167. zk., 2023ko irailaren 1a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (436 KB - 27 orri.)
- EPUB (971 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4090
AGINDUA, 2023ko uztailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita udal-titulartasuneko musika-ikastegiak finantzatzeko dirulaguntzak emateko.
Musika-irakaskuntzak irakaskuntza artistikoen erreferente nagusiak dira Euskadin. Tradizioz, erakargarriak izan dira herritarrentzat, eta, hori dela-eta, tokiko administrazioek eskaintzen dituzte.
Gizartean duten garrantziarengatik, udalen esfortzuagatik, eta herritarren prestakuntza sustatzeagatik, hezkuntza-administrazioak baliabideak kudeatu ditu eremu hori antolatu, planifikatu eta finantzatzeko.
Ikasketa horietarako aurrekontuen bidez, irakaskuntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoan normalizatu daitezen bultzatu nahi da, bai espazioan banatzeari dagokionez, bai eta irakaskuntza horietan ematen diren espezialitateak eta mailak orekatzeari dagokionez.
Musika-ikastegien helburu nagusia da tradizioan oinarritutako dantza eta musikaren alorretan prestakuntza praktikoa ematea, bai eta nahi dutenak irakaskuntza profesionaletarako gidatzea eta prestatzea ere. Kontserbatorioek eta baimendutako zentroek irakaskuntza arautua eskaintzen dute, eta musika-eskolek, ordea, arautu gabeko irakaskuntza.
Agindu honen xedea da udal-titulartasuneko musika-ikastegiak diruz laguntzea eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean agindutakoa betetzea. Lege horrek, izan ere, Administrazio Orokorrari esleitzen dio ikastegi horien finantzazioa; zehazki eskaintzen dituzten zerbitzuen estandarraren heren batena. Finantzazio hori bermatzeko, zehaztu da zein diren udal-titulartasuneko kontserbatorioek eta musika-eskolek eskaini beharreko zerbitzuen estandarra eta hari lotutako modulu ekonomikoak.
Laguntza hauek Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen 2023ko Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira, zeina Hezkuntzako sailburuaren 2023ko urtarrilaren 23ko Aginduaren bidez onartu baitzen eta Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuta baitago. Izan ere, plan horren ardatz estrategikoen eta dirulaguntza-lerroen artean dago toki-administrazioek ematen dituzten musika-irakaskuntzak, arautuak nahiz arautu gabeak, finantzatzen jarraitzea.
EBk kulturarentzako estatu-laguntzei buruz dituen arauen barruan, 2014ko uztailaren 1ean indarrean sartu zen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez adierazten baita zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014-06-26ko L 187 EBAO); aurrerantzean, erregelamendu hori 651/2014 (EB) Salbuespenen Erregelamendu Orokorra izango da. Erregelamendu horren 53. artikuluan ezarrita dago kulturarako eta ondarea zaintzeko laguntzak jakinarazi beharrik ez den kategoriakoak direla; 5. apartatuan funtzionamendurako laguntzak sartuta daude.
Hori dela eta, agindu honen xede diren dirulaguntzak Salbuespenen Erregelamendu Orokorrean sartuta egongo dira (erregelamendu horren bidez adierazten da zenbait laguntza-kategoria bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta).
Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legean aurreikusitakoa betez (hor esleitzen baitira udal-titulartasuneko musika-ikastegi pribatuei laguntzeko aurrekontu-partidak), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Dirulaguntza-deialdi bat egitea, hain zuzen ere udal-titulartasuneko kontserbatorioek (musika-irakaskuntza arautuak, bai oinarrizkoak bai profesionalak, ematen dituztenek) eta udal musika-eskolek (urriaren 27ko 289/1992 Dekretuak arautuek) 2022-2023 ikasturtean dituzten kostuak finantzatzen laguntzeko.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
1.– Helburu horretara, gehienez ere 13.600.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura.
2.– Aurrekontu hori handitu ahal izango da, hala behar izanez gero, aurkeztutako eskaerek behar duten zenbateko osoaren arabera, eta, betiere, aurrekontu-baliabideak aintzat hartuta. Halako egoera bat suertatuz gero, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean jarri zenean Euskal Autonomia Erkidegoan zeuden musika-ikastegi hauen erakunde titularrak, baldin eta hala inskribatuta badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Ikastetxeen Erregistroko atal espezifikoan:
a). Udal titulartasuna duten musika-eskolak, arautu gabeko irakaskuntza emateko baimena dutenak (289/1992 Dekretua, urriaren 27koa).
b). Udal titulartasuna duten kontserbatorioak, irakaskuntza arautua emateko baimena dutenak. (irailaren 20ko 250/2005 Dekretua eta abenduaren 11ko 229/2007 Dekretua).
2. –. Aurreko puntuan deskribatutako musika-ikastegien titular diren toki-erakundeek deialdian parte hartu ahal izango dute, nahiz eta ikastegiok Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legea indarrean jarri ondoren inskribatutakoak izan, lege horren 16.7 artikuluan xedatutakoari jarraituz, betiere txosten banatan egiaztatzen badute ikastegiak ez duela eragiten zerbitzu-bikoiztasunik lurralde-erakunderen batekin, eta ez duela erakundearen finantza-iraunkortasuna kolokan jartzen. Txosten horiek hezkuntza-arloko administrazioak eta finantza-tutoretza esleitua duen foru-aldundiak emango dituzte, toki-erakundeak aurretik eskatuta.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat etorrita, diruz lagundu daitezke musika-ikastegiek 2022-2023 ikasturtean dituzten langile-gastuak eta ekipamendu- eta funtzionamendu-gastuak, baldin eta musika irakastearekin zuzeneko lotura badute.
1.– Langile-kostuak.
● Langile-gastuak honela zehaztuko dira: kostu gordina, gizarte-segurantza, eta beste batzuk (beste aseguru batzuk).
● Beste erakunde batzuetan ere ari diren irakasleak ez diren langileen kostuak proportzioan kalkulatuko dira, musika-eskoletan duten dedikazioa soilik kontuan hartuz.
● Zuzendaritza-lanen gastuak irakasleak ez diren langileen gastutzat hartuko dira.
2.– Funtzionamendu-gastuak honako hauek izango dira:
● Azpiegiturak eta tresna teknologikoak mantentzeko, konpontzeko eta kontserbatzeko gastuak.
● Garbiketa-gastuak.
● Zerbitzuak: elektrizitatea, ura, gasa.
● Aholkularitza-gastuak, zerbitzu juridikoenak.
● Eskolaren asegurua.
● Ezohiko jardueren bidaia-gastuak: joan-etorriak, mantenua, dietak.
● Marketin- eta publizitate-gastuak.
● Ustekabeko gastuak: konponketak, istripuak.
● Langileen kontratazioa kudeatzeari lotutako gastuak (azpikontratak edo kudeaketa-gastuak) funtzionamendu-gastutzat hartuko dira, eta ez langile-gastutzat.
● Irakasleen prestakuntzaren gastuak funtzionamendu-gastutzat hartuko dira.
● Musika eskolak sortu bai baina bere gain hartzen ez dituen kostuak beste erakunde batzuek diruz lagundutako gastutzat hartuko dira, eta beste laguntza batzuen apartatuan sartu beharko dira.
● Musika-eskolak beste erakunde batzuekin partekatzen baditu instalazioak, instalazioen erabileraren proportzioan kalkulatuko dira gastuak (guztizkoaren %).
3.– Ekipamendu-gastuak honako hauek izango dira:
● Bulegoko materiala. Material suntsikorra eta suntsiezina.
● Altzariak.
● Erabileratik eta zaintzatik eratorritako tresnak eta materialak.
● Material didaktikoa: inprimatua, ikus-entzunezkoa eta multimedia.
4.– Gastu horiek IV. eranskinean jasoko dira (memoria ekonomikoa).
5. artikulua.– Betekizunak eta haien egiaztapena.
