Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4166

6/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, uztailaren 26koa, zenbait zerbitzu digitalen gaineko Zergari buruzkoa.

Otsailaren 8ko 1/2022 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitira Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga ituntzea ekarri du berekin. Zehazki, 34 ter artikuluan dio zerga hori itundutako tributu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berberak aplikatu beharko direla. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak ezartzeko ahalmena izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan beharko dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Urriaren 15eko 4/2020 Legeak zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga ezarri zuen estatu mailan.

Haren xedea zerbitzu digital jakin batzuen prestazioak dira, zeinen ezaugarria baita da haietan erabiltzaileen partaidetza bat dagoela, zerbitzuak ematen dituen enpresaren balioa sortzeko prozesuari ekarpena egiten diona, eta zerbitzu horien bidez enpresak erabiltzaileen ekarpen horiek monetizatzen dituela. Hau da, zerga honi lotutako zerbitzuak nekez existituko lirateke gaur duten eran erabiltzaileen inplikaziorik gabe. Horrelako zerbitzu digitalen erabiltzaileek rol bakarra jokatzen dute, offline zerbitzu baten bezeroek bete ohi zutena baino konplexuagoa.

Emandako zerbitzuetan zentratzen den zerga bat denez –ez ditu kontuan hartzen zerbitzu emailearen ezaugarriak, gaitasun ekonomikoa, esate baterako–, zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga ez da aplikatzen errentaren edo ondarearen gainean, eta, beraz, ez du lekurik zergapetze bikoitzeko hitzarmenetan, «Digitalizazioak dakartzan zerga erronkak: 2018ko behin-behineko txostena» izenburupean ELGAk prestatutako txostenean adierazi bezala. Hortaz, zeharkako tributu gisa eratzen da, eta, gainera, bateragarria da balio erantsiaren gaineko zergarekin.

Ekonomia Itunaren 34 ter artikuluan emandako gaikuntzaz baliatuta, gure lurraldean foru agindu hau eman zen: 316/2022 Foru Agindua, ekainaren 2koa, «Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa» izena duen 490 eredua onetsi eta hura aurkezteko eta diru-sarrera egiteko moduak ezartzen dituena.

Foru dekretu arauemaile honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga antolamendura ekartzea zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren erregulazioa, zergaren ordainarazpenari begira Ekonomia Itunean finkaturik dauden konexio puntuak haren barruan jasoz.

Alde horretatik, zergadunek, zerga egoitza edonon dutela ere, Gipuzkoako Foru Aldundiari tributatu beharko diote Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiten dituzten zerbitzu digital zergapetuen proportzioan. Ondorio horietarako, zerbitzu digitalen prestazioak Gipuzkoako Lurralde Historikoan egindakotzat joko dira baldin eta erabiltzaileak bertan kokatuta badaude foru dekretu arauemaile honetan jasotzen diren lokalizazio erregelen arabera.

Zergak jarraian aipatzen diren zerbitzu prestazioak bakarrik zergapetzen ditu, hain zuzen ere, foru dekretu arauemaile honen ondorioetarako «zerbitzu digital» gisa identifikatzen diren hauek: interfaze digital batean sartzea interfaze horren erabiltzaileei zuzendutako publizitatea («lineako publizitate zerbitzuak»); interfaze digital multifazetikoak eskura jartzea, erabiltzaileek beste erabiltzaile batzuk aurkitu eta haiekin elkarreragitea ahalbidetzeko, edo haien artean azpiko ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak errazteko («lineako bitartekaritza zerbitzuak»); eta erabiltzaileek interfaze digitaletan garatutako jarduerak direla eta haiei buruz bildutako datuak transmititzea, baita saltzea eta lagatzea ere («datuak transmititzeko zerbitzuak»). Komunikazio seinaleen garraioa, Telekomunikazioei buruzko ekainaren 28ko 11/2022 Lege Orokorrean aipatua, ez da inola ere sartzen haien barruan.

Zerga oinarritzen duten irizpideen ondorioz, zergari ez lotzeko kasuak azaltzean, argi uzten da haren eremutik kanpo geratzen direla, besteak beste, honako hauek: lineako bitartekaritza zerbitzu baten esparruan erabiltzaileen artean egiten diren azpiko ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak; eta ondasun edo zerbitzu horien hornitzailearen webgunearen bidez linean kontratatutako ondasun edo zerbitzuen salmentak («merkataritza elektronikoko» txikizkako jarduerak), zeinetan hornitzaileak ez baitu bitartekari moduan jarduten, zeren eta txikizkariarentzat balioa ondasunak eta zerbitzuak ematean sortzen baita eta interfaze digitala komunikatzeko bide moduan baino ez baita erabiltzen. Hornitzaile batek ondasunak edo zerbitzuak bere kontura linean saltzen dituen edo bitartekaritza zerbitzuak ematen dituen ebazteko, eragiketaren substantzia juridiko eta ekonomikoa hartu beharko da kontuan.

Zerga honen zergadunak dira pertsona juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen diren entitateak, Espainian finkatuta egon, Europar Batasuneko beste estatu batean finkatuta egon edo Europar Batasunekoa ez den beste edozein estatu edo jurisdikziotan finkatuta egon, baldin eta likidazio aldiaren hasieran bi atalase hauek gainditzen badituzte: aurreko urte naturaleko negozio zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurotik gorakoa izatea, eta zergari lotutako zerbitzu digitalen prestazioengatik aurreko urte naturalean izandako diru-sarreren zenbateko osoa, behin zerga oinarria zehazteko arauak aplikatuta (Espainiako lurraldean kokatutako erabiltzaileei diru-sarrera horietan dagokien zatia zehazteko balio dutenak) 3 milioi eurotik gorakoa izatea.

Hala ere, arau bereziak ezartzen dira talde bat osatzen duten entitateentzat. Izan ere, entitate batek atalaseak gainditzen dituen eta, beraz, zergaduntzat hartu behar den zehazteko, atalaseak aplikatu behar dira talde osoari dagozkion zenbatekoak aintzat hartuta.

Zergaren aplikazio lurraldearekin nolabaiteko lotura duten zerbitzu digitalen prestazioak baino ez dira egongo zergaren mendean, eta lotura hori dagoela ulertuko da zerbitzu horien erabiltzaileak lurralde horretan daudenean. Lotura hori da, hain zuzen ere, zerga justifikatzen duena. Erabiltzaileak zergaren aplikazio lurraldean kokatuta daudela irizteko, zenbait arau espezifiko ezartzen dira zerbitzu digital bakoitzerako, erabilitako gailua non baliatu den aintzat hartzen duena. Horretarako, Interneteko protokoloaren IP helbideetara jotzen da oro har, baina beste frogabide batzuk ere erabili daitezke, batez ere, gailuak geolokalizatzeko beste tresna batzuk.

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergaren testuinguruan pertsona fisikoen datu pertsonalekin egiten den edozein tratamenduk aintzat hartu beharko ditu beti bi xedapen hauek: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Zergaren zerga oinarria honako hau izango da: zergaren aplikazio lurraldean zergadunak zergari lotuta egindako zerbitzu digital bakoitzeko lortu dituen diru-sarreren zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga edo beste zerga baliokide batzuk kenduta, hala badagokio. Oinarria kalkulatzeari begira, berariazko arauak ezartzen dira zergaren aplikazio lurraldean dauden erabiltzaileei dagozkien diru-sarrerak soilik zergapetzeko.

Zerga tasa ehuneko 3koa izango da, haren sortzapena zergapetutako zerbitzu bakoitzeko gertatuko da, eta likidazio aldia hiru hilekoa izango da.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Izaera eta xedea.

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga zeharkako tributu bat da, zerbitzu digital batzuen prestazioak zergapetzen dituena foru dekretu arauemaile honetan aurreikusitako moduan eta baldintzetan, zergaren aplikazio lurraldean kokatutako erabiltzaileek horietan parte hartzen dutenean.

2. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 34 ter artikuluan xedatutakoaren esparruan, zerga exijituko da foru dekretu arauemaile honetan eta berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.

2.– Foru dekretu arauemaile honetan ezarritakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.

3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena eta ikuskapena.

