Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4169

10/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, uztailaren 26koa, erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko Zergari buruzkoa.

Apirilaren 21eko 7/2014 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga ituntzea ekarri zuen berekin. Zehazki, 23 quinquies artikuluan dio zerga hori itundutako tributu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berberak aplikatu beharko direla. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak ezartzeko ahalmena izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan beharko dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legeak erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga ezarri zuen estatu mailan.

Foru dekretu arauemaile honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga ordenamendura ekartzea erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zergaren erregulazioa, zergaren ordainarazpenari begira Ekonomia Itunean finkaturik dauden konexio puntuak haren barruan jasoz.

Horri dagokionez, zergadunek Gipuzkoako Foru Aldundian tributatu beharko dute erregaia eta hondakinak biltegiratzeko erabiltzen diren instalazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Izaera.

Erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, izaera errealekoa, foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluan definitzen diren eta haren zerga egitatea eratzen duten jarduerak zergapetzen dituena.

2. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 23 quinquies artikuluan xedatutakoaren esparruan, zerga exijituko da foru dekretu arauemaile honetan eta berau garatzen duten xedapenetan xedatutakoaren arabera.

2.– Foru dekretu arauemaile honetan ezarritakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.

3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena.

Zergaren ordainarazpena Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak biltegiratzeko instalazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

4. artikulua.– Zerga egitatea.

Instalazio zentralizatuetan erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak biltegiratzeak eratzen du zerga egitatea tributu honetan.

Zerga honen ondorioetarako, erregai nuklear agortuaren eta hondakin erradioaktiboen biltegiratzetzat joko da horiek aldi baterako edo behin betiko ibilgetzeko egiten den jarduera oro, egiten den modua edozein dela ere; instalazio zentralizatua, berriz, hainbat instalazio edo jatorritatik datozen material horiek biltegiratu ditzakeena izango da.

5. artikulua.– Salbuespenak.

Jarduera mediko edo zientifikoetatik datozen hondakin erradioaktiboak biltegiratzea egongo da zerga honetatik salbuetsita. Orobat, zergatik salbuetsita egongo da araudi nuklearraren mende ez dauden instalazio industrialetan gertatzen diren gorabehera berezietatik datozen hondakin erradioaktiboak biltegiratzea, Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak hala izendatuak edo instalazio horietan detektatuak, iturri erradioaktibo zurtzak kontrolatzeari eta berreskuratzeari buruzko martxoaren 10eko 451/2020 Errege Dekretuaren 5. artikuluan aipatzen diren akordioen esparruan kudeatzen badira.

6. artikulua.– Zergadunak.

Pertsona fiskoak edo juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen diren entitateak zerga honen zergadun izango dira foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluan aipatutako jarduerak egiteko erabiltzen diren instalazioen titularrak direnean.

7. artikulua.– Zergaldia eta sortzapena.

1.– Zergaldia urte naturala izango da, zergadunak foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluan adierazitako zerga egitatea eratzen duten jarduerak egiteari uzten dionean izan ezik. Kasu horretan, jarduera uzten duenean amaituko da zergaldia.

2.– Zergaldiko azken egunean sortuko da zerga.

8. artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zergaren oinarria honako hau izango da:

a) Biltegiratutako erregai nuklear agortuak metal astunaren pisuan duen diferentzia zergaldiaren amaieran eta hasieran, kilogramotan adierazia.

b) Biltegiratuta dauden aktibitate altuko hondakin erradioaktiboek (erregai nuklear agortua ez direnek) edo aktibitate ertaineko edo bizialdi luzekoek zergaldiaren amaieran daukaten bolumenaren eta zergaldiaren hasieran daukatenaren arteko aldea, metro kubikotan adierazia.

c) Zergaldian zehar instalazioan sartu diren aktibitate ertaineko hondakin erradioaktiboen bolumena (aurreko b) letran jaso gabeena) eta aktibitate baxu edo oso baxuko hondakinena, metro kubikotan adierazia.

2.– Zerga honen zerga egitatea eratzen duten jarduerak gauzatzen dituen instalazio bakoitzarentzat zehaztuko da artikulu honetan definitutako zerga oinarria.

9. artikulua.– Aktibitate ertaineko, baxuko eta oso baxuko hondakinak biltegiratzearen oinarri likidagarria.

1.– Foru dekretu arauemaile honen 8.1.c) artikuluan aipatzen den aktibitate ertaineko, baxuko eta oso baxuko hondakinen biltegiratze zentralizatuan, oinarri likidagarria lortzeko, zerga oinarriari K murrizketa koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaio, ondoko formularen arabera:

OL = K × ZO

Azalpena:

OL: oinarri likidagarria.

ZO: zerga oinarria.

2.– K koefizientea lortzeko, formula hau aplikatuko da:

(Ikus .PDF)

Azalpena:

VNC: Behin betiko biltegiratzeko ekarritako hondakin ez trinkogarrien eta ez errausgarrien bolumena.

VC: Behin betiko biltegiratzeko ekarritako hondakin trinkogarrien bolumena.

FC: Bolumenak trinkotze bidez duen murriztapen faktorea.

VSI: Behin betiko biltegiratu aurretik errausketa tratamendua jasotzen duten hondakin solidoen bolumena.

FSI: Bolumenak hondakin solidoen errausketa bidez duen murriztapen faktorea.

VLI: Behin betiko biltegiratu aurretik errausketa tratamendua jasotzen duten hondakin likidoen bolumena.

FLI: Bolumenak hondakin likidoen errausketa bidez duen murriztapen faktorea.

VMX: Behin betiko biltegiratu aurretik trinkotze eta errausketa tratamendu mistoa jasotzen duten hondakinen bolumena.

FMX: Bolumenak trinkotze eta errausketa tratamendu mistoaren bidez duen murriztapen faktorea.

3.– Murriztapen faktoreek balio hauek hartuko dituzte:

(Ikus .PDF)

10. artikulua.– Zerga tasa eta zerga kuota.

Zerga kuota kalkulatuko da zerga oinarriari, edo oinarri likidagarriari aurreko 9. artikuluan ezarritakoaren arabera, zerga tasa hauek aplikatuta:

a) Foru dekretu arauemaile honen 8.1 artikuluko a) letran aipatzen den erregai agortua biltegiratzen denean, 70 euroko tasa metal astuneko kilogramo bakoitzeko.

b) Foru dekretu arauemaile honen 8.1 artikuluaren b) letran aipatzen diren hondakin erradioaktiboak biltegiratzen direnean, 30.000 euroko tasa hondakin erradioaktiboko metro kubiko bakoitzeko.

c) Foru dekretu arauemaile honen 8.1 artikuluaren c) letran aipatzen diren hondakin erradioaktiboak biltegiratzen direnean:

1.a Aktibitate baxuko eta ertaineko hondakin erradioaktiboen kasuan, 10.000 euroko tasa metro kubiko bakoitzeko.

2.a Oso aktibitate baxuko hondakin erradioaktiboen kasuan, 2.000 euroko tasa metro kubiko bakoitzeko.

11. artikulua.– Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak.

1.– Zergadunek, zerga sortu eta hurrengo urtarrilean, zergaren autolikidazioa egin beharko dute eta behar den kuota ordaindu, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera.

2.– Apirileko, uztaileko eta urriko lehen 25 egun naturalen barruan, foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluan ezarritako zerga egitatea egiten duten zergadunek ordainketa zatikatu bat egin beharko dute abian den zergaldiari dagokion likidazioaren kontura, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera.

Ordainketa zatikatuen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira ordainketa zatikatu bakoitza egiteko epea hasi aurreko hiruhileko naturalari dagokion zerga oinarria zehazteko magnitudeak, eta aurreko 10. artikuluan aipatu den zerga tasa aplikatuko da.

12. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2023ko uztailaren 26a.

Diputatu Nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala