Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2023ko irailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
4165

5/2023 FORU DEKRETU ARAUEMAILEA, uztailaren 26koa, Transakzio Finantzarioen gaineko Zergarena.

Otsailaren 8ko 1/2022 Legeak, zeinaren bidez aldaketak sartu baitira Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onesten duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legean, transakzio finantzarioen gaineko zerga ituntzea ekarri zuen berekin. Hain zuzen ere, 34 bis artikuluan dio zerga hori itundutako tributu bat dela eta hura arautzeko Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen arau substantibo eta formal berberak aplikatu beharko direla. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, aitorpen eta ordainketa ereduak onesteko eta likidazio aldi bakoitzeko ordainketa epeak ezartzeko ahalmena izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan beharko dira; eta epe horiek, berriz, ezingo dira izan Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak.

Urriaren 15eko 5/2020 Legeak, Transakzio finantzarioen gaineko zergarenak, transakzio finantzarioen gaineko zerga ezarri zuen estatuan, eta horren xedea izan zen finantza publikoak kontsolidatzeko helburuan laguntzea eta zerga sistemaren ekitate printzipioa indartzea, kontuan hartuta izaera orokorrez zergapetzen diren eragiketak ez zeudela inolako zergari lotuta zeharkako zergen esparruan.

Zerga hau konfiguratzeko garaian, gure inguruko herrialdeetan (Frantzian eta Italian, esate baterako) hartutako ildoari jarraitu zaio, betiere Europa mailan karga horien arteko koordinazioa handiagoa izaten laguntze aldera.

Foru dekretu arauemaile honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoko zerga antolamendura ekartzea figura tributario horren erregulazioa, zergaren ordainarazpenari begira Ekonomia Itunean finkaturik dauden konexio puntuak haren barruan jasoz.

Alde horretatik, zergadunek, zerga egoitza edonon dutela ere, Gipuzkoako Foru Aldundian tributatuko dute likidazio aldi bakoitzean Gipuzkoan egindako eragiketa bolumenaren proportzioan, zeina zehaztuko baita egoitza soziala Gipuzkoan duten sozietateen akzioei lotutako eragiketen zerga oinarriak subjektu pasibo bakoitzaren zerga oinarri osoarekiko duen portzentajearen arabera.

Espainiako sozietateen akzioak kostu bidez eskuratzeak eratzen du zerga honen zerga egitatea, eragiketan esku hartzen duten pertsonen edo entitateen egoitza edonon dagoela ere.

Hortaz, zergapetze printzipio gisa jaulkipen printzipioa ezartzen da, eta horrekin minimizatzen da finantza bitartekarien deslokalizazio arriskua, egoitza printzipioa aplikatzean gertatzen ez den bezala, kontuan hartuta Espainiako sozietateen akzioak zergapetzen direla finantza bitartekariaren egoitza edo establezimendua edo akzioak negoziatzeko lekua edozein dela ere.

Zergapeturik geratzen dira, halaber, aipatu diren akzioen adierazgarri diren gordailu ziurtagiriak.

Hala ere, zerga ez da aplikatzen Espainiako sozietateen akzioen eskurapen guztietan; aitzitik, merkatu arautu batean negoziatzeko onartutako akzioak dituzten sozietateen akzioetara mugatzen da, transakzioa negoziazio zentro batean egin ala ez, eta, gainera, 1.000 milioi eurotik gorako burtsako kapitalizazio balioa duten sozietateen akzioetara soilik. Atalase horrekin, lortu nahi da zergak ahalik eta gutxien eragitea merkatuaren likidezian, baina zerga-bilketa potentzialaren portzentaje oso handi bat bermatuta aldi berean.

Salbuetsita geratzen dira lehen mailako merkatuko eragiketa jakin batzuk, merkatuek behar bezala funtzionatzeko beharrezkoak direnak, enpresak berregituratzeko eragiketetatik edo suntsiarazpen neurrietatik ondorioztatzen direnak, talde bereko sozietateen artean egiten direnak eta aldi baterako lagapenak xede dituztenak.

Zergaren sortzapenari dagokionez, esan beharra dago hura gertatzen dela zerga egitatea eratzen duen kostu bidezko eskurapenaren xede diren baloreen idatzoharra zergadunaren alde egiten den unean, idatzoharra balore kontu batean egin, gordailu edo zaintza zerbitzua ematen duen finantza entitate baten liburuetan egin, balore gordailuzain zentral baten erregistroetan egin edo entitate parte hartzaileek daramatzaten erregistroetan egin.

