Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4192

EBAZPENA, 2023ko irailaren 1ekoa,Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Emaitek Plus laguntzen programako 2023ko ekitaldirako deialdia.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduak (2015eko urriaren 7ko EHAA, 191. zk.) Emaitek Plus laguntzen programa arautzen du –agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko uztailaren 28ko Aginduaren (2017ko irailaren 4ko EHAA, 168. zk.) eta 2019ko uztailaren 18ko Aginduaren (2019ko abuztuaren 1eko EHAA, 145. zk.) bidez aldatu zen–.

Aipatutako aginduaren 11. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2023ko ekitaldirako, laguntzetarako urteko deialdi publikoa egiten da, eta, hartarako, beharrezkoak diren arauak ematen dira.

Laguntzen programa hori 2021eko, 2022ko eta 2023ko dirulaguntzen plan estrategikoan dago jasota, zeina Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduaren bidez onetsi baitzen eta zeina lau aldiz aldatu baita, honako ebazpen hauen bidez: 2021eko ekainaren 30eko Agindua, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzekoa; 2022ko otsailaren 16ko Agindua, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa bigarren aldiz aldatzekoa; 2022ko irailaren 7ko Agindua, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa hirugarren aldiz aldatzekoa; eta 2023ko otsailaren 20ko Agindua, 2021., 2022. eta 2023. urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa laugarren aldiz aldatzekoa. Dirulaguntzen Plan Estrategikoa egoitza elektronikoan kontsultatu daiteke: www.euskadi.eus.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 11. artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduan aurreikusitako laguntzetarako 2023ko ekitaldiko deialdia egitea. Agindu horren bitartez, Emaitek Plus laguntzen programa arautzen da, zeinaren bitartez Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko foku anitzeko teknologia-zentroen eta ikerkuntza kooperatiboko zentroen jarduera ez-ekonomikoa laguntzen baita, horretarako finantzaketa esleituz, betiere daukaten jarduera orokorraren emaitzak aztertu eta ebaluatu ostean –Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Agindua beste bi agindu hauek aldatu zuten: 2017ko uztailaren 28ko Aginduak eta 2019ko uztailaren 18ko Aginduak–.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak

1.– Laguntza-deialdi honek aurrekontu-estaldura nahikoa du, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera, bai eta beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak ere. Lehenengo artikuluan adierazitako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 70.857.145,00 eurokoak izango dira.

2.– Agindu arautzailearen 2. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, bi zenbateko bereizitan banatuko da urteko deialdirako guztizko aurrekontu-zuzkidura:

– Foku anitzeko teknologia-zentroetarako: 53.851.430,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela zatitzen da:

– Emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-maila: 52.235.887,00 euro.

– Zentroen jarduketa-planak, 2020rako finkatutako adierazleen aginte-koadroaren helburuak lortzeko: 1.615.543,00 euro.

– Ikerkuntza kooperatiboko zentroetarako: 17.005.715,00 euro; kopuru hori, bestalde, honela zatitzen da:

– Emaitzetara bideratutako zentroaren ereduarekiko egokitzapen-maila: 16.495.544,00 euro.

– Zentroen jarduketa-planak, 2020rako finkatutako adierazleen aginte-koadroaren helburuak lortzeko: 510.171,00 euro.

Eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik eta eskaerak ebatzi baino lehen, haien zenbatekoak handitu ahal izango dira, betiere Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak I+G+b bultzatzeko beste laguntzen programa batzuk exekutatu ondoren agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Halakoetan, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordearen ebazpen bat argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, behar den publizitatea egiteko.

3. artikulua.– Aginte-koadroaren adierazleak, pisuak eta helburuak.

2023ko deialdi honi dagokionez, aginte-koadroko pisuak eta adierazleak ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren III. eranskinean jasotakoak izango dira, zeinak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko martxoaren 24ko Aginduaren bidez aldatu baitziren –109/2015 Dekretuaren bitartez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen da, eragile onuradunaren tipologia bakoitzerako–. 2023ko ekitaldirako ezarri den helburua da % 100 betetzea eragile onuradunaren tipologia bakoitzerako 2020rako markatutako xedea.

4. artikulua.– Eskabideak eta epeak.

1.– Bitarteko elektronikoak erabiliz egin beharko da eskabidea, Emaitek Plus programa arautzen duen aginduan xedatuaren arabera.

2.– Emaitek Plus laguntza-programa arautzen duen aginduaren 12.3. artikuluan zehazten da zer dokumentu aurkeztu behar duten entitate onuradunek. Artikulu horren k) eta I) apartatuetako dokumentuek 2023ko ekitaldiaren denbora-tartea hartuko dute. Emaitzetara bideratutako zentroaren ereduari zenbateraino egokitzen zaion ebaluatzeko, 2022ko ekitaldia hartuko da.

3.– Egoitza elektroniko honen bidez soilik eskuratu eta bete ahal izango da eskabidea:

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1007810/ (euskara)

https://www.euskadi.eus/servicios/1007810/ (gaztelania)

Eskaera egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta ere, «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

5. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko irailaren 16ko Aginduan –2017ko uztailaren 28ko Aginduaren eta 2019ko uztailaren 18ko Aginduaren bidez aldatua– eta ebazpen honetan berariaz ezarrita ez dagoen guztiari dagokionez, xedapen hauek arautuko dute laguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Antolatzeko Printzipioen Legearen testu bategina onartzen duena; eta dirulaguntzen arloko oinarrizko araudia, zeina Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege hori garatzeko erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasota baitago.

AZKEN XEDAPENETAKO Lehenengoa

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO Bigarrena

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko irailaren 1a.

Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,

ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.


Azterketa dokumentala