Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4168

9/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, uztailaren 26koa, energia nukleoelektrikoaren ekoizpenetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko Zergari buruzkoa.

Apirilaren 21eko 7/2014 Legeak, aldaketak sartu zituenak Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, energia nukleoelektrikoaren ekoizpenetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga ituntzea ekarri zuen berekin. Zehazki, 23 quinquies artikuluan dio zerga hori itundutako tributu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berberak aplikatu beharko direla. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak ezartzeko ahalmena izango dute. Baina eredu horietako datuek, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan beharko dute; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legeak energia nukleoelektrikoaren ekoizpenetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga ezarri zuen estatu mailan.

Foru-dekretu arauemaile honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga ordenamendura ekartzea energia nukleoelektrikoaren ekoizpenetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zergaren erregulazioa, zergaren ordainarazpenari begira Ekonomia Itunean finkaturik dauden konexio puntuak haren barruan jasoz.

Horri dagokionez, zergadunek Gipuzkoako Foru Aldundian tributatuko dute energia nukleoelektrikoaren ekoizpenetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzeko instalazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru-dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, baduela zerga arloko xedapen arauemaileak ematerik, foru-arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera.

Energia nukleoelektrikoaren ekoizpenetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzearen gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, izaera errealekoa, foru-dekretu arauemaile honen 4. artikuluan definitzen diren eta haren zerga egitatea eratzen duten jarduerak zergapetzen dituena.

2. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 23 quinquies artikuluan xedatutakoaren esparruan, zerga exijituko du foru-dekretu arauemaile honetan eta berau garatzen duten xedapenetan xedatutakoaren arabera.

2.– Foru-dekretu arauemaile honetan ezarritakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.

3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena.

1.– Zergaren ordainarazpena Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du energia nukleoelektrikoaren ekoizpenetik deribatutako erregai nuklear agortua eta hondakin erradioaktiboak sortzeko instalazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

2.– Zerga honen konturako ordainketak Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainarazteko, aurreko apartatuan jasotako irizpideari jarraituko zaio.

4. artikulua.– Zerga egitatea.

1.– Honako hau da zerga egitatea:

a) Erreaktore nuklear bakoitzetik deribatutako erregai nuklear agortua sortzea.

b) Energia nukleoelektrikoaren ekoizpenetik deribatutako hondakin erradioaktiboak sortzea.

2.– Aurreko apartatuko a) letran xedatutakoaren ondorioetarako, irradiatutako erregai nuklearra erregai nuklear agortutzat hartuko da erreaktoretik behin betiko erauzten denean.

Erreaktoretik erauzitako erregai nuklear agortua gero berriz ere erreaktore horretan sartzen bada, eta aurreko erauzketa batean artikulu honen a) letran jasotako zerga egitatea gertatu bada, azken erauzketa horrek ez du beste zerga egitaterik ekarriko.

5. artikulua.– Zergadunak.

1.– Foru-dekretu arauemaile honen 4. artikuluan zehazten diren jardueretako edozein egiten duten pertsona fisiko edo juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen diren entitateak dira zerga honen zergadunak.

2.– Zerga egitatea dakarten instalazio nuklearren jabeak ez badira instalazio horien ustiatzaileak, lehenengoak izango dira zerga zorraren erantzule solidarioak.

6. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean aurreikusitakoaren arabera zehatuko dira.

II. KAPITULUA
ERREGAI NUKLEAR AGORTUA

7. artikulua.– Zergaldia eta sortzapena.

1.– Zergaldia erreaktore bakoitzaren eragiketa zikloa izango da, eta zergadun bakoitzak erreaktoreak adina zergaldi izango ditu. Eragiketa ziklotzat hartuko da erreaktorea kargatzeko elkarren segidan egindako bi etenaldiren artean igarotzen den denbora tartea. Horrela, eragiketa zikloa hasiko da erreaktorea kargatzeko etenaldi baten ostean hura berriz ere sare elektrikora konektatzen den egunean, eta hura amaituko da kargatzeko hurrengo etenaldiaren ostean berriz ere konektatzen denean.

2.– Zergadunak foru-dekretu arauemaile honen 4.1.a) artikuluko zerga egitatea dakarren jarduera egiteari uzten badio, jarduera uzten den egunean amaituko da zergaldia.

3.– Zergaldiko azken egunean sortuko da zerga.

8. artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Erregai nuklear agortuan dauden metal as tunaren kilogramoek osatuko dute zerga oinarria. Bertan dauden uranioa eta plutonioa izango dira, hain zuzen, metal astunak.

2.– Zerga oinarria, foru-dekretu arauemaile honen 4.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, erregai nuklear agortua erauzi den erreaktore nuklear bakoitzerako zehaztuko da.

3.– Ustiapena behin betiko eteten den kasuetan, honako hau izango da erreaktoreko erregai guztiaren behin betiko erauzketari dagokion zerga oinarria: aurreko lau karga etenaldietan erreaktoretik behin betiko izaeraz erauzi den erregai nuklearreko metal astunaren pisuari dagokion batez besteko aritmetikoa.

9. artikulua.– Karga-tasa eta zerga-kuota.

Zerga-kuota kalkulatzeko, zerga oinarriari 2.190 euroko karga tasa aplikatuko zaio metal astunaren kilogramo bakoitzeko.

10. artikulua.– Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak.

1.– Zergadunak behartuta egongo dira zerga autolikidatzera eta behar den kuota ordaintzera zergaldi bakoitza amaitu eta hurrengo hilabeteko lehen 25 egun naturalen barruan, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuak foru-agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera. Hala ere, urtarrilean egin beharreko aurkezpena eta diru-sarrera hil horren 31ra arte luzatuko da.

2.– Ekaineko eta abenduko lehen 25 egun naturaletan, zergadunek ordainketa zatikatu bat egin beharko dute hilabete horietako 1ean abian den zergaldi bakoitzari dagokion likidazioaren kontura, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuak foru-agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera.

3.– Honako hauek osatuko dute ordainketa zatikatua kalkulatzeko oinarria: abian den zergaldian erreaktoretik behin betiko erauzi behar den erregai nuklear agortuko metal astunaren kilogramoak, honako zatidura honekin biderkatuta:

– Zenbakitzailean, abian den zergaldiko lehen egunetik ordainketa zatikatua egiteko epea abiarazi arte igarotako egun kopurua.

– Izendatzailean, abian den zergaldiak ustez iraungo duen egun kopurua.

Ordainketa zatikatuaren zenbatekoa kalkulatzeko, aurreko paragrafoan aurreikusitako oinarriari foru-dekretu arauemaile honen 9. artikuluan ezarritako zerga tasa aplikatuko zaio, eta zergaldiagatik egindako ordainketa zatikatuak kenduko zaizkio.

III. KAPITULUA
ENERGIA NUKLEOELEKTRIKOAREN EKOIZPENETIK DERIBATUTAKO HONDAKIN ERRADIOAKTIBOAK

11. artikulua.– Zergaldia eta sortzapena.

1.– Zergaldia urte naturala izango da.

2.– Zergadunak foru-dekretu arauemaile honen 4.1.b) artikuluko zerga egitatea dakarren jarduera egiteari uzten badio, jarduera uzten den egunean amaituko da zergaldia.

3.– Zergaldiko azken egunean sortuko da zerga.

12. artikulua.– Zerga-oinarria.

1.– Jarduera ertaineko, baxuko eta oso baxuko hondakin erradioaktibo ekoiztuen metro kubikoek osatzen dute zerga-oinarria, hondakin horiek instalazioan bertan aldi baterako biltegiratzeko egokituak izan direnean.

2.– Zerga honen zerga egitatea eratzen duten jarduerak gauzatzen dituen instalazio bakoitzarentzat zehaztuko da artikulu honetan definitutako zerga oinarria.

13. artikulua.– Karga-tasa eta zerga-kuota.

Zerga-kuota kalkulatzeko, zerga-oinarriari karga tasa hauek aplikatuko zaizkio:

a) Jarduera baxu eta ertaineko hondakin erradioaktiboen kasuan, 6.000 euro metro kubiko bakoitzeko.

b) Oso jarduera baxuko hondakin erradioaktiboen kasuan, 1.000 euro metro kubiko bakoitzeko.

14. artikulua.– Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak.

1.– Zergadunak behartuta egongo dira zerga autolikidatzera eta behar den kuota ordaintzera zergaldi bakoitza amaitu eta hurrengo hilabeteko lehen 25 egun naturalen barruan, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuak foru-agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera. Hala ere, urtarrilean egin beharreko aurkezpena eta diru-sarrera hil horren 31ra arte luzatuko da.

2.– Ekaineko eta abenduko lehen 25 egun naturaletan, zergadunek ordainketa zatikatu bat egin beharko dute hilabete horietako 1ean abian den zergaldi bakoitzari dagokion likidazioaren kontura, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuak foru-agindu bidez ezarriko duen eran eta ereduaren arabera.

3.– Ordainketa zatikatuen zenbatekoa kalkulatzeko, aintzat hartuko dira artikulu honen 2. apartatuan xedatutakoaren arabera ordainketa zatikatuaren aldi bakoitzari dagozkion zerga oinarriaren magnitudeak, eta aurreko 13. artikuluko karga tasa aplikatuko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudira egiten diren igorpenak.

Jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legearen II. tituluari eta haren edukiari foru-ordenamendu juridikoan egiten zaizkien aipamenak foru-dekretu arauemaile honetako manuei buruzkoak direla ulertuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Baimena emango zaie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatuari, foru-dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru-dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2023ko uztailaren 26a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru-diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala