Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4172

13/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, uztailaren 26koa, joko jardueren gaineko Zergari buruzkoa.

Apirilaren 21eko 7/2014 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, joko jardueren gaineko zerga ituntzea ekarri zuen berekin. Zehazki, 36. artikuluan dio zerga hori itundutako tributu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berberak aplikatu beharko direla.

Hala ere, zerga honen bidez kargatutako jarduera gauzatzen duten operadoreek, antolatzaileek edo hura garatzen duten bestelakoek egiten dituzten jarduerei dagokienez, lurralde historikoetako erakunde eskudunek ahalmena dute Estatuak une bakoitzean ezartzen dituen tasak ehuneko 20 igotzeko gehienez. Gehikuntza hori bakar-bakarrik aplikatuko da lurralde historiko horietan egoitza fiskala dutenek jokoan izandako partaidetzari dagokion zerga oinarriaren zati proportzionalaren gainean.

Orobat, lurralde historikoetako erakunde eskudunek aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak zehazteko ahalmena dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan beharko dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Maiatzaren 27ko 13/2011 Legeak, jokoa arautzen duenak, joko jardueren gaineko zerga ezarri zuen estatu mailan. Zehazki, VII. tituluan, ezartzen du zein zerga araubide aplikatuko zaion legean araututako joko jardueren garapenari, joko eragiketak zergapetzeko, bai eta publizitate edo sustapen xedeetarako ausazko konbinazioei ere, nahiz eta azken horiek hertsiki jokoa ez izan.

Gorago aipatutako Ekonomia Itunaren 36. artikuluan emandako gaikuntzaz baliatuta, gure lurraldean foru agindu hau eman zen: 485/2018 Foru Agindua, urriaren 15ekoa, joko jardueren gaineko zerga urtebeteko edo urte anitzeko jardueren kasuan autolikidatzeko erabili beharreko 763 eredua onartu, eta hura aurkezteko era, epea eta tokiak ezartzen dituena.

Zergaren erregulazioa osatze aldera, foru dekretu arauemaile honen bitartez Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga ordenamendura ekartzen da joko jardueren gaineko zergaren erregulazioa, eta, horretarako, bertan jasotzen dira zergaren ordainarazpenari begira Ekonomia Itunean finkatuta dauden konexio puntuak.

Alde horretatik, zerga honen zergadunek Gipuzkoako Foru Aldundiari tributatu beharko diote ekitaldian egindako eragiketa bolumenaren proportzioan, eta proportzio hori kalkulatuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoan egoiliartutako jokalariek joko modalitate bakoitzean jokatutako zenbatekoen pisu erlatiboa kontuan hartuta.

Jokalariaren egoitza identifikatzea beharrezkoa ez den joko modalitateen ondorioz likidatutako kuotak Gipuzkoako Foru Aldundiari soilik egotziko zaizkio subjektu pasiboaren egoitza fiskala Gipuzkoan dagoenean.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Izaera.

Joko jardueren gaineko zerga zeharkako tributu bat da, joko jarduerak foru dekretu arauemaile honetan aurreikusitako eran zergapetzen dituena.

2. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 36. artikuluan xedatutakoaren esparruan, zerga exijituko da foru dekretu arauemaile honetan eta berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.

2.– Foru dekretu arauemaile honetan ezarritakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.

3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena.

Subjektu pasiboek, egoitza fiskala edozein lekutan dutela ere, Gipuzkoako Foru Aldundian tributatuko dute, ekitaldian zehar Gipuzkoako Lurralde Historikoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan.

Ekitaldian lurralde bakoitzean egindako eragiketa bolumenaren proportzioa kalkulatuko da Gipuzkoako Lurralde Historikoan egoiliartutako jokalariek joko modalitate bakoitzean jokatutako zenbatekoen pisu erlatiboari erreparatuta. Proportzio hori ehunekotan emango da, bi dezimalekin biribilduta, eta Espainiako lurraldean egoiliartu gabeko jokalarien kuotei ere aplikatuko zaie.

Jokalariaren egoitza identifikatzea beharrezkoa ez den joko modalitateen ondorioz likidatutako kuotak Gipuzkoako Foru Aldundiari soilik egotziko zaizkio zergadunaren zerga egoitza Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean, administrazioen artean beharrezkoak diren konpentsazioak gerora egitea eragotzi gabe.

Aurreko paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, kirol eta ongintzako elkarrekiko apustuetan eta estatuko elkarrekiko zaldi apustuetan jokalariaren egoitza identifikatzen ez denean, haiei dagokien zergaren ordainarazpena Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du, apustua egiten den salmenta puntua Gipuzkoako Lurralde Historikoan badago.

4. artikulua.– Zerga egitatea.

1.– Ondoren aipatzen diren estatu mailako joko, zozketa, lehiaketa, apustu eta jarduera hauek baimendu, egin edo antolatzea izango da zerga egitatea:

a) Loteriak, apustuak eta bestelako joko jarduerak, non etorkizuneko emaitza ezezagunen gainean diru kopuruak edo ekonomikoki edozein modutan ebaluatu daitezkeen objektuak arriskatzen baitira eta parte-hartzaileen artean transferitu baitaitezke, kontuan hartu gabe nagusiki jokalarien trebeziaren araberako jokoak diren ala soilik edo funtsean zori, enbido edo ausazko jokoak diren.

b) Zozketak eta lehiaketak, non parte hartzea kontraprestazio ekonomiko baten bidez egiten baita.

c) Noizbehinkako jokoak, zeinak noizean behin bakarrik egiteagatik bereizten baitira aurreko apartatuetan aipatutakoetatik.

d) Mugaz gaindiko joko jarduerak, hau da, Espainiako lurraldetik kanpo kokatutako pertsona fisiko edo juridikoek Espainiako lurraldeko egoiliarrentzat antolatzen edo eskaintzen dituztenak.

2.– Jokoa arautzen duen maiatzaren 27ko 13/2011 Legean jokoaren kontzeptutik kanpo uzten badira ere, zerga egitatearen barruan sartzen dira, halaber, publizitate edo sustapen helburuak dituzten estatuko ausazko konbinazioak, lege horren 2. artikuluko 2. apartatuaren c) letran arautuak.

5. artikulua.– Zergari ez lotzeko kasuak.

Estatu mailako loteria jokoak ez dira egongo zergari lotuta, horiek antolatzen edo egiten dituen operadorea, publiko zein pribatua, edozein dela ere.

Aldiz, estatu mailako loteriaz besteko joko guztiak zergari lotuta egongo dira aurreko paragrafoan aipatutako operadoreek antolatzen edo egiten dituztenean.

6. artikulua.– Sortzapena.

Joko jarduera baimentzen, egiten edo antolatzen denean gertatuko da zergaren sortzapena. Jokoa aldi baterako baimentzen, egiten edo antolatzen den kasuetan, sortzapena urte natural bakoitzeko lehen egunean gertatuko da, baimena lortzen den urtean izan ezik, sortzapena, kasu horretan, baimena ematen den egunean gertatuko baita.

7. artikulua.– Zergadunak.

Zerga honen zergadunak dira pertsona fisikoak eta juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen diren eta entitateak, zerga honekin zergapetutako jarduerak egiten, antolatzen edo garatzen dituztenean.

8. artikulua.– Erantzuleak.

Zergaren ordainketaren erantzule solidarioak izango dira, oro har, egoitza fiskala Espainiako lurraldean duten pertsonei edozein bitartekoren bidez joko jarduerak eskaintzen dizkietenak, bai eta jokoaren garapenagatik irabaziak lortzen dituztenak ere, bi kasuetan berdin delarik jokoaren operadoreak zein lurraldetatik diharduen, betiere ez badute egiaztatu operadoreek beharrezko titulu gaitzaileekin egiten edo antolatzen dituztela joko jarduera horiek.

Era berean, erantzule solidarioak izango dira, titulu gaitzaile horiek badirela egiaztatzen ez badute, azpiegituren jabeak edo enpresaburuak eta informazioaren gizarteko zerbitzu emaileak, arrazoizko moduan pentsatu behar dutenean azpiegitura edo zerbitzu horiek foru dekretu arauemaile honetan araututako joko jarduerak egiteko berariaz erabiltzen edo baliatzen direla.

Apartatu honetan araututako erantzukizuna saihesteko, edozein pertsonak edo entitatek posible izango du Jokoaren Batzorde Nazionalaren webgunean behar den informazioa eskuratzea jakiteko jarduera batek badituen ala ez haren garapenak behar dituen titulu gaitzaileak, Jokoa arautzen duen maiatzaren 27ko 13/2011 Legearen 7. artikuluan eta gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat.

9. artikulua.– Zerga oinarria.

Zerga oinarria honako hauek osatuko dute, joko motaren arabera:

a) Diru-sarrera gordinak, hau da, jokoan parte hartzeko erabiltzen diren kopuruen zenbateko osoa, eta hura antolatu edo egiteagatik zuzenean eskuratu daitekeen beste edozein diru-sarrera.

b) Diru-sarrera garbiak, hau da, jokoan parte hartzeko erabiltzen diren kopuruen zenbateko osoa, eta hura antolatu edo egiteagatik zuzenean eskuratu daitekeen beste edozein diru-sarrera, operadoreak parte-hartzaileei ordaindutako sariak kendu ondoren. Apustu gurutzatuak badira, edo zergadunek ez badituzte diru-sarrera propio gisa lortzen jokatutako diru kopuruak, horiek irabazi dituzten jokalariei trasladatzen dizkietelako, zerga oinarria komisioek osatuko dute, bai eta joko jarduerekin lotutako zerbitzuengatik (haien izen edozein dela ere) jokalariek zergadunari ordaindutako diru kopuru guztiek ere.

Publizitate edo sustapen helburuak dituzten ausazko konbinazioetan, parte-hartzaileei eskainitako sarien edo emandako abantailen merkatu balioaren zenbateko osoa izango da zerga oinarria.

Zenbatekoa tarifikazio gehigarriko bitartekoen bidez ordaintzen bada, ulertuko da jokoan parte hartzeko erabilitako kopurua tarifikazio gehigarriaren zenbatekoa dela, dagokion zeharkako zerga kenduta. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren 42. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar denean, tarifikazio gehigarritzat hartuko da jokoan parte hartzeko erabilitako zenbatekoari deiaren kostua kenduta ateratzen den zenbatekoa, kostu hori merkatuko balioaren arabera zehaztuta. Ondorio horietarako, ez dira kontuan hartuko eragiketen gaineko zeharkako zergak.

10. artikulua.– Karga tasa.

1.– Tasa hauek aplikatuko dira:

1) Estatuaren kirol apustuak, martxoaren 27ko 419/1991 Errege Dekretuak, Estatuaren kirol apustuen bilketa eta sariak nola banatu arautzen duenak, ezarritako betebeharren mende daudenak: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluko a) letrako zerga oinarriaren ehuneko 22.

2) Elkarrekiko kirol apustuak, kontrapartida apustuak eta apustu gurutzatuak; elkarrekiko zaldi apustuak eta kontrapartida apustuak; beste apustu batzuk, kontrapartidakoak eta elkarrekikoak: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluko b) letrako zerga oinarriaren ehuneko 20.

3) Zozketak: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluko b) letrako zerga oinarriaren ehuneko 20, salbu eta onura publikokoak edo ongintzakoak, zerga oinarri horren ehuneko 5 tributatuko baitute.

4) Lehiaketak eta beste joko batzuk: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluko b) letrako zerga oinarriaren ehuneko 20.

5) Publizitate edo sustapen helburuak dituzten ausazko konbinazioak: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluan horietarako ezarritako zerga oinarriaren ehuneko 10.

2.– Zerga egoitza beren lurraldeetan duten eta benetan Ceuta eta Melillako hiri autonomoetan kokatuta dauden operadoreen kasuan, tasa hauek aplikatuko dira:

1) Estatuaren kirol apustuak, martxoaren 27ko 419/1991 Errege Dekretuak, Estatuaren kirol apustuen bilketa eta sariak nola banatu arautzen duenak, ezarritako betebeharren mende daudenak: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluko a) letrako zerga oinarriaren ehuneko 22.

2) Elkarrekiko kirol apustuak, kontrapartida apustuak eta apustu gurutzatuak; elkarrekiko zaldi hipikoak eta kontrapartida apustuak; beste apustu batzuk, kontrapartidakoak eta elkarrekikoak: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluko b) letrako zerga oinarriaren ehuneko 10.

3) Zozketak: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluko b) letrako zerga oinarriaren ehuneko 10, salbu eta onura publikokoak edo ongintzakoak, zerga oinarri horren ehuneko 2,5 tributatuko baitute.

4) Lehiaketak eta beste joko batzuk: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluko b) letrako zerga oinarriaren ehuneko 10.

5) Publizitate edo sustapen helburuak dituzten ausazko konbinazioak: foru dekretu arauemaile honen 9. artikuluan horietarako ezarritako zerga oinarriaren ehuneko 5.

11. artikulua.– Kuota osoa.

Kuota osoa aterako da zerga oinarriari karga tasa aplikatuta.

12. artikulua.– Autolikidazioa eta ordainketa.

Zergadunak behartuta daude zerga autolikidatzera eta ateratzen den kuota ordaintzera Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen eran, ereduan eta epeetan.

13. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudira egiten diren igorpenak.

Jokoa arautzen duen maiatzaren 27ko 13/2011 Legeari eta haren edukiari foru ordenamendu juridikoan egiten zaizkien aipamenak foru dekretu arauemaile honetako manuei buruzkoak direla ulertuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Beste xedapen batzuen indarraldia.

Foru dekretu arauemaile hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarra izaten segituko dute Gipuzkoako Lurralde Historikoan joko jardueren gaineko zerga garatu eta aplikatzeko eman diren xedapen guztiek, eta, bereziki, urriaren 15eko 485/2018 Foru Aginduak, joko jardueren gaineko zerga urtebeteko edo urte anitzeko jardueren kasuan autolikidatzeko erabili beharreko 763 eredua onartu, eta hura aurkezteko era, epea eta tokiak ezartzen dituenak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2023ko uztailaren 26a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala