170. zk., 2023ko irailaren 6a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 18 orri.)
- EPUB (258 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4140
EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 31koa, HABEko zuzendariarena, 2023-2024 ikasturtean, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, dirulaguntzak emateko oinarriak onartzen dituena.
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 16. artikuluari jarraikiz, HABEk dirulaguntza emango die Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei helduen euskalduntzegintzan burututako jarduna finantzatzeko, HABEk jarritako helburuak lor daitezen.
2023ko Dirulaguntzen Urteko Plana onartzen duen eta 2021-2024 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duen 2023ko urtarrilaren 26ko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Aginduak, Hizkuntza Politika alorreko helburu estrategikotzat helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, besteak beste udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako dirulaguntzen bidez.
Bidezkoa da, beraz, 2023-2024 ikasturterako udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako dirulaguntzen deialdia egitea eta finantzaketa-moduluak ezartzea, eta horiek esleitzeko oinarriak onartzea.
HABEren arau organikoak onartu dituen otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak emandako eskumenez baliatuz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Lege-Testu-Bateginak araututakoa jarraikiz, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntza Lege Orokorrak (eta berau garatu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak) xedatutakoa oinarri izanik,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei 2023-2024 ikasturterako dirulaguntzen deialdia egin eta oinarriak onartzea.
Bigarrena.– Interesdunei jakinaraztea Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen duenez, borondatezko berraztertze errekurtsoa aurkez diezaioketela HABEko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Donostia, 2023ko abuztuaren 31.
HABEko zuzendaria,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.
OINARRIAK
1. oinarria.– Helburua eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Ebazpen honen helburua da udal euskaltegiei 2023-2024 ikasturteko euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien dirulaguntzen baldintzak eta prozedura arautzea.
2.– Laguntzarako eman daitezen kopuruak HABEk bere aurrekontuetan horretarako dituen fondoetatik emango dira, hau da, 12.760.000 euro, dirutza hori izango delarik aurreikusitako laguntza guztien gehienezko muga jarriko duena.
3.– Dirutza hori eskatutako finantzaketa behar guztiei erantzuteko aski ez balitz, dirulaguntzak hainbanatu egingo dira onuradunen artean, deialdi honetan ezartzen diren irizpideei jarraikiz jaso beharko lituzketen kopuruak kontuan izanda.
2. oinarria.– Erakunde onuradunak.
1.– Ebazpen honen bidez deitutako dirulaguntzen onuradunak HABEren Erregistroan euskaltegi publiko gisa sailkatutakoak izan daitezke, betiere oinarri honetako 2. atalean zehazten diren baldintzak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotakoak betetzen badituzte.
2.– Honako hauek dira bete beharreko baldintzak:
2.1.– Baldintza orokorrak.
a) HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea.
b) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluak aurreikusitako egoeretan ez egotea.
Besteak beste, jasotako dirulaguntzaren bat itzultzeko obligazioaren ordainketa eguneratuta edukia beharra dago.
Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, dirulaguntza eskatu duten entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela.
c) Dirulaguntza-eskaria zuzen osatzea, deialdiaren II. eranskinean jasotako ereduaren arabera, eta eskariarekin batera 3. oinarrian eskatzen diren agiriak zuzen betetzea eta aurkeztea.
d) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatzea eta, ondorioz, dirulaguntza hauen onuradunek ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.
e) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute dirulaguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.
2.2.– Beste baldintzak.
a) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bitartez ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) unez une aplikatzea (uztailaren 31ko EHAA, 144. zk.).
b) Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2020ko irailaren 9ko Agindua, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautu eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena betetzea.
c) Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak xedatutakoa betetzea ondorengo baldintzak direla eta: irakaskuntza lokalak, irakasleak eta material didaktikoa.
Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute, edo maila hori egiaztatzetik salbuetsita egon beharko dute, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren eta otsailaren 26ko 28/2019 Dekretuaren arabera.
d) Ikasleek matrikula finantza-entitate baten bitartez ordaindu beharko dute eta, gutxienez, zenbateko osoaren herena, ikaslea ikastaroan hasi eta 10 laneguneko epearen baitan. Honetatik at geratzen dira matrikula erakunde publiko batek ordaintzen dien ikasleak.
e) Udalek edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek gorde egingo dituzte ikasleen matrikulen transferentzien ordain-agiriak.
f) 2023-2024 ikasturterako HABEren zuzendariak ematen dituen jarraibideak bere osotasunean bete beharko dira. Gainera, helduen euskalduntzean egiten duten jardun osoaren berri eman beharko diote HABEri.
g) Diruz lagungarria den jardueraren aldetik, deialdi honen I. eranskinean jasotzen diren irizpideak bete beharko dituzte.
h) Euskaltegiek diruz lagungarria den jarduerari buruzko informazioa bidali beharko dute HABEra, honek adierazitako euskarri eta epeetan, eta bereziki:
– Euskaltegiaren oinarrizko informazioa, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.
– Euskaltegiaren barruko karguak, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.
– Ikasturtean aritzen diren irakasle eta beste langile guztiak, hauen jarduera eta titulazioarekin batera.
– Ikasle guztiak, eta hauetako bakoitzaren oinarrizko datuak eta ezaugarriak. Halaber, ikasle bakoitzaren matrikula-ordainketak, ikasten emandako denbora eta aprobetxamenduaren berri.
– Ikastalde bakoitzaren berri, bere ezaugarriak adieraziz (maila, ordutegia, egutegia, eta abar).
3. oinarria.– Eskarien aurkezpena, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Udalek edo udal erakundeen menpeko euskaltegiek, dirulaguntza-eskariak, izapideak eta beharrezko dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bitartez (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/...).
2.– Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3.– Eskariak eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2023ko azaroaren 4ra bitartekoa izango da.
4.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
a) Pertsonalaren Fitxa: udal euskaltegiko langileria osoaren informazio zehatza, lanpostuen izaera, egoera, langileen zerrenda, karrerako funtzionarioei edo kontratupeko behin betiko langileei aitortzen zaizkien antzinatasun-data eta hirurtekoen kopuruak bereziki zehaztuz.
b) 2023-2024 ikasturterako Plana.
c) Zerga zein Gizarte Segurantza arloko betebeharrak HABEk ofizioz egiaztatzearen aurka agertuz gero, hauek egunean dituela ziurtatzen duten dokumentuak.
4. oinarria.– Aurkeztutako eskariaren akatsak eta hutsuneak zuzentzea.
Eskariak akatsak edota hutsuneak baditu, hamar laneguneko epea emango da hauek zuzentzeko.
5. oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.
HABEko zuzendaritzari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.
6. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
HABEk euskaltegi onuradun bakoitzari eman beharreko dirulaguntza pertsonal-beharren eta pertsonal horri aplikatu beharreko soldata- eta antzinatasun-baremoen arabera kalkulatuko da, ondoren zehazten diren irizpideei jarraikiz:
1.– Deialdi honen I. eranskinak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroei aurre egiteko behar eta eskolak ematen dituzten irakasleak babestuko dizkio HABEk 2023-2024 ikasturtean udal euskaltegi bakoitzari, dagokion zuzendari, idazkari akademikoa eta bulegoko pertsonalaz gain.
Irakasle-beharraren gutxieneko unitatea irakasle erdia izango da, horretatik hurbilenekora biribilduz.
Euskaltegi bakoitzari dagokion pertsonal kopurua kalkulatzeko, HABEk ondorengo metodologia jarraituko du.
Lehenik: batu egingo dira honako kontzeptu hauek, ikasteredu bakoitzean:
– Aurrez aurreko ikastereduan batu egingo dira:
Alde batetik, 2023ko urrian hasi eta onartutako talde-orduak (hau da, 2023-2024 ikasturtekoak).
Beste alde batetik, 2022ko azaroaren 1etik 2023ko irailaren 30 arte (hau da, 2022-2023 ikasturtean) emandako talde ordu «onartuak» eta 2022-2023 ikasturtean diruz lagundu ez diren baina eman diren talde-ordu onartuak.