1.– Dirulaguntza lortzeko, eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) 3. artikuluan aipatzen diren ikastegietako baten titularrak izatea. Egiaztapen hori ofizioz egingo da.
b) Erakunde eskatzailea ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. puntuetan aurreikusitako egoeretan, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez, eta zehazki:
● Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexu-bereizkeriagatiko debekurik ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 legegintzako dekretuaren 50.5 artikuluan xedatutakoaren arabera.
● Erakundeek egiaztatu beharko dute egunean dauzkatela indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere.
c) Kanpoan geratzen dira EBrekin zorrak dituzten enpresak, laguntzak berreskuratzeko agindu bat jasoa dutenak, baldin eta Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa dela eta bateraezina barneko merkatuarekin. Kanpoan geratzen dira, halaber, krisian dauden enpresak, bat etorrita Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Gidalerroetan agertzen den definizioarekin (EBAO, C 249, 2014-07-31koa).
Aipatutako betekizunak betetzea beharrezkoa izango da onuradun izateko eta izaera hori dirulaguntzaren likidaziora arte mantentzeko.
2.– Agindu honen xede diren laguntzak emateko eskabideak aurkezteak berekin ekarriko du erakunde eskatzaile titularrek baimena ematea organo kudeatzaileak automatikoki egiazta dezan betetzen direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, erakunde eskatzaileak espresuki uko ahal izango dio baimena emateari; kasu horretan, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
Erakunde titular eskatzaileak eskabide-ereduarekin batera datorren erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko du, eta, han, formalki deklaratuko du betetzen dituela honako betebehar hauek eta hitz ematen duela beteko dituela diruz lagundutako jarduerak dirauen bitartean:
a) Ebazpenean kontuan hartu diren zirkunstantzietan egindako edozein aldaketa jakinarazteko konpromisoa hartzen du.
b) Erakunde esleitzaileak ez du inolako zigor penalik ez administrazio-zigorrik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik.
c) Ez du dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekurik, ez eta, batez ere, sexu-diskriminazioagatik gertatutako debekurik ere.
d) Ea sartuta dagoen ala ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean, eta, hala badagokio, prozeduraren hasieraren kopia erantsita.
e) Ez dago berreskuratze-agindu baten menpe, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
f) Erakunde eskatzailea ez dago Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan jasota dagoen eta onuradun izatea eragozten duen beste edozein egoeratan.
g) Egiazkoak dira eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan adierazitako datuak.
6. artikulua.– Izapidea.
1.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1041008.
Erantzukizunpeko adierazpenak eta eskabideko gainerako ereduak egoitza elektroniko horretan daude eskuragarri.
2.– Bide elektronikoa erabiliz egingo dira, halaber, eskabidea aurkeztu ondoko izapide guztiak –dokumentazioa zuzentzea, espedientea berrikustea eta prozedurako gainerako izapideak, deialdi-ebazpenaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa barnean dela–, eta horretarako, helbide hau erabiliko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/.
3.– Eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da (Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluak)
4.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7. artikulua.– Eskabideak.
1.– Eskaera egiten duen erakundeko titularrak edo legezko ordezkariak elektronikoki sinatuta eta data jarrita aurkeztu behar da eskabidea (I. eranskina).
2.– Eskatzailearen nortasun telematikoa egiaztatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio-bideak eta sinadura elektronikoa eskuragarri daude helbide honetan: https://www.euskadi.eus/web01-ejeduki/es/
3.– Ordezkaritza.
a) Ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu daiteke, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ Kasu horretan, ez da beharrezkoa izango ordezkaritza-ahalordea egiaztatzea.
b) Pertsona fisikoaren ziurtagiri batekin identifikatuz gero, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda egon ezean, notario-ahalorde bat edo egiaztagiri bat aurkeztu ahal izango da, eskatzaileari prozedura honetan ordezkari gisa jarduteko baimena emango diona.
8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidearekin batera, artikulu honetan aipatutako nahitaezko dokumentazioa aurkeztu beharko da, bide elektronikoa erabiliz soilik. Behar izanez gero, eranskin horien ereduak hemen eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1041008.