Zerga oinarria kontraprestazioaren zenbatekoa da, transakzioak dakartzan gastuak barruan sartu gabe. Hala ere, erregela berezi batzuk ezartzen dira baloreen eskurapena obligazio edo bonu bihurgarri edo trukagarriak, finantza tresna deribatuak edo edozein tresna edo kontratu finantzario exekutatu edo likidatzeagatik gertatzen den kasuetarako, bai eta egun berean egindako eskurapen eta eskualdaketa kasuetarako ere.

Zergaren zergaduna baloreak eskuratzen dituena da. Oro har, subjektu pasiboa da baloreak eskuratzeko agindua komunikatzen edo exekutatzen duen finantza bitartekaria, bai bere kontura ari denean –orduan zergadun gisa izango da subjektu pasibo–, bai hirugarrenen kontura ari denean –zergadunaren ordezko jardungo du orduan–.

Azkenik, zergaren aitorpenari eta ordainketari dagokienez, aurreikusten da erregelamendu bidez garatzea bai horretarako behar den prozedura eta bai zein kasutan egin ahal izango duen Espainiako lurraldean finkatuta dagoen gordailuzain zentral batek zerga zorraren aitorpena eta ordainketa subjektu pasiboaren izenean eta haren kontura. Horrela, automatizazio maila handia lortzen da kudeaketan.

Aurreko prozedura aplikatu ezin den kasuetarako, subjektu pasiboaren autolikidazio sistema ezartzen da izaera orokorrez.

Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauaren 13. artikuluko 5. apartatuak xedatzen du Foru Aldundiak foru dekretu arauemaileak eman ditzakeela, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira. Bestalde, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 8. artikuluak xedatzen du ezen, Foru Aldundiak, Batzar Nagusiek eskuordetuta, zerga arloko xedapen arauemaileak eman ahal izango dituela, foru arau baten mailarekin, haien xede bakarra Gipuzkoako Lurralde Historikoko araudia egokitzea denean, baldin eta, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren arabera, lurralde historiko horretan araubide erkideko lurraldean dauden arau substantibo eta formal berberak bete behar badira.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Izaera eta aplikazio eremua.

1.– Transakzio finantzarioen gaineko zerga zeharkako tributu bat da, akzioen eskurapenak zergapetzen dituena, foru dekretu arauemaile honetan aurreikusitako terminoetan.

2.– Zerga aplikatuko da eskurapena non egiten den eta eragiketan parte hartzen duten pertsonen edo entitateen bizilekua edo establezimendua non dagoen aintzat hartu gabe.

2. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsiak, 34 bis artikuluan xedatutakoaren esparruan, zerga exijituko da foru dekretu arauemaile honetan eta berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera.

2.– Foru dekretu arauemaile honetan ezarritakoak ez du galaraziko barne ordenamenduaren parte diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoa aplikatzea.

3. artikulua.– Zergaren ordainarazpena eta ikuskapena.

1.– Subjektu pasiboek, zerga egoitza nonahi dutela ere, Gipuzkoako Foru Aldundiari ordainduko diote zerga, Gipuzkoako lurraldean likidazio aldi bakoitzean egiten duten eragiketa bolumenaren proportzioan.

Likidazio aldi bakoitzean Gipuzkoako lurraldean egindako eragiketa bolumenaren proportzioa zehazteko, kalkulatuko da zer portzentaje hartzen duen egoitza soziala Gipuzkoan duten sozietateen akzioekin lotutako eragiketen zerga oinarriak subjektu pasibo bakoitzaren zerga oinarri osoarekiko. Portzentaje hori bi dezimalekin biribilduta emango da.

2.– Subjektu pasiboak Gipuzkoako Lurralde Historikoan baldin badu zerga egoitza, zergaren ikuskapena Gipuzkoako Foru Aldundiko organoek egingo dute, ukitutako gainerako zerga administrazioen lankidetza deusetan eragotzi gabe. Ikuskapen horrek administrazio eskudun guztien aurrean izango ditu ondorioak, baita dagokien tributazio proportzioan ere.

Ikuskapen jarduketa horien ondorioz gertatzen bada zorren bat ordaindu edo kopururen bat itzuli behar dela eta zor edo itzulketa hori hainbat administraziori dagokiela, zenbateko hori Gipuzkoako Zerga Administrazioak ordaindu edo itzuliko du, administrazioen artean zilegi diren konpentsazioak eragotzi gabe.

