167. zk., 2023ko irailaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (494 KB - 30 orri.)
- EPUB (883 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4092
AGINDUA, 2023ko uztailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Musika Ikastegi Pribatuak eta Musikako Zentro Baimendu Profesionalak finantzatzeko dirulaguntzak emateko.
Musika-irakaskuntzak irakaskuntza artistikoen erreferente nagusiak dira Euskadin. Tradizioz, xarma berezia izan dute gizartean, eta hori dela-eta tokiko Administrazioek eskaintzen dituzte.
Gizartean duten garrantziarengatik, udalen esfortzuagatik, eta herritarren prestakuntza sustatzeagatik, hezkuntzako administrazioak baliabideak kudeatu izan ditu, eremu hori antolatu, planifikatu eta finantzatzeko.
Bestalde, zenbait egoera eta eremu geografikotan, ekimen pribatuak hurbildu dizkio gizarteari irakaskuntza horiek eta gizartean zabaldu ditu.
Ildo horretatik, aurrekontuetan irakaskuntza horiek jaso, eta Euskal Autonomia Erkidegoan duten ezarpenarekin bat datorren normalizazio-prozesua azaldu nahi da, bai irakaskuntzak espazioan banatzeko orduan, baita irakaskuntza horietan ematen diren espezialitateak eta mailak orekatzeko orduan ere.
Musika-ikastegien barruan, musika eskola hauen helburu nagusia da tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren alorretan prestakuntza praktikoa ematea eta gaitasun eta bokazio berezia erakusten dituztenak ikasketa profesionaletarako prestatzea. Baimena duten zentroek irakaskuntza arautuaren eskaintzarekin laguntzen dute.
Horrela, bada, musika-ikastegi pribatuentzat prestatu da agindu hau, ikastegiok mantentzen, ondorioz, adierazitako helburuak betetzen laguntzeko.
Laguntza hauek Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen 2023ko Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira. Plana Hezkuntzako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartu zen eta Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratu zen. Plan horren ardatz estrategikoen eta dirulaguntza-lerroen artean dago ikastegi pribatuek ematen dituzten musika-irakaskuntza arautu nahiz ez-arautuen finantzaketa-prozesuari jarraipena ematea.
EBk kulturarentzako estatu-laguntzei buruz dituen arauen barruan, 2014ko uztailaren 1ean indarrean jarri zen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez adierazten baita zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, EBFTren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta; aurrerantzean, erregelamendu hori 651/2014 (EB) Salbuespenen Erregelamendu Orokorra izango da. Erregelamendu horren 53. artikuluan ezarrita dago kulturarako eta ondarea zaintzeko laguntzak jakinarazi beharrik ez den kategoriakoak direla. Beren 3. apartatuan, funtzionamendurako laguntzak sartuta daude.
Hori dela eta, agindu honen xede diren dirulaguntzak Salbuespenen Erregelamendu Orokorrean (651/2014 zk.) sartuta egongo dira (erregelamendu horren bidez adierazten da zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, EBFTren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).
Horregatik guztiagatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean aurreikusitakoa betez, non musika-irakaskuntzako ikastetxe pribatuei laguntzak emateko aurrekontu-partidak esleitzen baitira, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea eta helburua.
1.– Dirulaguntzen deialdia egitea urriaren 27ko 289/1992 Dekretuak eta abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuak araututako musika-eskola pribatuei eta titulartasun pribatuko Musikako Zentro Baimendu Profesionalei.
2.– Deialdi honen helburua 2022-2023 ikasturteko gastuei laguntzea da.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
1.– Helburu hori betetzeko, gehienez ere, 2.508.810 euro emango dira, bi laguntza-sailetan banatuta, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura.
a) 2.183.810 euro, 3.a) artikuluan aipatutako musika-eskola pribatuetarako.
b) 325.000 euro, 3. artikuluko b) eta c) apartatuetan aipatutako musika-eskola pribatuentzat eta Musikako Zentro Baimendu profesionalentzat, hurrenez hurren.
2.– Aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira deitzen den laguntza-lerro bakoitzean, eta prozedura horren ebazpenak erabakiko ditu erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak.
Laguntza-lerro bakoitzerako adierazitako zuzkidurak gorabehera, eskabiderik ez egoteagatik edo baldintzak ez betetzeagatik horietako batean ezarritako zenbatekoa agortzen ez bada, kreditu-soberakin hori erabiliko da bestearentzat ezarritako zenbatekoa handitzeko, baldin eta azken hori oraindik ebatzi gabe badago.
3. artikulua.– Onuradunak.
Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke erakunde hauetako pertsona fisiko edo juridikoak:
a) Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuan araututako musika-eskola pribatuak, behar den baimenarekin musika-irakaskuntza ez-arautuak ematen dituztenak eta udal-finantzaketa % 25ekoa edo handiagoa lortzen dutenak.
b) Urriaren 27ko 289/1992 Dekretuan araututako musika-eskola pribatuak, behar den baimenarekin musika-irakaskuntza ez-arautuak ematen dituztenak eta % 25eko edo hortik gorako udal-finantzaketarik lortzen ez dutenak.
c) Titulartasun pribatuko Musikako Zentro Baimendu Profesionalak, abenduaren 11ko 229/2007 Dekretuan arautuak.
4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoari jarraituz, diruz laguntzeko moduko gastuak izango dira musika-zentroen irakasle eta irakasle ez diren langileei, ekipamenduari eta funtzionamenduari dagozkien 2022-2023 ikasturteko gastuak, baldin eta musika-irakaskuntzarekin zuzenean lotuta badaude.
1.– Langile-kostuak.
● Langile-gastuak honela zehaztuko dira: kostu garbia, gizarte-segurantza, eta beste (beste aseguru batzuk).
● Beste erakunde batzuetan ere ari diren irakasleak ez diren langileen kostuak proportzioan kalkulatuko dira, musika-eskoletan duten dedikazioa soilik kontuan hartuz.
● Zuzendaritza-lanen gastuak irakasleak ez diren langileen gastutzat hartuko dira.
2.– Funtzionamendu-kostuak honako hauek dira:
● Azpiegituren eta tresna teknologikoen mantentze-, konponketa- eta kontserbazio-gastuak.
● Garbiketa gastuak.
● Zerbituzak: elektrizitatea, ura, gasa.
● Aholkularitzen eta zerbitzu juridikoen gastuak.
● Zentroaren asegurua.
● Aparteko jardueretako bidaia- gastuak: joan-etorria, mantenua, dietak.
● Marketin- eta publizitate-gastuak.
● Ustekabeko gastuak: konponketak, istripuak.
● Langileen kontratazioa kudeatzeari lotutako gastuak (azpikontratak edo kudeaketa-gastuak) funtzionamendu-gastutzat hartuko dira, eta ez langile-gastutzat.
● Irakasleen prestakuntzaren gastuak funtzionamendu-gastutzat hartuko dira.
● Musika eskolak sortu bai baina onartzen ez dituen kostuak beste erakunde batzuek diruz lagundutako gastutzat hartuko dira, eta beste laguntza batzuen multzoan sartu beharko dira.
● Musika-eskolak beste erakunde batzuekin partekartzen baditu instalazioak, gastuak erakunde horien erabileraren proportzioan kalkulatuko dira (guztizkoaren %).
3.– Honako hauek dira ekipamendu-gastuak:
● Bulego materiala. Material suntsikorra eta suntsiezina.
● Higigarriak.
● Erabiltzera eta zaintzera bideratutako tresnak eta materialak.
● Material didaktikoa: inprimatua, ikus-entzunezkoa eta multimedia.
4.– Gastu horiek IX. eranskinean jasoko dira (memoria ekonomikoa).
5. artikulua.– Betekizunak eta haien egiaztapena.
1.– Dirulaguntza lortzeko, eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) 3. artikuluan aipatzen diren ikastegietako bat izatea. Egiaztapen hori ofizioz egingo da.
b) Erakunde eskatzailea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan aurreikusitako egoeren eraginpean ez egotea, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez, eta zehazki:
– Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexu-bereizkeriagatiko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
– Egunean izatea indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
c) Kanpo geratzen dira EBrekin zorrak dituzten enpresak, laguntzak berreskuratzeko agindu bat jasoa dutenak, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta bateraezina barneko merkatuarekin eta krisian dauden enpresekin, bat etorrita Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Gidalerroetan agertzen den definizioarekin (EBAO, C 249, 2014-07-31).
Aipatutako betekizunak betetzea beharrezkoa izango da onuradun izateko eta izaera hori dirulaguntzaren likidaziora arte mantentzeko.
2.– Agindu honen xede diren laguntzak emateko eskabideak aurkezteak berekin ekarriko du pertsona edo erakunde eskatzaile titularrak baimena ematea organo kudeatzaileak automatikoki egiazta dezan bete egiten direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, erakunde eskatzaileak espresuki uko ahal izango dio baimena emateari; kasu horretan, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Erakunde edo pertsona titular eskatzaileak eskabide-ereduarekin batera datorren erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko du, zeinaren bidez formalki deklaratuko baitu bete egiten dituela betebehar hauek eta hitzematen duela beteko dituela diruz lagundutako jarduerak dirauen bitartean:
a) Ikastegiak gutxienez % 25eko edo hortik gorako finantzaketa izatea edo ez izatea.
b) Ebazpenean kontuan hartutako zirkunstantzien edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen dutela.
c) Erakunde esleitzaileak ez du inolako zigor penalik ez administrazio-zigorrik izan behar, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik.
d) Ez du dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik izan behar, batez ere sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.
e) Ea sartuta dagoen ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean, eta, hala badagokio, prozeduraren hasieraren kopia erantsita.
f) Ez dago laguntza berreskuratzeko agindu baten menpe, laguntza legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela adierazten duen Europako Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz.
g) Erakunde eskatzailea ez dago Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan jasota dagoen eta onuradun izatea eragozten duen beste edozein egoeratan.
h) Egiazkoak direla eskabidean eta dokumentazioan bildutako datuak.
6. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/2023/12042/web01-tramite/eu
Erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektroniko horretan daude eskuragarri:
2.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapide guztiak ere –dokumentazioa zuzentzea, espedientea berrikustea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak, deialdiaren ebazpenaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa barne– baliabide elektronikoz egingo dira, webgune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Eskabidea eta gainerako dokumentuak euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.
4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.
% 25eko edo hortik gorako finantzaketa jasotzen duten musika-ikastegien titular diren erakundeek edo pertsonek I-A eranskinaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, eta gainerako ikastegien titularrek edo ordezkariek, ordea, I-B eranskinaren arabera egingo dute, derrigorrezko agiri hauek aurkeztuta (bide elektronikoa baino ezin izango da erabili horretarako):
1.– Musika-eskolen titularrak diren pertsonek edo erakundeek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) «Musika-eskolako irakasleak» izeneko ziurtagiria (II. eranskina). Ziurtagiri horretan, 2022-2023 ikasturteko irakasleen izenak eta haiek irakasten emandako denbora asteka adierazita agertuko dira. Irakas-denbora zuzena da irakasleek ikasturte osorako dagozkien ikasleei irakasten emandako denbora.
b) «Lehentasuna duten espezialitateentzako laguntza / erregimen arrunteko ikasleak» izeneko ziurtagiria (III. eranskina), hala behar izanez gero. Ziurtagiri horretan, erregimen arrunteko ikasleen zerrenda jasoko da, zehazki 2022-2023 ikasturtean lehenetsitako espezialitateetan matrikulatuta daudenena.
c) Honako datu hauek jasoko dituen egiaztagiri bat (IV. eranskina):
● 2022-2023 ikasturtean errefortzuak jaso dituzten ikasleen zerrenda, beharrezkoa denean («x» batekin adierazi lehentasunezko espezialitateak).
● Hezkuntza arautuan (irakaskuntza profesionalak) 2022-2023 ikasturtean hasitako ikasleen izen-zerrenda.
d) «2022-2023 ikasturteko ikasleen datuak» izeneko egiaztagiri bat (V. eranskina), non ikasleen datu guztiak jasoko diren. Datuok deialdia egiten laguntzeko erabilitako aplikazioan sartuko dira, eta bat egin beharko dute Hezkuntza Sailak «Eskola jarduerako estatistikak» txostenean jasotakoekin; ezingo dira inoiz txostenean jasotakoak baino altuagoak izan. Alderik izanez gero, instantzia kudeatzaileak azken datu horiek erabiliko ditu.
2.– Ikasketa arautuak ematen dituzten ikastetxeen titular diren pertsonek edo erakundeek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) 2022-2023 ikasturteko «Musika-eskolako irakasleak» izeneko ziurtagiria (VI. eranskina). Ziurtagiri horretan, irakaskuntza arautuko irakasle guztien zerrenda eta haiek irakasten emandako denbora asteka adierazita agertuko dira. Irakas-denbora zuzena da irakasleek ikasturte osorako dagozkien ikasleei irakasten emandako denbora.
b) «Lehentasunezko espezialitateei laguntzeko ziurtagiria» (VII. eranskina), beharrezkoa denean. Bertan, 2022-2023 ikasturtean oinarrizko irakaskuntzetan eta irakaskuntza profesionaletan matrikulatutako ikasleen datuak jasoko dira.
c) Honako datu hauek jasoko dituen egiaztagiri bat (VIII. eranskina):
● Hezkuntza arautuko 2022-2023 ikasturteko ikasleen datuak. Datuok deialdia egiten laguntzeko erabilitako aplikazioan sartuko dira. Datu horiek bat egin beharko dute Hezkuntza Sailak «Eskola jarduerako estatistikak» txostenean jasotakoekin eta ezingo dira inoiz txostenean jasotakoak baino altuagoak izan. Alderik izanez gero, instantzia kudeatzaileak azken datu horiek erabiliko ditu.
● Goi-mailako musika-ikastetxeetan 2022-2023 ikasturtean hasitako ikasleen izen-zerrenda, beharrezkoa denean.
3.– Pertsona edo erakunde titular eskatzaile guztiek (bai irakaskuntza arautuak ematen dituzten ikastetxeek, bai irakaskuntza arautu gabeak ematen dituztenek), gainera, finantzatutako jarduera egin izanaren eta diruz lagun daitezkeen gastuen eraginkortasunaren justifikazioa aurkeztu beharko dute:
a) 2022-2023 ikasturtean egindako jardueren kostuari buruzko memoria ekonomiko bat (IX. eranskina), erakunde eskatzaileko kontu-hartzaileak data eta sinadura jarria. Honako datu hauek jasoko ditu memoriak:
● Zentroaren hasierako aurrekontua, exekutatuko gastu erreala eta izandako desbideratzeak. Informazio hori behar bezala banakatuta egon behar da honako gastu hauetan: irakasleak, irakasle ez diren langileak, funtzionamendua eta ekipamendua.
● 2022-2023 ikasturtean zehar zentroak izandako diru-sarreren (finantzaketa propioa eta matrikula) eta dirulaguntzen banakatzea, zenbatekoak eta jatorria zehaztuz.
Multzo horretan sartuko da toki-erakundeak 2022-2023 ikasturteko gastuetarako egindako ekarpen totala, suposatzen duen finantzaketa-ehunekoa zehaztuz. Ekarpen hori egikaritutako gastuaren arabera kalkulatuko da eta, gehienez, % 52ko hobaria emango da (IV. baremoaren b) apartatua).
b) Toki-erakunde baten finantziazioa jasotzen duten ikastetxeek dagokion toki-erakundeak emandako ziurtagiri baten bidez egiaztatu beharko dute hori. Ziurtagiri horretan adieraziko da toki-erakunde horrek ikastetxea finantzatzeko egindako ekarpen osoa.
c) Matrikula-kostuen eta hileko eta hiruhileko kuoten ziurtagiria.
d) X. eranskina, «Kostuen justifikazioa», non zentroaren kostu osoa idazten baita (langile-gastuak, funtzionamendua eta ekipamendua). Irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak adierazi beharko dira, zenbait zatitan banakatuak: soldata garbia, gizarte-segurantza, eta beste aseguru batzuk. Tokiko erakundeko legezko ordezkariak sinatu eta zigilatu beharko du.
Irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak justifikatzeko, adierazitako langileen kontratuen edo Gizarte Segurantzako alta-ziurtagirien kopiak erantsiko dira; bestela, langile horien lan-egoera normalizatua egiaztatuko duten TC agiriak edo horren baliokideak erantsi beharko dira.
Erakundeak gorde beharko ditu fakturen eta funtzionamendu- eta ekipamendu-gastuen justifikagirien jatorrizko agiriak, legeak ezarritako epean. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak, era aleatorioan, fakturak eta gainerako dokumentuak aurkezteko eska diezaioke (jasotako laguntzaren % 25 justifikatu arte gutxienez).
Justifikagiriak jatorrizkoak eta originalak izango dira.
Pertsona edo erakunde titular onuradunek jatorrizko justifikagiriak zaintzapean eduki beharko dituzte, eta Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren eskura jarri, hark eskatzen baditu ere.
Justifikagiri horien bidez, 2022-2023 ikasturtean egindako gastuak justifikatu beharko dira.
e) Jarduerari buruzko memoria bat, besteak beste, gai hauek jasoko dituena:
– Egindako jarduerei buruzko azalpen labur bat.
– Programatutako helburuak zenbateraino lortu diren azaltzen duen informazioa.
– Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.
4.– Beharrezko eranskinen ereduak hemen egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/2023/12042/web01-tramite/eu
5.– Eskaera egiten duen entitatearen titularrak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatu beharko du eskabidea, data jarrita.
6.– Ordezkaritza.
a) Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honen bidez: https://www.euskadi.eus/ordezkariak. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izango ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea.
b) Pertsona fisikoaren ziurtagiri batekin identifikatzen bada eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro elektronikoan alta emanda ez badago, aurkeztu ahal izango da notario-ahalordea edo beste egiaztagiri bat, eskatzaileari ordezkari gisa prozeduran jarduteko baimena ematen diona.
7.– Eskatzailearen nortasun telematikoa egiaztatzea:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikatzeko eta elektronikoki sinatzeko onartzen diren bitartekoak eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
9. artikulua.– Eskabidea eta dokumentazioa zuzentzea.
Dirulaguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo aginduzko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bitarteko elektronikoz egingo da. Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko da.
Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena baztertutzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
Organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.
11. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
Laguntza-sail bakoitzerako:
1.– Eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiei emango zaie dirulaguntza. Horretarako, deialdi honetarako dagoen kreditua hainbanatu egingo da dirulaguntzaren onuradunen artean.
2.– Ikastegi bakoitzari zenbateko dirulaguntza dagokion kalkulatzeko, kontuan hartuko da erabilgarri dagoen aurrekontu-partida eta zenbat ordu finantzagarri dauden, eta, horretarako, agindu honetako Hezkuntza Programa Finantzagarriaren baremoetan (18. artikuluan jasoak) ezarritako irizpideak aplikatuko dira, eta, gero, dirulaguntza honetarako dagoen zenbateko osoa hainbanatu egingo da haien artean.
3.– Nolanahi ere, musika-ikastegi bakoitzari ematen zaion dirulaguntzak egundo ere ez du gaindituko aurrekontu osoaren % 33. Ondorio horietarako, irakasle ez diren langileen gastuen eta ekipamendu- eta funtzionamendu-gastuen batura ez da izango aurrekontu osoaren % 25 baino gehiago.
4.– Finantza daitezkeen orduak direla-eta ateratzen den dirulaguntzak muga hori gainditzen badu, soberakina gainerako eskolen dirulaguntzetara bideratuko da.
12. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Hezkuntzako sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du, dirulaguntzen lerro bakoitzerako, gehienez ere sei hilabeteko epean, agindu hau argitara ematen den egunetik hasita. Ebazpen horretan, eskatutako dirulaguntzak eman ala ez erabakiko da. Emandako dirulaguntzen kasuan, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, dagokion musika-ikastegia eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Eskabidea ukatzen bada, berriz, horretarako arrazoiak adieraziko dira.
2.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuko da ebazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Ebazpen-epea igaro ondoren interesdunak horren berri jaso ez badu, eskabidea ezetsi egin zaiola ulertu ahalko du, hala xedatzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak.
3.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak aukera du interesdunei egindako jakinarazpenaren abisuak bidaltzeko, SMS edo mezu elektronikoak bidaliz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
4.– Agindu honen babesean emandako laguntzen onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
5.– Ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, 6. artikuluan aipatutako bitarteko elektronikoen bidez, hilabeteko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan. Interesdunetako batek errekurtsoa aurrez aurre aurkezten badu, elektronikoki aurkezteko zuzentzeko eskatuko zaio. Ondorioetarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da errekurtsoaren aurkezpen-datatzat.
6.– Onuradunei dirulaguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzea.
13. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira 14. artikuluko 1. apartatuan adierazitako epea igaro ondoren, baldin eta berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.
2.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.
3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako Hirugarrenen Erregistro elektronikora jo beharko duzu, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenarenalta
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek jasotzen dituzten betebeharrez gainera, agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.
2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
3.– Hezkuntza Ikuskaritzaren esku jartzea dirulaguntza eskatzeko aurkeztutako dokumentazioa, horretarako oinarritzat hartu dena, gainbegiratu edo ikuskatu beharreko beste elementu bat baita.
4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kontura eskuratutako dirulaguntzen gainekoa, eman beharko diete.
5.– Helburu bererako beste dirulaguntzarik edo laguntzarik lortuz gero, dirulaguntza ematen duen Administrazioari jakinaraztea.
6.– Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, hedatzeko edozein bitartekotan jakinaraztea, logotipo ofizialak jarriz, diruz lagundutako jarduerak Hezkuntza Sailaren laguntza jaso duela, eta Eusko Jaurlaritzako Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari dei egitea, diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten ekitaldi publikoetara joan dadin.
15. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea eta itzulketa-prozedura.
1.– Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango du, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere, baldin eta honako egoera hauetako bat gertatzen bada:
a) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.
b) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera ez gauzatzea.
c) Interesatu zitzaizkion xede jakinetarako aplikatu izana ez justifikatzea.
d) Oro har, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluan, agindu honetan edo emate-ebazpenean ezarritako betebeharrak; kasu horietan, jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzuli beharko dira, gehi dagokien berandutze-interesa, eta, hala dagokionean, zehapenak ezarri ahal izango zaizkie.
2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
3.– Itzulketa-prozedura hasi aurretik, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.
4.– Itzultzeko prozedurari dagokionez, honela jokatuko da:
a) Prozedura abiatzeko ardura Hezkuntzako sailburuordearena izango da. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
b) Ebazpen horretan, prozedurari hasiera emateko arrazoiak jasoko dira, eta 15 eguneko epea emango da egokitzat jotako alegazioak egiteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Hamabi hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du behar diren kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, behar diren kopuruak kobratuko dira, aplikatzekoa den legezko araudiari jarraikiz.
16. artikulua.– Laguntzen pilaketa eta mugak.
Beste administrazio publiko batzuek nahiz erakunde pribatuek ematen dituzten laguntzak, helburu berekoak badira, bateragarriak izango dira agindu honek deitutakoekin, baldin eta ez badute gainditzen Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 8. artikuluan ezarritako muga (EBAO, L187, 2014ko ekainaren 17koa). Laguntza horiek Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari jakinarazi behar zaizkio.
Muga hori gaindituz gero, arau honen babespean emandako laguntzari egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio.
17. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu eta «Dirulaguntzak: Ikastetxe eta Plangintzari dagozkionak» izeneko tratamenduari dagokion jardueran sartuko dira.
Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Xedea: 0-3 urte bitarteko udal titulartasuneko haur eskolak diruz laguntzea, eta baita, musika eta arte plastikotako ikastetxeak, irakaskuntza-kooperatibak, guraso-elkarteak eta euren federazio eta konfederazioak, eta Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasle elkarteak.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
Hartzaileak:
– Ekonomia eta Ogasun Saila.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsulta dezakezu gure webgunean: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/045400-capa2-eu.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Araudi Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
18. artikulua.– Hezkuntza Programa Finantzagarria:
Balorazioa Hezkuntza Programa Finantzagarri honen bidez egingo da:
I. BAREMOA: irakaskuntza ez-arautua.
1.– Maila eta atal hauetan matrikulatutako ikasle bakoitzeko, irakas-denbora hauek jasoko dute laguntza.
(Ikus .PDF)
Alderik badago mailetatik ateratako irakas-denbora finantzagarriaren eta II. eranskinean agertzen den irakasleen guztizko eta zuzeneko irakas-denboraren artean, bien arteko denborarik laburrena lehenetsiko da. Denbora hori hautatuko da irakas-denbora finantzagarri moduan. Hautatutako denbora horri bi hobari hauek erantsiko zaizkio:
2.– Irakaskuntza ez-arautuaren lehentasunezko interesa duten espezialitateei laguntzekoak:
(Ikus .PDF)
3.– Ikasleak irakaskuntza arautuan sartzea.
(Ikus .PDF)
4.– I. baremoan guztira diruz lagunduko den ordu-kopurua kalkulatzeko, 1, 2 eta 3. ataletan ezarritako irizpideak aplikatuta ateratzen den batura erabiliko da.
II. BAREMOA: Irakaskuntza arautuak:
1.– Denbora hauei emango zaie laguntza, irakaskuntza mota honetan matrikulatutako ikasle bakoitzeko:
(Ikus .PDF)
Alderik badago gradu hauetatik ateratako irakas-denbora finantzagarriaren eta VI. eranskinean agertzen den irakasleen guztizko eta zuzeneko irakas-denboraren artean, bien arteko denborarik laburrena hartuko da kontuan. Hautatutako denbora horri bi hobari hauek erantsiko zaizkio:
2.– Lehentasunezko interesa duten irakaskuntza arautuak honela lagunduko dira diruz:
(Ikus .PDF)
3.– Goi-mailako musika-ikastetxe batean hasten den eskolako ikasle bakoitzarengatik honako denbora hauek lagunduko dira diruz:
(Ikus .PDF)
4.– II. baremoan guztira diruz lagunduko den ordu-kopurua kalkulatzeko, 1., 2. eta 3. apartatuetan ezarritako irizpideak aplikatuta ateratzen den batura erabiliko da.
III. BAREMOA: Irakaskuntzako kostuak.
Orduko batez besteko kostua izango da eskolaren guztizko kostua zati astean emandako eskola-orduen kopurua (zuzeneko irakas-denbora). I. eta II. baremoetan finkatutako diruz lagundu daitekeen irakas-denborari hobari-ehuneko jakin bat aplikatuko zaio, kostuaren arabera, honako taula hau kontuan hartuta:
(Ikus .PDF)
Irakasle ez diren langileen gastuen eta ekipamendu- eta funtzionamendu-gastuen batura ez da izango aurrekontu osoaren % 25 baino gehiago.
IV. BAREMOA: Toki-finantzaketa.
Toki-erakunde batek ikastegiaren gastu arruntaren % 25 gutxienez finantzatzen duen kasuetan, hobari hauek aplikatuko zaizkio I. eta II. baremoetan finantzagarritzat jotako denborari:
(Ikus .PDF)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetako dirulaguntzak honako lege hauetan xedatutakoari lotuta daude: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen); eta 838/2003 Errege Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudia
Agindu hau administrazio publikoen dirulaguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz ebatziko da –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin bat etorriz; horrez gain, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 18a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.