– Autoikaskuntza ikastereduan:
Autoikaskuntzako matrikulen kasuan ere, 2023-2024 ikasturtean urrian hasitako matrikulen ordu teorikoak 2022-2023 ikasturtean ordu teorikoetatik errealetara eman zen aldearen proportzio berean doituko dira (deialdi honen I. eranskinaren 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera), baldin eta 2022-2023 ikasturteko ordu teorikoak baino gehiago badira; gutxiago balira, aldiz, gehienez ere, 2022-2023 ikasturteko ordu errealak izango dira.
– Jardun biko ereduan:
Aurrez aurreko talde-orduak, aurrez-aurreko ikastereduaren metodologiari jarraikiz batuko dira.
Tutoretza ordu teorikoak, autoikaskuntza ikastereduaren metodologiari jarraikiz batuko dira.
Bigarrenik: guztirako ordu kopurua, irakasleek urteko eman behar dituzten 735 eskola-orduekin zatituko da (2010erako Euskal Toki Erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen UDALHITZ izeneko Hitzarmenak aitortutako eskola-orduen kopuruan oinarrituz).
2.– Diruz lagunduko diren langileen kostuak kalkulatzeko ondoko taulan ageri diren baremoak erabiliko dira.
Taula horretan barnebildu dira honakoak: Batetik, Estatuko aurrekontu orokorretan (22/2021 eta 31/2022 legeetan), oinarrizko izaeraz, zein Euskadiko aurrekontu orokorretan (11/2021 eta 15/2022 legeetan) jasotako 2022 urterako igoera guztiak (% 3,5) eta 2023 urterako igoera guztiak (% 3,5). Eta bestetik, 2024 urterako estatuko sindikatuekin adostu eta izenpetutako akordio-esparrua islatu duen 2022ko azaroaren 14ko Funtzio Publikoko Estatu-Idazkariaren ebazpenak, Estatuko aldizkari ofizialean 2022ko azaroaren 17an argitaratutakoak, jasotako igoera aurreikuspena (% 2,5).
(Ikus .PDF)
Dirulaguntzen esleipenean, soldataz gain, antzinatasunaren hirurtekoengatiko kopurua ere aintzat hartuko da karrerako funtzionarioen eta kontratupeko behin betiko langileen kasuan.
7. oinarria.– Dirulaguntzaren esleipen-ebazpena.
1.– HABEko zuzendariaren Ebazpen bitartez erabakiko da onuradun bakoitzari deialdi honetako 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera onartzen zaion pertsonala eta, ondorioz, bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa. Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen duenez, interesdunek borondatezko berraztertze errekurtsoa aurkez diezaiokete HABEko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Dirulaguntzen aitortzeari edota, hala dagokionean, ezezteari buruzko Ebazpena 2023ko abenduaren 20 baino lehen jakinaraziko da «Nire karpeta»-ren bidez.
3.– Izapidetze elektronikoa izanik, jakinarazpena egindakotzat joko da udal euskaltegiak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean. Dena den, hamar egun naturaleko epea igaro eta gero jakinarazpena ireki ezean, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du.
4.– Udal edo udal erakundeen menpeko euskaltegi bakoitzari egindako ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da dirulaguntzak ematen dituen esleipen ebazpena.
5.– Betiere, onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, derrigorrezko baldintza da amaituta egotea dirulaguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro eta baita, dagokionean, dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari.
8. oinarria.– Beste dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Ebazpen honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.
2.– Gainfinantzaketa gertatzen bada, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.
9. oinarria.– Dirulaguntzen jarraipena eta ikusketak.
HABEko Ikuskatzailetza arloko enplegatuek ikuskaritzak burutu ditzakete udal euskaltegiak emandako datuak egiaztatzeko, eta bertako arduradunari eska diezazkiokete eskolak emateko erabiltzen dituen lokalei buruzko berriak, eta bai jardun, ikasle, ikastalde, irakasle, beste langile eta erabiltzen duten material didaktikoari buruzkoak ere.
Ikusketan bertan jasotako informazioa ikusketa-akta batean islatu beharko da eta akta hori euskaltegiaren arduradunak eta HABEko ikuskatzaileak sinatuko dute. Ondoren, informazio gehigarria eska dakioke ikuskatzaileak euskaltegiari eta honek hamar laneguneko epea izango du berau aurkezteko. Ikuskatzailetzak HABEko zuzendariari helaraziko dio akta/txostena aitortutako dirulaguntzei dagozkien ondorioak har ditzan.
