Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2023ko irailaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4139

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 3koa, Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Usurbilgo (Gipuzkoa) arau subsidiarioetako A-110 Zapategi eremuko urbanizazio-proiektuko ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2023ko apirilaren 3an, Usurbilgo Udalak eskaera bat egin zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzan, Usurbilgo arau subsidiarioetako A-110 Zapategi eremuko urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan dago arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2023ko maiatzaren 23an, eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta emaitzak espedientean daude jasota. Era berean, organo substantiboari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola izapideari.

Halaber, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar beste judizio-elementu, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluari jarraikiz, ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarriko dira, nahitaez, ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, eta horien aldaketak eta berrikuspenak, ingurumena babesteko maila handi bat bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko xedez.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.E eranskineko E7 taldeko 7.a epigrafean ezarritakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie industrialdeetarako lurzorua urbanizatzea eskatzen duten proiektuei.

Proiektuak A-110 Zapategi eremua, industriakoa, urbanizatzeko egin beharreko obrak zehazten ditu.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdietara egokitzen dela, ingurumen-inpaktuaren txosten hau egiten du Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, bera baita horretarako eskumena duen organoa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan xedatutakoaren arabera. Txosten honetan, proiektuak ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta, ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintzatan garatu behar den proiektua, ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Usurbilgo arau subsidiarioetako A-110 Zapategi eremuko urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, honako alderdi hauek aintzat hartuta:

A) Proiektuaren helburua da diseinatzea eta zehaztea A-110 Zapategi eremua urbanizatzeko behar diren obra guztiak.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez Usurbilgo arau subsidiarioetako A-110 Zapategi eremua urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena ematen baita, proiektuaren ingurumen-dokumentua edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideen arabera:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektua A-110 Zapategi eremuko eraikuntzarik gabeko eremura mugatzen da. 50.164,34 m2-ko industria-lurzati bat da, eta aldaketa handiak izan ditu. Garai batean, Michelin enpresaren zenbait industria-eraikin zeuden bertan, baina eraitsi egin zituzten.

Indarrean dagoen hirigintza-araudiak, A-78 (TE) Zapategi eremuari buruzko Usurbilgo Plangintzako Arau Subsidiarioen testu bateginaren 3. aldaketa puntualak, bitan banatzen du eremua: batetik, A-78 (TE) Michelin eremua, egungo Michelín España Portugal SA enpresaren instalazioak hartzen dituena, eta, bestetik, A-110 (TE) Zapategi eremua, orain izapidetzen ari den proiektuaren xede dena.

Nabarmentzekoa da 2020ko abuztuaren 28an irismen-dokumentu bat egin zela A-110 eremuaren urbanizazio-proiekturako; dena den, sustatzaileak erabaki zuen espedientearen izapidetzearekin ez jarraitzea.

Orain aurkezten den proiektua egokitu egin da inplikatutako sustatzaileen egungo kasuistikara eta haien beharretara. Hasierakoarekiko desberdintasun nagusia honetan datza: orain ez da aurreikusten sotoko solairurik eraikitzea; beraz, aurreikusitako indusketa-bolumena 81.000 m3-koa inguru izatetik 14.625 m3-koa izatera jaitsi da. Era berean, proposatutako antolamendua egokitu egin da eremuak eta haren inguruak duen uholde-arriskutik eratorritako baldintzatzaileetara.

Eremuaren hirigintza-fitxaren arabera, azalera hauek izango ditu:

– Arearen azalera: 50.164,34 m2.

– Oinplanoko okupazioa: 21.050,00 m2.

– Lurzati pribatu eraikigarriaren azalera, guztira: 30.590,00 m2.

– Erabilera publikoko zuzkidura-azalera:

• Tokiko ibai-sistema: 1.180,00 m2.

• Berdeguneen tokiko sistema: 7.597,59 m2.

• Espazio publikoen tokiko sistema: 5.225,91 m2.

