Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

170. zk., 2023ko irailaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4136

AGINDUA, 2023ko uztailaren 26koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Eusko Jaurlaritzak balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileetarako antolatzen dituen «Elkarlan» sarien bederatzigarren deialdia onesten duena (2023. urtea).

2020-2024 Gobernu Programak, bere konpromisoen artean, aurreikusten du «Administrazio irekiagoa eta gardenagoa bultzatzea, kontuak denbora errealean ematen dituena», eta, ekimenen artean, «Gobernu irekiaren eta nazioarteko aitortzaren estrategia bultzatzea. Erreferentziako nazioarteko erakundearekin lankidetzan aritzea, Gobernu Irekiaren aldeko Aliantzarekin (OGP), gobernu irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentikorragoak sustatzeko tresnak garatzeko eta ebaluatzeko», eta «Herritarren parte-hartzea areagotzea eta haiek emandako iritziak modu aktiboan entzutea, eta kudeaketa publikoa denbora errealean informatzeko eta ebaluatzeko prozesuan adierazle-sistema birdiseinatzea».

Gobernantza publikoa lortzeko ahaleginean, Gobernantzaren, Berrikuntza Publikoaren eta Gobernu Digitalaren Plan Estrategikoak (Ardatz 2030) balio publikoa sortu nahi du, erronkatzat hartu baitu, administrazio publikoaz gain, herritarrak ere gobernantza horren eragile izatea, zentzu zabalenean: herritar antolatuak eta antolatu gabeak, eragile ekonomikoak eta sozialak, eta abar.

Gai publikoetan herritarren parte-hartzea eta lankidetza bultzatzeko konpromisoa, Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuriari lotuta dagoena, 2015., 2016., 2017., 2018., 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetan gauzatu zen, «Elkarlan» sarien deialdien bidez, zeinak Eusko Jaurlaritzak antolatzen baititu balio publikoa batera sortzeko proiektuak egiteko. Bederatzigarren edizio honen bidez, berriz egiten da deialdia, eta xedea da sariak ematea herritar antolatuek eta antolatu gabeek aurkeztutako proiektu berritzaileei. Proiektuok balio publiko partekatua sustatu eta gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte sei jarduera-eremu hauetakoren batean: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa eta kultura, kohesio soziala; eta gobernantza, kultura demokratikoa eta erabaki publikoetako parte-hartzea.

Halaber, proiektuek, funtsezko ezaugarri gisa, erakutsi beharko dute gai direla pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesuak sustatzeko diseinu- eta ezarpen-fasean.

Bederatzigarren edizio honen bidez, aurrekoetan bezala, lortu nahi da: batetik, balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileari saria ematean, proiektua bera eta sustatzaileak ezagutzera ematea; beste alde batetik, formulak ekartzea beste eragile batzuek parte hartzeko, eta, Euskadin, pixkanaka, sare bat osatu dadin balio publikoa batera sortzen ikasteko eta arlo horretan elkarlanean aritzeko. Ikuspegi hori, bestalde, lotuta dago EAEko 7 administrazioek (Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta 3 hiriburuetako udalek) eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Ituneko kide baitira, 2018-2020 OGP Euskadi ekintza-planean ezarri duten 3. konpromisoarekin. Izan ere, konpromiso hori betetzeko, sustatu behar dira herritarren parte-hartze berritzailearekin konpromisoa hartuko duten eragileak eta proiektuak.

Deialdi hau sartuta dago Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren 2023. urterako dirulaguntzen plan estrategikoan. Plan hori 2023ko martxoaren 6ko Aginduaren bidez onartu zen; Legegunea-Euskal Araudiaren Atarian argitaratuta dago, eta espresuki ezartzen du «Elkarlan» sarien deialdiak egingo direla 4. helburu estrategikoari lotuta: «Administrazio publikoek herritarren ekimenak sortutako balio publikoa aitortzea, ekimen hori erakundeen laguntzarekin edo gabe sortu bada ere, eta bi aldeen ekimenei koherentzia ematen saiatzea, Ardatz 2030en barruan gobernu irekiaren arloko erronka gisa, eta Euskadirako Gobernu Irekiaren aldeko Nazioarteko Aliantzaren I. Ekintza Planaren esparruan». Plana Legegunea-Euskal Araudiaren Atarian argitaratu da. Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko aurrekontu orokorretan badago deialdi hau egiteko aurrekontu-kreditu nahikoa.

Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak dauka ekimen horiek bultzatzeko ardura; izan ere, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 13.1 artikuluaren b) apartatuak egiteko hau esleitzen dio: «Gardentasuna eta herritarren parte-hartzea bultzatzea politika publikoen definizioan, kudeaketan, gauzatzean eta ebaluazioan», eta, artikulu beraren e) apartatuak, berriz, egiteko hau esleitzen dio: «Herritarrek parte hartzeko eta euren proposamenei erantzun instituzionala emateko bideak sustatzea».

Azaldutako guztia kontuan hartuta, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 13. artikuluak emandako eskumenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Elkarlan» sarien 2023ko deialdia (bederatzigarrena) onartzea, Eusko Jaurlaritzak antolatzen dituen balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileak egiteko; onartzen diren eta agindu honen eranskinean jasota dauden oinarri arautzaileen arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Sariak, duten izaeraren arabera egokia den guztian, xedapen hauen mende daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuan (aurreko lege orokorraren araudia onartzeko den horretan) jasotako oinarrizko araudia.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 10.1.a) eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 26a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

OLATZ GARAMENDI LANDA.

ERANSKINA
EUSKO JAURLARITZAK BALIO PUBLIKOA BATERA SORTZEKO PROIEKTU BERRITZAILEETARAKO ANTOLATZEN DITUEN «ELKARLAN» SARIEN BEDERATZIGARREN DEIALDIA, 2023. URTERAKO. OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenengoa.– Xedea.

Deialdi honen xedea da lau proiekturi sari bana ematea, balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzaileak ezagutzera emateko. Proiektu horiek eragina izan behar dute osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, ikasketa - kulturaren, kohesio sozialaren eta gobernantza - kultura demokratikoa - erabaki publikoetan parte-hartzea bezalako jarduera-eremuetan; baina, horrez gain, balio publiko partekatua modu berritzailean sustatu behar dute, gizarteko erronkak eta beharrak ase behar dituzte, eta, diseinu- eta ezarpen-fasean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntze-prozesua sustatzeko gaitasuna erakutsi behar dute.

Halaber, sariak ematen dira proiektuko jardunbide egokiak (parte hartzeko eta balio publiko konpartitua sortzeko pertsonek eta kolektiboek duten ahalduntzea aktibatzeko moduei lotutakoak) beste eragile batzuei transferitzeko prozesua formalizatzeko. Herritarrek parte hartzeko jardunbide egoki horiek lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan ere aplikatzeko modukoak izan behar dira.

Bigarrena.– Sariak.

Balorazio onena izan duten lau proiektuetako bakoitzari emango zaio saria, honako esparru hauetan: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa-kultura, kohesio soziala eta gobernantza, kultura demokratikoa eta parte hartzea erabaki publikoetan.

Hona hemen sarien prestazioak:

a) 6.000 euro gordin emango dira, parte-hartzea sustatzeko modu ezberdinak aplikatzeko aukera ematen duen balio publikoa batera sortzeko proiektu berritzailea aitortzeko.

b) 3.000 euro gordin emango dira, herritarren parte-hartzearen bidez pertsonek eta kolektiboek duten ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua gauzatzeko egin behar den lana aitortzeko, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan.

c) Kanpoko aholkularitza, beste eragile batzuei transferitzeko prozesuan zehar, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko.

d) Saritutako proiektuari zabalkundea emango zaio komunikabide eta hedabideetan.

Hirugarrena.– Proiektuak bete behar dituen baldintzak.

1.– Proiektu guztiek, deialdian parte hartzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezteko unean:

a) Ezarrita egotea edo fase pilotu aurreratuan egotea. Ez dira onartuko hasi gabe dauden proiektuak edo ideia-fasean daudenak.

b) Elkarlanean parte hartzeko proiektua izan behar da, hots, gizarteak jarduteko duen gaitasuna erakusten duten ahalduntze-prozesuak sustatzen dituzten ekimenak.

c) Balio edo inpaktu publiko eta soziala sortu behar du berrikuntzaren bidez.

d) Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian identifikatutako jarduera-eremuetakoren batean edo batzuetan gauzatu behar da, herritarren parte-hartzeak eta ikuspegiak esparru horien garapenean egin baitezakete ekarpenik handiena: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikasketa-kultura, kohesio soziala eta gobernantza, kultura demokratikoa eta parte hartzea erabaki publikoetan.

e) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko modukoa izan behar da. Horretarako, honako hauek baliatuko dira: jarduteko protokoloak, tresnak, metodologiak, gidak, web euskarriak, prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak...

2.– Sariak jasotzeko hautagai juridikoek nahi beste proiektu aurkeztu ahal izango dituzte beste hainbeste eskabidetan, baina sari bakarra lortu ahal izango dute.

Laugarrena.– Hautagaitzak.

1.– Eskabidea aurkezteko unean jarduera nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten eta egoitza fiskala bertan duten irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak soilik aurkeztu daitezke deialdi honetara.

2.– Administrazio publikoek eta haren sektore publikoa osatzen duten entitateek ezin izango dute parte hartu sarien deialdi honetan.

3.– Pertsona juridikoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabidea aurkezterakoan:

a) Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta bertan gauzatzea jarduera nagusia.

b) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Horretarako, organo kudeatzaileak modu automatikoan egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin lotutako betebeharrak bete dituela hautagai gisa aurkeztu den pertsona juridikoak, hari baimenik eskatu beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.3 artikuluarekin bat etorriz. Dena dela, eskatzaileak baimena ukatu ahal izango du, baina horretarako Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako ziurtagiria aurkeztu beharko du.

c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

d) Ez izatea administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez izatea laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.

e) Sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor- edo administrazio-bidean zigortuta ez egotea.

f) Berdintasun-plana indarrean izatea, Estatuko araudiaren arabera nahitaez eduki behar duten enpresei dagokienez.

g) 50 langile baino gehiagoko enpresei dagokienez, sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzea, Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

h) Ezingo dira sariaren onuradun izan Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden pertsona juridikoak.

Aurreko a), c), d), e), f), g) eta h) betekizunei dagokien agiri-egiaztapenaren ordez, eskatzaile juridikoek erantzukizunpeko adierazpena beteko dute, «Elkarlan» sarien deialdian parte hartzeko inprimakian. Inprimakia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskura dezakete: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027609

4.– Proiektuak aurkeztuko dituzten pertsona juridikoek Eusko Jaurlaritzari baimena emango diote deialdi honekin lotutako hedapen-jardueretan beren egiletza aipatzeko. Horrek ez die, hala ere, eskubide ekonomikorik edo beste irabazi-motarik ekarriko, sariak dakartzan zenbateko ekonomikoaz eta prestazioaz gain.

5.– «Elkarlan» saria jasotzea bateragarria izango da bestelako administrazio publikoek eta entitate pribatuek ematen dituzten sariak jasotzearekin.

Bosgarrena.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa Batzorde batek baloratuko ditu proiektuak, eta kide hauek osatuko dute batzorde hori:

a) Miren Martiarena Barcaiztegui, Gobernu Irekiaren zuzendaria (batzordeburua izango da).

b) Miren Matxalen Lauzirika Jauregi, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendaria.

c) Javier Latorre Guinea, Gardentasun Arloko teknikaria; idazkari-lanak ere egingo ditu.

d) Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzako Gobernu Onaren ataleko berrikuntza publikoari buruzko proiektuen arduraduna eta OGP Euskadi proiektuaren arduradun teknikoa.

e) María Molinuevo Zaballa, Norai Elkarte Hezitzaile - Humanizatzaile - Ekintzailearen ordezkaria, zeinak saria jaso baitzuen 2022ko «Elkarlan» sarien deialdian. Ordezkoa: Lukas López Bujanda.

f) Álvaro Saiz Ruiz, Residuo Cero fundazioaren ordezkaria, zeinak saria jaso baitzuen 2022ko «Elkarlan» sarien deialdian. Ordezkoa: Ainhoa Crespo Gadea.

g) Alazne Goñi Muriel, Garaion Naturartea Elkartearen ordezkaria, zeinak saria jaso baitzuen 2022ko «Elkarlan» sarien deialdian. Ordezkoa: Miren Beitia Arriola.

h) Teresa Villaverde Martínez, EME Komunikazioa Koop. Elkarte Txikiaren ordezkaria, zeinak saria jaso baitzuen 2022ko «Elkarlan» sarien deialdian. Ordezkoa: Tamia Quima Morales.

i) Gotzon Bernaola Ariño, Innobasque herri-onurako elkartearen Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusia.

j) Goizalde Atxutegi, Innobasque herri-onurako elkartearen Enpresa Berrikuntzako proiektuen arduraduna.

2.– Eusko Jaurlaritzakoak ez diren pertsonak Hautaketa Batzordeko kide izateak eta batzordearen bileretara joateak eskubidea sortuko du dieta gisa zenbateko bat jasotzeko, kontzeptu hauengatik: bileretara egin beharreko joan-etorriengatik (erabilitako garraiobidearen kostu errealaren araberakoa izango da dieta); Hautaketa Batzordearen bileretara joateagatik (60 euro, bilera bakoitzeko) eta lan-saioetan taldean baloratzeko aurkeztutako proiektu bakoitzari egindako analisi eta balorazioarengatik (60 euro, aztertutako 10 proiektuko).

Seigarrena.– Baremoa.

1.– Lor daitekeen gehieneko puntuazioa 12 puntukoa da.

2.– Hautaketa Batzordeak baloratuko ditu aurkeztu diren proiektuak, gehienez 10 puntu emanez, baremo honen arabera:

a) Balio publiko eta soziala: balio publikoa sortzeko ahalmena (gizarte-inpaktu handikoa), eta kolektibotasunetik lagunduz egitea. Administrazio publikoek behar bezala estaltzen ez dituzten premiak edo arazoak asetzeko egiten duen ekarpena baloratuko da, eta hori herritarren lankidetzatik gauzatzea. 0 eta 1 puntu bitartean.

b) Ahalduntzea: gizarteak antolatzeko eta jarduteko duen gaitasunaren eredua sortzeko ahalmena. Herritarren lankidetza piztea nola lortu den baloratuko da –jarduteko lankidetza–, baita beste testuinguru batzuetan aplikatzeko aukera ere. 0 eta 3 puntu bitartean.

c) Izaera berritzailea: proiektuko ideiaren (disruptiboa eta berria) egingarritasun eta berrikuntzarako ahalmena. Baloratuko da berrikuntzarik eragiten duen eta, horretarako, lehendik dauden elementuak aldatzen dituen, hobetzeko, edo guztiz berriak diren elementuak sartzen dituen. 0 eta 2 puntu bitartean.

d) Pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko modua lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara eramateko aukera. Baloratuko da, batetik, zenbat pertsona edo kolektibori transferitu dakiokeen proiektua, eta, bestetik, zer lurralde-hedaduratan aplika daitekeen (herria, probintzia, autonomia-erkidegoa, etab.). 0 eta 2 puntu bitartean.

e) Diseinuan eta ezarpenean genero-ikuspegia txertatzea. Baloratuko da proiektuetan jasotzea gizonek eta emakumeek arazoaren aurrean duten pertzepzio desberdina, bi generoen behar desberdinak asetzen direla, eta lehendik dauden desparekotasun-egoerak edo diskriminazioak errepikatzea edo beste batzuk sortzea saihesten dela. 0 eta 1 puntu bitartean.

f) Kalitatea eta argitasuna: aurkezpenaren koherentzia- eta argitasun-maila. 0 eta 1 puntu bitartean.

3.– Batzordearen balorazioa osatzeko, gainera, parte-hartze prozesua abiaraziko da Irekian (https://www.irekia.euskadi.eus/eu/debates). Horren bidez, herritarrek gehienez lau proiekturi eman ahal izango diete botoa. Inskripzio-eskabidean, inprimakiari erantsitako dokumentazio gehigarria argitaratzeko baimena eskatuko da. Argitaratzeko baimenik ematen ez bada, eskabidearen inprimakia soilik argitaratuko da, anonimizatuta. Boto gehien jaso dituzten lau proiektuei beste bi puntu emango zaizkie, eta bi puntu horiek Hautaketa Batzordeak emandako balorazioari gehituko zaizkio.

4.– Gutxienez 5 puntu lortu behar dira saria jasotzeko aukera izateko.

Zazpigarrena.– Prozedura.

1.– Deialdi honetan parte hartzeko, hautagai den pertsona juridikoak bide elektronikoa erabili behar du organo kudeatzailearekin harremana izateko.

2.– Deialdi honetako organo kudeatzailea Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Gobernu Irekiaren Zuzendaritza da.

3.– Hautagai diren pertsona juridikoek bete behar duten eskabidearen eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027609 helbidean dago eskuragarri. Bide elektronikoa erabiliko da eskabidea aurkezteko. Seigarren klausulako 2. apartatuan zehazten diren sei alderdiak jaso beharko dira eskabidean, balorazioa behar bezala egin ahal izateko. Zehazki, d) apartatuari dagokionez, ondo zehaztu beharko da a priori nola formalizatuko den pertsonen edo kolektiboen ahalduntze prozesuak aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua, lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetan aplikatzeko. Kasu horretan, jardunbide egokitzat joko dira modu berritzaile eta egokian parte-hartzea bultzatzen duten ezarritako jarduerak edo esperientziak. Hau da, beste esperientzia batzuei ekarpen handia egin ahal dieten ikasketak eta ezagutzak. Transferentzia formalizatzeko, garapen kontzeptual bat sar daiteke, orientazio gisa, honako hauek identifikatzeko: jardunbide egokia zertan datzan, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta inpaktuak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna...; material dokumentalak (gidak), grafikoak edo teknologikoak sortzea, transferentzian laguntzeko; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko prozesu parte-hartzaileak egitea, eta abar. Beste eremu eta espazio batzuetara transferitzeko aukera ematen duen guztia identifikatu daiteke bertan. Prozesua 6 hilabetean garatu behar da, sariak ematen direnetik; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak kanpoko aholkularitza eskainiko du.

4.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Hautagai diren pertsona juridikoek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsitako agiriak; hots, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

7.– Eskabidearekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko da: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027609

8.– Eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epez kanpo aurkeztutako eskabideak deialditik kanpo geratuko dira.

9.– Hautaketa Batzordeak aurkeztu diren proiektuak aztertuko ditu, eta bakoitzari baremoa ezarri ondoren, sariak emateko proposatutako proiektuak deialdia ebazteko eskumena duen organoari aurkeztuko dizkio, hau da, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari. Horrekin batera, gainera, hautagaitza guztien balorazioa ere bidaliko dio.

10.– Hautaketa Batzordeak deialdia hutsik uzteko proposamena aurkeztuko du, aurkeztutako proiektuek gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute.

11.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du «Elkarlan» sariak emateko edo deialdia hutsik uzteko. Ebazpen hori aldi berean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027609 Horrez gain, ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie deialdian parte hartu duten pertsona guztiei, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bitartez.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.

12.– Deialdiaren ebazpena 2023ko abenduaren 16a baino lehen emango eta jakinaraziko da. Epe hori amaitu eta ebazpena jakinarazi ez bada, deialdia hutsik geratu dela ulertuko da.

13.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako sailburuordeak «Elkarlan» sariak emateko edo lehiaketaren deialdia hutsik uzteko ematen duen ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio sail horretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

14.– Saria emateko ebazpenean, pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko prozesua oinarrizkotzat identifikatuko da, lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko. Prozesu hori eskabide-inprimakian aurkeztutako proposamenaren arabera garatu behar da.

Zortzigarrena.– Saria onartzea.

1.– Entitate sarituek idatziz eta espresuki adierazi beharko dute saria onartzen dutela, saria emateko ebazpena jakinarazi eta 3 egun balioduneko epearen barruan. Horretarako, saria onartzeko inprimaki bat izango dute eskuragarri egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

2.– Saria onartzen bada, pertsona eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua garatu beharko da, lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko. Saria emateko ebazpenean zehazten da.

3.– Saria ez bada onartzen aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan, uko egiten zaiola ulertuko da; eta, kasu horretan, balorazio onena izan duen hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari emango zaio saria.

4.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, eta adieraziko du sariari uko egin zaiola eta hobekien baloratutako hurrengo proiektua aurkeztu duen hautagaitzari eman zaiola saria. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027609 helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaie saritua izan den entitateari eta deialdi honetan parte hartu duten beste hautagaitzei, bide elektronikoa erabiliz. Egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean argitaratuko da ebazpen hori (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta), aurreko artikuluko 14. apartatuko aurreikuspen berberekin.

5.– Saritutako entitate bakar batek ere ez badu onartzen saria, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeak ebazpena emango du, deialdia hutsik gelditu dela adierazteko. Ebazpena Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko www.euskadi.eus/zerbitzuak/1027609 helbidean argitaratuko da, eta jakinarazpen elektronikoa egingo zaie deialdi honetan parte hartu duten hautagaitza guztiei, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Bederatzigarrena.– Sariak ematea.

1.– Sariak hurrengo urteko lehen seihilekoan emango dira, ekitaldi publiko eta formal batean; ekitaldi hori, gainera, irekia izango da. Deialdian parte hartu duten entitate guztiak zuzenean gonbidatuko dira ekitaldira; horrez gain, saritutako pertsona batek joan beharko du ekitaldi horretara, pertsona juridikoaren legezko ordezkari gisa edo izendatutako ordezkari gisa. Pertsona horrek proiektuaren nondik norakoak azaldu beharko ditu, labur-labur. Legezko ordezkaritza duen inork edo hark izendatutako inork ezin badu sari-banaketara joan arrazoi justifikatuak direla medio, ekitaldia egin baino 10 lanegun lehenago ordezko pertsona bat izendatu beharko du, haren izenean saria jaso dezan. Ordezkatzen duen horren identifikazio-datuak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordeari bidali beharko dizkio jatorrizko ordezkariak, bide elektronikoak erabilita.

2.– Saritutako proiektuaren legezko ordezkaria edo haren ordez izendatutako pertsona sari-banaketara joaten ez bada, sariari uko egin zaiola esan nahiko du eta deialdia hutsik geratuko da. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erakunde Harremanetarako sailburuordearen ebazpen baten bidez adieraziko da deialdia hutsik geratu dela.

Hamargarrena.– Jardunbide egokien transferentzia formalizatzeko prozesua.

1.– Pertsonen eta kolektiboen ahalduntzea aktibatzeko jardunbide egokiak beste eragile batzuei transferitzeko formalizazio-prozesua –lurraldeko beste eremu eta espazio batzuetan aplikatzeko– garatzeko konpromisoa (saria emateko ebazpenean zehazten dena) betetzen ez bada, hari uko egiten zaiola ulertuko da. Kasu horretan, jasotako zenbateko osoa itzuliko da (9.000 euro).

2.– Jardunbide egokien transferentzia formalizatzeko prozesuaren justifikazioa sei hilabeteko epean egin beharko da, sariak ematen direnetik zenbatzen hasita. Horretarako, memoria bat egin eta hilabeteko epean bidali beharko da, eta bertan identifikatuko da zertan datzan jardunbide egokia, arrakasta-baldintzak, ekarpenak (emaitzak eta eraginak), mugak, beste testuinguru batzuetan aplikatzeko bideragarritasuna... Horrez gain, memorian lurraldeko beste eremu edo espazio batzuetara transferitzeko materialki egindako jardueren edukia garatuko da: material dokumentalak (gidak), bideografikoak edo teknologikoak; garatutako kontzeptuak eta materialak hedatzeko eta zabaltzeko partaidetza-prozesuak, eta abar. Transferentzia-prozesuan aritzeagatik 3.000 euroko saria emateak ez du esan nahi zenbateko hori gastu-faktura gisa justifikatu behar denik, baizik eta transferentzia-produktuak zehazteko, gauzatzeko eta zabaltzeko benetan gauzatutako jardueretan egin beharko da.

Hamaikagarrena.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko dira: Laguntzak eta sariak.

– Arduraduna: Gobernu Irekiaren Zuzendaritza, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.

– Xedea: «Elkarlan» sariak kudeatzea eta ebaztea.

– Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoak egikaritzean egindako misio bat betetzeko.

– Hartzaileak: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.

– Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.

– Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri zehatza gure webgunean kontsulta dezakezu: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/153000-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (L_2016119ES.01000101.xml (europa.eu))

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (BOE.es - BOE-A-2018-16673 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).


Azterketa dokumentala