HABEko zuzendariak, behin betiko erabakia hartu baino lehen, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren arduradunari ikuskatutakoaren akta helarazi beharko dio, honek hamar laneguneko epean dagozkion alegazioak egin ahal izateko.
10. oinarria.– Dirulaguntzaren ordainketa.
1.– Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:
Dirulaguntzaren esleipen-ebazpena ematearekin batera, hurrengo ordainketak egitea onartuko da:
a) Esleitutako dirulaguntza osoaren % 15a, 2023ko abenduan.
b) Esleitutako dirulaguntza osoaren % 35a, 2024ko otsailean.
c) Esleitutako dirulaguntza osoaren % 40a, 2024ko apiriletik aurrera, udal euskaltegiek 2023ko urri-abendua epeko gastuen zuri-agiriak bidali eta HABEk aztertu eta onartu ondoren.
d) Ikasturte akademiko osoari dagozkion gastuen zuri-agiriak jaso eta gero, HABEk dagozkion egiaztapenak egin eta dirulaguntzaren kitapena burutuko du.
2.– Dirulaguntzaren ordainketa baldintzatuta egongo da, beti ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitzera.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, onuradunak Eusko Jaurlaritzaren datu-basean agertu beharko du.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
11. oinarria.– Zuriketa.
1.– Euskaltegietako langileen ordainsari gordinak udal kontuhartzailearen ziurtagiri bidez zurituko dira, Dirulaguntza Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
Halaber, lehen zuriketarekin batera, udal euskaltegiak 2023 urtean izan dituen sarrerak eta gastuak atalez atal zehaztuta eta izapidetze elektronikoan dagoen «Sarrerak-Irteerak» izeneko formularioari jarraikiz aurkeztuko dira.
Azken zuriketarekin batera, udal euskaltegiak 2023-2024 ikasturteko Memoria aurkeztuko du.
Gastuak ez zuritzeak dirulaguntza osorik bertan behera uztea ekarriko du eta, horrez gainera, kasu honetan, ordaindutako kopuruak itzuli beharko dira abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
2.– Aipatutako egiaztagiriak HABEri aurkezteko epeak:
a) 2024ko otsailaren 20a, 2023ko urritik abendura bitarteko gastuen zuri-agiriak eta 2023 urteko behin betiko aurrekontu zehatzari buruzko egiaztagiria aurkezteko.
b) 2024ko urriaren 17a, 2024ko urtarriletik irailera bitarteko gastuen zuri-agiriak eta 2023-2024 ikasturteko Memoria aurkezteko.
12. oinarria.– Dirulaguntzaren kitapena.
Ikasturte akademikoa bukatu ondoren, dirulaguntzaren kitapena egingo da, ondoren zehazten diren irizpideen arabera:
1.– Ikasturteko behin betiko datu errealak eta pertsonal gastuen egiaztagiriak jaso eta egiaztatu ondoren, HABEko zuzendariak kitapen-ebazpena emango du, esleipen ebazpenean onartutako laguntza-kopuruak doituz, horrela badagokio.
Honetarako, matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoa («Q87») baliatuz udal euskaltegiak HABEra bidaltzen dituen datuak izango dira kitapenaren oinarri.
Aipatutako doikuntza ondoren zehaztutako irizpideak aplikatuz egingo da:
1.1.– Aurrez aurre emandako talde-orduak eta autoikaskuntzako ikaslearen matrikula-orduak eta jardun biko talde-orduak zein tutoretza-orduak, dirulaguntza aitortzerakoan kontuan hartutakoak baino gutxiago izan badira, esleitutako dirulaguntza proportzio berean doituko da.
Doikuntza horretatik kanpo geldituko dira 2022-2023 ikasturtean diruz lagundu ez diren baina eman diren talde-ordu onartuak.