• Tokiko bide-sistema: 3.921,00 m2.

• Bizikletentzako/oinezkoentzako bide-sistema orokorra: 387,50 m2.

• Bide-sistema orokorra: 1.265,50 m2.

Hona hemen proiektatutako jarduketak:

– Aurreikusitako urbanizazio-obrek kokalekuan dauden betegarri antropiko batzuk induskatzea eta ondoren betelanak egitea barne hartzen dute. Bideetan eta pabiloietako orubeetan, indusketak txikiak izango dira; izan ere, lurzatiaren industria-erabilera zaharra dela-eta, orografia laua du nagusiki. Lurraren egungo kota +18,00 ingurukoa da. Lurzatia +17,90 kotan berdinduko da, eta azken kota +18,30 eta +18,50 izango da, hurrenez hurren.

– Bestalde, betelan handi bat proiektatuko da ipar-mendebaldean, eta jauzi-horma bat sortzea ere bai, etorkizuneko bidegorria igaroko den lursailari eusteko, Usurbil errekarekiko paraleloan. Lursailaren perimetroan ere hainbat jauzi-hormatxo daude.

– Proiektuko datuen arabera, indusketaren bolumen osoa 14.625 m3-koa izango da, batez ere betelanak egiteko eta zimendatzeko indusketen ondorioz. Horietatik 11.236 m3 etorkizuneko bidegorriaren plataforma eraikitzeko berrerabiliko dira nagusiki; 3.389 m3 ezingo dira berriz erabili, eta kanpotik kudeatuko dira. Materialak berrerabili ahal izateko eta soberakinak kanpoan kudeatzeko, aldi baterako material-pilaketak egitea aurreikusi da, eta, horretarako, pilaketa horietarako prestatutako eremuak egokitu behar dira.

– Induskatutako materialen tipologia honako hau izango da, gutxi gorabehera: 1.797 m3 asfalto; 13.000 m3 betegarri antropiko, legarrarekin eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakinekin; 500 m3 baino gutxiago mikropiloteetatik, eta 500 m3 baino gutxiago hormigoizko egitura lurperatuetatik.

– Beharrezkoa da materiala ekartzea oinarriak eta beste hainbat obra egiteko. Zehazki, honako hauek proiektatzen dira: 7.208,54 m3 zabor-legar artifizial, harrobitik datorren 297,50 m3 material iragazlearekin egindako betegarri lokalizatu eta 1.084,85 m3 landare-lur.

– Urbanizazio-prozesuaren ondorioz, bi lurzati pribatu sortuko dira, bata iparraldean eta bestea hegoaldean, barne-zirkulazioko bideak bereizita. Mendebaldean, bidegorri bat igaroko da, Usurbil errekarekiko paraleloa, eta landareztatutako eta lorategiz osatutako espazio libreek babestuko dute.

– Kanpoko urbanizazioak 20.000 m2 inguruko azalera hartzen du, eta bertan honako hauek sartzen dira: bide nagusia aldatzea, poligonora sartzeko biribilgune bat, poligonoa banatzeko bidea eta noranzkoa aldatzeko barneko biribilgunea, bateriako aparkalekuak, lorategiak tarteetan ipiniz, oinezkoentzako espazioak, plazak eta bidegorria.

– Berdeguneak, alde batetik, 5 m-ko zerrenda batean banatzen dira, lorategiz eta zuhaitzez betea (haltzadi kantauriarreko espezie bereizgarriak), errekarekiko paraleloan (1.180 m2). Bestalde, lorategiak daude oinezkoentzako pasealekuen ondoan eta biribilguneetan (1.698 m2); azkenik, 3.000 m2-ko eremu bat dago Oria ibaiaren ondoan, non haltzadi kantauriarrak birjarriko diren. Ekologia-, estetika- eta paisaia-antolamenduko proiektu bat sartu da. Bertan, berdeguneak lehengoratzeko irizpideak eta proposatutako babes-neurriak zehazten dira.

– Gaur egun, lursailetik erdi-tentsioko sare bat igarotzen da. Sare horretan, urbanizazioko lanak normaltasunez egitea eragozten duten hiru dorre eta aireko lineen multzo bat daude. Hori dela-eta, beharrezkoa da dorre horiek eta lotutako lineak bertatik kentzea, lursaila aldatzen hasi aurretik. Zehazki, honako goi-tentsioko aireko linea hauek zeharkatzen dute lursaila: GTAL Usurbil-Aduna 1, GTAL Usurbil-Aduna 2 eta GTAL Usurbil-Michelin. Eremutik kanpo dagoen 9008 dorrea eraitsiko da, 9008N euskarri berri bat instalatuko da eta, haren ondoan, ebaketa-zentro bat. Azken horretatik, aipatutako lineak lurpeko sarera bideratuko dira. GTLL Usurbil-Aduna 1 eta 2 kanalizazioak 380 metroko luzera izango du, 9011N dorreraino, eta bertan aireko linean jarraituko du. GTLL Usurbil-Michelin kanalizazioak 120 metroko luzera izango du, Michelingo lurzatiraino. Azkenik, GTLL Usurbil-Zapategi kanalizazioa 250 metroko luzera izango du eremuan instalatuko den transformazio-zentro berriraino.

– Euri-urak jasotzeko sistema banatzailea izango da. Errekara isuriko diren euri-uren hiru kolektore proiektatzen dira, eta saneamendu-sarea Geltoki kalearen azpitik doan kolektore nagusira konektatuko da.

– Eremuak harguneak izango ditu inguruan dauden gainerako zerbitzu-sareetarako (telefonia, edateko ura, gasa, etab.)

Obrek gutxi gorabehera zazpi hilabete iraungo dutela aurreikusten da.

Alternatibei dagokienez, ingurumen-dokumentuan hauek aurkeztu dira: 0 alternatiba edo ez esku hartzea, eta antolamendurako 5 alternatiba. 0 alternatiba baztertu egin da; izan ere, artifizializatutako eta gutxiegi erabilitako hiri-lurzoruko eremu bat mantentzeko beharra ekarriko luke.

Bestalde, eremua garatzeko prozesuan, hainbat antolamendu-alternatiba aztertu dira, besteak beste, aurreikusitako instalazio, bide eta espazio libreentzat. Azken alternatibetan, pisu handiagoa ematen zaio eremuko espazio libreen azalerari, eta batez ere eremua zeharkatzen duen errekaren ertzak hobetzen laguntzen da. Azkenik, 5. alternatiba aukeratu da, aurretik deskribatutakoa, eremurako ezarritako ingurumen-helburuak betetzen dituelako eta gaur egun ezarri nahi diren jarduera ekonomikoen beharrizan funtzionaletara ere egokitzen delako.

2.– Proiektuaren kokalekua.

Proiektuaren eremua Usurbilgo udalerrian dago, Oria ibaiaren ondoan, Lasarte-Oria herritik gertu. Zehazki, proiektuaren ingurunea eremu urbanizatua da. Mendebaldean, dentsitate txikiko bizitegi-gune batekin egiten du muga; ekialdean, industriagune batekin; eta, iparraldean, merkataritza-gune batekin.

Aztergai dugun lurzatia Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoari dagokion Oriako Unitate Hidrologikoan dago. Ipar-mendebaldeko mugaren zati bat hormen artean bideratutako erreka batek osatzen du, eta kutsadura organikoaren zantzuak ditu, eta, Txikierdi kalearen azpitik lurpean igaro ondoren, azkenean Oria ibaiaren meandro batera isurtzen da. Ubide horrek eremuaren hego-mendebaldeko muturrarekin egiten du muga.

Lurpeko urei dagokienez, eremua Andoain-Oiartzun masari dagokio, eta Andoaingo sektore kuaternarioan dago. Halaber, interes hidrogeologikoko gune batean dago.

Eremua asko aldatu da, duela 10 urte inguru bertan finkatuta zeuden industria-instalazioak eraitsi izanaren ondorioz. Ildo horretan, gaur egun lurzatia gehienbat landaredi erruderal eta nitrofiloz osatuta dago, landaretzarik gabeko asfaltatutako zonez gain. Bestalde, eremuaren barruan dagoen Oria ibaiaren ertzeko lurretan baratzeak eta labore txikiak daude, bai eta ibilguaren ondo-ondoan dagoen landaredi-orla estu bat ere. Bertan, sahats eta haltz gazteen zuhaixka-itxurako aleak daude, bai eta banbuak ere. Gainera, eremuan espezie exotiko inbaditzaile ugari daude.

Proiektuaren eremuan dauden fauna-espezieak hiriguneei lotutako fauna-komunitateen parte dira.

Eremutik ibaian behera, 4 km beherago gutxi gorabehera, KBE ES2120010 Oriako Itsasadarra / Ría del Oria kontserbazio bereziko eremua dago.

Dena den, proiektuaren eremua ez da Natura 2000 Sareko edo beste babestutako espazioetako ezein gune, ez eta EAEko Korridore Ekologikoen Sareko ezein elementu ere. Era berean, ez da ikusi espezie mehatxatuen EAEko katalogoan agertzen den edo mehatxatuta dagoen animalia- edo landare-espezierik, ez eta kudeaketa-plana onartuta duten espezierik ere. Azkenik, ez dago jasota LAGen natura-intereseko eremuen zerrendan, ez dago geologia-intereseko lekurik, ez katalogatutako ondare-elementurik.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, kutsadurarekiko kalteberatasun txikia duten akuiferoen gainean finkatzen da eremua. Bestalde, hego-mendebaldeko muturrak uholde-arriskua du Oria ibaian uraldiak daudenean. Usurbil zeharkatzen duen tartea ES017-GIP-16-2 Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) integratuta dago. Zehazki, Txikierdi kalearen eta ibaiaren arteko lurrak ibilguaren lehentasunezko fluxu-eremuan sartzen dira. Lur horiek espazio libre gisa utziko dira, eta erriberako landaredia lehengoratu egingo da (haltzadi kantauriarra). Bestalde, industria-lurzatiaren hego-mendebaldeko muturrean 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholdeak gerta daitezke. Eremu horretan, eremuan sartzeko biribilgunea eta bideak egongo dira, bai eta bidegorria ere.

Arrisku horri dagokionez, dokumentazioan 2022ko apirileko azterketa hidrauliko bat jasotzen da, A78 (TE) Zapategi eremuko plangintzako arau subsidiarioen 3. aldaketaren proposamenari buruzkoa. Ingurumen-dokumentuan azterketa hidrauliko horren zehaztapenak garatzen dira, zeina garatu beharreko proiektutik ondorioztatzen diren jardueren adierazgarri den. Ondorioztatzen da eremuko urbanizazio-plataforma 500 urteko errepikatze-denboratik at geratzen dela, sarbideak eta bidegorria lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo proiektatzen direla, eta ez dela ur-lamina gaindituko, eta lurzatiaren ondoko eremuetan abiadura ere ez dela handituko.

Bestalde, eremua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati industrial batean dago (kodea: 20073-00037). Horri dagokionez, adierazi behar da 2017ko ekainaren 6an Ingurumen Administrazioko zuzendariaren Ebazpena eman zela, zeinaren bidez Michelin España Portugal SAk bere jarduera garatu zuen lurzatiko 3. eremuan lurzoruaren kalitatea deklaratzen baita, Usurbilgo udal-mugartean (Gipuzkoa), lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak araututako prozeduraren arabera. Ebazpen honek lurzoru hori industria-erabilerarako eraldatutzat jotzen du, otsailaren 4ko 1/2005 Legean adierazitako baldintzetan, eta zehazten du MZ3-P-9 piezometroaren jarraipena egin beharko dela.

Aurkeztutako dokumentazioa betez, analisi horiek egin dira, eta ez da disolbatzaileen kontzentraziorik hauteman. Nolanahi ere, lurzorua «industria-erabilerarako eraldatutako» gisa sailkatu denez, dagokion indusketa-plana egin da (inbentarioa egina duen Usurbilgo 20073-00037 lurzatiaren 3. zona deiturikoan aurreikusitako eraikuntza-obrek eragindako lurzoruen gaikako indusketa-plana eguneratzea). Induskatu behar diren lurzoruak 500 m3-tik beherako bolumenetan banatuko dira. Sektore horietako bakoitzerako lagin bat hartuko da, eta dagokion analisia egingo da. Analisi horren emaitzaren arabera zehaztuko da lotearen azken helmuga, eta induskatutako material asko eremuan berrerabiltzea aurreikusten da.

Egoera akustikoari dagokionez, ingurumen-dokumentuak inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat jasotzen du eranskin gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 37. artikuluaren arabera egina. Eragiketa aurreko egoera kontuan hartuta, azterketa horrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideen mapa estrategikoak jasotzen ditu, eta bertan ondorioztatzen da gaur egun ez direla gainditzen industria-erabilera nagusia duten eremuei dagozkien kanpoko kalitate akustikoko helburuak (aurrerantzean, KAH).

3.– Inpaktu potentzialaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik esanguratsuenak obra-fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eraman ahala, sastrakak kendu eta landaredia moztu beharko da, bai eta urbanizazio-plataformak, zangak eta zimenduak egiteko indusketa-lanak egin ere, hala nola betelanak, batez ere ipar-mendebaldeko mugan, bidegorria eta oinezkoentzako pasealekua jartzeko.

Obrek dirauten bitartean, ez da aurreikusten inpaktu esanguratsurik lurzorua okupatu eta galdu izanagatik, dagoeneko artifizializatuta dagoen lurzati industrial bat izanik. Hori dela-eta, uste da landaredia moztea ez dela hain adierazgarria. Horren aurrean, aldeko balorazioa egin zaio proiektuak garapenaren paisaia lehengoratzeko eta integratzeko egindako proposamenari, batez ere natura-interes handiko espezie autoktonoak birlandatzeagatik Oria ibaiaren ertzetan eta eremua inguratzen duen errekan.

Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da gizakien habitataren kalitatea (zarata, hautsa, bibrazioak eta abar areagotu egingo dira); lurzoruak edo urak kutsa litezke lurra mugitzean eragindako nahi gabeko isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, eta hondakinak sor litezke sastrakak kendu, landareak moztu edo inausteko lanak egiten direnean.

Ez da sotoko solairurik egingo, eta horrek lur-mugimenduen bolumena murrizten du, aldez aurretik aztertutako alternatiben aldean. Kontuan hartuta eremua lurzorua kutsatu duten edo kutsatu ahal izan duten jarduerak egin diren lurzati batean dagoela kokatuta, nahitaezko indusketa plana aurkeztu da, zeinak induskatutako material asko berrerabiltzea aurreikusten baitu. Nolanahi ere, jarduera horiek egiteko, gai horretan eskumena duen organoaren baimena beharko da.

Nabarmendu behar da, halaber, proiektatutako jarduketak Oria ibaiaren uholde-arriskuko eremuetan kokatzen direla. Aurkeztutako azterketa hidraulikoaren arabera, urbanizazio-plataforma 500 urteko errepikatze-denboratik at kokatuko da, eta eremuaren garapenak ez du ingurunean ur-lamina gaindituko. Adierazi behar da aurreikusten dela obretan zehar zenbait instalazio lagungarri kokatzea 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen ondorioz urpean gera daitezkeen eremuetan.

Aurrekoari dagokionez, aipatu behar da desberdintasunak ikusi direla ingurumen-dokumentuak aurkeztutako dokumentazio grafikoan, proiektua gauzatu ondoren ingurunean aurreikusitako uholdeguneei dagokienez. Ingurumen-dokumentuaren memorian eta irudietan, 2022ko azterketa hidraulikoaren arabera kalkulatutako uholde-orbanak irudikatzen dira; ingurumen-dokumentuaren planoetan, berriz, etorkizunean uholdeak izateko arriskua duten orban batzuk agertzen dira, eta egiaztatu da 2019ko aurreko azterketa hidraulikoarekin bat datozela. Dena den, proiektua gauzatzeak okertu egiten du eremuaren inguruko uholde-arriskua. Bat ez etortze horiek, beraz, lehen deskribatutako ingurumen-dokumentuaren dokumentazio grafikoan soilik agertzen dira, eta irudi grafikoen akatsak direla uler daiteke; izan ere, a priori, proiektuaren memorian deskribatutako eraikuntza-antolamendua eta -ezaugarriak bat datoz aurkeztutako azterketa hidraulikoan egindako azterketarekin. Ildo horretan, ingurumen-dokumentuak ondorioztatzen du eremuko urbanizazio-plataforma 500 urteko errepikatze-denboratik at geratzen dela, ez dela ur-lamina gaindituko eta ez dela lurzatiaren ondoko eremuetan errekaren abiadura handituko.

Balorazio hori egokitzat jotzen da, arlo horretan eskumena duen organoak ezartzen duena gorabehera, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian xedatutakoarekin bat etortzen den bitartean.

Azkenik, egoera akustikoari dagokionez, aurkeztutako azterketa akustikoaren emaitzen arabera, etorkizuneko operazioetan ez dira gaindituko etorkizuneko hirigintza-garapenetarako kalitate akustikoko helburuak, bertan egin nahi diren erabilera bereizgarriak kontuan hartuta, hala industrialak nola hirugarren sektorekoak. Bestalde, handik gertu Txikierdi kalean dauden etxebizitzei dagokienez, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren esparruan egiten diren jarduerek ere ez dituzte gaindituko bizitegi-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

Era berean, inpaktu horiek saihesteko edo minimizatzeko babes- eta zuzenketa-neurriak jasotzen dira, hala nola hormigoia garbitzeko putzuak eta instalazio lagungarrien eremuan sortutako efluenteak biltzeko dekantazio-putzuak, bai eta eremua zeharkatzen duen errekan zehar iragazteko luzetarako hesi bat ere, intereseko landarediaren zuinketarekin batera, eta kabailoiek osatutako behin-behineko pantaila-akustikoak. Ingurumena zaintzeko planaren barruan, halaber, uren kalitatearen, sortutako efluenteen eta alboko bizitegi-eremuko kalitate akustikoaren hainbat laginketa egin behar direla ezartzen da.

Eremuaren eta egin nahi den jardueraren ezaugarriak kontuan hartuta, eta aintzat hartuta bai sustatzaileak proposatutako neurri babesle eta zuzentzaileak bai ingurumen-inpaktuaren txosten honetan bertan agindutakoak, ez da aurreikusten proiektuak ingurunearen aipatutako alderdietan inolako eragin negatiborik izango duenik.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, zenbait neurri babesle eta zuzentzaile ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri adierazgarririk izan ez dezan eta Usurbilgo arau subsidiarioetako A-110 Zapategi eremuaren urbanizazio-proiektuaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egiteko beharrik egon ez dadin; betiere, ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatzean, honako hauetan ezarritakoa bete beharko da: indarrean dagoen araudian xedatutakoa, hurrengo apartatuetan adierazitakoa, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo substantiboaren bidez Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa.

Bestalde, neurriak eta kontrolerako langile kopurua behar adinakoak izango dira ingurumen-dokumentuan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-txosten honetan ezarritakoak bermatzeko.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak aplikatuko dira obretan.

Hurrengo apartatu hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obrak, baita lurzorua okupatu beharra dakarten jarduera osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Eremu horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo istripuzko eraginik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Landaredi autoktonoa kentzea eta/edo moztea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatu eta balizatu beharko dira proiektuaren eremuan dauden zuhaitz-ale eta unada autoktonoak, eta, bereziki, Oria ibaiko landaredi autoktonoa.

– Kontratistaren instalazioguneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialen, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketa-eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze-sare naturalari eta intereseko landarediari, hots, urak har ditzakeen eremuei eragitea saihestuko da. Zehazki, garbigunea 10, 100 edo 500 urteko errepikatze-denborako uholdeen ondorioz urpean gera daitezkeen lurretatik kanpo kokatu beharko da.

Eremu horiek ezin izango dira inola ere Oria ibaiaren ibaiertzeko lurretan kokatu.

– Obrak hasi aurretik, proiektuaren eremuan identifikatutako espezie inbaditzaileak desagerrarazteko kanpaina bat egingo da (hala nola Cortaderia selloana, Buddlelia davidii, Phyllostachys aurea edo beste batzuk).

– Kontrol-neurriak hartuko dira lurrak mugitu diren eta landaretzarik gabe gelditutako eremuetan landare-espezie inbaditzaileak sar ez daitezen. Horrez gain, kontrolatu egingo da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabilitako lurren jatorria, espezie inbaditzaileak izan litzakeen lurrik ez erabiltzeko.

– Proiektua gauzatzeak eragindako eremu guztiak lehengoratu egin beharko dira, ekologiaren, estetikaren eta paisaiaren antolamendurako proiektuan oinarrituta (ingurumen-dokumentuaren IV. eranskina).

– Eremua zeharkatzen duen errekaren ezkerraldeko sekzioa bioingeniaritza-tekniken bidez egonkortu eta birlandatu diren ezpondekin ordezteko aukera aztertuko da, proiektatutako espazio libreekin integratuta eta naturaltasun handiagoa emanda.

– Landareztatzeetan, batez ere Oria ibaiaren eta ubidearen ertzetan, lehentasuna emango zaio haltzadi kantauriarraren berezko espezieak landatzeari (Alnus glutinosa, Fraxinus excelsior, Corylus avellana, Crataegus monogyna, Salix sp., etab.).

Ura eta lurzorua babestera bideratutako neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta gai kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ubidean zehar iragazteko eta jalkitzeko hesi bat egongo da.

– Hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuzko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko. Ildo horretan, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, dekantazio-putzu bat proiektatu da, bai eta hormigoia garbitzeko putzuak erabiltzea ere.

– Obrako makinak gordetzeko eremua eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik isolatu beharko dira. Zolata iragazgaitzaz gain, efluenteak biltzeko sistema bat ere izango du, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Ezin izango da egin erregaien zamalanik, olio-aldaketarik eta tailerreko jarduerarik, horretarako adierazitako eremuetatik kanpo.

Paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak saihesteko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kendu eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Landare-espezie exotiko inbaditzaileak detektatzeko eta bertan sartu eta hedatzea eragozteko kontrol-neurriak hartuko dira. Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Erabiltzen diren makina guztiek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, halakoetan inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak egon baitaitezke.

– Bai baldintza-agiriak eta bai obra kontratatzeko aurrekontuek aipatutako dokumentazioan aurreikusitako baldintza teknikoak eta aurrekontu-partidak jaso beharko dituzte, proposatutako jarduerak behar bezala betetzen direla bermatzeko.

Uholde-arriskura bideratutako neurriak.

– Egun, eremua 500, 100 eta 10 urte arteko errepikatze-denborako uraldietarako uholdegunean dago. Usurbilgo Zapategi 78 (TE) eremuko plangintzako arau subsidiarioetako 3. aldaketa puntualaren esparruan 2022an egindako azterketa hidraulikoaren emaitzen arabera (A Zapategi izeneko proiektu honen xede den eremua barne hartzen du), urbanizazioa 18,50 m-ko batez besteko kotan jarriko da, eta perimetro-hormak egitea ere aurreikusi da, urbanizazio-plataforma uholdeen 500 urteko errepikatze-denborako eremutik at kokatu ahal izateko. Beste alde batetik, sarbideak eta bidegorria lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo jartzea proiektatzen da, hori guztia ur-laminaren gainetik jarri gabe eta lurzatiaren ondoko eremuetan abiadurarik handitu gabe.

– Organo eskudunak prozedura aplikagarrien esparruan ezarritako baldintzak alde batera utzi gabe, proiektuak bat etorri beharko du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialeko E.2 apartatuko uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoan ezarritakoarekin.

– Obrak egin bitartean, ez da pilatuko uholdeetan urak eraman dezakeen materialik edo hondakinik.

Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

– Proiektua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak jasan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan gordetako tokiaren gainean garatzen da.

Horri dagokionez, sustatzaileak emandako informazioarekin bat etorriz, proiektua egingo den lursail horren eremuan lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpena dago (Ebazpena, 2017ko ekainaren 6koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez Michelin España Portugal SAk bere jarduera garatu zuen lurzatiko 3. eremuan lurzoruaren kalitatea deklaratzen baita, Usurbilgo udal-mugartean (Gipuzkoa), lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak araututako prozeduraren arabera).

Urbanizazio-obrak, hala nola indusketak, indusketa selektiboen plangintzari men eginez eta lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan ezarritako baldintzetan egingo dira, aipatutako lurzorua aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko. Kasu horretan, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.2 artikulua aplikatuko da, eta, beraz, indusketa baimentzeko ebazpena ingurumen-organoak eman beharko du, lur-mugimenduak egitea ahalbidetzen duten funtsezko lizentziak edo baimenak eman aurretik.

Sobera geratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera bideratutako neurriak.

– Lanek iraun artean, beharrezkotzat jotzen diren jardunbide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, eta aurreko guztia, dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoa eragotzi gabe.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa eta deuseztatzea barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: aldez aurretik behar bezala justifikatzen denean ezinezkoa dela hondakinak teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea.

– Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdinetako hondakinak elkarrekin edo beste hondakin edota efluente batzuekin nahastea. Hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko baliabide egokiak jarriko dira, aipatutako nahasketa horiek ekiditeko.

– Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bi xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

– Hondakindegira bidali beharreko hondakinak, berriz, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta ezabatzea arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuan eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako balioen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketa baten ondorioz nahasiz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezartzen dituen segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute haien kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Sortutako olio erabilia Industriako olio erabiliaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatuko da. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Airearen kutsadura ahalik eta txikiena izateko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, harrotzen den hauts-kantitatea zein den, ureztatzeak ere programatuko dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute une oro.

– Obraguneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati konektatuta, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da indusketa-materiala, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

Kultura-ondarea babestera bideratutako neurriak.

Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Obrak okupatzen dituen mugak kontrolatzea.

– Hondakin-isurketarik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

– Proiektuak eragindako herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak erasandako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta horren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren, eta oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakinak kudeatzea eta natura-ondarea babestea.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzaren txostenaren arabera, komenigarria litzateke ekologia-, estetika- eta paisaia-antolamenduko proiektuaren berme-aldia gutxienez 2 urtera luzatzea, lehengoratzea arrakastaz egiteko eta finkatuta geratzen dela ziurtatzeko.

Hirugarrena.– Zehaztea, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta betiere ebazpen honetan jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez dela aurreikusten proiektua gauzatzeak ondorio negatibo nabarmenik izango duenik ingurumenean. Hori dela-eta, ez da beharrezkotzat jotzen Gureak Lanean SAk Usurbilgo arau subsidiarioetako A-110 Zapategi eremua urbanizatzeko sustatzen duen proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Usurbilgo Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 3a.

Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria,

JAVIER AGIRRE ORCAJO.


Azterketa dokumentala