Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
4191

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 29koa, Trafiko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean, zinemometroen osagarri, irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko gailuak instalatzea eta erabiltzea baimentzen duena, trafikoaren kontrola, erregulazioa, zaintza eta diziplina helburu.

Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sarean gertatzen diren zirkulazio-istripuen % 90ean gehiegizko abiaduraren faktorea agertzen da. Horregatik, ezinbestekoa da errepideetako zenbait bide-tartetan bide-segurtasuna are gehiago zaintzea.

Horiek horrela, azken urte hauetan eta bigarren mailako bide-sarearen zenbait puntutan istripu-tasa gora doala ikusi da. Bide-segurtasunari buruzko azterketak egin dira, eta horien ondorioa izan da istripu horien eragileetako bat abiadura izan ohi dela.

Esperientziak erakutsi digu trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplina helburuetarako zinemometroak erabiltzea dela metodo eraginkorrenetako bat zirkulazio-abiadura bidean ezarritako abiadura-mugen barruan manten dadin lortzeko.

Bide-segurtasuna indartzeko eta zirkulazioa arintzeko, egokitzat jo da ebazpen honetan aipatzen den bide-tartean irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko zenbait tresna, zinemometroen osagarri, instalatzea eta erabiltzea.

Aurreko guztiagatik eta uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren (Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duena) hirugarren xedapen gehigarrian eta abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eta Trafiko Zuzendaritzari esleitzen zaizkion eginkizunak betetzeko (Segurtasun Sailaren egitura organikoari eta funtzionalari buruzko urtarrilaren 19ko 6/2021 Dekretuaren 17.3 artikulua),

HAU EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Trafikoaren kontrola, erregulazioa, zaintza eta diziplina helburu, zinemometroen osagarri, irudiak grabatzeko eta erreproduzitzeko gailu batzuen instalazioa eta erabilera baimentzea, hurrengo bide eta kilometro-puntuetan ezarriko diren 4 kabinatan:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Abiadura kontrolatuko den kilometro-puntuetan, herritarrei horretarako egokiak diren seinale informatiboen bidez ohartaraziko zaie zinemometroak badaudela.

Hirugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik ondorioztatzen bada bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela, grabazioak kasuan kasuko zehapen-prozedurak tramitatzeko eta ebazteko organo eskudunetara helaraziko dira. Grabazioetan jasotako ekintzetatik ondorioztatzen bada bidegabekeria penalen bat egin dela, grabazio horiek agintaritza judizial eskudunera bidaliko dira.

Laugarrena.– Ebazpen hau Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari jakinarazi behar zaio, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriren laugarren ataleko bigarren paragrafoan ezarritakoa betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 29a.

Trafiko zuzendaria,

ESTIBALIZ OLABARRI GONZALEZ.


Azterketa dokumentala