1.2.– Pertsonal gastuak direla eta, 2023 urterako estatuko aurrekontuetan aurreikusitako soldata igoeraren zati aldakorrari dagokion baldintza ez bada bete eta 2024 urterako estatuko sindikatuekin adostutako eta izenpetutako hitzarmenean jasotako igoera aurreikuspena (% 2,5) ez bada osotasunean bete, dagokion proportzioan murriztuko da onartutako dirulaguntza kopurua.
1.3.– Aitortutako dirulaguntzaren diru-kopuruak ezingo du gainditu jarduerak sortu dituen kostu errealen diru-kopurua; hala gertatuz gero, dirulaguntzaren diru-kopurua kostu errealen kopurura doituko da.
2.– Dokumentazio frogagarria dirulaguntzaren kontura aurreratutako kopurua estaltzeko adina ez bada, erakunde onuradunak behar ez bezala jasotako diru-kopurua itzuli egin beharko du, HABEk eginiko jakinarazpenetik hasita hilabeteko epean, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritako prozedurari jarraikiz. Ordainketa edo itzulketa hori emandako dirulaguntzaren behin betiko kitapena izango da.
13. oinarria.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. artikuluan araututako betebeharreko hauek izango dituzte:
1.– Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
2.– HABEren aurrean zuritzea dirulaguntza-emate hori edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.
3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska ditzaketen informazio oro ematea. Halaber, xedapen horretan ezarritakoaren arabera eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren arabera, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.
4.– Publizitate egokia ematea aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 18.4 artikuluan araututakoari jarraikiz.
Horretarako, dirulaguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok HABEk emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan, Eusko Jaurlaritzaren eta HABEren logotipo normalizatua eta «HABEk diruz lagundua» esaldia agerian jarriz.
14. oinarria.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.
Edozein kasutan, deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunak azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako oinarrizko xedapenetan zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenaren menpeko dira.
Ez-betetze kasuetan, erakunde onuradunak jasotako diru-kopurua, bere berandutze interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarritakoaren arabera (1992ko otsailaren 7ko EHAA).
15. oinarria.– Datuen tratamendua.
Erakunde onuradunek HABEri dirulaguntza-deialdi honetan bidalitako datu pertsonalak «Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa» eta «Ikaslegoaren kudeaketa» izeneko tratamendu-jardueretarako erabiliko dira, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak eta araututakoari jarrikiz, ondoren zehazten diren helburuetarako:
– HABEk euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen finantzaziorako bideratzen dituen dirulaguntzen kudeaketa.
– HABEri atxikita dagoen euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroaren kudeaketa.
– Udal euskaltegietako ikasleen kudeaketa: ikas-prozesua, euskara-mailaren egiaztapena eta dirulaguntzaren proposamena.
HABEko Zuzendaria izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.
Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko eta interes publikokoa den jarduera sustatzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak egikaritzeko.
Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/
16. oinarria.– Aplikagarriak diren arauak.
Ebazpen honetan aurreikusi gabe geratu diren gaietan, honakoak dira oinarri juridiko gisa kontuan hartzeko arauak:
– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, martxoaren 26ko 1/2015 Legearen bitartez aldatutakoa.
– Azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntza Lege Orokorra eta berau garatu duen uztailaren 21ekok 887/2006 Errege Dekretua.
– Urriaren 1eko 39/2015 legea, prozedura administratiboari buruzkoa, eta urriaren 1eko 40/2015 legea sektore publikoaren erregimen juridikoaz.
I. ERANSKINA
IKASTURTEA ETA IKASTARO-MODULUAK
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, honako hauek dira, HABEren dirulaguntzen deialdian partaide izateko, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro guztiek 2022-2023 ikasturtean euskara-ikastaroak antolatzeko jarraitu beharreko irizpideak:
1.– Ikasturtea.
Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroen ikasturtea, 2023ko urriaren 1ean hasi eta 2024ko irailaren 30ean amaituko da. Betiere, helduen euskalduntzearen antolaketaren baitan, irizpide hauen ardatzetan:
– Taldeek honako gutxieneko ikasle-kopurua izan beharko dute HABEk diruz lagunduak izateko, ikastaro bakoitzaren hasieran taldeak eratzeko garaian, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera:
(Ikus .PDF)
Barnetegi erako ikastaroetako taldeek, edozein herritan antolatuta ere, 10.001-25.000 biztanleko herrietakoen trataera bera izango dute.