Gipuzkoako Foru Aldundiko ikuskaritzako organoek euren jarduketen emaitzen berri emango diete ukitutako beste administrazioei. Egiaztapenetan finkatzen diren proportzioek likidatutako betebeharrei dagokienez izango dituzte ondorioak zergadunarentzat, nahiz eta horrek ez duen eragotziko egiaztapen horien ondoren bestelako proportzioak adostea administrazio eskudunen artean.

4. artikulua.– Zerga egitatea.

1.– Zergapetuta egongo dira nazionalitate espainiarreko sozietateen kapital sozialaren adierazgarri diren akzioen kostu bidezko eskurapenak –uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kapital Sozietateen Legearen testu bategineko 92. artikuluan definitutako akzioak behar dute izan–, baldintza hauek betetzen direnean:

a) Sozietatearen akzioak negoziatzeko onartuta egotea Espainiako edo Europar Batasuneko beste estatu bateko merkatu batean eta merkatu hori araututa egotea finantza tresnen merkatuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 2014/65/EB Zuzentarauan aurreikusitakoaren arabera, edo hirugarren herrialde bateko merkatu baliokide batean izatea negoziagarriak zuzentarau horren 25.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Sozietatearen burtsako kapitalizazio balioa 1.000 milioi eurotik gorakoa izatea akzioak eskuratu aurreko urteko abenduaren 1ean.

Apartatu honetan aipatzen diren eskurapenak zergari lotuta egongo dira, alde batera utzita non exekutatzen diren: negoziazio zentro batean, aipatutako zuzentarauaren 4.1.24 artikuluan definitzen den bezala; beste edozein merkatu edo kontratazio sistematan; barneratzaile sistematiko baten bidez, urriaren 23ko 4/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Balore Merkatuaren Legearen testu bateginaren 331. artikuluan definitzen den bezala; edo kontratatzaileen arteko zuzeneko akordioen bidez.

2.– Era berean, zergapetuta egongo dira:

a) Balore negoziagarrien kostu bidezko eskurapenak, horiek eratzen direnean artikulu honen 1. apartatuan aipatutako akzioen adierazgarri diren gordailu ziurtagiriekin, balore horien entitate jaulkitzailearen establezimendua edonon dagoela ere.

Hala ere, akzioen eskurapenak ez dira zergapeturik egongo haien helburu bakarra aurreko paragrafoan aipatzen diren baloreak jaulkitzea denean. Era berean, zergari lotu gabe geratuko dira honako eragiketak: a) letra honetan aipatzen diren gordailu ziurtagirien eskurapenak, eskuratzaileak akzioak ematearen truke egiten direnean, eta gordailu ziurtagiri horiek ezeztatzearren haien adierazgarri diren akzioak titularrei emanez egiten direnak.

b) Artikulu honen 1. apartatuan eta apartatu honen a) letran aipatzen diren baloreen eskurapenak, baldin eta honako hauek exekutatu edo likidatzearen ondorio badira: obligazio edo bonu bihurgarri edo trukagarriak, finantza tresna deribatuak, beste edozein finantza tresna, edo azaroaren 10eko EHA/3537/2005 Aginduaren 2. artikuluko 1. apartatuaren laugarren paragrafoan definitutako finantza kontratuak –Balore Merkatuari buruzko uztailaren 28ko 24/1988 Legearen 27.4 artikulua garatzen da agindu horretan–.

5. artikulua.– Salbuespenak.

1.– Zergatik salbuetsita egongo dira honako akzio eskurapenak:

a) Akzioen jaulkipenetik eratorritako eskurapenak.

Halaber, salbuetsita egongo dira foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluko 2. apartatuaren a) letran aipatzen diren gordailu ziurtagiriak jaulkitzetik eratorritako eskurapenak, balore horiek sortzeko bakarrik jaulkitako akzioen adierazgarri direnean.

b) Akzioak saltzeko eskaintza publiko batetik eratorritako eskurapenak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2017ko ekainaren 14ko 2017/1129/EB Erregelamenduaren 2. artikuluko d) letran definitzen den bezala (Erregelamendua, eskaintza publikoetan edo baloreak merkatu arautu batean kotizatzeko kasuetan argitaratu behar den liburuxkari buruzkoa, 2003/71/EE Zuzentaraua indargabetzen duena), inbertitzaileen artean lehenengoz kokatzen direnean.

c) Aurreko a) eta b) letretan aipatutakoen aurretik egindako eskurapenak, akzio horien amaierako banaketa azken inbertitzaileen artean egiteko jaulkitzaileek edo eskaintzaileek kontratatu dituzten kokatzaile eta aseguratzaileek izaera instrumentalarekin egindakoak, bai eta eragiketa horien kokatzaile gisa eta, bereziki, aseguratzaile gisa, hala badagokio, dituzten betebeharrak betez egindako eskurapenak ere.

d) Akzioak burtsan onartzeko testuinguruan, prezioak egonkortzeko ardura duten finantza bitartekariek egonkortze enkargu baten esparruan egiten dituzten eskurapenak, Erregelamendu honetan jasotako aurreikuspenen araberakoak: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 596/2014/EB Erregelamendua, merkatuko abusuari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/6/EE Zuzentaraua eta Batzordearen 2003/124/EE, 2003/125/EE eta 2004/72/EE Zuzentarauak indargabetzen dituena.

e) Kontrapartidako entitate zentral batek edo balore gordailuzain zentral batek, baloreen konpentsazioaren, likidazioaren eta erregistroaren esparruan dituen egitekoetan diharduela, erosketa edo mailegu eragiketetatik eta zerga honi lotutako finantza tresnen gainean egindako gainerako eragiketetatik eratorritako eskurapenak.

Letra honetan sartzen dira kontrapartidako entitate zentralaren berezko nobazio eragiketak, eta likidazioaren akats baten ondorioz berrerosketa eragiketa baten esparruan egindakoak, erregelamendu hau aintzat hartuta burutzen direnean: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 909/2014/EB Erregelamendua, Europar Batasunean baloreen likidazioa hobetzeari eta baloreen gordailuzain zentralei buruzkoa, 98/26/EE eta 2014/65/EB Zuzentarauak eta 236/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen dituena.

f) Finantza bitartekariek, likidezia hornitzaileen eginkizunetan dihardutela, eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren apirilaren 26ko 1/2017 Zirkularrean exijitutako betekizunak betetzen dituen likidezia kontratu baten indarrez, akzioen jaulkitzailearen kontura egindako eskurapenak, baldin eta haien helburu bakarra bada eragiketen likidezia eta akzioen kotizazioaren erregulartasuna erraztea, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak onartutako merkatu praktiken esparruan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko apirilaren 16ko 596/2014 (EB) Erregelamenduan, merkatuko abusuari buruzkoan, aurreikusitakoaren arabera.

g) Merkatua sortzeko jardueren esparruan egindako eskurapenak.

Ondorio horietarako, halakotzat hartuko dira inbertsio zerbitzuetako enpresa baten, kreditu entitate baten edo hirugarren herrialde bateko entitate baliokide baten jarduerak, baldin eta negoziazio zentro bateko edo hirugarren herrialde bateko merkatu bateko kide badira eta Europako Batzordeak haren esparru juridikoa eta gainbegiratze esparrua baliokidetzat jo baditu, entitate horietako edozeinek bere konturako bitartekari gisa jarduten badu, negoziazio zentro baten barruan edo kanpoan negoziatutako finantza tresna bati dagokionez, honako modu hauetakoren batean:

– Aldi berean magnitude konparagarria duten eta lehia baldintzetan dauden erosketa eta salmenta kotizazio irmoak iragarriz, eta, horrela, modu erregularrean eta etengabe likidezia emanez merkatuari.

– Ohiko jardueraren esparruan, bezeroek hasitako aginduak exekutatuz edo bezeroek egindako salerosketa eskaerei erantzunez.

– Aurreko bi gidoietan aipatzen diren jardueren exekuziotik ondorioztatutako posizioak betez.

Salbuespen hori aplikatuko da, halaber, letra honetan aurreikusitako modu berean, eskurapenen xedea foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluaren 2. apartatuko a) letraren lehen paragrafoan aipatzen diren baloreak direnean.

h) Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako eran talde berekoak diren entitateen artean egiten diren akzio eskurapenak.

i) Bat-egiteen, zatiketen, aktibo ekarpenen, balore trukeen, aktibo eta pasibo osoaren lagapenen, eta Europako sozietate baten edo Europako sozietate kooperatibo baten egoitza Europar Batasuneko kide den estatu batetik beste batera aldatzearen araubide berezia aplika dakiekeen eskurapenak. Araubide hori Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren VI. tituluko VII. kapituluan dago araututa.

Era berean, inbertsio kolektiboko erakundeen edo inbertsio kolektiboko erakundeen konpartimentu edo azpifuntsen bat-egite edo zatiketa eragiketen ondorioz eginiko eskurapenak, dagokion araudi erregulatzailean aurreikusitakoaren babesean egiten direnean.

j) Baloreak finantzatzeko eragiketak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko azaroaren 25eko 2015/2365/EB Erregelamenduaren 3. artikuluko 11. apartatuan aipatzen direnak (erregelamendu hori baloreen finantzaketarako eta berrerabilerarako eragiketen gardentasunari buruzkoa da, eta 648/2012/EB Erregelamendua aldatzen du), bai eta titulartasun aldaketa dakarren finantza bermeko akordio baten ondorioz gertatzen diren alboko eragiketak ere –titulartasun aldaketa ere dakartenak–, aipatutako erregelamenduaren 3. artikuluko 13. apartatuan definitzen den bezala.

k) Suntsiarazpen Batzorde Bakarrak edo suntsiarazpen agintaritza nazional eskudunek hartutako suntsiarazpen neurriak aplikatzetik eratorritako eskurapenak, xedapen hauetan jasotako terminoetan: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 15eko 806/2014/EB Erregelamenduan, zeinaren bidez arau uniformeak eta prozedura uniformea ezartzen baitira kreditu entitateak eta inbertsio zerbitzuetarako enpresa jakin batzuk suntsiarazteko, Suntsiarazpen Mekanismo Bakarraren eta Suntsiarazpen Funts Bakarraren esparruan, eta 1093/2010 (EB) Erregelamendua aldatzen baita, eta ekainaren 18ko 11/2015 Legean, kreditu entitateak eta inbertsio zerbitzuetarako enpresak berreskuratu eta suntsiarazteari buruzkoan.

l) Akzio propioen edo sozietate nagusiaren akzioen eskurapenak, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritako eran talde berekoa den edozein entitatek berrerosketa programa baten esparruan egindakoak, baldin eta haien helburu bakarra honako hauetako bat bada:

– Jaulkitzailearen kapitala murriztea.

– Akzio bihur daitezkeen zor tresna finantzarioek dakartzaten obligazioak betetzea.

– Jaulkitzailearen edo taldeko entitate baten administrazio edo ikuskapen organoetako enplegatu edo kideentzat akzio aukerak edo bestelako akzio esleipenak dakartzaten programetatik eratorritako betebeharrak betetzea.

m) Enpleguko pentsio funtsek eta gizarte aurreikuspeneko mutualitateek edo irabazi asmorik gabeko borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateek egindako eskurapenak.

2.– Hirugarrenen kontura jarduten duen subjektu pasiboak artikulu honen 1. apartatuan ezarritako salbuespenak aplika ditzan, eskuratzaileak jakinarazi beharko dio salbuespenak aplikatzeko egitatezko kasuak gertatzen direla, eta informazio hau eman beharko dio:

a) 1. apartatuaren a), b) eta c) letretan jasotako salbuespenei dagokienez, kasuan kasuko jaulkipenen edo akzioak saltzeko eskaintza publikoaren identifikazioa.

b) 1. apartatuko e) letran jasotako salbuespenari dagokionez, identifikatu behar du zein entitatek konpentsatzen, likidatzen eta erregistratzen dituen baloreak.

c) 1. apartatuko f) letran jasotako salbuespenari dagokionez, identifikatu beharko da likidezia hornitzeko eragiketak zein entitatek egiten dituen. Horrez gain, likidezia kontratuaren merkatuko iragarkia aurkeztu beharko da.

d) 1. apartatuko h) letran jasotako salbuespenari dagokionez, sozietate taldearen identifikazioa.

e) 1. apartatuko i) letran jasotako salbuespenari dagokionez, identifikatu beharko da enpresak berregituratzeko prozesuak zein entitateri eragiten dien edo, bat-egite edo zatiketa kasuan, inbertsio kolektiboko zein erakunde dauden inplikatuta. Kasu honetan, agintaritza eskudunak eragiketari emandako baimena ere aurkeztu beharko da.

f) 1. apartatuko j) letran jasotako salbuespenari dagokionez, finantzaketa eragiketan edo titulartasuna aldatzea dakarten alboko eragiketetan esku hartzen duten entitateak identifikatuko dira.

g) 1. apartatuko k) letran jasotako salbuespenari dagokionez, suntsiarazpen neurriak hartzeko erabakiaren identifikazioa.

h) 1. apartatuko l) letran jasotako salbuespenari dagokionez, eragiketen berrerosketa ahalbidetzen duen programaren identifikazioa.

i) 1. apartatuko m) letran jasotako salbuespenari dagokionez, enpleguko pentsio funtsaren, gizarte aurreikuspeneko mutualitatearen edo borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitatearen identifikazioa.

Apartatu honetan aipatzen diren entitateak identifikatzeko, beharrezkoa izango da, hala badagokio, Entitate Juridikoaren Identifikatzailea ere adieraztea (LEI, ingelesezko siglak erabilita).

Subjektu pasiboak eta eskuratzaileak beti izan beharko dituzte Zerga Administrazioaren esku komunikazioa egin izanaren frogagiriak eta haren edukiari buruzkoak.

6. artikulua.– Sortzapena.

Zerga sortuko da baloreen eskurapena dakarren eragiketa edo tresna finantzarioaren likidaziotik ondorioztatzen den erregistroko idatzoharra baloreen kontu edo erregistro batean egiten denean eskuratzailearen alde, zaintza zerbitzua ematen duen entitate batean egin edo baloreen gordailuzain zentral baten sisteman egin.

7. artikulua.– Zerga oinarria.

1.– Zerga oinarria zergari lotutako eragiketen kontraprestazioaren zenbatekoa izango da, betiere merkatuko azpiegituren prezioetatik eratorritako transakzio kostuak, bitartekaritza komisioak eta eragiketari lotutako bestelako gastuak sartu gabe.

Kontraprestazioaren zenbatekoa adierazten ez den kasuan, zerga oinarria honako hau izango da: eragiketa egin den egunaren aurreko negoziazio egunean baloreak likidezia handieneko merkatu arautuan eduki duen itxiera balioa. Ondorio horietarako, likidezia handieneko merkatua zein den ebazteko, Batzordearen 2016ko uztailaren 14ko 2017/587/EB Erregelamendu Delegatuaren 4. artikulua aplikatuko da. Erregelamendu horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren finantza tresnen merkatuei buruzko 600/2014/EB Erregelamendua osatzen da, negoziazio zentroei eta inbertsio zerbitzuetako enpresei aplikatzekoak diren gardentasun betekizunei buruzko arau teknikoei dagokienez –akzioak, gordailuzainaren ordainagiriak, kotizatutako funtsak, ziurtagiriak eta antzeko beste finantza tresna batzuk– eta akzio jakin batzuei buruzko eragiketak negoziazio zentro batean edo barneratzaile sistematiko baten bidez egiteko betebeharrei dagokienez.

2.– Artikulu honetako 1. apartatuan xedatutakoa gorabehera, zerga oinarria zehazteko erregela berezi hauek aplikatuko dira:

a) Zergapetutako baloreen eskurapena bonu edo obligazio bihurgarri edo trukagarrietatik edo eskurapen hori eragiten duten beste balore negoziagarrietatik badator, horien jaulkipen dokumentuan zehaztutako balioa izango da zerga oinarria.

b) Eskurapena baloreak eskuratzeko edo eskualdatzeko eskubidea ematen duten aukerak edo bestelako finantza tresna deribatuak exekutatu edo likidatzetik badator, kontratuan finkatutako ekitaldiko prezioa izango da zerga oinarria.

c) Eskurapena eperako transakzio bat osatzen duen tresna deribatu batetik datorrenean, zerga oinarria itundutako prezioa izango da, salbu eta tresna deribatu hori merkatu arautu batean negoziatzen bada; kasu horretan, mugaegunean zein entrega preziotan egin behar den eskurapena, hori izango da zerga oinarria.

d) Eskurapena foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluko 2. apartatuaren b) letran aipatzen den finantza kontratu baten likidaziotik badator, zerga oinarria artikulu honen 1. apartatuko bigarren paragrafoan aurreikusitakoaren arabera zehaztuko da.

Hirugarrenen kontura jarduten duen subjektu pasiboak apartatu honetan aurreikusitako erregela bereziak aplikatu ahal izan ditzan, eskuratzaileak adierazi behar dio beharrezko baldintzak betetzen direla haiek aplikatzeko, eta zerga oinarria kuantifikatzeko kasu bakoitzean erabakigarriak diren elementuen berri ere eman beharko dio.

3.– Subjektu pasibo batek egun berean eskuratzen eta eskualdatzen badu zergari lotutako balore bera, subjektu pasiboak berak aginduta edo exekutatuta eta eskuratzaile berberari dagokionez, eta, gainera, bi eragiketa horiek data berean likidatzen badira, eskurapen horren zerga oinarria eragiketa honen emaitza izango da: eskuratutako balore kopurutik egun berean eskualdatutakoak kenduz ateratzen den diferentzia positiboa bider zatidura honen emaitza: eskurapen horien kontraprestazioen batura zati eskuratutako balore kopurua. Kalkulu hori egiteko, kanpoan utziko dira foru dekretu arauemaile honen 5. artikuluan aurreikusitako eskurapen salbuetsiak eta salbuespen horien aplikazio esparruan egindako eskualdaketak.

8. artikulua.– Zergadunak, subjektu pasiboak eta erantzuleak.

1.– Foru dekretu arauemaile honen 4. artikuluan aipatzen diren baloreak eskuratzen dituena da zergaren zergaduna.

2.– Zergaren subjektu pasiboa honako hau izango da, edonon finkatuta dagoela ere:

a) Eskurapena norberaren kontura egiten duen inbertsio zerbitzuetako enpresa edo kreditu entitatea.

b) Eskurapena ez badu egiten norberaren kontura diharduen inbertsio zerbitzuetako enpresa batek edo kreditu entitate batek, hauek izango dira subjektu pasiboak, zergadunaren ordezko gisa:

– Eskurapena negoziazio zentro batean egiten bada, hura exekutatzen duen merkatuko kidea izango da subjektu pasiboa. Hala ere, agindua merkatuko kideari helaraztean finantza bitartekari batek edo gehiagok esku hartzen dutenean eskuratzailearen kontura, agindua zuzenean eskuratzailearengandik jasotzen duen finantza bitartekaria izango da subjektu pasiboa.

– Eskurapena negoziazio zentro batetik kanpo exekutatzen bada, barneratzaile sistematiko baten jardueraren eremuan, subjektu pasiboa barneratzaile sistematikoa bera izango da. Hala ere, eskurapenean finantza bitartekari batek edo gehiagok esku hartzen dutenean eskuratzailearen kontura, agindua zuzenean eskuratzailearengandik jasotzen duen finantza bitartekaria izango da subjektu pasiboa.

– Eskurapena negoziazio zentro batetik eta barneratzaile sistematiko baten jardueratik kanpo egiten bada, subjektu pasiboa izango da baloreen eskuratzailearen agindua jasotzen duen finantza bitartekaria, edo finantza tresna edo kontratu bat exekutatu edo likidatzean eskuratzaileari haien entrega egiten diona.

– Eskurapena negoziazio zentro batetik kanpo eta aurreko paragrafoetan aipatutako pertsona edo entitateen esku-hartzerik gabe exekutatzen bada, eskuratzailearen kontura baloreak gordailutzeko zerbitzua ematen duen entitatea izango da subjektu pasiboa.

Ondorio horietarako, eskuratzaileak zerga ordaindu beharra dakarten inguruabarren berri eman beharko dio gordailu zerbitzua egiten duen entitateari, baita haren kuantifikazioa adierazi ere.

3.– Eskuratzaileak informazio okerra edo zehazkabea ematen badio subjektu pasiboari eta horrek berekin badakar foru dekretu arauemaile honen 5. artikuluan aurreikusitako salbuespenak behar ez bezala aplikatzea edo foru dekretu arauemaile honen 7. artikuluko 2. apartatuan zerga oinarria zehazteko aurreikusten diren erregela berezien aplikaziotik zerga oinarri txikiagoa ondorioztatzea, baloreen eskuratzailea izango da zerga zorraren erantzule solidarioa.

Zerga oinarria zehazteko erregela bereziak edo salbuespenak behar ez bezala edo oker aplikatzeari dagokion zerga zorra hartuko du erantzukizunak.

Era berean, artikulu honen 2. apartatuko b) letraren laugarren gidoian aipatzen den kasuan, baloreen eskuratzaileak ez badu egiten bertan arautzen den komunikazioa, edo oker edo zehaztasunik gabe egiten badu, erantzule solidarioa izango da.

Erantzukizunak komunikazio faltari edo okerreko edo zehaztasunik gabeko komunikazioari dagokion zerga zorra hartuko du.

9. artikulua.– Zerga tasa.

Zerga tasa ehuneko 0,2koa izango da.

10. artikulua.– Aitorpena eta diru-sarrera egiteko betebeharra eta dokumentazio obligazioak.

1.– Subjektu pasiboek autolikidazioa aurkeztu beharko dute, eta ateratzen den zerga zorraren zenbatekoa ordaindu, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru aginduz ezarritako moduan, ereduan eta epeetan.

2.– Zerga ordainarazteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiari badagokio, subjektu pasiboek hari aurkeztu beharko dizkiote zergaren autolikidazioak. Dena den, autolikidazio horietan beti adierazi beharko dute zenbateko kuota dagokion administrazio bakoitzari lurralde bakoitzean egindako eragiketa bolumenari erreparatuta.

Itzulketak Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo ditu, dagokion zenbatekoan.

3.– Erregelamenduz ezarriko diren modu eta baldintzetan, subjektu pasiboek lurralde espainiarrean finkatuta egon behar duen balore gordailuzain zentral baten bidez aurkeztu beharko dute autolikidazioa eta ateratzen den zerga zorraren zenbatekoa ordaindu.

Ondorio horietarako, subjektu pasiboak behartuta egongo dira balore gordailuzain zentralari komunikatzera autolikidazioan jaso beharreko informazio guztia, eta ateratzen den zerga zorraren zenbatekoa ordaindu beharko diote, dela zuzenean dela entitate parte hartzaileen bitartez, izaera hori ez duten subjektu pasiboen kasuan.

Balore gordailuzain zentralak autolikidazio bat aurkeztuko du subjektu pasibo bakoitzeko, haren izenean eta kontura, eta likidazio aldiari dagokion zerga zorraren zenbatekoa sartuko du, erregelamendu bidez ezarriko den edukiarekin eta zehaztuko den tokian, moduan eta epean.

Zerga honen autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko prozedura Europar Batasuneko beste estatu batzuetan edo Europar Batasunean zerbitzuak emateko aitortzen diren hirugarren estatuetan ezarritako beste balore gordailuzain zentral batzuetara zabaltzen ahalko da, Espainian finkatutako balore gordailuzain zentral batekin sinatutako lankidetza akordioen bidez.

4.– Likidazio aldia hilabete naturala izango da.

Zerga honi dagokion zerga zorra ezin izango da geroratu edo zatikatu.

5.– Baloreen gordailuzain zentralak autolikidazioak aurkezteak eta zerga zorra ordaintzeak artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoa aplikatuta, ez du sortuko zerga erantzukizun espezifikorik ez berarentzat ez haren entitate parte hartzaileentzat.

6.– Espainiako lurraldean finkatutako balore gordailuzain zentralak, haren entitate parte hartzaileek eta zergaren subjektu pasiboek, zergaren kontrola eta kudeaketa errazte aldera, zergapetutako eragiketei buruzko dokumentazioa edo fitxategiak gorde beharko dituzte zerga administrazioaren eskura.

Baloreen gordailuzain zentralak eta haren entitate parte hartzaileek autolikidazioa aurkezteko eta diru-sarrera egiteko betebeharra betetzeko baino ezingo dute erabili subjektu pasiboak artikulu honen 3. apartatuan xedatutakoa aplikatuz ematen duen informazioa. Informazio hori Zerga Administrazioari jakinarazi beharko zaio zerga araudian aurreikusitako kasuetan.

Aurreko paragrafoan xedatutakoan salbu, informazio hori isilpekoa da. Baloreen gordailuzain zentralak eta haren entitate parte hartzaileek zorrotz jokatu beharko dute beti informazio hori guztiz isilpean gordetzeko.

11. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

Zerga honi dagozkion arau-hausteak Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrean xedatutakoaren arabera zehatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena.

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hogeita bederatzigarren xedapen iragankorreko 1. apartatuari c) letra berria gehitzen zaio, honela dioena:

«c) Transakzio finantzarioen gaineko zergari buruzko uztailaren 26ko 5/2023 Foru Dekretu Arauemailean aipatzen diren balore eskurapenak 1. apartatu honetan aurreikusitakoaren ondorio direnean, transakzio finantzarioen gaineko zergatik salbuetsita egongo dira baldin eta berrinbertsioa apartatu honetako b) letran ezarritakoaren arabera egiten bada.»

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Erregelamenduzko xedapenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak transakzio finantzarioen gaineko zergaren erregelamendua onetsi arte, lurralde erkidean indarrean dauden erregelamenduzko xedapenak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Arauak emateko ahalmena.

Diputatuen Kontseiluari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu arauemaile hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu arauemaile hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, Ekonomia Itunaren hamargarren xedapen iragankorrean xedatutakoa eragotzi gabe.

Donostia, 2023ko uztailaren 26a.

Diputatu nagusia,

EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JOKIN PERONA LERCHUNDI.


Azterketa dokumentala