1.– Zergadunek Gipuzkoako Foru Aldundian tributatuko dute, zerga egoitza edonon dutela ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoan zergari lotuta egiten dituzten zerbitzu digitalen proportzioan.

Proportzio hori ehunekotan adieraziko da, bi dezimalekin biribilduta, eta Gipuzkoan emandako zerbitzuengatik lortutako diru-sarrerek zergaren aplikazio lurraldean guztira lortutako diru-sarrerekiko duten proportzioaren arabera zehaztuko da. Ondorio horietarako, diru-sarreren zenbatekotik kanpo geratuko da bai balio erantsiaren gaineko zerga eta bai antzeko beste edozein zergarik.

2.– Zerbitzu digitalak Gipuzkoako Lurralde Historikoan egindakotzat joko dira erabiltzaileak, foru dekretu arauemaile honen 7. artikuluan jasotako lokalizazio erregelak aplikatuta, Gipuzkoako Lurralde Historikoan daudenean.

3.– Zergadunak Gipuzkoako Lurralde Historikoan baldin badu zerga egoitza, zergaren ikuskapena Gipuzkoako Foru Aldundiko organoek egingo dute, ukitutako gainerako zerga administrazioen lankidetza deusetan eragotzi gabe, eta ikuskapen horrek administrazio eskudun guztien aurrean izango ditu ondorioak, baita dagokien tributazio proportzioan ere.

Ikuskapen jarduketa horien ondorioz gertatzen bada zorren bat ordaindu edo kopururen bat itzuli behar dela eta zor edo itzulketa hori hainbat administraziori dagokiela, zenbateko hori Gipuzkoako Zerga Administrazioak ordaindu edo itzuliko du, administrazioen artean zilegi diren konpentsazioak eragotzi gabe.

Gipuzkoako Foru Aldundiko ikuskaritzako organoek euren jarduketen emaitzen berri emango diete ukitutako beste administrazioei. Gipuzkoako Zerga Administrazioak egiaztapenetan finkatzen dituen proportzioek likidatutako betebeharrei dagokienez izango dituzte ondorioak zergadunarentzat, nahiz eta horrek ez duen eragotziko egiaztapen horien ondoren bestelako proportzioak adostea administrazio eskudunen artean.

4. artikulua.– Kontzeptuak eta definizioak.

Foru dekretu arauemaile honen ondorioetarako, definizio hauek ezartzen dira:

1.– Eduki digitalak: formatu digitalean emandako datuak –hala nola ordenagailu programetan, aplikazioetan, musikan, bideoetan, testuetan, jokoetan eta beste edozein programa informatikotan–, interfaze digitalaren beraren datuekin zer ikusirik ez dutenak.

2.– Interneteko IP helbidea: interkonektatutako gailuei Internet bidez komunikatu ahal izateko esleitzen zaien kodea.

3.– Taldea: entitate multzoa, zeinean entitate batek kontrola baitu edo eduki baitezake beste baten edo batzuen gainean, Merkataritza Kodeko 42. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, alde batera utzita egoitza non duten eta urteko kontu bateratuak aurkeztu behar dituzten.

4.– Interfaze digitala: komunikazio digitalerako balio duen eta erabiltzaileentzat eskuragarri dagoen edozein programa (webguneak edo horien zatiak barne), aplikazio (aplikazio mugikorrak barne) edo beste edozein bitarteko.

5.– Zerbitzu digitalak: lineako publizitate zerbitzuak, lineako bitartekaritza zerbitzuak eta datuak transmititzekoak soilik hartuko dira halakotzat.

6.– Lineako publizitate zerbitzuak: norberaren edo besteren interfaze digital batean interfaze horren erabiltzaileei zuzendutako publizitatea sartzeko zerbitzuak. Publizitatea sartzen duen entitatea ez bada interfaze digitalaren jabea, hura joko da publizitate zerbitzuaren emailetzat, eta ez interfazearen jabea den entitatea.

7.– Lineako bitartekaritza zerbitzuak: interfaze digital multifazetiko bat erabiltzaileen esku jartzeko zerbitzuak (hainbat erabiltzailerekin aldi berean jarduteko balio duena), azpiko ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak erabiltzaileen artean zuzenean egitea errazteko, edo beste erabiltzaile batzuk aurkitzea eta haiekin elkarreragitea ahalbidetzeko.

8.– Datuak transmititzeko zerbitzuak: erabiltzaileei buruz bildutako datuak kontraprestazio baten truke transmititzeko zerbitzuak, baita horiek saldu edo lagatzekoak ere, baldin eta datu horiek erabiltzaileek interfaze digitaletan garatutako jardueren ondorioz sortuak badira.

9.– Erabiltzailea: interfaze digitala erabiltzen duen edozein pertsona edo entitate.

10.– Publizitate zuzendua: produktu, zerbitzu edo marka bat sustatzeko helburua duen izaera komertzialeko edozein komunikazio digital, interfaze digital baten erabiltzaileei zuzendua, interfaze horretan haiei buruz bildutako datuetan oinarrituta. Kontrakoa frogatu ezean, publizitate guztia «publizitate zuzendua» dela joko da.

11.– Finantza zerbitzu arautuak: finantza entitate arautu batek egin ditzakeen finantza zerbitzuak.

12.– Finantza entitate arautua: finantza zerbitzuen emailea, edozein arau nazional edo Europar Batasunak finantza zerbitzuak arautzeko onartutako edozein harmonizazio neurri aplikatuz baimendu edo erregistratu eta gainbegiratu beharrekoa, Europar Batasunaren egintza juridiko baten arabera Europar Batasunaren neurrien baliokidetzat jotzen den eta Europar Batasunak eman ez duen araudiaren arabera gainbegiratu behar diren finantza zerbitzuen emaileak barne.

13.– Zergaren aplikazio lurraldea: Espainiako lurraldea.

5. artikulua.– Zerga egitatea.

Zergaren aplikazio lurraldean zergaren zergadunek egiten dituzten zerbitzu digitalen prestazioak egongo dira zergari lotuta.

6. artikulua.– Zergari ez lotzeko kasuak.

Ez dira egongo zergari lotuta:

a) Ondasunak edo zerbitzuak hornitzen dituztenen webgunearen bidez linean kontratatutako ondasun edo zerbitzuen salmentak, hornitzaileak bitartekari moduan jarduten ez duenean.

b) Lineako bitartekaritza zerbitzu baten esparruan erabiltzaileen artean egiten diren azpiko ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak.

c) Lineako bitartekaritza zerbitzuak, baldin eta interfaze digital bat eskura jartzen duen entitateak ematen dituen zerbitzu horien helburu bakarra edo nagusia erabiltzaileei eduki digitalak eskaintzea edo komunikazio zerbitzuak edo ordainketa zerbitzuak ematea bada.

d) Finantza entitate arautuek ematen dituzten finantza zerbitzu arautuak.

e) Datuak transmititzeko zerbitzuak, finantza entitate arautuek ematen dituztenean.

f) Talde bateko entitateen artean egiten diren zerbitzu digitalak, zuzeneko edo zeharkako partaidetza ehuneko 100ekoa denean.

7. artikulua.– Zerbitzu digitalak egiteko lekua.

1.– Zerbitzu digitalak zergaren aplikazio lurraldean egindakotzat joko dira erabiltzaileren bat lurralde eremu horretan dagoenean, alde batera utzita erabiltzaileak zerbitzutik eratorritako diru-sarrerak sortzen laguntzen duen kontraprestazioren bat ordaindu duen ala ez.

2.– Erabiltzailea zergaren aplikazio lurraldean dagoela ulertuko da:

a) Lineako publizitate zerbitzuen kasuan, publizitatea erabiltzaile horren gailuan agertzen den unean gailua lurralde eremu horretan dagoenean.

b) Azpiko ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak erabiltzaileen artean zuzenean egitea ahalbidetzen duten lineako bitartekaritza zerbitzuen kasuan, erabiltzaileak lurralde eremu horretan dagoen gailu baten interfaze digitala erabiliz amaitzen duenean azpiko eragiketa.

