172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (148 KB - 5 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4170
11/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, uztailaren 26koa, gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen erauzketa balioaren gaineko Zergari buruzkoa.
Abenduaren 28ko 10/2017 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen erauzketa balioaren gaineko zerga ituntzea ekarri zuen berekin. Zehazki, 23 sexies artikuluan dio zerga hori itundutako tributu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berberak aplikatu beharko direla. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak ezartzeko ahalmena izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan beharko dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.
Maiatzaren 21eko 8/2015 Legeak, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea aldatu eta hidrokarburoen esplorazio, ikerketa eta ustiapenarekin lotutako zenbait zerga neurri eta bestelako neurri ez-tributarioak ezartzen dituenak, gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen erauzketa balioaren gaineko zerga ezarri zuen estatu mailan, izaera errealeko zuzeneko tributu gisa.
Zergaren aplikazio eremuan erauzitako gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen jabari publikoko produktuen balioa zergapetzen du. Ezartzen den karga eskala progresiboa da, ekoizpen bolumenaren araberakoa, eta, gainera, haren barruan kontuan hartzen da zelako eragina izan dezaketen proiektuetako zenbait ezaugarri teknikok, hala nola haien kokapen zehatzak edo aplikatutako teknologiak, errentagarritasun ekonomikoan.
Foru dekretu arauemaile honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga antolamendura ekartzea gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen erauzketa balioaren gaineko zerga erregulazioa, zergaren ordainarazpenari begira Ekonomia Itunean finkaturik dauden konexio puntuak haren barruan jasoz.
Alde horretatik, zerga honen zergadunek Gipuzkoako Foru Aldundian tributatu beharko dute erauzketa gunea ustiatzeko emakidaren erreferentziazko perimetroak hartzen duen eremua Gipuzkoan dagoenean.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Izaera eta eremu objektiboa.
1.– Gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen erauzketa balioaren gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, izaera errealekoa, zergaren aplikazio eremuko jabari publikoan erauzitako gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen produktuen balioa zergapetzen duena, haien gainean lehen arazketa eta bereizketa tratamendua egin ondoren.
2.– Zerga honen eremu objektiboan Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean araututa dauden hidrokarburo likidoak eta gaseosoak sartzen dira.
2. artikulua.– Araudi aplikagarria.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 23 sexies artikuluan xedatutakoaren esparruan, zerga exijituko da foru dekretu arauemaile honetan eta berau garatzen duten xedapenetan xedatutakoaren arabera.
2.– Foru dekretu arauemaile honetan ezarritakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.
3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena.
1.– Zergaren ordainarazpena Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du erauzketa gunea ustiatzeko emakidaren erreferentziazko perimetroak hartzen duen eremua, maiatzaren 21eko 8/2015 Legearen 22. artikuluan aipatua, Gipuzkoako Lurralde Historikoan dagoenean (8/2015 Legea, maiatzaren 21ekoa, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea aldatu eta hidrokarburoen esplorazio, ikerketa eta ustiapenarekin lotutako zenbait zerga neurri eta bestelako neurri ez-tributarioak ezartzen dituena).
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako perimetroak hartzen duen eremua EAEn eta lurralde erkidean badago, zergaren ordainarazpena proportzionalki banatuko da bi administrazioen artean.
4. artikulua.– Zerga egitatea.
1.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen II. tituluan aipatzen diren hidrokarburo hobien ustiapen emakidetan gasa, petrolioa eta kondentsatuak zergaren lurralde eremutik erauztea izango da zerga egitatea.
2.– Foru dekretu arauemaile honetan jasotzen diren eta berezko substantibitatea duten kontzeptu eta terminoei dagokienez, hidrokarburoen Estatuko araudian xedatutakoa beteko da, foru dekretu arauemailean bertan definitutakoenen kasuan izan ezik.
5. artikulua.– Zergadunak.
Aurreko artikuluan aipatutako jarduerak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen diren entitateak dira zerga honen zergadunak.
6. artikulua.– Zerga oinarria.
1.– Gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen erauzketak duen balioa izango da zerga honen zerga oinarria.
Erauzketaren baliotzat hartuko da zergaldian zehar zergaren eremu objektiboan sartuta egonik erauzi diren produktuek lehenengo arazketa eta bereizketa tratamendua egin ondoren duten balioen batura.
Gasaren, petrolioaren eta kondentsatuen kantitatea zehazteko, maiatzaren 21eko 8/2015 Legearen 8. artikuluan aipatzen diren hidrokarburoen erauzketa neurtzeko gailuetan neurtutako bolumenari erreparatuko zaio (8/2015 Legea, maiatzaren 21ekoa, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legea aldatu eta hidrokarburoen esplorazio, ikerketa eta ustiapenarekin lotutako zenbait zerga neurri eta bestelako neurri ez-tributarioak ezartzen dituena). Neurketa horrek bat etorri beharko du putzuaren buruko bolumenarekin, operadoreak berak gauzatuko duen arazketa eta bereizketa prozesuaren barruan erretiratzen zaizkion ur, CO2 eta bestelako substantzien kantitateak osoko bolumenetik kendu ondoren.
Ondorio horietarako, erauzketaren balioa kalkulatuko da Estatuko Administrazioko organo eskudunak onartutako erreferentzia prezioari erauzitako produktuaren bolumen osoa aplikatuta. Bolumen hori honela adieraziko da:
a) Petrolioa eta kondentsatuak: petrolio upeletan; upelaren edukiera eta neurtzeko baldintzak aipatutako organo eskudunak finkatuko ditu.
b) Gas naturala: metro kubikotan, zero gradu zentigraduko tenperaturan eta bar bateko presioan neurtuta.
Produktu bakoitzaren erreferentziazko prezioa zergaldi bakoitzeko hamabi hilabeteetako prezioen batezbesteko aritmetikoa izango da. Hileko prezio horiek kalkulatzeko erreferentzia produktu bakoitzak merkatu nagusietan daukan kotizazioa izango da.
2.– Foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluko jarduerak egiteko ustiapen emakida guztietarako kalkulatuko da aurreko apartatuan definitutako zerga oinarria.
7. artikulua.– Zergaldia eta sortzapena.
1.– Zergaldia urte naturala izango da, zergadunak ustiapen emakidaren jarduera uzten duenean izan ezik, kasu horretan jarduera uzten den egunean amaituko baita zergaldia.
2.– Zergaldiko azken egunean sortuko da zerga.
8. artikulua.– Karga tasen eskala.
1.– Ekoizpena petrolioa eta kondentsatuak direnean, karga eskala honen arabera exijituko da zerga:
(Ikus .PDF)
2.– Gasaren kasuan, karga eskala honen arabera exijituko da zerga:
(Ikus .PDF)
Ondorio horietarako, erauzketa ez-konbentzionala izango da bolumen handiko haustura hidraulikoko teknikak aurrez aplikatzea eskatzen duena –-putzu batean 1.000 m3 edo gehiago ur injektatzea haustura fase bakoitzeko, edo 10.000 m3 edo gehiago ur injektatzea haustura prozesu guztian zehar–; aldiz, gainerako teknikak erabiliz egiten den erauzketari konbentzionala iritziko zaio.
9. artikulua.– Kuota osoa.
Kuota osoa kalkulatuko da zerga oinarriari aurreko artikuluan ezarritako karga eskala aplikatuta.
10. artikulua.– Autolikidazioa eta ordainketa.
1.– Zergadunek, zerga sortu eta hurrengo urteko apirilaren lehen 25 egun naturaletan, zergaren autolikidazioa egin beharko dute eta behar den zerga zorra ordaindu, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera.
2.– Zerga sortzen den urteko urriaren lehen 25 egun naturalen barruan, zergadunek ordainketa zatikatu bat egin beharko dute abian den zergaldiari dagokion likidazioaren kontura, Ogasun eta Finantza Departamentuko diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera.
Ordainketa zatikatua kalkulatzeko oinarria urte natural bakoitzeko lehen sei hilabeteetan erauzketak duen balioaren arabera zehaztuko da, betiere foru dekretu arauemaile honen 6. artikuluan balio hori kalkulatzeko ezarritako arauak aplikatuta, eta artikulu horretan bertan aipatzen den organo eskudunak ondorio horietarako onesten duen erreferentziazko prezioa aintzat hartuta.
Produktu bakoitzaren erreferentziazko prezioa urteko lehen sei hilabeteetako prezioen batezbesteko aritmetikoa izango da. Hileko prezio horiek kalkulatzeko erreferentzia produktu bakoitzak merkatu nagusietan daukan kotizazioa izango da.
Ordainketa zatikatuaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurreko paragrafoan aurreikusitako oinarriari foru dekretu arauemaile honen 8. artikuluan jasotako karga eskala aplikatuko zaio.
11. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.
Zerga honi dagozkion arau-hausteak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.
Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2023ko uztailaren 26a.
Diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JOKIN PERONA LERCHUNDI.