Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2023ko irailaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4138

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 3koa, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen baita Oka itsasadarraren goi-estuarioaren ingurumena leheneratzeko eta natura- eta kultura-ondarea balioesteko proiektua.

AURREKARIAK

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Oka itsasadarraren goi-estuarioa leheneratzeko proiektu bat sustatu du. Proiektu horren bidez, alde batetik, goi-estuarioko ekosistema naturalen kontserbazio-egoera hobetu nahi da, haien uholde-eremuak hobetuz, eta, bestetik, jardungo den eremuko oinezkoen mugikortasuna sustatu nahi da.

Aurreko paragrafoan adierazitako helburuak betetze aldera, Oka itsasadarraren goi-estuarioko natura- eta kultura-ondarearen balioa nabarmentzeko eta ingurumena lehengoratzeko proiektu bat egin da, bai eta proiektu horrek ingurumenean duen inpaktuaren azterlana ere.

2.– Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariaren 2022ko irailaren 13ko Ebazpenaren bidez, erabaki zen jendaurrean jartzea Oka itsasadarraren goi-estuarioaren ingurumena lehengoratzeko eta natura- eta kultura-ondarea balioesteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 188. zk., 2022ko irailaren 30ekoa).

Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, kontsulta egin zitzaien eragindako administrazio publikoei eta interesdunei: Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurralde-eremuko elkarte ekologistei, Foruko eta Muruetako udalei, Bizkaiko Foru Aldundiari (Kulturako Zuzendaritza Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia), Eusko Jaurlaritzari (Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza), Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioari (Euskal Herriko Itsasertz Mugartea) eta URA Uraren Euskal Agentziari.

Kontsulta egin zitzaien entitateen artean, Zain Dezagun Urdaibai elkarte ekologistak, Muruetako Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta URA Uraren Euskal Agentziak egokitzat jo zituzten gogoetak eta oharrak biltzen zituen txostena egin zuten.

Izapide horretan, alegazioak aztertu ondoren, 2023ko apirilaren 18an txosten bat igorri zitzaien jendaurrean jarritako dokumentazioari alegazioak edo oharrak egin zizkioten entitate guztiei, erantzunak jakinarazteko.

3.– Publikoaren, eragindako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen ekarpenak ikusita, Oka itsasadarraren goi estuarioa lehengoratzeko proiektua berriz aztertu zen.

Jendaurrean jarri zen proiektuak bi fase zituen (A fasea eta B fasea), baina Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako txostena aztertu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak erabaki zuen proiektuaren B fasea ez exekutatzea jendaurrean jarritako dokumentuan idatzita zegoen moduan.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak –organo sustatzailea– ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera egin zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzaren aurrean –ingurumen-organoa–. Oka itsasadarraren goi-estuarioa lehengoratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez onartu zen.

5.– Oka itsasadarraren goi-estuarioa lehengoratzeko proiektuaren aldeko txostena eman zuen Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak 2023ko maiatzaren 10ean egindako osoko bilkuran.

6.– Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuneko eta Natura Inguruneko diputatuaren foru-agindu baten bidez, Oka itsasadarraren goi-estuarioko ingurumena lehengoratzeko eta natura- eta kultura-ondarea balioesteko proiektuaren baimen-eskaera ebatzi da, eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari baimena eman zaio Oka itsasadarraren goi-estuarioa lehengoratzeko proiektua gauzatzeko. Halaber, adierazi da baimenak hiru urteko balioa izango duela, ematen den egunetik hasita.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren 11.1.a) artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da ingurumenaren eta ekologiaren arloan Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatzea eta betearaztea.

Estatutuaren aurreikuspena garatzeko, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7. artikuluak –c) letrako 3. paragrafoa– xedatzen du lurralde historikoei dagokiela Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek natura-ondareko gune babestuen administrazioari dagokionez onartutako legeria betearaztea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren kasuan izan ezik.

Bestalde, Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 9.1.b) artikuluak xedatzen duenez, EAEko administrazio publikoei dagokie, beren eskumen-eremuan, habitaten garapena eta lehengoratzea bultzatzea, klima-aldaketaren aurreko erresilientzia hobetzeko, bereziki ingurumen-eremu sentikorretan.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 1. artikuluak araubide juridiko berezia ezartzen du Urdaibaiko lurralde-eremurako, eta haren helburua da babesa ematea bertako lurrei, florari, faunari, paisaiari, urei eta atmosferari eta, azken batean, Urdaibaiko ekosistema guztiei, naturaren, zientziaren, hezkuntzaren, kulturaren, aisialdiaren eta sozioekonomiaren aldetik duten interesagatik; era berean, horien guztien leheneratzea bultzatu nahi da.

Aurreko paragrafoetan zehaztutako eskumen-gaikuntzan oinarrituta, eta uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 1. artikuluan zehaztutako helburua betetze aldera, Oka itsasadarraren goi-estuarioko natura- eta kultura-ondarea balioesteko eta ingurumena lehengoratzeko proiektua eta haren gaineko ingurumen-inpaktuaren azterketa egin ziren.

2.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.d) artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan jasotako proiektuei, sustatzaileak hala eskatzen duenean. Bestalde, 7.2.b) artikuluak xedatzen du inpaktuaren ebaluazioa egin beharko zaiela I. eta II. eranskinetan sartuta ez dauden proiektuei, baldin eta Natura 2000 Sareko gune babestuei nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbari dagokionez, haren lurralde-eremuan Natura 2000 Sareko lau gune hauek daude: ES2130005 (Gaztelugatxeko Doniene), ES2130006 (Urdaibaiko Ibai Sarea), ES2130007 (Urdaibaiko itsasertzak eta padurak) eta ES2130008 (Urdaibaiko artadi kantauriarrak). Aipatutako lau espazioen araubide juridikoa ekainaren 4ko 358/2013 Dekretuan ezartzen da.

Azaldutako arrazoiengatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak erabaki zuen Oka itsasadarraren goi-estuarioa lehengoratzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea, eta, beraz, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33., 36. eta 37. artikuluetako araubide juridikoa aplikatu behar da.

Oka itsasadarraren goiko estuarioa lehengoratzeko proiektuaren administrazio-espedientea izapidetzean, 33.1 artikuluan adierazitako izapideak bete dira, ebazpen honen aurrekarietako 4. zenbakian egiaztatuta geratu den bezala.

Espedientean jasota dago, halaber, kontsulta-izapidea egin zaiela eragindako administrazio publikoei eta interesdunei, abenduaren 21eko 21/2013 Legearen 37.2 artikuluan ezarritakoa betez.

Abenduaren 21eko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa betez, berariaz igorritako ofizio bidez, honako administrazio publiko hauen txostena eskatu zen: Foruko eta Muruetako udalak, Bizkaiko Foru Aldundia (Kulturako Zuzendaritza Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia), Eusko Jaurlaritza (Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza), Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioa (Euskal Herriko Itsasertz Mugartea) eta URA Uraren Euskal Agentzia.

3.– Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babestu eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 1. artikuluaren arabera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbari araubide juridiko berezia ematen zaio. Araubide juridiko berezia uztailaren 6ko 5/1989 Legeak eta irailaren 27ko 139/2016 Dekretuak osatzen dute (Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duena).

Irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 5.1.2 artikuluaren 3. apartatuaren a) letraren arabera, Oka itsasadarraren goi-estuarioa lehengoratzeko proiektuari buruzko txostena eman behar du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuak, 2023ko maiatzaren 10ean egindako osoko bilkuran, aipatutako proiektuaren aldeko txostena eman zuen, irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.3.2.1, 4.4.4.1 eta 4.4.4.5 artikuluetako aginduak betetzen zituela ulertzen baitzen.

4.– Bestalde, azaroaren 25eko 9/2021 Legearen 59.5.c) artikuluak xedatzen duenez, Natura 2000 Sareko guneak kudeatzeko organoei dagokie –kasu honetan, Bizkaiko Foru Aldundiari–, besteak beste, Natura 2000 Sareko guneen eremuan deklarazio-dekretuan aurreikusitako kontserbazio- eta hobekuntza-neurriak betetzen direla zaintzea, eta dagozkion txostenak eta baimenak ematea. Bisoi europarraren (Mustela lutreola, Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onartzen duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren arabera, Oka ibaiaren arroko sare hidrografiko osoa interes bereziko eremutzat hartzen da bisoi europarra kontserbatzeko. Ildo horretan, irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.5.3 artikuluak –1. apartatuko b) letra– honako hau ezartzen du: «Urdaibaiko Itsasertzeko Zonak eta Padurak KEBean eta Urdaibaiko Ibai Sarea KEBean bisoi europarrak ugaltzeko nahiz babesleku moduan erabiltzen duen habitataren ezaugarriak aldatzen dituen jarduera orok Bizkaiko Foru Aldundiaren aldez aurretiko baimena beharko du».

Obraren eremuak Natura 2000 Sareko ES2130007 eta ES0000144 natura-ondareko gune babestuei eragiten diela kontuan hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuneko eta Natura Inguruneko diputatuaren foru-agindu baten bidez, baimena eman zitzaion Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari Oka itsasadarraren goi-estuarioa lehengoratzeko proiektua gauzatzeko.

Aintzat hartu dira lege-xedapen hauek guztiak eta aplikatzekoa den gainerako araudia: 3/1979 Lege Organikoa, abenduaren 18koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuarena; 27/1983 Legea, azaroaren 25ekoa, Autonomia Erkidegoko erakunde komunen eta lurralde historikoetako foru-organoen arteko harremanei buruzkoa; 9/2021 Legea, azaroaren 25ekoa, Euskadiko Natura Ondarea Babestekoa; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 68/2021 Dekretua, otsailaren 23koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena. Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Oka itsasadarraren goi-estuarioko ingurumena lehengoratzeko eta natura- eta kultura-ondarea balioesteko proiektua.

Bigarrena.– Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariaren 2023ko uztailaren 10eko Ebazpenaren bidez onartutako ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako baldintza guztiak bete beharko dira Oka itsasadarraren goi-estuarioko ingurumena lehengoratzeko eta natura- eta kultura-ondarea balioesteko proiektua gauzatzeko,.

Hirugarrena.– Oka itsasadarraren goi-estuarioko ingurumena lehengoratzeko eta natura- eta kultura-ondarea balioesteko proiektuaren baimen-eskaera ebazten duen Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuneko eta Natura Inguruneko diputatuaren Foru Aginduan jasotako baldintzak bete beharko dira.

Laugarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko abuztuaren 3a.

Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria,

ADOLFO URIARTE VILLALBA.


Azterketa dokumentala