1.– Irakasleen ziurtagiria (II. eranskina). Ziurtagiri horretan, 2022-2023 ikasturteko irakasleen izenak eta haiek irakasten ematen duten denbora asteka adierazita agertuko dira. Zuzeneko irakas-denbora da irakasleek ikasturte osorako dagozkien ikasleei irakasten emandako denbora.
2.– Matrikulatutako ikasleen datuen ziurtagiria (III. eranskina), non jasoko baitira musika-eskolan edo kontserbatorioan matrikulatutako ikasleen datu guztiak. Datuok deialdia ebazten laguntzeko erabilitako aplikazioan sartuko dira, eta bat egin beharko dute Hezkuntza Sailak «Eskola jarduerako estatistikak» txostenean jasotakoekin; ezingo dira inoiz txostenean jasotakoak baino altuagoak izan. Alderik izanez gero, instantzia kudeatzaileak azken datu horiek erabiliko ditu.
3.– Emandako dirulaguntzaren justifikazioa, honako hauek jasoko dituena:
a) 2022-2023 ikasturtean egindako jardueren kostuari buruzko memoria ekonomiko bat (IV. eranskina), toki-erakunde titularreko kontu-hartzaileak sinatu eta zigilatua. Honako datu hauek jasoko ditu memoriak:
● Zentroaren hasierako aurrekontua, exekutatuko gastu erreala eta izandako desbideratzeak. Informazio hori behar bezala banakatuta egon behar da honako gastu hauetan: irakasleak, irakasle ez diren langileak, funtzionamendua eta ekipamendua.
● 2022-2023 ikasturtean zentroak izandako diru-sarrera (finantzaketa propioa eta matrikulak) eta dirulaguntza xehatuak, zenbatekoak eta jatorria zehaztuta.
Multzo horretan sartuko da toki-erakunde titularrak 2022-2023 ikasturteko gastuetarako zentroari egindako guztizko ekarpena, horren finantzaketa-ehunekoa zehaztuz. Ekarpen hori exekutatutako gastua oinarri hartuta kalkulatuko da.
● Matrikula-kostuen eta hileko eta hiruhileko kuoten ziurtagiria.
b) V. eranskina, «Kostuen justifikazioa», non zentroaren kostu osoa jasotzen baita (langile-, funtzionamendu- eta ekipamendu-gastuak). Irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak adierazi beharko dira, zenbait ataletan banakatuta: soldata gordina, gizarte-segurantza, eta beste aseguru batzuk (elkarkidetza...). Toki-erakunde titularreko kontu-hartzaileak sinatu eta zigilatu beharko du.
Irakasleen eta irakasle ez diren langileen gastuak justifikatzeko, adierazitako langileen kontratuen edo Gizarte Segurantzako alta-ziurtagirien kopiak erantsiko dira; bestela, langile horien lan-egoera normalizatua egiaztatuko duten TC agiriak edo horren baliokideak erantsi beharko dira.
Erakundeak gorde beharko ditu fakturen eta funtzionamendu- eta ekipamendu-gastuen justifikagirien jatorrizko agiriak, legeak ezarritako epean. Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzak, era aleatorioan, fakturak eta gainerako dokumentuak aurkezteko eska diezaioke (jasotako laguntzaren % 25 justifikatu arte gutxienez).
Justifikagiriak egiazkoak eta jatorrizkoak originalak izango dira.
Erakunde titular onuradunek jatorrizko justifikagiriak zaintzapean eduki beharko dituzte, eta Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzaren eskura jarri, hark eskatzen baditu ere.
Justifikagiri horien bidez, 2022-2023 ikasturtean egindako gastuak justifikatu beharko dira.
c) Jarduerari buruzko memoria bat, besteak beste gai hauek jasoko dituena:
● Egindako jarduerei buruzko azalpen labur bat.
● Programatutako helburuen betetze-mailari buruzko informazioa.
● Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.
9. artikulua.– Dirulaguntza hitzarmen bidez gauzatzea.
Emandako dirulaguntzaren onarpena hitzarmenaren bidez gauzatuko da Hezkuntza Sailaren eta diruz lagundutako eskolen eta kontserbatorioen titularrak diren toki-erakundeen artean, interesdunei ebazpena elektronikoki jakinarazten zaienetik 10 eguneko epean. Hitzarmen hori agindu honetako VI eranskinean jasota dago.
10. artikulua.– Jarraipen Batzordea.
Hezkuntza Sailak eta toki-erakunde bakoitzak izenpetutako hitzarmena, 9. artikuluan aipatzen dena, behar bezala betetze aldera, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, kide hauek izango dituena:
– Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendaria edo hura ordezkatzen duen pertsona; batzordeburu jardungo du.
– Hezkuntzako ikuskatzaile bat, ikuskatzaile nagusiak izendatua.
– Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari jardungo duena.
– Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkari bat.
11. artikulua.– Jarraipen Batzordearen eginkizunak.
1.– Jarraipen Batzordeak gainbegiratuko du zenbateraino betetzen diren hitzarmena eta ikastegi bakoitzaren urteko plana, zeina udal-titulartasuneko musika-eskola edo kontserbatorio bakoitzaren esku egongo baita.
2.– Horretarako, Jarraipen Batzordeak aztertuko du zer datu aurkeztu dituzten ikastegiek eskabidearekin batera, 8. artikuluko 3.c) letran aipatzen den jarduera-memoria barne dela. Gainera, egotzi zaizkion eginkizunak betetzeko beharrezko ikusten dituen agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango ditu, eta ikastegiak gehienez bost eguneko epea izango du arrazoi edo justifikazio egokiak aurkezteko.
Agiria horiek aztertuta, Jarraipen Batzordeak txosten batean bilduko ditu bere balorazioak, gomendioak eta ondorioak. Txostena Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari helaraziko zaio, dagozkion neurriak har ditzan.
12. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
13. artikulua.– Eskabidea eta dokumentazioa zuzentzea.
Dirulaguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo aginduzko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean eskabidea osatzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bitarteko elektronikoz egingo da. Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko da.
Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
Organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.
14. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntzak.
15. artikulua.– Hezkuntza-zerbitzuen estandarrari lotutako modulu ekonomikoak.
1.– Honako hauek dira Hezkuntza Sailak ezarritako modulu ekonomikoak eta horien zenbatekoak, kontserbatorioek eta musika-eskolek eskaini beharreko hezkuntza-zerbitzuen estandarrari dagokionez:
(Ikus .PDF)
2.– Musika-eskolen kasuan, irakasleen gastuen modulua kalkulatzeko aplikatu behar den ikasle kopurua ateratzeko, urriaren 27ko 289/1992 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoan arautu gabeko musikako ikasketa espezifikorako ikastetxeak, hau da, Musika Eskolak, sortu eta jardunean jartzeko balio izango duten oinarrizko arauak ezartzen ditu) 4. artikuluan jasotako prestakuntza- eta gaitasun-maila ezberdinetan matrikulatuta dauden ikasleak hartuko dira aintzat; eta ostera, musika-kontserbatorioen kasuan, oinarrizko graduan eta gradu profesionalean 2022-2023 ikasturte akademikoan matrikulatutako ikasleak.
Erreferentziatzat hartuko dira Hezkuntza Sailak «Eskola jarduerako estatistikak» txostenerako bildutako matrikula-datuak.
3.– Zuzendaritza-taldeko kideen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen gastuei dagozkien modulu ekonomikoei zenbateko finko bat esleitu zaie, eta berbera izango da udal-titulartasuneko kontserbatorio eta musika-eskola guztietan.
4.– Toki-erakunde bat musika-eskola zein musika-kontserbatorio baten titularra bada, behin baino ez dira kontabilizatuko administrazioko eta zerbitzuetako langileei eta zuzendaritza-taldeari dagozkien modulu ekonomikoak.
5.– Funtzionamendu-gastuei eta ekipamendu-gastuei dagozkien modulu ekonomikoen azken zenbatekoa kalkulatzeko, esleitutako zenbatekoa bider udal-kontserbatorio edo musika-eskola horrek 2022-2023 ikasturtean matrikulatuta dituen ikasleen kopurua egin behar da.
6.– Goian zehaztutako modulu ekonomikoak gehieneko zenbateko ekonomikoak direla ulertzen da.
16. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Betekizunak betetzen dituzten eskatzaile guztiei emango zaie dirulaguntza. Beharrezkoa izanez gero, deialdi honetako kreditu erabilgarri guztia onuradunen artean hainbanatuko da.
2.– Dirulaguntzaren guztirako zenbateko indibidualizatua zehazteko, kontuan hartuko dira udal-titulartasuneko kontserbatorioek eta musika-eskolek eman beharreko hezkuntza-zerbitzuen estandarrari dagozkion modulu ekonomikoak, agindu honen 15. artikuluan jasota daudenak. Formula hau aplikatuta kalkulatuko da dirulaguntza:
Zenbateko indibidualizatua, guztira = irakasleen gastuen modulua x ikasleak, prestakuntza- eta gaitasun-mailaren arabera edo irakaskuntza-graduaren arabera (kontserbatorioen kasuan) + zuzendaritza-taldearen gastuen modulua (zuzendaritza, idazkaritza eta ikasketa-burutza) + administrazio eta zerbitzuetako langileen gastuak + funtzionamendu-gastuen modulua x matrikulatutako ikasleak, guztira + ekipamendu-gastuen modulua x matrikulatutako ikasleak, guztira.
3.– Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoak ez du inola ere gaindituko musika-ikastegiari esleitutako gastuaren herena. Baldin eta aurreko apartatuko formularen kalkuluak ematen duen dirulaguntzak zenbateko hori gainditzen badu, dirulaguntza muga horretara egokituko da, eta soberakina gainerako onuradunen dirulaguntzetara bideratuko da.
17. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Hezkuntzako sailburuordeak behin-behineko ebazpena eman eta jakinaraziko du. Ebazpen horretan, eskatutako dirulaguntzak eman ala ez erabakiko da. Emandako dirulaguntzen kasuan, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuraduna, dagokion musika-ikastegia eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Eskabidea ukatzen bada, berriz, horretarako arrazoiak adieraziko dira. Eskatzaileek hamar egun izango dituzte, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko.
2.– Behin-behineko ebazpenaren datu berdinak jasoko ditu behin betiko ebazpenak, eta aurreko puntuan aipatutako erreklamatzeko hamar egunak igaro ondoren emango da.
3.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/) argitaratuko dira bi ebazpen horiek, eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Halaber, interesdunek komunikazio elektroniko bat jasoko dute Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»n, argitalpena komunikatzeko. Ebazpen-epea igaro ondoren interesdunak horren berri jaso ez badu, eskabidea ezetsi egin zaiola ulertu ahalko du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 44. artikuluak.
4.– Aldi berean, organo kudeatzaileak jakinarazpenen abisuak bidaliko dizkie interesdunei, SMS edo mezu elektroniko bidez, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen eginaren ondoriorik izango.
5.– Agindu honen babesean emandako laguntzen onuradunen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
6.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Hezkuntzako sailburuaren aurrean, 6. artikuluan aipatutako bide elektronikoak erabiliz. Horretarako epea hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan. Interesdunen batek errekurtsoa aurrez aurre aurkezten badu, bide elektronikoz aurkezteko eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da errekurtsoaren aurkezpen-datatzat.
7.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzeko, amaiturik egon behar da itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren organismo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean badago.
18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Agindu honen babesean emandako dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, 9. artikuluan adierazitako hitzarmena sinatu ondoren, eta 19. artikuluko 1. apartatuan adierazitako epea igaro ondoren.
2.– Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak ez badu egiaztatzen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela; ez da ordainduko, halaber, dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.
19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek jasotzen dituzten betebeharrez gainera, agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio deialdiaren ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hamar eguneko epean.
2.– 9. artikuluan adierazitako hitzarmena sinatzea, deialdiaren ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hamar eguneko epean.
3.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
4.– Hezkuntza Ikuskaritzaren esku jartzea dirulaguntza eskatzeko aurkeztutako dokumentazioa, horretarako oinarritzat hartu dena, gainbegiratu edo ikuskatu beharreko beste elementu bat baita.
5.– Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzak direla-eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa ematea.
6.– Helburu bererako beste dirulaguntzarik edo laguntzarik lortuz gero, dirulaguntza ematen duen Administrazioari jakinaraztea.
7.– Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera, hedatzeko edozein bitartekotan jakinaraztea, logotipo ofizialak jarriz, diruz lagundutako jarduerak Hezkuntza Sailaren laguntza jaso duela, eta Eusko Jaurlaritzako Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari dei egitea diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten ekitaldi publikoetara joan dadin.
20. artikulua.– Ez-betetzeen araubidea eta itzulketa-prozedura.
1.– Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango du, bai eta dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den berandutze-interesa ere, baldin eta honako egoera hauetako bat gertatzen bada:
a) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.
b) Dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera ez gauzatzea.
c) Ez justifikatzea dirulaguntza eskatu zen xede jakinetarako aplikatu izana.
d) Oro har ez betetzea arau hauetan ezarritako betebeharrak: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamenduaren 91., 92. eta 93. artikuluetan, baita agindu honetan edo emate-ebazpenean ezarritakoak ere; kasu horietan, jasotako zenbatekoak osorik edo partez itzuli beharko dira, gehi dagokien berandutze-interesa, eta, hala dagokionean, zehapenak ezarri ahal izango zaizkie.
2.– Dirua itzultzeko, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. (698/1991 Dekretua, Abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituena). Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.
4.– Itzultzeko prozedurari dagokionez, honela jokatuko da:
a) Prozedura abiatzeko ardura Hezkuntzako sailburuordearena izango da. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
b) Ebazpen horretan, prozedurari hasiera emateko arrazoiak jasoko dira, eta 15 eguneko epea emango da egokitzat jotako alegazioak egiteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Hezkuntzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Hamabi hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du behar diren kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, bai eta laguntza ordaindu zenetik dirulaguntzen arloan aplikatu behar diren berandutze-interesak ere; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko epean laguntza itzultzen ez bada, behar diren kopuruak kobratuko dira, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.
21. artikulua.– Bateragarritasun-araubidea.
Beste administrazio publiko batzuek nahiz erakunde pribatuek ematen dituzten laguntzak, helburu berekoak badira, bateragarriak izango dira agindu honek deitutakoekin, baldin eta ez badute gainditzen, osotasunean hartuta. Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Salbuespenen Erregelamendu Orokorraren 8. artikuluan ezarritako muga (EBAO, L187, 2014ko ekainaren 17koa). Laguntza horiek Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritzari jakinarazi behar zaizkio.
Muga hori gaindituz gero, arau honen babespean emandako laguntzari egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio.
22. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Ikastetxeen eta Plangintzaren arloko laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: dirulaguntzak ematea 0 eta 3 urte arteko umeentzako haur-eskolen titular diren EAEko udalei, arte plastikoetako eta musikako ikastegiei, irakaskuntza-kooperatibei, ikasleen guraso-elkarteei (IGE) eta horien federazio eta konfederazioei, eta Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteei.
Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.
Hartzaileak:
Ekonomia eta Ogasun Saila.
Eskubideak: eskubidea duzu datuak irispidean izateko, datuak zuzentzeko eta ezerezteko, bai eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: https://www.euskadi.eus/clausulas-informativas/web01-sedepd/es/transparencia/045400-capa2-es.shtml
Araudia:
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).
3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
Agindu hau ebatziko da administrazio publikoen dirulaguntzak arautzen dituzten printzipioei jarraikiz –publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak–, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan zehaztutako oinarrizko araudiaren arabera, eta bat etorriz laguntzei eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainerako xedapenekin; horrez gain, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 18a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.