Ikasturte hasieran edo ikasturtean zehar, osasun-agintariek edo eskumena duten gainerako agintariek ezarritako prebentzio eta higiene-neurriak aldatzen badira, zehaztutako gutxieneko ikasle-kopuruak HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez aldatu ahal izango dira.
– Taldeei matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoan aipatutako gutxieneko ikasle-kopurua irailean betetzen denean hasierako itxiera eman beharko zaie (taldea eratuta geldituko da).
– Diruz lagunduko diren orduak gutxieneko ikasle-kopurua bete eta hasierako itxiera ematen den egunetik ikastaroaren azken egunera artekoak izango dira.
– Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, bi ikasturtetan zatituko dira, irailaren 30era bitartekoa batean eta urriaren 1etik aurrerakoa beste ikasturtera bilduz.
Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasierako ebazpenaren bitartez jakinaraziko ditu urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, baita azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak ere.
2.– Aurrez aurreko ikasteredua.
Aurrez aurreko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean ikasgela batean aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroa burutzen duen taldea, hain zuzen ere. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 1 atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututakoak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batuketa gehienez taldean emandakoak izango dira.
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduen kopuruak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatuko dituzten ikastaroek ondoren zehazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte:
2.1.– Urritik ekainera bitarteko ikastaroak.
a) Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 6 irakastordu eta gutxienez 80 irakastordu osatzen dituzten ikastaroak.
b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo ikastaroak: A1 mailan gutxienez 125 irakastordu jarraian eta A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan gutxienez 165 irakastordu jarraian osatzen dituzten ikastaroak.
2.2.– Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak.
a) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe.
b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu.
c) Baldintza hauetatik kanpo udako ikastaro hauek antolatu ahal izango dira ekainetik irailera bitartean B1, B2, C1 eta C2 mailetan, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean:
c.1) Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
c.2) Uda-ikastaroak barnetegian: aste beteko udako barnetegiak eta egunean gutxienez 8 irakastordu. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
c.1 eta c.2 azpiatal hauetako udako ikastaroek, HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute.
2.3.– Maila burutzeko ikastaroak.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduak ezartzen duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburu zuzena duten ikastaroak:
a) A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua A1A0 salbuespenik gabe.
b) A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 120 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, taldea eratzeko gutxieneko kopurua osatu arte, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
Aurreko puntuetan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduena izango da, hauen arteko atsedenaldiak kanpoan utzita.
3.– Tutorizatutako autoikaskuntza ikasteredua.
Tutorizatutako autoikaskuntza ikastereduan oinarria ikaslea da. Dirulaguntzetarako, berriz, esleipenean ikasleak egiten duen matrikula izango da oinarria eta kitapenean atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera burututakoa izango da.
Autoikaskuntza burutzeko euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek IKTen bidezko plataformak erabili ditzakete eta ikaskuntza hiru ataletan banatuko da:
– Ikasleak bakarkako lana egiteko saioak. Atal honetara ikasleak bakarka egindako jarduera bilduko da. Halaber, euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen erabakiz, ikasleen arteko interakzioa bultzatuz trebetasun zehatzak lantzeko helburuarekin taldean burutu daitezkeen jarduerak ere bilduko dira. Honelakoetan, ekintza horien burutzapenean taldean emandako orduak parte hartu duen ikasle bakoitzari zenbatuko zaizkio. Dirulaguntzetarako kasu guztietan bakarkako saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.
– Mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioak. Atal honetako saioetan euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak ikasleak taldeetan elkartuta burutzen saiatuko dira. Saio hauetan ikasleak hartu dituen orduak zenbatuko zaizkio ikasle bakoitzari. Irakasleari, berriz, atal honetan ikasleekin emandako orduak aitortuko zaizkio. Dirulaguntzetarako mintzamena edo ikasleen arteko interakzioa lantzeko saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.
– Tutoretza-saioak. Ikasle bakoitzarekin burutuko dira. Saio hauetan ikasleak hartu dituen orduak zenbatuko zaizkio ikasle bakoitzari. Irakasleari, berriz, atal honetan ikasleekin emandako orduak aitortuko zaizkio. Dirulaguntzetarako tutoretza-saioetako orduak atal honetako 3.2 azpiatalean zehaztutako irizpideen arabera hartuko dira kontuan gehienez.
3.1.– Ikastaro-moduluak.
Euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek antolatu ditzaketenak:
a) 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 9 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta eta hasiera hilabetea urria, azaroa, abendua edo urtarrila delarik. Ikasle bakoitzeko ikasturtean zehar matrikula bakarra onartuko da.
b) 75 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 3 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta eta hasiera hilabetea urria, urtarrila, apirila edo uztaila delarik. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,40 izango da.
c) 25 eskola-ordu matrikula bakoitzeko udako ikastaro berezia, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta, uztailetik irailera bitartean B1, B2, C1 eta C2 mailetan, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako denean. Matrikula bakoitza 190 eskola-orduko modulu estandarraren 0,13 izango da. Azpiatal honetako udako autoikaskuntzako ikastaroek, HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute eta ikasleak ondoko baldintzak bete behar ditu:
– Ikaslearen abiapuntua, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
3.2.– Bestelako baldintzak.
Ikasleak bakarlanean emandako ordutzat astean 10 ordu arteko jarduna onartuko da dirulaguntzetarako. Beraz, ikastaroaren gehieneko orduak eman eta hartutako mintza-saio edo ikasleen arteko elkarreragina lantzeko saioa eta tutoretzakoak gehi ikasleak bakarlanean emandako orduen batura izango da.
Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren 6 ordutatik batek, gutxienez, hartutako mintza ordukoa edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoa izan beharko du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetara bitarteko jardueran diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez, izan beharko du mintzakoa edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoa. Mintzamen-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak aurrez-aurre eta euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentroan zein IKTen bidezko bideokonferentziaz burutuko dira eta gutxienez saio bakoitzean bi ikaslek parte hartu beharko dute. Kasu bietan, aurrez aurreko edo bideokonferentziaz eginiko mintza-saioak edo ikasleen arteko interakzioa lantzekoak ikastaroaren zehar indarrean egongo diren asteko egun eta ordutegi zehatzetan burutuko dira.
Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz. Tutoretza-saioak aurrez aurre zein IKTen bidezko bideokonferentziaz burutuko dira.
HABEko teknikariek edozein unetan dirulaguntzaren onuradunek autoikaskuntza bideratzeko erabiltzen dituzten plataformetara sarbidea izango dute, burutzen diren jarduerak ikusteko.
Euskaltegi publikoen kasuan irakasle batek une berean hasieratik amaierara autoikaskuntzako 42 matrikula osatzen duten ikasleen tutoretza (astean ordubeteko mintza-saioak eta dagozkion tutoretza-saioak) oinarritzat hartuko da, horren arabera neurtuz bakoitzaren dedikazioa. Era berean, ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza- eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat hartuko eta, ondorioz, ez zaio datutegian jarriko.
IKTen bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka gorde beharko da, 179/2003 Dekretuak bere 6. artikuluan esaten denari jarraituz, non gutxieneko bezala eskatzen baita «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».
4.– Jardun biko ikasteredua.
Jardun biko ikastereduaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean ikasgela batean aurrez aurre eta taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroari dagozkion taldeko jarduerak burutzen dituen taldea, hain zuzen ere, eta horrekin batera, ikasle bakoitzak bakarka burutu behar duen jardunarekin eta ikasleen tutoretza-saioekin osatzen den ikasteredua da. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 1 atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen aurrez aurreko ordu teorikoak eta gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen araberako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan. Kitapenean, berriz, taldearen aurrez aurreko jardunean burututakoak eta gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen arabera ikasleek burututako tutoretza-saioetako orduak hartuko dira kontuan. Irakasleari, batetik, taldean aurrez aurreko jardunean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aurrez aurreko jardunean aritutako irakasle guztien orduen batuketa gehienez taldean emandakoak izango dira; eta bestetik, gehienez atal honetako c) azpiataleko irizpidearen arabera burututako tutoretza-saioetan ikasleekin emandakoak.
Bestalde, HABEren dirulaguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaro hauek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan behar dute aurrez aurreko jardunean, bakarkako jardun tutorizatuan eta tutoretza-saioetan banatuta:
a) Aurrez aurreko jardunean, gutxienez, 40 eta gehienez 120 irakastordu.
b) Bakarkako jardun tutorizatuan, gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopurua. Atal hau ez da diruz lagunduko.
c) Tutoretza-saioetan, aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.
Tutoretza-saioak aurrez aurre edo bideokonferentziaz egin ahal izango dira.
5.– Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntza.
Urrutiko aurrez aurreko talde-irakaskuntzaren oinarria taldea da, gutxienez irakasle baten ardurapean IKTen bidezko plataformak erabiliz taldeko ikasle guztiekin batera ikastaroa burutzen duen taldea, hain zuzen ere. Dirulaguntzaren esleipenean, deialdi honen I. eranskinaren 1.a) atalean araututako gutxieneko ikasle-kopuruak betez gero, taldearen ordu teorikoak eta kitapenean burututakoak hartuko dira kontuan. Irakasleari taldean emandako orduak aitortuko zaizkio eta taldean aritutako irakasle guztien orduen batuketa gehienez taldean emandakoak izango dira.
5.1.– Ikastaro-moduluak.
Aurrez aurreko ikastereduan onartzen diren guztiak erabili ahal izango dira.
5.2.– Bestelako baldintzak.
5.2.1.– Urrutiko aurrez aurreko saioetan ikastaro-moduluaren ordu guztiak emango dira eta ikastaldearen jarduerak ordutegi zehatzetan eta ikasle guztiekin batera burutuko dira. Urrutiko aurrez aurreko saioek gutxienez 40 minutuko iraupena izango dute eskola-eguneko.
5.2.2.– Urrutiko aurrez aurreko saioak edozein e-learning edo b-learning plataforma erabiliz (GoToWebnar, Zoom, Jitsi, Microsoft Teams, Moodle/MoodleCloud,...) egingo dira.
5.2.3.– Ebaluazioak e-learning edo b-learning plataformak (Google Forms, Questbase, Socrative...) erabiliz burutuko dira.
5.2.4.– HABEko teknikariek edozein unetan plataforma horietara sarbidea izango dute, burutzen den jarduera ikusteko.
5.2.5.– Era honetan antolatuko diren ikastaldeei 70 kolektiboa jarriko zaie matrikulazioaren jarraipenerako Q87 izeneko aplikazioan.
6.– Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak.
6.1.– AISA ikastaroak: Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Sailarekin bat antolatutako ikastaroak. 60 irakastordu. Euskaltegiak ikastaro berezi hauek hasi baino lehen bideratu beharko du eskaria, eta bukaeran ebaluazio-fitxa osatua helaraziko du HABEra.
6.2.– DENDAKETAN eta OSTALARITZA ikastaroak: 60 irakastordu. Euskaltegiak ikastaro berezi hauek hasi baino lehen bideratu beharko du eskaria, eta bukaeran ebaluazio-fitxa osatua helaraziko du HABEra.
6.3.– Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, ESEP, LanHitz edo gutxienez udal-mailako zein erakunde pribatuen nahiz gizarte-eragileen plangintza batean sortuak eta txertatuak dauzkaten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu.
Kasu bakoitzean, eskariarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du euskaltegiak. Eskarian ikastaro bereziaren bitartez lau hizkuntza-trebetasunetan lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira. Honelako ikastaroen eskariek hamar eguneko epean ezezko erantzuna jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.
6.4.– Euskaltegietan aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak: egunean 6 edo 7 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.
6.5.– Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi ikastaro bereziak: egunean 6 edo 7 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.
7.– Malgutasuna.
Aurreko artikuluetan aurreikusitako ikastaroez gain, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastarorik emateko asmorik badu, eskabide arrazoitua aurkez lezake HABEren zuzendari nagusiaren aurrean ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago. Zuzendaritza honek helduen euskalduntzearen sustapenari begira eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako lehentasunak kontuan hartuz ebatziko du eskariaren gainean. Erabakia ezezkoa balitz, HABEren finantzaketatik at gelditzen dela ulertuko da.