Lineako gainerako bitartekaritza zerbitzuetan, erabiltzaileari interfaze digitalean sartzeko aukera ematen dion kontua irekitzeko unean kontu hori lurralde eremu horretan dagoen gailu bat erabiliz ireki denean.

c) Datuak transmititzeko zerbitzuen kasuan, erabiltzaile batek interfaze digital baten bidez sortu dituenean transmititutako datuak eta datuok sortzeko unean lurralde eremu horretan dagoen gailu baten bidez sartu denean bertara.

3.– Zerbitzu digitalen prestazioak non egin diren zehazteko orduan, ez da kontuan hartuko:

a) Lineako bitartekaritza zerbitzuen kasuetan, non egin den azpiko ondasun entrega edo zerbitzu prestazioa.

b) Nondik egin den zerbitzu digital batekin lotutako ordainketa.

4.– Artikulu honen ondorioetarako, pentsatuko da erabiltzaile baten gailua bere IP helbideak adierazten duen lekuan dagoela, non eta, zuzenbidean onargarriak diren beste frogabide batzuen bitartez, eta, bereziki, geolokalizazio beste tresna batzuk erabilita, ez den ondorioztatzen leku hori beste bat dela.

5.– Foru dekretu arauemaile hau aplikatzeko, erabiltzaileei buruz bildu daitezkeen datuak erabiltzaileen gailuak zergaren aplikazio lurraldean kokatzeko balio dutenetara mugatuko dira.

8. artikulua.– Zergadunak.

1.– Pertsona juridikoak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 35.3 artikuluan aipatzen diren entitateak dira zerga honen zergadunak, baldin eta likidazio aldiaren lehen egunean bi atalase hauek gainditzen badituzte:

a) Aurreko urte naturalean beren negozio zifraren zenbateko garbia 750 milioi eurotik gorakoa izatea.

b) Zergari lotutako zerbitzu digitalen prestazioengatik aurreko urte naturalean izandako diru-sarreren zenbateko osoa, behin 10. artikuluan aurreikusitako erregelak aplikatuta, 3 milioi eurotik gorakoa izatea.

Jarduera aurreko urtean hasi bada, zenbateko horiek urtebetera eramango dira.

2.– 1. apartatuan aipatzen diren zenbatekoak, euroa ez den beste dibisa batean baldin badaude, eurotara ekarriko dira, dena delako urte naturaleko azken Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako truke tasa aplikatuta.

3.– Talde bat osatzen duten entitateen kasuan, 1. apartatuan aipatzen diren atalaseen zenbatekoak talde osoarenak izango dira.

Ondorio horietarako:

a) 1. apartatuko a) letrako atalasea honako hau bera izango da: Kontseiluaren 2016ko maiatzaren 25eko 2016/881 (EB) Zuzentarauan ezarritakoa (zuzentarau horrek 2011/16/EB Zuzentaraua aldatzen du fiskalitatearen arloan informazioa nahitaez eta automatikoki trukatzeari dagokionez, eta herrialdez herrialdeko txostenari buruzko aitorpena ezartzen du), eta ELGAk eta G-20k zerga oinarriaren higadurari eta etekinen eskualdaketari buruz egindako proiektuko (BEPS, ingelesezko sigletan) 13. ekintza aplikatuz nazioartean ezarritako arau baliokideetan jasotakoa (ekintza hori transferentzia prezioen eta herrialdez herrialdeko txostenaren gaineko dokumentazioari buruzkoa da).

b) 1. apartatuko b) letrako atalasea talde bateko entitateen artean zerga honi lotuta egiten diren zerbitzu digitalak ezabatu gabe zehaztuko da.

Taldeak atalase horiek gainditzen baditu, taldea osatzen duten entitate guztiak hartuko dira zergaduntzat, zerga egitatea gauzatzen duten neurrian, apartatu horretako b) letran aipatzen diren eta dagozkien diru-sarreren zenbatekoa edozein dela ere.

9. artikulua.– Sortzapena.

Zergapetutako eragiketak egiten, burutzen edo gauzatzen direnean sortuko da zerga.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, zergapetuta dauden eragiketetan ordainketak egin behar badira zerga egitatea gertatu aurretik, prezioa erabat edo partzialki kobratzen den unean sortuko da zerga, benetan kobratutako zenbatekoengatik.

10. artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Zergaren zerga oinarria honako hau izango da: zergaren aplikazio lurraldean zergadunak zergari lotuta egindako zerbitzu digital bakoitzeko lortu dituen diru-sarreren zenbatekoa, balio erantsiaren gaineko zerga edo antzeko beste edozein zerga kenduta, hala badagokio.

Talde bereko entitateen artean ematen diren zerbitzu digitaletan, zerga oinarria zerbitzuaren merkatuko balio normala izango da.

2.– Zerga oinarria zehazteko, erregela hauek aplikatuko dira:

a) Lineako publizitate zerbitzuen kasuan, guztira lortutako diru-sarrerei proportzio hau aplikatuko zaie: zergaren aplikazio lurraldean dauden gailuetan publizitatea zenbat aldiz agertu den eta horrek zer proportzio adierazten duen publizitatea beste edozein gailutan, edonon daudela ere, agertu den aldi kopuru osoarekiko.

b) Erabiltzaileen artean azpiko ondasun entregak edo zerbitzu prestazioak zuzenean egitea ahalbidetzen duten lineako bitartekaritza zerbitzuen kasuan, guztira lortutako diru-sarrerei proportzio hau aplikatuko zaie: zergaren aplikazio lurraldean kokatutako erabiltzaile kopuruak zer proportzio adierazten duen zerbitzu horretan parte hartzen duten erabiltzaile kopuru osoarekiko, horiek edonon daudela ere.

Gainerako bitartekaritza zerbitzuetan, zerga oinarria erabiltzaileengandik zuzenean eratorritako diru-sarreren zenbateko osoa izango da, erabilitako interfaze digitalera sartzeko aukera ematen duten kontuak zergaren aplikazio lurraldean zegoen gailu bat erabiliz ireki direnean.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, berdin da erabilitako kontua noiz ireki den.

c) Datuak transmititzeko zerbitzuen kasuan, guztira lortutako diru-sarrerei proportzio hau aplikatuko zaie: zergaren aplikazio lurraldean kokatuta dauden erabiltzaileek, datu horiek sortu dituztenek, zer proportzio adierazten duten datu horiek sortu dituen erabiltzaile kopuru osoarekiko, horiek edonon daudela ere.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, berdin da noiz bildu diren transmititutako datuak.

3.– Likidazio aldian zerga oinarriaren zenbatekoa ezagutzen ez bada, zergadunak behin-behinean finkatu beharko du, irizpide sendoak aplikatuz eta zerbitzu digitalen prestazioak diru-sarrerak sortuko dituen aldi osoa kontuan hartuz. Zenbateko hori jakiten denean, erregularizatu egin beharko da, likidazio aldiari dagokion autolikidazioaren bidez.

Erregularizazioa gehienez ere 4 urteko epean egin beharko da, eragiketari dagokion zergaren sortzapen datatik aurrera.

4.– Zerga oinarria oker zehaztu bada, zergadunak zuzendu egin beharko du, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean eta hura garatzeko araudian aurreikusitakoaren arabera.

5.– Zerga oinarria kalkulatzeko zuzeneko zenbatespenaren metodoa erabiliko da, zerga oinarrien zeharkako zenbatespenaren metodoa erregulatzen duten arauetan ezarritako salbuespenekin.

11. artikulua.– Zerga tasa.

Zerga tasa ehuneko 3koa izango da.

12. artikulua.– Kuota osoa.

Kuota osoa aterako da zerga oinarriari zerga tasa aplikatuta.

13. artikulua.– Betebehar formalak.

1.– Zergadunek honako betebehar hauek izango dituzte, erregelamendu bidez zehaztuko diren betekizun, muga eta baldintzekin:

a) Zergari lotuta egotea dakarten jardueren hasiera, aldaketa eta amaiera aitorpenak aurkeztea.

b) Administrazioari identifikazio fiskaleko zenbakia eskatzea eta ezartzen diren kasuetan hura komunikatu eta frogatzea.

c) Erregelamenduz ezartzen diren erregistroak eramatea.

d) Beren zerbitzu digitalei buruzko informazioa aurkeztea, aldian-aldian edo Administrazioak eskatzen duenean.

e) Ordezkari bat izendatzea, foru dekretu arauemaile honetan ezarritako betebeharrak betetzeko, Europar Batasunean finkatu gabeko zergadunak direnean.

