172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (146 KB - 4 orri.)
- EPUB (106 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4167
7/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, uztailaren 26koa, kreditu entitateetako gordailuen gaineko Zergari buruzkoa.
Apirilaren 21eko 7/2014 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitziren Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, kreditu entitateetako gordailuen gaineko zerga ituntzea ekarri zuen berekin. Zehazki, 23 ter artikuluan –abenduaren 28ko 10/2017 Legeak artikulu bakarraren bidez gero aldatutakoan–, esaten du zerga hori tributu itundu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berberak aplikatu beharko direla. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, zerga honen karga tasak ezarri ahal izango dituzte, lurralde erkidean unean-unean indarrean dauden mugen eta baldintzen barruan beti.
Orobat, dio lurralde historikoetako erakunde eskudunek ahalmena dutela aitorpen eta ordainketa ereduak onartzeko eta likidazio-aldi bakoitzeko ordainketa epeak zehazteko. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ezin dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.
Abenduaren 27ko 16/2012 Legeak, finantza publikoak kontsolidatzeko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko zerga arloko zenbait neurri onesten dituenak, 19. artikuluan kreditu entitateetako gordailuen gaineko zerga ezarri zuen estatu mailan, finantza sistemaren funtzionamenduan eraginkortasun handiagoa bermatuko duen tratamendu fiskal harmonizatua ziurtatzeko asmoz.
Ekonomia Itunaren 23 ter artikuluan emandako gaikuntzaz baliatuta, bi foru agindu hauek eman ziren gure lurraldean: 627/2014 Foru Agindua, azaroaren 26koa, «Kreditu entitateetako gordailuen gaineko zergaren konturako ordainketa. Autolikidazioa» izeneko 410 eredua onartu, eta haren aurkezpenerako baldintzak eta prozedura ezartzen dituena, eta 343/2015 Foru Agindua, ekainaren 22koa, «Kreditu entitateetako gordailuen gaineko zerga. Autolikidazioa» izeneko 411 eredua onartu, eta hura aurkezteko baldintzak eta prozedura ezartzen dituena.
Foru dekretu arauemaile honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga antolamendura ekartzea kreditu entitateetako gordailuen gaineko zergaren erregulazioa, zergaren ordainarazpenari begira Ekonomia Itunean finkaturik dauden konexio puntuak haren barruan jasoz.
Horri dagokionez, zerga honen zergadunek Gipuzkoako Foru Aldundian tributatu beharko dute hirugarrenen funtsak mantentzeko erabilitako egoitza nagusia, sukurtsalak edo bulegoak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Izaera.
Kreditu entitateetako gordailuen gaineko zerga zuzeneko tributu bat da, zeinaren xedea baita kreditu entitateetan eratutako gordailuak zergapetzea foru dekretu arauemaile honetan xedatutakoaren arabera.
2. artikulua.– Araudi aplikagarria.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 23 ter artikuluan xedatutakoaren esparruan, zerga exijituko da foru dekretu arauemaile honetan eta berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.
2.– Foru dekretu arauemaile honetan ezarritakoak ez du galaraziko Espainiako barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.
3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena.
1.– Kreditu entitateetako gordailuen gaineko zergaren ordainarazpena Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du hirugarrenen funtsak mantentzeko erabilitako egoitza nagusia, sukurtsalak edo bulegoak Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.
Hala ere, merkaturatze sistema ez-presentzialen bidez mantentzen diren funtsen kasuan eta lurralde bati atxikitzeko modukoak ez direnetan, ordainarazpena Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du lurraldeari atxikitako gordailuetan daukan partaidetzari dagokion proportzioan.
2.– Zerga honen konturako ordainketak Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainarazteko, aurreko apartatuan jasotako irizpideari jarraituko zaio.
4. artikulua.– Zerga egitatea.
Foru dekretu arauemaile honen 7. artikuluan adierazitako zergadunek hirugarrenen funtsak mantentzeak eratzen du zerga egitatea, mantentze horrek funtsak itzultzeko betebeharra dakarrenean, haien izaera juridikoa edozein dela. Kanpoan geratzen dira Espainiako lurraldetik kanpoko sukurtsaletan mantentzen dira.
5. artikulua.– Salbuespenak.
Honako hauek daude zergatik salbuetsita:
1.– Espainiako Bankua eta moneta erregulatzeko agintaritzak.
2.– Europako Inbertsio Bankua.
3.– Europako Banku Zentrala.
4.– Kreditu Ofizialeko Institutua.
6. artikulua.– Zergaldia eta sortzapena.
1.– Zergaldia urte naturala izango da.
2.– Hala ere, jarduera Espainiako lurraldean hasten bada urte naturala hasita dagoenean, zergaldia jarduera hasi den egunetik urte naturala bukatu bitartekoa izango da.
3.– Edozein kasutan ere, zergaldia amaituko da entitatea edo sukurtsala iraungitzen denean edo Espainiako lurraldean jarduteari uzten zaionean.
4.– Zergaldiko azken egunean sortuko da zerga.
7. artikulua.– Zergadunak.
Zerga honen zergadunak dira:
a) Kreditu entitateen antolamendu, gainbegiraketa eta kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen 1. artikuluan definitutako kreditu entitateak.
b) Atzerriko kreditu entitateek Espainiako lurraldean dituzten sukurtsalak.
8. artikulua.– Zerga oinarria.
Zerga oinarria kalkulatzeko, urte naturaleko hilabete bakoitzean –zergaldiaren iraupena edozein dela ere– izandako amaierako saldoen batezbesteko aritmetikoa egingo da, kreditu entitateen balantze erreserbatuaren pasiboko «Bezeroen gordailuak» izena duen 4. partidari erreparatuta (egoera-orri finantzario indibidualetan jasotako gordailuak).
Ondorio horietarako, amaierako saldotik 4.1.5, 4.2.5, 4.3.2 eta 4.4.5 partidetan sartutako «balorazio doikuntzetako» zenbatekoak gutxituko dira.
Apartatu honetan aipatzen diren parametroak bat datoz azaroaren 27ko 4/2017 Zirkularraren II. tituluko atariko kapituluan eta IV. eranskinean definitutakoekin, edo haren ordezko arauan onetsi litezkeenekin (Espainiako Bankuak kreditu entitateei zuzendutako Zirkularra, finantza informazio publiko eta erreserbatuko arauei eta egoera-orri finantzarioen ereduei buruzkoa).
Entitate edo sukurtsal bat abenduaren 31 baino lehen iraungi edo Espainiako lurraldean jarduteari uzten badio, eta zergari lotutako gordailuak beste zergadun bati eskualdatzen badizkio hitzartuta utzita gordailu horien eskualdaketak eragiketaren urteko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituela kontabilitate ondorioak, gordailu horiek eskuratzaileak bakarrik hartu beharko ditu kontuan zerga honen ondorioetarako.
9. artikulua.– Karga tasa eta zerga kuota.
Kuota osoa kalkulatuko da zerga oinarriari 100eko 0,03ko karga tasa aplikatuta.
Kuota diferentziala lortzeko, kuota osotik konturako ordainketa kendu beharko da, halakorik egin bada.
10. artikulua.– Autolikidazioa.
Zergadunek zergaldia amaitu eta hurrengo urteko uztailean aurkeztu behar dute zergaren autolikidazioa, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarritako moduan, ereduan eta epeetan.
11. artikulua.– Konturako ordainketa egiteko betebeharra.
Ekitaldi bakoitzeko uztailean, zergadunak behartuta daude zerga honen konturako ordainketaren autolikidazio bat aurkeztera, ekitaldi horretako zergaldiari dagokiona, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen tokian, eran eta epeetan. Autolikidazio horren zenbatekoa aurreko zergaldiko zerga oinarriari karga tasa aplikatzetik ateratzen den zenbatekoaren 100eko 50 izango da.
12. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.
Zerga honi dagozkion arau-hausteak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean xedatutakoaren arabera zehatuko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudira egiten diren igorpenak.
Finantza publikoak kontsolidatzeko eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko zerga arloko zenbait neurri onesten dituen abenduaren 27ko 16/2012 Legearen XI. kapituluari eta haren edukiari foru ordenamendu juridikoan egiten zaizkien aipamenak foru dekretu arauemaile honetan jasotzen diren manuei buruzkoak direla ulertuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Beste xedapen batzuen indarraldia.
Foru dekretu arauemaile hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarra izaten segituko dute Gipuzkoako Lurralde Historikoan kreditu entitateetako gordailuen gaineko zerga garatu eta aplikatzeko eman diren xedapen guztiek, eta, bereziki, bi foru agindu hauek: 627/2014 Foru Agindua, azaroaren 26koa, «Kreditu entitateetako gordailuen gaineko zergaren konturako ordainketa. Autolikidazioa» izeneko 410 eredua onartu, eta haren aurkezpenerako baldintzak eta prozedura ezartzen dituena, eta 343/2015 Foru Agindua, ekainaren 22koa, «Kreditu entitateetako gordailuen gaineko zerga. Autolikidazioa» izeneko 411 eredua onartu, eta hura aurkezteko baldintzak eta prozedura ezartzen dituena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.
Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Donostia, 2023ko uztailaren 26a.
Diputatu Nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
JOKIN PERONA LERCHUNDI.