175. zk., 2023ko irailaren 13a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (137 KB - 4 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4236
ERABAKIA, 2023ko uztailaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Hezkuntza Premia Bereziak dituzten Ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko UPV/EHUren Arautegiaren aldaketa onartzeko dena.
Desgaitasunen bat edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aitortuak dituzte diskriminatuak ez izateko eskubidea eta aukera berdintasunerako eskubidea, bai lege orokorretan eta bai unibertsitateari dagozkionetan.
Eskubideok gauzatzeko, beharrezkoa da unibertsitateek neurriak hartzea eta baliabideak jartzea diskriminazio eza eta aukera berdintasuna benetan bete daitezen. Hori dela eta, unibertsitateei urrats positiboak eskatzen zaizkie arlo honetan. Ildo horretatik doaz, adibidez, LOSUren 4.3 eta 37. artikuluak, Unibertsitateko Ikasleen Estatutuko (1791/2010 Errege Dekretua) 12.b) artikulua, UPV/EHUko Estatutuetako 67. artikulua edo UPV/EHUko Ikasleen Arautegiko 12.2 artikulua.
UPV/EHU 2003an hasi zen halako neurriak hartzen, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua sortu zuenean, ikasle horiei bidea emanez unibertsitatean ikasteko eta bertako bizitzako alderdi guztietan parte hartzeko.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2015eko martxoaren 12ko Erabakiaren bidez, Hezkuntza premia bereziak dituzten UPV/EHUko ikasleei aukera berdintasuna bermatzeko Arautegia onartu zen. Testu horretan garatzen dira goian aipatutako legeetan jasotzen diren eskubideak eta ekintza positiboko neurriak, eta gainera UPV/EHUn ikasleek haietaz baliatzeko prozedurak ere zehazten eta arautzen dira.
Zortzi urte baino gehiago joan dira arautegi hori onartu zenetik, eta beharrezkoa da gaur egungo errealitatera egokitzea. Horretarako, lehendabizi, zabaldu egingo da arautegiaren aplikazio eremua, eta bere baitan hartuko ditu premia bereziak dituzten berezko tituluetako ikasleak ere (hau da, etengabeko prestakuntzako masterretan, unibertsitate espezializazioko tituluetan eta unibertsitateko aditu tituluetan matrikulatutakoak); bigarrenik, eta arreta sistemak berak iraun ahal izan dezan, EUEko ziklo bakoitzeko titulazio bakar batean emango zaie arreta hori –hots, irakaskuntzaren eta metodologiaren egokitzapenak, giza baliabideak eta laguntzarako materialak– halako premiak dituzten ikasleei, eta laguntza jasotzeko ezinbesteko baldintza izango da ikasleok maila bereko unibertsitate titulu bat ez edukitzea dagoeneko, eta ez betetzea halako titulu bat eskuratzeko baldintza legalak.
Aurreko guztiagatik, UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak proposatuta, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Hezkuntza Premia Bereziak dituzten UPV/EHUko Ikasleei Aukera Berdintasuna Bermatzeko Arautegiaren aldaketa onartzea, I. eranskinean jasotako baldintzetan.
Bigarrena.– Euskal Herriko agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea, eta argitaratu eta hurrengo egunean indarrean jartzea.
Leioa, 2023ko uztailaren 20a.
Errektorea,
EVA FERREIRA GARCÍA.
Idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
I. ERANSKINA
ATARIKOA
Desgaitasunen bat edo hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aitortuak dituzte diskriminatuak ez izateko eskubidea eta aukera berdintasunerako eskubidea, bai lege orokorretan eta bai unibertsitateari dagozkionetan. Eskubideok gauzatzeko, beharrezkoa da unibertsitateek neurriak hartzea eta baliabideak jartzea diskriminazio eza eta aukera berdintasuna benetan bete daitezen. Hori dela eta, unibertsitateei urrats positiboak eskatzen zaizkie arlo honetan. Ildo horretatik doaz, adibidez, LOSUren 4.3 eta 37. artikuluak, Unibertsitateko Ikasleen Estatutuko (1791/2010 Errege Dekretua) 12 b) artikulua, UPV/EHUko Estatutuetako 67. artikulua edo UPV/EHUko Ikasleen Arautegiko 12.2 artikulua.
UPV/EHU 2003an hasi zen halako neurriak hartzen, Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua sortu zuenean, ikasle horiei bidea emanez unibertsitatean ikasteko eta bertako bizitzako alderdi guztietan parte hartzeko.
UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren 2015eko martxoaren 12ko Erabakiaren bidez, Hezkuntza premia bereziak dituzten UPV/EHUko ikasleei aukera berdintasuna bermatzeko Arautegia onartu zen. Testu horretan garatzen dira goian aipatutako legeetan jasotzen diren eskubideak eta ekintza positiboko neurriak, eta gainera UPV/EHUn ikasleek haietaz baliatzeko prozedurak ere zehazten eta arautzen dira.
Zortzi urte baino gehiago joan dira arautegi hori onartu zenetik, eta beharrezkoa da gaur egungo errealitatera egokitzea. Horretarako, lehendabizi, zabaldu egingo da arautegiaren aplikazio eremua, eta bere baitan hartuko ditu premia bereziak dituzten berezko tituluetako ikasleak ere (hau da, etengabeko prestakuntzako masterretan, unibertsitate espezializazioko tituluetan eta unibertsitateko aditu tituluetan matrikulatutakoak); bigarrenik, eta arreta sistemak berak iraun ahal izan dezan, EUEko ziklo bakoitzeko titulazio bakar batean emango zaie arreta hori –hots, irakaskuntzaren eta metodologiaren egokitzapenak, giza baliabideak eta laguntzarako materialak– halako premiak dituzten ikasleei, eta laguntza jasotzeko ezinbesteko baldintza izango da ikasleok maila bereko unibertsitate titulu bat ez edukitzea dagoeneko, eta ez betetzea halako titulu bat eskuratzeko baldintza legalak.
I. eranskin honetan jaso ditu proposatutako aldaketak. Hauexek dira:
ARAUTEGIAREN TESTUKO ALDAKETAK
2. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da:
2. artikulua.– Aplikazio eremua.
2.1.– Arautegi honen ondorioetarako, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak izango dira bi baldintza hauek betetzen dituztenak: alde batetik, desgaitasuna edo hezkuntza premia bereziak egiaztatzea, indarreko legeriaren eta arautegi honen arabera. Bestetik, UPV/EHUn matrikulatuta egotea ikasketa ofizialetan edo berezko graduondoko ikasketetan (hau da, etengabeko prestakuntzako masterretan, unibertsitate espezializazioko tituluetan edo unibertsitateko aditu tituluetan), edo mugikortasun programen edo nazioarteko bestelako programen bidez UPV/EHUra etorritako ikaslea izatea, edo unibertsitatera sartzeko proban matrikulatuta egotea.
Aurreko paragrafoan aipatutako ikasleek Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren arreta jaso ahal izango dute, eta hark behar diren egokitzapenak proposatuko ditu eta behar diren bitarteko, laguntza eta baliabideak jarriko ditu ikasleon esku EUEko ziklo bakoitzeko titulazio bakar batean, hau da, gradu batean, graduondoko batean (ofiziala izan nahiz berezkoa izan), eta, ikasten jarraituz gero, doktoregoan, betiere unibertsitateko maila bereko beste titulu bat ez badaukate, edo ez badituzte betetzen halako titulu bat eskuratzeko baldintza legalak.
2.2.– Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako UPV/EHUko Zerbitzuak zainduko du arautegi hau betetzen dela, eta bere eginkizuna izango da aukera berdintasuna bermatzea desgaitasuna, eta, oro har, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei, bidea emanez unibertsitatean ikasteko, bertako zerbitzuak baliatzeko, eta unibertsitatearen alderdi guztietan parte hartzeko.