Zergadunak, edo haren ordezkariak, izendapenaren berri eman behar dio Zerga Administrazioari, behar bezala egiaztatuta, zergari lotutako eragiketak aitortzeko epea amaitu baino lehen.

f) Zergaren xede diren eragiketen frogagiriak eta dokumentazioa gordetzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean aurreikusitako preskripzio epeak dirauen bitartean. Zehazki, zergapetutako zerbitzu digitala eman den lekua identifikatzeko balio duten frogabideak gorde beharko dituzte.

g) Zerga Administrazioak zergadunaren zerga egoera kontrolatzeko hala eskatzen duenean, euskarara edo gaztelaniara itzultzea zerbitzu digitalei dagozkien fakturak, kontratuak edo egiaztagiriak, baldin eta zerbitzuok zergaren aplikazio lurraldean emandakotzat jotzen badira.

h) Erabiltzaileen gailuak zergaren aplikazio lurraldean non dauden zehazteko sistemak, mekanismoak edo akordioak ezartzea.

2.– Era berean, zerga araudian ezarrita dauden gainerako betebehar formal guztiak ere izango dituzte.

14. artikulua.– Zergaren kudeaketa.

1.– Likidazio aldia hiruhileko naturala izango da. Zergadunek dagozkien autolikidazioak aurkeztu eta zerga zorra ordaindu beharko dute, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen eran, ereduan eta epeetan.

2.– Zerga ordainarazteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiak badauka, zergadunek aldundi honetako Ogasun eta Finantza Departamentuari aurkeztu beharko dizkiote zergaren autolikidazioak, eta horietan nahitaez zehaztu behar dute zenbateko kuota dagokion administrazio bakoitzari.

Bidezkoak diren itzulketak Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentu horrek egingo ditu, dagokion zenbatekoan.

15. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

1.– Artikulu honetan aurreikusten diren xedapen bereziak eragotzi gabe, zerga honekin lotuta egiten diren arau-hausteak zehatzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorra (martxoaren 8ko 2/2005 Foru Araua) eta aplikazio orokorreko gainerako arauak aplikatuko dira.

2.– Zerga honen ondorioetarako, zerga arloko arau-haustea izango da foru dekretu arauemaile honen 13.1.h) artikuluan aipatzen den betebeharra ez betetzea.

Zehapena diruzko isun bat izango da, aurreko urte naturaleko negozio zifraren zenbateko garbiaren ehuneko 0,5 hain zuzen, foru dekretu arauemaile honen 8. artikuluan ezartzen den bezala, 15.000 eurokoa gutxienez eta 400.000 eurokoa gehienez, aurreko paragrafoan aipatzen den ez-betetzea gertatu den urte natural bakoitzeko.

3.– Artikulu honetan ezarritako arau-haustea egiteagatik ordaindu beharreko zehapenaren zenbatekoa murriztu ahal izango da, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 192. artikuluan xedatutakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Araudira egiten diren igorpenak.

Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergari buruzko urriaren 15eko 4/2020 Legeari eta haren edukiari foru ordenamendu juridikoan egiten zaizkien aipamenak foru dekretu arauemaile honetako manuei buruzkoak direla ulertuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Beste xedapen batzuen indarraldia.

Foru dekretu arauemaile hau indarrean jartzen denetik aurrera, indarra izaten segituko dute Gipuzkoako Lurralde Historikoan zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga garatu eta aplikatzeko eman diren xedapen guztiek, eta, bereziki, ekainaren 2ko 316/2022 Foru Aginduak, «Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga. Autolikidazioa» izena duen 490 eredua onetsi eta hura aurkezteko eta diru-sarrera egiteko moduak ezartzen dituenak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Erregelamenduzko xedapenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu digital jakin batzuen gaineko zergaren erregelamendua onetsi arte, lurralde erkidean indarrean dauden erregelamenduzko xedapenak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Donostia, 2023ko uztailaren 26a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala