zerrenda ere badaude (zortasun-zerrendaren alde banatan), babes-eremuei dagozkienak.

Poliduktua handitzeko, 3 hodi berri jarriko dira: bat, CO2 garraiatzeko, 4 hazbeteko diametrokoa; bestea, H2 garraiatzeko, 3 hazbetekoa; eta hirugarrena, hondakin-urak garraiatzeko, 20 hazbeteko diametrokoa. Azken hodi horrek egungo hodia ordeztuko du, zeina baliogabetu egingo baita, lekuan mantenduko den arren. Findegiko barrutien eta Bilboko portuko itsas terminalaren barrualdean, 3 hodiek aireko trazatua egiten dute.

CO2, H2 eta hondakin-uren hoditeria berrien trazatua 5,91 km, 4,84 km eta 2,76 km luze da, hurrenez hurren. Findegiko lurretako eta «La Caldera» eremuko aireko tarteak 3,35 km-ko luzera du CO2 hodiarentzat, eta 2,29 km-koa H2 hodiarentzat. Hondakin-uren hodiaren trazatuak 164 m-ko aireko tartea hartzen du. Zangan dagoen tartearen luzera 2,04 km-koa da hiru hodietarako, eta lurzoruan tinkatutakoarena 520 m-koa CO2 eta H2 hodietarako, eta 560 m-koa hondakin-uren hodietarako.

Hoditeria-sistema hiru eremutan banatzen da:

a) Findegiko lurretako aireko tartea.

Hiru hodiek abiapuntu desberdinak dituzte findegiaren instalazioen mugen barruan. Lehendik dagoen aireko bastidore multzoa erabiliko da, eta hodi berriei eusten dieten metalezko egitura txikiak gehituko zaizkio multzo horri. Azken tarte bat aireko bastidore berri baten bidez egingo da, findegiaren irteeran dagoen tinkatzearen eraso-putzura iritsi arte. Findegiaren barruko elkarguneak lurpekoak dira.

b) Lehendik dagoen poliduktuaren ibilbideari jarraitzen dion lurpeko tartea.

Tarte hori findegiaren esparruaren irteerako tinkatzean hasten da. Hoditeria berriak Barbadún itsasadarraren ekialdeko ertzetik igarotzen dira, BI-2794 errepidea zeharkatuz, eta, ondoren, La Arena auzora (Zierbena) joaten dira. Han, BI-3794 errepidea gurutzatzen dute, auzo hori La Cuestarekin (Zierbena) lotzen duen tartean, eta, ondoren, Bilboko porturantz jotzen dute, kostaldetik gertu dagoen eremu harritsuan barrena, «La Caldera» izeneko eremura iritsi arte.

Proiektuak hiru hodietarako bi mikrotunel eta trazatuan zehar sorbalda aldatzeko bi «raise-boring» egitea aurreikusten du.

Linea berriak egungo poliduktuaren ondoan lurperatuta igarotzen dira findegiaren lursailaren mugatik poliduktuaren 78. mugarriraino, eta egungo zortasun-zerrendaren barruan kokatzen dira, mikrotunelezko tarteak izan ezik.

Trazatuaren diseinuak poliduktuaren alde batean edo bestean kokatzen ditu hoditeria berriak, lan-pista eraikitzeko trazaduran zehar dagoen espazioaren arabera. Itsas-lehorreko jabari publikoa inbaditzen den tarteetan afekzioa minimizatuko da, trazatua egungo kostaldeen emakidaren barruan mantenduz.

Oro har, hodi berriak poliduktuaren ezkerraldean jarri nahi izan dira, porturantz. Zonaren orografia, egungo zortasunaren barruko espazio fisikoa eta trazatuan zehar babes bereziko eremuei ez eragiteko baldintzak direla eta, sorbalda-aldaketak egiten dira. Horrela, hodiak hainbat eremutan bananduta igarotzen dira, ezkerretik ur-hodiak jarraitzen du eta eskuinetik gas-hodiak igarotzen dira, edo egungo poliduktuaren eskuinaldetik hiru hodiak ere igarotzen dira (hala gertatzen da porturako errepidearen zati handi batean).

c) Aireko azken tartea.

Trazatuaren azken zatian, zonako orografiak eta itsaslabarraren hurbiltasunak ezarritako mugak direla eta, beharrezkoa da hodi berriak airera pasatzea, 78. mugarriaren eta «La Caldera» eremuko hoditeria berrien amaieraren artean.

Petronorren hondakin-uren hodia aurrekoak baino lehenago amaitzen da, egungo isurketa-puntuan, «La Caldera» eremuan. Gainerako lineek (H2 eta CO2) airetik jarraitzen dute Petronorren instalazioen barruan, eta indartu beharreko egungo euskarri-egituren bidez.

Lan-pista eta obrako bide osagarriak.

Trazatuaren linean zehar, aldi baterako zerrenda bat hartuko da, hoditeria lurperatuta dagoen zanga barne hartuko duena. Zangaren alde banatan bi zerrenda izango dira: bata, estua, hondeaketan ateratako lurra biltzeko, eta, bestea, zabalagoa, hodia kokatzeko (zangaren oinean) eta obran dauden ibilgailuek eta makinek zirkulatzeko.

Poliduktua osatzen duten linea guztiak 20 metroko lur-zerrenda baten barruan daude, eta etengabeko zortasuna dute; beraz, ez diete eragingo beste lursail batzuei. Hala ere, obrak egin ahal izateko, poliduktuaren egungo zortasun-zerrendaz gain beste eremu batzuk ere okupatu beharko dira aldi baterako; batzuk, zangak egiteko obra-makinak zirkulatzeko baliatuko dira; eta, beste batzuk, hoditeria jartzeko behar diren materialak biltzeko.

Zangak egiteko obrako makinak zortasun-zerrendatik kanpo zirkulatzea aurreikusi da, poliduktuaren egungo hoditeriaren eta horiek igarotzeko zerrenda horren mugen artean ez baitago espazio fisiko nahikorik, eta alde batera utzi baita poliduktuaren beraren gainetik igarotzeko aukera, arrazoi teknikoengatik eta segurtasunarengatik.

Obraren aldi baterako okupazioek hartzen duten azalera osoa (instalazio lagungarrien eta sarbide lagungarrien eremuak barne) 79.177 m2-koa da; horietatik 57.944 m2 lehendik dagoen poliduktuaren zortasunetik kanpo daude, eta gehienak zanga irekitzeari eta lurzoruan tinkatzeak egiteari lotutako instalazio lagungarrien eremuak dira.

Era berean, obrak egiteko, bi bide berri ireki behar dira lan-pistara sartzeko, makinak eta materialak lantokietara helarazteko, poliduktuaren trazaduratik gertu dauden egungo bide eta errepideetatik. Bideetako bat ILE 3 (1.100,43 m2) izeneko instalazio lagungarrien eremuan dago; bestea, berriz, Juenes errekaren tarte bideratutik gertu (142,05 m2).

Bi pista berriak egokitzeko beharrezkoa den lur-mugimenduari dagokionez, adierazi behar da behin-behineko sarbide-pistak direnez, 50 cm landare-lur kentzea baino ez dela aurreikusten, bilketa-eremuetan biltegiratzea, eta, ondoren, 30 cm-ko geruza osatzea harrobirako materialarekin. Obrak amaitu ondoren, kendu egingo da, eta bildutako landare-materiala itzuliko da.

Gainerako sarbideak poliduktuak trazaduran zehar zeharkatzen dituen bide eta errepideetatik egingo dira. Sarbide-puntu horietatik kasu bakoitzean lan-puntu irekira iristeko, hodia jartzeko prestatutako pista bera erabiliko da.

Obrako instalazio lagungarriak.

Instalazio lagungarrietarako (ILE) eta bilketarako sei eremu aurreikusi dira.

• ILE 1 – Findegiaren irteeran dago, Barbadún itsasadarraren ekialdean dagoen tinkatze-putzuaren ondoan (576,89 m2).

• ILE 2 – Kardeo ibaiaren ondoan dagoen Exolumen (CLH) instalazio ohiak (2.437,96 m2).

• ILE 3 – Kardeo ibaiaren eta BI-3794 errepidearen iparraldean proiektatutako tinkatzearen ondoan dagoen eremua (1.452,38 m2; horietatik 1.100,43 m2 sarbide lagungarriaren bideari dagozkio).

• ILE 4 – Bolatokiaren hegoaldean dagoen aparkalekua, Vía Verde, Montes de Hierro eta BI-3794 errepidearen artean (964,87 m2).

• ILE 5 – La Arenako Bolatokiaren hego-mendebaldera dagoen tinkatzeari eusteko eremu txikia (228,60 m2).

• ILE 6 – Lastron hondartzarako sarbidearen ondoko aparkalekua (558,01 m2).

Proiektuaren exekuzioa erabiliko da zuntz optikoko kable-multzo gehigarri bat ezartzeko, Muskizko findegiko bulego orokorren eraikineko komunikazio-gelaren eta portuko terminaleko «La Caldera» eremuko bastidorearen artean.

Industria-hodien barruan zirkulatuko duten osagaien izaera dela eta, ihesak detektatzeko sistema bat jarri da.

Hondakinen sorrera.

Hondakinen sorrerari buruzko azterlanaren arabera, sortutako hondakin gehienak hondeaketetakoak dira. Kalkulatzen da lur-mugimenduen ondoriozko soberakinak 4.113 m3 egingo dutela, zeinak baimendutako betelan batera eramango diren, eta 317 m3 hondakin ez-arriskutsuen zabortegira.

Beste hondakin aipagarri batzuk zulaketetako bentonitazko lohiak ditugu. Kalkulatzen da 2.572 m3 sortuko direla, eta kudeatzaile baimenduek kudeatuko dituzte.

Hodien trazatuaren zati bat lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatietan kokatzen da (findegia eta itsas terminala); tarte horietan hoditeria airekoa izango da, eta ez da beharrezkoa izango kutsatuta egon daitezkeen lur-geruzetan esku hartzea.

2.– Proiektuaren kokapena.

Hoditeriaren trazatuaren zati batek bat egiten du neurri batean «Barbadún itsasadarra» (ES2130003) kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) babes-eremu periferikoarekin. Esandako KBEa «Barbadún itsasadarra» (A1B1) hezegunearekin gainjartzen da. Hezegune hori xehetasunez antolatuta dago EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialean eta haren azalera KBEarena baino handiagoa da; izan ere, itsasadarra eta ILJPtik errekan gora dauden lurzati mugakideak hartzen ditu barnean.

Honako hauek dira Barbadún itsasadarra eta hezegunea KBEarekin partzialki gainjartzen diren intereseko beste naturagune batzuk: «Pobeñako padurak eta Arena hondartza» eta «Zierbena ingurua», bi-biak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan definituriko azpiegitura berdean sartutakoak.

Proiektua «Arena hondartza eta dunak» interes geologikoko lekuaren (IGL) eragin-eremuan ere sartzen da.

Proiektuaren araberako trazatuak bi ur-ibilgu gurutzatuko ditu: Juenes erreka eta Kardeo ibaia, zeinek Barbadún itsasadarrean isurtzen dituzten urak.

Ingurumen-dokumentuak poliduktuaren handitzeak eragindako eremuaren azterketa botaniko zehatz bat jasotzen du. Aztertutako dokumentazioaren arabera, iturri bibliografikoetan oinarritutako aldez aurreko azterketa bat egin da (poliduktuaren trazan erdigunea duen 300 m-ko zabalera duen zerrenda bat barne hartuta) eta poliduktuaren zortasun-zerrendaren prospekzio zehatza egin da. Laginketak egin direnean, katalogatutako espezieen aleak geolokalizatu egin dira, eta arreta berezia jarri da Ononis ramosissima espeziearen presentzian. Halaber, inbentariatu egin dira landare-espezie inbaditzaileak aurkitutako inguruak, Batasunaren intereseko habitatak eta obrek uki ditzaketen zuhaitz aleak. Aipatutako azterlan botanikoaren arabera, trazadurak Batasunaren intereseko habitat hauek zeharkatzen ditu zenbait zatitan:

– 4040* Erica vagans duten kostaldeko txilardi lehor atlantikoak.

– 6210* Belardi lehor erdinaturalak eta sastrakadietako fazieak.

– 1230 Atlantikoko eta Baltikoko kostaldeetako landaredia duten itsaslabarrak.

Aurrekoa gorabehera, landa-lanetan bildutako datuen arabera, azterlan botanikoan ondorioztatu da ez dagoela 6210* eta 1230* habitatik, ez baitago habitat horien adierazgarri izango den espezierik.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, sustatzaileak Bizkaiko Foru Aldundiari egindako kontsulten ondoren, ikusi da leku batzuetan Ononis ramosissima agertu dela trazatutik gertu, Lastron hondartzarako bidean.

Espezie hori Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan ageri da, «Kaltebera» kategorian. Landa-lanaren barruan, zortasunetik hegoaldera ale-multzo batzuk baino ez dira atzeman, 100 metro ingurura, eta zortasunari gainjartzen zaion orban txikia Lotus corniculatus espezieko aleek sortutakoa da, ez Ononis ramosissima espeziekoek sortutakoa.

Proiektuaren eraginpeko eremuan Pistacia lentiscus espeziearen hiru ale aurkitu dira, Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan «Interes berezikoa» katalogatutako espeziea. Aleetako bi hodi berriak lurzoruan tinkatuta egiten diren tarteetan daude, eta, beraz, ez dira kaltetuko. Hirugarrena, berriz, trazatua zangan doan eremu batean dago, baina behar bezain urrun eta makineriak iritsi ezin duen leku batean; beraz, hori ere ez da kaltetuko.

Obrek kalte egin die beste zuhaitz-ale batzuei ere; honako hauek dira: ezkia (Tilia platyphyllos), makala (Populus nigra), ereinotza (Laurus nobilis), intsusa (Sambucus nigra), sahatsa (Salix alba eta Salix atrocinerea) eta tamarindoa (Tamarix gallica), gehienak apaintzeko landatuak.

Espezie inbaditzaileek eta apaingarriek (bereziki Arundo donax, Dorycnium rectum eta Cortaderia selloana) okupatutako leku ugari identifikatu dira.

Barbadún itsasadarra KBEan handia da interes bereziko faunaren presentzia, batez ere itsas paduretako komunitateekin lotutako hegaztiena. Poliduktuak gurutzatuko dituen ibai eta errekak bisoi europarraren hedapen-arlo potentzialak dira bisoi europarra kudeatzeko planaren arabera (118/2006 Foru Dekretua, Foru Aldundiarena, ekainaren 19koa; beraren bidez Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik); baina ingurumen-dokumentuaren arabera aukera gutxi dago espezie hori azterlanak hartzen dituen ibai-zati horietan agertzeko, aurreko urteetan inork ez baitu halakorik aipatu. Gainera, azterlanak hartzen duen eremua oso dago antropizatua, eta errekak ez dira batere iragazkorrak espezie horrentzat, errepide asko baitago.

Itsasertzaren babes eta antolamendurako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, poliduktuak «nekazaritza nahiz abeltzaintzako eta landazabaleko» eta «berreskuratzeko eremu narriatu» gisa katalogatutako eremuak zeharkatzen ditu, eta «babes zorrotz bereziko» gisa jotako zona batzuen muga-mugan doa. Eremu batzuk itsas-lehorreko jabari publikoaren eta haren babes-zortasuneko eremuaren barruan daude.

Hoditeria berriak kostako Donejakue bidea zeharkatuko du, monumentu-multzo gisa kalifikatutako kultura-ondasuna (EHAA, 19. zk., 2012-01-27) eta era berean, La Arenako bolatokia ere zeharkatzen du, zeina oinarrizko babesa duen kultura-ondasun deklaratzeko proposatu den. Bi kasuetan, hoditeria tinkatuz gurutzatuko dira elementu horiek, eta, hortaz, ez da aurreikusten inolako kalterik eragitea kultura-ondarearen bi elementu horietan.

Katalogatu gabeko kultura ondarea behar bezala babesten dela bermatzeko, ingurumen-dokumentuak aurreikusi du zangak irekitzeko lanek dirauten bitartean hondeaketen jarraipen eta kontrol arkeologikoa ere egitea.

Kutsatuta egon daitezkeen 2 lurzati daude, trazatuarekin bat datozenak: Petronor findegia (48071-00004 kodea) eta Bilboko portua (48913-00006 kodea).

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren inpaktu nagusiak obra-fasean gertatuko dira eta, zehatzago esanda, hoditeria berria hartuko duten zangak egiterakoan sortuko dira. Lan horien ondorioz, baliteke Barbadún estuarioko uren kalitatea gutxitzea, lurrak mugitutakoan solido esekiak ugaritu egingo baitira eta gerta liteke gainera, erabilitako makinetatik ezbeharrez ere zerbait isurtzea errekara.

Poliduktuaren trazatua BI-3794 errepidetik 44 metrora doa ekialdera. Errepide horrek ES2130003 «Barbadún itsasadarra» KBEaren ekialdeko muga markatzen du, eta Kardeo ibaia zeharkatu ondoren azaleratzen den tinkatze batetik igarotzen da trazadura tarte horretan, KBEaren mugatik 78 metrora ekialdera.

Proiektatutako trazatuaren zati bat Barbadún Itsasadarra KBEaren (ES2130003) Babes Eremu Periferikoaren barruan dago, bai lurzoruan tinkatuta dauden zatietan, bai aire zabaleko zangan. Hala ere, obren eremua KBE horren muga markatzen duen errepidearen kontrako aldean dago, hesi gisa jardunez. Beraz, ez da KBEan zuzenean eragingo, eta gerta daitezkeen kalte bakarrak ustekabeko isurketetatik eratorritakoak izango dira. Nolanahi ere, gertatzeko probabilitate txikia dute, eta, gainera, ingurumen-dokumentuan zehaztutako zuzenketa-neurriak aplikatuz konponduko dira.

Horiek horrela, ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak ez die modu ez hautemangarrian ez nabarmenean eragingo Natura 2000 Sareko espazio horri, eta ez dio Natura 2000 Sarearen osotasunari eta koherentziari ere eragingo.

Esan bezala, hoditeriak Kardeo eta Juenes errekak gurutzatuko ditu (bi-biek Barbadún ibaian isurtzen dituzte urak), eta erreka horietan ustekabeko isurketarik edo solido esekiak ekarriko dituen ezer botatzen bada, horrek Barbadún ibaiaren KBEari eragin diezaioke. Kardeo erreka gurutzatzeko lanak tinkatze bidez egingo dira, eta eraso-putzua eta irteerakoa ur-ibilgutik urrun kokatuko dira. Juenes errekaren gurutzaketa eskora-oholtza bidezko zangan egiten da; erreka hori lurpean dago bidegurutzean, eta babes-neurriak aplikatuko dira, hala nola sedimentua atxikitzeko hesiak, ibilguaren gaineko balizko eragina minimizatuko dutenak.

Proiektua gauzatzeko obretarako aldi baterako okupazioak egingo dira (guztira 79.177 m2-ko eremu batean; horietatik, 57.944 m2 poliduktuaren egungo zortasun-zerrendatik at). Aldi baterako okupatutako lur horietan, landareak kendu egingo dira eta zorua trinkotu egingo da, makinen joan-etorriaren eta materialaren bilketaren ondorioz. Obrengatiko aldi baterako okupazio horiek neurri handi batean lehendik ere degradatutako eta giza jarduerak eraldatutako eremuetan egingo dira (hiri-lurzorua, eremu antropizatu edo degradatuak, espezie inbaditzaileak, lahardi trinkoa, tratatutako belardi artifizialak, baratze- eta apaindura-erabilera pribatuak, eta belardi erdinatural zapalduak); guztira okupatuko den eremuaren % 80 hartzen dute, eta gainerako okupazioak ere formazio natural edo erdinatural nahiko degradatuetan edo kontserbazio-egoera edo adierazgarritasun optimotik urrun daudenetan izango dira. Aipatzekoa da 4040*BIHak (Erica vagans landarea duten itsasertzeko sastrakadi-guneak) izango duen afekzioa, oso kontserbazio-egoera onean baitago, sastrakadi-egitura sendoa eta habitat horrek berezkoak dituen espezieak dituena; baina, edonola ere, Lastron hondartza gainean dagoen gune txiki batera mugatzen da. Eraginpeko eremu hori (400 m2 inguru) murriztu egingo da orografia aldetik dauden mugengatik (aldapa nabarmen handitzen da eta ez da oso bideragarria makina astunek okupatzea) eta lahardi eta espezie inbaditzaileek osatutako zerrenda bat dagoelako (eta obrarako aldi baterako okupazioak hortxe izango dira, ereindako belardi erdinaturaletan) argi eta garbi bereizten duena egungo poliduktuaren okupazio eremua aldapa piko-pikoan dauden itsaslabarretako txilardietatik.

Ingurumen-dokumentuak baztertu egiten du proiektuak 1230 BIHari eragitea: «Atlantikoko eta Baltikoko kostaldeetako landaredia duten itsaslabarrak». GeoEuskadiren kartografian hoditeriaren azken zatian landaredia horrekin gainjartzea badago ere, ingurumen-dokumentuak adierazten du egindako landa-lanetan ez dela aurkitu habitat horren berezko espezierik, eta, beraz, baztertu egiten da proiektuaren eraginpeko eremuan halakorik egotea.

Kultura-ondarearen gaineko inpaktuei dagokienez, La Arenako bolatokia eta Iparraldeko Bidea (Donejakue bidea) tinkatze bidez zeharkatzen dira, eta, beraz, ez da eraginik aurreikusten.

Ustiapen-fasean, eragin negatiboak sor daitezke hodien ihesen eta hausturen ondorioz, horrek suteak eta lurzorua kutsatzea eragin baititzake.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako babes- eta zuzenketa-neurriak, bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta findegiaren eta Bilboko portuaren arteko poliduktua handitzeko proiektuan ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere ebazpen honetan eta ebaluatutako dokumentazioan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obretan.

Horrez gain, honako apartatu hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira.

1.– Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Hoditeriaren trazatuaren zati bat neurri batean gainjarri egiten zaio «Barbadún itsasadarra» (ES2130003) kontserbazio bereziko eremuaren (KBE) babes-eremu periferikoari. Proiektuak kontuan izan beharko ditu Eskualde biogeografiko atlantikoko hamalau ibai eta estuario Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko eta haiek kontserbatzeko neurriak onartzeko urriaren 16ko 215/2012 Dekretuan ezarritako erabakiak.

– Proiektuak adierazitako esparruan egingo dira obrak eta lurzorua okupatzea dakarten lan osagarriak. Aipatutako mugetatik kanpo, obrako makinak eta ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiliko dira.

– Obrei ekin aurretik, obrek aldi baterako okupatuko duten lekuan (zangak egingo dituzten obretako makinak zirkulatzeko pista eta materialak eta instalazio osagarriak biltzeko lekuan) zuinketa egingo da eta balizak jarriko dira, eta ezin izango da obrarekin lotutako inolako jarduerarik egin muga horietatik kanpo. Trazatuaren gune sentikorrenak (itsasoko eta lehorreko jabari publikoaren eta jabari publiko hidraulikoaren zorguneak, Batasunaren intereseko landaredi eta flora mehatxatua eta kostako Donejakue bidearen zatia) babesteko aparteko zedarritze-lana egingo da. Seinaleztapen hori behar bezala mantendu behar da obrek irauten duten bitarte osoan.

– Obrarako sarbideak eta kontratistak erabiliko dituen instalazio-guneak –makinak gordetzeko guneak eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean biltzeko guneak barne– ingurumenean ahalik eta kalte gutxiena sortzeko irizpideak kontuan izanda proiektatuko dira. Ahalegin berezia egingo da, zuzenean edo zeharka, intereseko landare eta florari (Batasunaren intereseko habitatak eta flora katalogatua), ur-azaleko ur-ibilguei eta hezeguneei eragin diezaieketen lokalizazioak saihesteko.

– Hori ziurtatzeko, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

– Landaredi autoktonoa kentzea eta/edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrei ekin aurretik, obren eragina jasan dezaketen eta poliduktuaren zortasun-gunearen barruan ikusitako Pistacia lentiscus landare-aleen eta, ingurumen-dokumentuaren arabera kontserbatu behar diren neurri handiko beste zuhaitz-ale batzuen mugaketa zehatza eta bereziki babesteko zedarritze-lanak egingo dira. Obrek irauten duten bitartean behar bezala babestuko dira ale horiek, kolpeak eta sustraiei eragitea ekiditeko.

– Obren aldi baterako okupazio-eremuan Ononis ramosissimaren alerik hauteman ez den arren, azterlanak hartu duen eremuan bada aleren bat. Beraz, obra egin aurreko zuinketa-lanetan arreta berezia jarriko da, halakorik aurkitutakoan bereziki babesteko balizak jartzeko edo, ezinezkoa bada eragina saihestea, eremu seguru batean birlandatuko dira.

– Jarduera horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honen 11. puntuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak.

– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Arundo donax eta beste batzuk).

– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditutako eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Horrez gain, kontrolatu egingo da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.

– Mozte- eta eskokatze-lanei ekin eta obrako makinak sartu aurretik, ingurumen-dokumentuan zehaztutakoari jarraituz, fauna-aditu batek trazatu osoa miatuko du faunaren gordelekurik, habiarik, babeslekurik edo etzalekurik baden ikusteko. Aztarnarik aurkituz gero, jakinaren gainean jarri beharko da Bizkaiko Foru Aldundia, zer egin behar den esan dezan.

– Eraikuntza-faseak irauten duen bitartean fauna txikia hodi eta zangetan harrapatuta gera ez dadin, egunero-egunero ikuskatuko dira. Gainera, libre dauden hodi-muturrak hermetikoki itxiko dira tapoiekin, lanaldiaren amaieran.

– Aktibo daude obra-guneetan, plastikozko banda bat jarri beharko da anfibioak desbideratu eta zangara eror daitezen ekiditeko. Gainera, bandaren amaieran anfibioak biltzeko balde bat jarriko da, eta adituek egunero begiratuko dute ezer dagoen. Baldean anfibiorik badago, hartu eta inguruko toki egokiren batera eramango dira. Babes-bandak eta baldeak Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak 2015ean onartutako Faunarentzako pasabideen eta perimetro-hesien diseinurako preskripzio teknikoetako 11. fitxan ezarritako premisak bete beharko dituzte.

– Bestalde, ibai-faunarentzako (bisoi europarra, esaterako) babeslekuak sortzeari buruz ingurumen-dokumentuan zehaztutako proposamenak egingo dira.

– Era berean, kontuan hartuta ibai-sistema partzialki alda daitekeela, eta horrek habitata galtzea ekarriko lukeela, bereziki amuarrain arruntarentzat, konpentsazio-neurri gisa hartu beharko litzateke 0,6 eta 0,8 m arteko diametroa (>600 kg) duten harri-lubetazko bolak jartzea, hiruzuloka eta 15 metro distantziakide Barbadúngo arrotik 60 metroko tarte batean (Bizkaiko Foru Aldundiko Ehiza Fauna eta Arrantza Kudeatzeko Zerbitzuak zehaztu beharreko xehetasunak), edo Ehiza Fauna eta Arrantza Kudeatzeko Zerbitzuarekin adostutako ibaiak leheneratzeko beste edozein lan egitea.

– Azkenik, azpimarratu behar da poliduktuaren zortasunak eragindako lur-azalera, artifizialki mantentzen dena, gutxienez 40.000 m2-koa dela. Azalera horrek bere garaian ingurumen-balio handia zuten eremuak zeharkatzen ditu, antzina padura, duna eta kostaldeko eremuak. Gainera, horietako zati bat Barbadún itsasadarra KBEaren babes-eremu periferikoan dago. Ondorioz, galera hori konpentsatzeko, Europako intereseko habitaten (4040*, 4030, 9340, etab.) azalera galduak berreskuratu behar dira Itsaslur-Covarón eremuan, Petronorren jabetzako lurretan, eta horiek ere, osorik edo zati batean, Natura 2000 Sarearen eremu periferikoan daude, Muskizko udalerrian.

2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

Proiektu hau gauzatzeko egin behar den edozein jarduketa motatan, kontuan hartu beharko dira uren arloan eskumena duen erakundeak prozedura aplikagarrien esparruaren barnean egin dituen txostenetan ezarritako baldintzak. Horri ezertan eragotzi gabe, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

– Ingurumen-dokumentuan esandakoarekin bat, Barbadún eta Kardeo ibaiak gurutzatzeko zulaketa horizontal bideratuaren metodoa baliatuko da. Eraso- eta irteera-putzuak ibilguetatik urrun kokatuko dira, inguru zolatuetan.

– Juenes erreka gurutzatzeko, berriz, ibilgua gurutzatu behar den inguruan lurperatua doanez, zanga bat egingo da, eskora-oholtzarekin. Erreka bideratzen duen kaxoian ustekabeko kalterik ez eragiteko, metro 1eko tartea utziko da kaxoi horren eta hoditeria berriaren artean.

– Obra-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atzitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

– Egitura horiek doitzeko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, botatzen badira, gune jakin batean botatzen direla bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

– Zulaketa horizontaletako hondeaketetako urak eraso-putzuen ondoan egingo den tratamendu-araztegi batera eramango dira. Lohiak dekantatu eta kontzentratzeko prozesuen ondoren, urak jalkinak bereizteko lekura eramango dira, eta lohi mamituak deshidratatu egingo dira, ondoren ebazpen honen 6. puntuan ezarritako baldintzen arabera kudeatzeko.

– Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako guneetan garbituko dira. Ezingo da inola ere hormigoi-esnea ibilgura isuri. Hormigoi-hondakinak ebazpen honen 6. puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

– Dekantazio-putzuen aldizkako mantentze- eta garbiketa-lanak egin beharko dira, eta metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

– Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

– Lanak egiteko eremuetan, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa izango da, berehala erabili ahal izateko, ustekabeko isuririk edo ihesik badago: biribilkiak, material pikortatua, etab.

– Edonola ere, jabari publiko hidraulikoa edo hari lotutako babes-eremuetan egiten diren edo korronte-erregimenean eragina duten jarduketek bai eta itsas-lehorreko jabari publikoaren zortasun-gunean egiten direnek gaian eskumena duen organoaren aldez aurreko baimena beharko dute. Organo horrek obren ezaugarriak eta afekzioak zehatz-mehaz aztertuko ditu eta, behar izanez gero, dagozkion zehaztapenak ezarriko ditu.

3.– Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak:

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratuko dira (aldi baterako bilketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da, eta bereizita pilatuko, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak bertan sartu eta hedatu ez daitezen hartu beharreko neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko. Aurrekontuan, partida bat jasoko da hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzeko behar diren mantentze-lanetarako.

4.– Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin lotutako neurriak:

– Hoditeriaren trazatuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartzen diren 2 lurzati daude (kodeak: 48071-00004 eta 48913-00006). Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluan ezarritakoa betetzeko, kutsatutako lurzoruetan hondeaketa-lanik egin behar bada, hondeatutako materiala bereizi egin beharko da kudeatu edo berrerabili baino lehen. Hondeaketa-lana horietatik ateratako materialak, zolatak barne, 500 m3-ko bolumena gainditzen duenean, nahitaezkoa izango da gaika hondeatzeko plan bat aurkeztea, lurzoruak ikertu eta berreskuratzeko baimena duen entitate batek egina. Planak Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean deskribaturiko edukia jaso beharko du eta ingurumen-organoak onartu beharko du lanei ekin aurretik.

– Hala ere, aurrekoa ezertan eragotzi gabe, lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada obrek dirauten bitartean, edo lurzorua kutsatzen duten substantzien zantzu argirik agertzen bada, kasu horietarako aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta lege hori garatzen duen abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

5.– Zarataren ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Exekuzio-fasean zehar, zarata gutxitzeko jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira lekuan bertan, ordutegi-mugei eta erabiltzen den makineriaren mantentze-lan orokorrei dagokienez; batez ere, biztanleguneen inguruan egiten diren lanetan.

– Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makinak lotu behar zaizkie kanpoaldean erabilitako makinen soinu-emisioei buruzko indarreko legediko xedapenei, eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoari.

– Bestalde, proiektua garatzean, eraginpeko eremuan ez dira gaindituko, obrek sortutako zarataren ondorioz, kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak.

– Horri dagokionez, obren aurreikusitako iraupena (sei hilabetetik gorakoa) kontuan hartuta, aipatu dekretuaren 35bis artikuluan aurreikusitakoa aplikatu behar da, eta, beraz, obrak hasi aurretik, inpaktu akustikoaren azterketa bat egin beharko da, eta hartan zehaztuko dira obrak egin bitartean kalitate akustikoaren helburuak betetzeko kontuan hartu beharreko neurriak.

6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

– Hondakinak kasu honetan baino ezin izango dira deuseztatu: behar bezala frogatzen bada horiek balorizatzea bideraezina dela teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Soberakinak kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Hondeatutako material kutsagabe naturalak direnez, ukitutako lursaila morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren betelanetara bota beharrean, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetarako erabiliz: material horiek behar dituzten gertuko eraikuntza-obrak, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanak edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanak. Hala, ez dira ezabatuko betelan-instalazioetan. Horretarako, urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan –Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa– xedatutakoa izango da aplikatzekoa.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Orobat, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan hondakinak biltegiratzeari, nahasteari, ontziratzeari eta etiketatzeari buruz ezarritako betebeharrak bete beharko dira, eta itxita egongo dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean biltegiratuko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dira, kubo edo ihes eta isuri posibleei eusteko sistemen barruan.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da kontrolik gabeko efluenterik sortuko, erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

7.– Atmosfera ahalik eta gutxien kutsatzeko eta ahalik eta hauts gutxien aireratzeko neurriak:

– Lanek irauten duten bitartean, ibilgailuak igaro ondorengo garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai jarduketen eraginpean hartutako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Ureztapen-sistema bat edukiko da, aldi baterako estali gabe dauden pista eta eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua aireratu daitekeen kasuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilaketak ureztatuko dira.

– Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obren faseak dirauen artean.

– Hezetasun-egoera egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, hain zuzen ere, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzearren.

– Materialak eta ekarkinak aldi baterako biltzeko zonak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira, hala badagokio.

8.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Proiektuko hoditeriaren trazatua La Arenako hirigunean kokatutako kultura-ondareko bi elementurekin gainjartzen da: monumentu-multzoaren kategoria duen Donejakue bidearen kostako zatia babes bereziko kultura-ondasuna eta «bolatokia», tokiko babes-maila eskuratzeko proposaturikoa. Proiektuaren eraginpean geratzen diren elementuen osotasuna babesteko tinkatze bidez egingo da gurutzaketa.

– Aurrekoa gorabehera, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak erauzteko obretan arkeologia-izaerako bestelako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

9.– Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Arriskuan dauden flora- eta fauna-espezieen, Batasunaren eta eskualdearen intereseko habitaten eta Natura 2000 Sareko Barbadún itsasadarra KBEko (ES2130003) espazioaren gaineko eraginen kontrola.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramatea dela bide lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

10.– Garbiketa eta obren akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin egin beharko dira.

11.– Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta, oro har, babes- eta zuzenketa-neurrien inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Baldintza-agiriak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean obra-zuzendaritzak hartu behar dituen erabakiek, aldez aurretik, aholkularitza horrek egindako txostena izan beharko dute.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio kaltegarri adierazgarririk izango duenik ingurumenean. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea Petróleos del Norte SAk (Petronor) Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena, Muskiz eta Zierbenako udal-mugarteetan (Bizkaia) sustatutako findegiaren eta Bilboko portuaren arteko poliduktua handitzeko proiektuari.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Bizkaiko Industria Administrazioaren Ordezkaritzari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 8a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala