172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (138 KB - 4 orri.)
- EPUB (110 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
4188
1387/2023 EBAZPENA, uztailaren 14koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez aldatzen baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoan oinarrizko destinoak betetzeko Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko prozeduraren baremoaren balorazio-irizpidea, aldi baterako barne-sustapenaren bidez betetako zerbitzuetatik datorren lan-esperientziari aplikatzekoa.
AURREKARIAK
I.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2019ko azaroaren 27ko Erabakiaren bidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoan oinarrizko destinoak betetzeko Lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorraren prozeduraren oinarriak ezarri ziren. (abenduaren 24ko EHAA 244. zk.).
Erabakiaren aplikazio-esparrua hauetara mugatzen da: estatutupeko langile finkoa, karrerako funtzionarioa edo lan-kontratudun langile finkoa izaera duten Osakidetzako langileak, Osasun Sistema Nazionaleko estatutupeko langile finkoak baldin eta lehiatzen diren kategoria/espezialitate berean jabetzako izendapena badute.
II.– Erabakiaren bederatzigarren oinarria lehiaketaren garapenari buruzkoa da, eta ezartzen du deialdi bakoitzean Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak egiaztatuko duela deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla, eta onartutako eskabideak epaimahai kalifikatzaileari helaraziko dizkiola, lehiaketako merezimenduak balora ditzan.
9.4.2 oinarria zehaztu du, eta dagokion baremoan aurreikusitakoaren arabera baloratuko dira lan-esperientzia eta prestakuntza. Aipatutako baremoa 9.2.1 oinarriak jasotzen du, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren 2017ko azaroaren 10eko 1398tik 1403ra bitarteko ebazpenen bidez egindako deialdiei dagokien kategoriaren / lanpostu funtzionalaren azken lekualdatze-lehiaketan aplikatutako baremoari eragiten dio.
III.– Lan-esperientziari dagokion merezimenduaz ari bagara, azaroaren 27ko Erabakiaren bederatzigarren oinarriak eragiten dituen Ebazpenen bidez egindako deialdien oinarriak ezartzen dute zenbatuko dela izangaiek eskatutako destinoaren kategoria berean zerbitzu aktiboan edo plaza gordeta duten aitortutako denbora deialdia EHAAn argitaratu arte.
5.1.5 oinarriak ezartzen du plaza gordetzeko eskubidea eskaintzen duen egoeran emandako denbora (zerbitzu-eginkizunak, zerbitzu bereziak, senideak zaintzeko eszedentzia, berezia aktiboan) gordetako lanpostuan emandako zerbitzu gisa baloratuko dela.
Aldi baterako barne-sustapeneko egoeran zerbitzuak ematen diren denborari dagokionez, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 35.2 artikulua hitzez hitz aplikatuko dela adierazten da. Horren arabera, aldi baterako barne-sustapeneko funtzioak egiten dituen bitartean, interesduna zerbitzu aktiboan egongo da bere jatorrizko kategorian.
IV.– Oinarri horiek 35.2 artikuluaren hitzez hitzeko aplikazioan oinarritzen ziren. Hala ere, aplikazio hori aldatu egin behar da, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoko 3. Atalaren azken epaien interpretazioan oinarrituta. Zehazki, honako epai hauek hartu dira kontuan: 133/2023 epaia, 726/2023 apelazio-errekurtsoa ebaztekoa, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiaren martxoaren 23ko 91/2021 epaiaren aurka, eta 201/2023 epaia, 935/2021 apelazio-errekurtsoa ebaztekoa, Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak 31/2020 administrazioarekiko auzi-errekurtso laburtuan 2021eko uztailaren 8an emandako epaiaren aurka.
Epai horiek Auzitegi Gorenaren aldez aurreko epaietan oinarritzen dira. Epai horietan, aldi baterako barne-sustapenean emandako zerbitzuen balorazioa aztertzen zen, eta epai horietan ondorioztatzen da emandako zerbitzu horien balorazioa benetan garatutako eginkizuna baloratuz egin behar dela. Beraz, uste dute ez dela zuzena zerbitzu aktiboan dagoen hori jatorrizkoan baloratzea.
Auzitegiaren ustez, «emandako zerbitzu guztiak berdintasun-baldintzetan baloratzeko, hain zuzen ere, aldi baterako barne-sustapeneko erregimenean egindakoak hartu behar dira kontuan, lanpostu bat benetan bete denean, lanpostu horri esleitutako eginkizunak betetzeagatik esperientzia bat eskuratzea ekarri duenean, eta hori beti izango da horrela, zerbitzu horien destinoa betetzeko modu zehatza alde batera utzita, behin betikoa edo behin-behinekoa izan.».
Laburbilduz, epaitegiek eta auzitegiek ondorioztatu dute ez dutela egokitzat jotzen oposizio-prozesuei eta lanpostuak betetzeko prozesuei tratamendu desberdina ematea.
Aretoak bere egiten du honako jurisprudentzia hau: lehiaketetan haztatu beharreko merezimenduen baremoen definiziotik abiatuta (osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuaren abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 31.4 artikuluan daude jasota, eta «printzipio horiek lanpostuak betetzeari ere aplika dakizkioke»), honako hau uste du: «lanpostuak hornitzeko merezimenduen haztapenean benetan betetzen den lanpostuari begiratu behar zaio, eta ez funtzionarioaren kategoria edo lanbide-taldeari. Hori dela eta, zerbitzuen haztapena ezin da kontuan hartu funtzionarioari dagokion kidego edo kategoriako lanpostuetan eman izan balira bezala, baizik eta barne-sustapeneko araubidean benetan bete den lanpostuan.».
V.– 2019ko azaroaren 27ko Akordioaren 9.2.2 oinarriak (Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2022ko azaroaren 25eko Erabakiaren bidez aldatua) honako hau adierazten du: «Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez, eta Osasuneko Mahai Sektorialean ordezkaritza duten erakunde sindikalekin negoziatu ondoren, aipatutako ebazpenetan jasotako baremazio-irizpideak aldatu ahal izango dira. Kasu horretan, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da».
VI.– Ildo horretan, 2023ko ekainaren 14ko Mahai Sektorialean jakinarazi zen ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak aplikatuz (epai horietan, Auzitegi Gorenaren epaiak aipatzen dira, zeinak beste osasun-zerbitzu batzuetan aplikatzen ari baitira), aldatu egin behar zela aldi baterako barne-sustapeneko egoeran emandako zerbitzuak baloratzeko irizpidea.
Azaldutako guztiaren ondorioz, eta 2019ko azaroaren 27ko Erabakiak eta pertsonalaren arloan indarrean dagoen legeriak ematen dizkidaten eskumenez baliatuz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 9.2.1 oinarria aldatzea, benetan betetako lanpostuan aldi baterako barne-sustapenean emandako zerbitzuak baloratzeko. 9.2.1 oinarriak ezartzen du merezimenduen balorazioa dagokion kategoriako / lanpostu funtzionaleko azken lekualdatze-lehiaketan aplikatutako baremoarekin bat etorriz egingo dela. Zehazki, baremo horiek hurrengo deialdiei dagozkie:
a) 1399/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, fakultatibo mediko eta teknikari lanbide taldeko mediku kategoriako (Fakultatibo Espezialista Familia Medikua -LMAT eta Fakultatibo Espezialista Pediatriako Medikua -LMAT) eta zehazten diren osasun zerbitzuetako erakundeetan destinoak izateko lekualdatze-lehiaketa deitzen da.
b) 1398/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetzaren zuzendari nagusiarena. Honen bidez, Fakultatibo mediko eta teknikoen lanbide taldeko (lanpostu funtzional hauek izan ezik: Familiako FEM-LMAT eta Pediatriako FEM-LMAT) eta zehazten diren osasun zerbitzuetako erakundeetan destinoak izateko lekualdatze-lehiaketa deitzen da.
c) 1400/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetzako zuzendari nagusiarena. Honen bidez, zehazten diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa duten Diplomadun sanitarioen / Gradudun sanitarioen lanbide-taldeko lekualdatze-lehiaketa deitzen da.
d) 1401/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, zehazten diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa duten Teknikari espezialista sanitarioen lanbide-taldeko lekualdatze-lehiaketa deitzen da.
e) 1402/2017 ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetzako zuzendari nagusiarena. Honen bidez, zehazten diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa duten Teknikari laguntzaile sanitarioen lanbide-taldeko lekualdatze-lehiaketa deitzen da.
f) 1403/2017 Ebazpena, azaroaren 10ekoa, Osakidetzako zuzendari nagusiarena. Honen bidez, zehazten diren zerbitzu sanitarioetako erakundeetan destinoa duten kudeaketa eta zerbitzuetako langileen lekualdatze-lehiaketa deitzen da.»
Jurisprudentzia-irizpide hori hartzearen ondorioz, aldi baterako barne-sustapeneko erregimenean emandako zerbitzuak baloratzeko, benetan betetako lanpostua hartuko da kontuan, eta ez langilearen kategoria edo lanbide-taldea. Hau da, zerbitzuen haztapena ezin da kontuan hartu langileari dagokion kidego edo kategoriako lanpostuetan eman izan balira bezala, baizik eta aldi baterako barne-sustapeneko araubidean benetan bete den lanpostuan.
Beraz, aldi baterako barne-sustapeneko egoeran emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan zenbatuko dira, lanpostu horretan esperientzia lortu dela ulertzen baita.
Bigarrena.– Hemen hartutako irizpidea aplikatuko da 2023ko martxoko esleipen-zikloan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoan oinarrizko destinoak betetzeko lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko etorkizuneko esleipen-zikloetan.
Aldi baterako barne-sustapenean emandako zerbitzuak benetan betetako lanpostuan balioetsiko dira, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Lekualdatze-lehiaketaren web-orrian eta EHAAn argitara dadin agintzea.
Laugarrena.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeak eta Osakidetzako Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ezarritakoaren arabera, ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetzako zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, Ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 14a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.