Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2023ko abuztuaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
4061

EBAZPENA, 2023ko abuztuaren 4koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen, argitaratzen eta deitzen baitira «Ekintzaile+» laguntza-programako oinarri arautzaileak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia. Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera zuzendutako ekintzak garatzeko ardura du, baita, inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-ekintzailetza sustatuta, euskal enpresetan trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzeko ardura ere, lehiakortasunerako bektore gisa.

Ildo horretatik, SPRIk ekintzailetzari laguntzeko hainbat ekintza garatzen ditu, eta enpresa-ekimen berriei behar duten babesa eman die. Helburua da haiei laguntza integrala, malgua eta beharretara egokitutakoa ematea, abian jar daitezen, haz daitezen eta merkatuan arrakastaz finka daitezen. Horrez gain, proiektuek behar duten hasierako eta epe luzerako finantzaketa ere ematen die.

Ondorioz, «Ekintzaile +» Laguntza Programaren bidez, erakunde onuradunen enpresa-plana gauzatzeko gastuak finantzatu nahi dira, besteak beste: enpresaren garapen-arloetan talentu ekintzaileko taldeak prestatzeko aukera ematen duten pertsonak sartzea, kanpoko lankidetza eta aholkularitza tekniko aditua, higiezinen alokairu berrien gastuak, patenteak eta jabetza industrialeko beste eskubide batzuk, erregistroak, ziurtagiriak eta homologazioak, bai eta proiektua sustatzeko eta zabaltzeko gastuak ere.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onestea «Ekintzaile +» Laguntza Programaren oinarri arautzaileak eta deialdia, zeintzuen edukia atxikita baitago ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– «Ekintzaile +» programako oinarri arautzaileak onesten dituen Ebazpena oso-osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke aukeran SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Bilbao, 2023ko abuztuaren 4a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

AITOR URZELAI INZA.

ERANSKINA.
EKINTZAILE+ LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia. Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera zuzendutako ekintzak garatzeko ardura du, baita, inbertsioaren, berrikuntzaren, nazioartekotzearen eta enpresa-ekintzailetza sustatuta, euskal enpresetan trantsizio teknologiko-digitala, energetikoa-ingurumenekoa eta demografiko-soziala txertatzen laguntzeko ardura ere, lehiakortasunerako bektore gisa.

Ildo horretatik, SPRIk ekintzailetzari laguntzeko hainbat ekintza garatzen ditu, eta enpresa-ekimen berriei behar duten babesa eman die. Helburua da haiei laguntza integrala, malgua eta beharretara egokitutakoa ematea, abian jar daitezen, haz daitezen eta merkatuan arrakastaz finka daitezen. Horrez gain, proiektuek behar duten hasierako eta epe luzerako finantzaketa ere ematen die.

Ondorioz, «Ekintzaile +» Laguntza Programaren bidez, erakunde onuradunen enpresa-plana gauzatzeko gastuak finantzatu nahi dira, besteak beste: enpresaren garapen-arloetan talentu ekintzaileko taldeak prestatzeko aukera ematen duten pertsonak sartzea, kanpoko lankidetza eta aholkularitza tekniko aditua, higiezinen alokairu berrien gastuak, patenteak eta jabetza industrialeko beste eskubide batzuk, erregistroak, ziurtagiriak eta homologazioak, bai eta proiektua sustatzeko eta zabaltzeko gastuak ere.

Horrela, programan, laguntzak aurreikusten dira proiektuaren garapenarekin lotutako langile berrien lan-kontratuak egiteak dakartzan gastuetarako; besteak beste, proiektuaren sustatzaileen gaitasunak osatzeko, proiektuaren garapenarekin berariaz lotutako kanpo-lankidetzak eta aholkularitza tekniko adituak eragindako gastuetarako, higiezinen alokairu berriek dakartzaten gastuetarako, patenteak eskatzeko eta mantentzeko gastuetarako, eta sustapen- eta hedapen-gastuetarako.

Bestalde, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia) 48.5 artikuluak aurreikusten du Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek finantzatutako erakunde orok publizitate-printzipiora egokitu beharko duela, besteak beste, bere dirulaguntza-jarduera.

Era berean, adierazi behar da programa hau SPRI 2023ren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dagoela. Plan hori 2023ko ekainaren 13an onartu zuen Administrazio Kontseiluak, Planaren helburu hau lortzen laguntzeko: «Itzuli beharrik gabeko laguntzak, hazkuntza-potentzial handiko enpresa txiki horien hazkunde azkarra ahalik eta gehien bizkortzeko beharrezkoak diren gastuei laguntzeko. Enpresa horiek gazela edo adarbakar gisa ezagutzen dira».

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea zer laguntza emango zaien produktu-prozesuari lotutako enpresa-proiektu berritzaile edo teknologia-oinarrikoei, industria-proiektu edo zerbitzu berriei eta ezagutza intentsiboko enpresa-proiektu berriei Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 2023an, enpresa abian jartzeko fasean.

2. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta laguntzen izaera.

1.– Laguntzak norgehiagoka araubidearen arabera emango dira.

2.– Emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat joko dira.

3.– Programa honen esparruan emandako laguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako zenbatekoekin, banaketa-sare bat ezarri edo ustiatzearekin edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste gastu korronte batzuekin.

4.– Ebazpen honetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek bete egin beharko dute 651/2014 (EB) Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko (2014ko ekainaren 26ko EBAOn argitaratua, 187 zk.) 22. artikuluan -enpresa-proiektu berrietarako laguntzei buruzkoan- xedatzen dena.

3. artikulua.– Definizioak.

1.– Enpresa- eta berrikuntza-zentroak - Business Innovation Center (BIC): irabazi-asmorik gabeko zentroak, laguntza-zerbitzuak ematen dizkietenak ekintzaileei eta enpresei, enpresa-arloko eta oinarri teknologikoko ekimen berritzaileak sustatzeko eta garatzeko helburuarekin.

2.– Ezagutzan trinkoak diren enpresa-proiektuak: oinarri hauetan araututako laguntzen ondorioetarako, ezagutzan trinkoak diren enpresa-proiektuak izango dira enpresa-proiektu berritzaileak eta/edo oinarri teknologiko propioa dutenak eta praktikan aplikatuko dutenak produktu, zerbitzu eta prozesu berriak sortzera edo negozio-eredu berriak garatzera bideratutako enpresak duen ezagutza.

3.– Enpresa-plana: dokumentu horretan, negozio-aukera bat identifikatu, deskribatu eta aztertzen da, baita haren bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta finantzarioa aztertu ere. Bertan garatzen dira prozedura eta estrategia guztiak, negozio-aukera enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko behar direnak.

4.– Enpresa txikia: 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera, enpresa txikia da 50 langile baino gutxiago dituen enpresa bat, urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra 10.000.000 eurotik beherakoa duena.

Kontuak ixten dituen egunean, enpresa batek egiaztatzen badu gainditu egiten dituela adierazitako efektiboen edo finantzarioen mugak –goitik edo behetik, eta urteko datuak oinarri hartuta–, inguruabar horrek ekarriko du enpresa txikiaren edo mikroenpresaren izaera eskuratzea edo galtzea, baldin eta gaindikin hori ondoz ondoko bi ekitalditan gertatzen bada.

5.– Erakunde laguntzaileak: oinarri arautzaile hauetan araututako laguntzen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden BICak erakunde laguntzailetzat hartzen dira, 698/1991 Dekretuan (abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) eta 1/1997 Legegintzako Dekretuan (azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena) ezarritakoaren arabera, eta oinarri arautzaile hauetan jasotzen diren zehaztapenekin.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Laguntzak emateko 2023ko programa honen helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 1.000.000 eurokoak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretakoak dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

5. artikulua.– Onuradunak eta haien betekizunak.

1.– Laguntzaren onuradun izan ahalko dira EAEn gutxienez jarduera-zentro bat duten pertsona juridikoak, «Business Innovation Center» (BIC) baten tutoretzapean egin den Enpresa Plan bat dutenak edo BIC baten oniritzia jaso dutenak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen den oinarri teknologikoko edo industria-arloko proiektu berritzaile bat dutelako, edota produktu-prozesuari lotutako zerbitzuen edo ezagutzan trinkoa den enpresa-proiektu berritzaile bat dutelako, baldin eta honako betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Sortu berriak izatea, hau da, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eratu, eta –derrigorrezkoa izanez gero– Merkataritza Erregistroan (edo antzeko erregistroan) inskribatutako enpresak izatea.

b) Aurreikustea gutxienez 3 enplegu sortuko dituztela 3 urteko epean.

c) Enpresa txikia izatea.

d) Altan emanda egotea EAEko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokion enpresa-jardueraren epigrafean.

e) Enpresak gutxieneko kapital soziala izatea, edo kapital soziala gehi jaulkipen- edo bereganatze-prima, 30.000 eurokoa, osorik ordainduta izatea eta eskabidea aurkeztu aurretik dagokion erregistroan erabat inskribatuta egotea.

f) Enpresak ez kotizatzea balore-poltsa batean.

g) Enpresak etekinik banatu ez izana, ezta banatzea ere, harik eta laguntzak likidatu arte.

h) Enpresak bere gain hartu ez izana beste enpresa baten jarduera, salbu eta eskuratutako jardueraren negozio-bolumena xurgatu aurreko finantza-ekitaldian diruz lagundu daitekeen enpresaren negozio-bolumenaren % 10 baino txikiagoa bada; beste enpresa bat erosi ez izana edo enpresa-kontzentrazio bidez osatu ez izana, salbu eta eskuratutako enpresa horren negozio-bolumena erosi aurreko finantza-ekitaldian diruz lagundu daitekeen enpresaren negozio-bolumenaren % 10 baino txikiagoa bada, edo kontzentrazio bidez osatutako enpresaren negozio-bolumena kontzentrazioaren aurreko ekitaldian bat egindako bi enpresen bolumen konbinatua baino % 10 baino txikiagoa bada.

i) Konpromisoa hartzea bere enpresa-plana, «Business Innovation Center» (BIC) baten tutoretzapean egindakoa, Ekintzaile eta Barne-Ekintzaile programen bidez gauzatzeko edo, hala badagokio, BIC horien oniritzia duten enpresa-planak gauzatzeko.

2.– Honako hauek ezin izango dute eskuratu deialdiaren xede den dirulaguntzarik:

a) Administrazio publikoek edo haietakoren baten sektore publikoaren parte direnek.

b) Azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeraren batean daudenek; haien artean daude:

– Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

– Egunean ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak. Ulertuko da dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean daudela baldin eta epe exekutiboan ez badago zorrik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko edo haren sektore publikoko edozein erakunderekin dirulaguntzak itzultzearekin lotutakorik, edo, premiamendu-bidea ezarri ezin zaien onuradunen edo erakunde laguntzaileen kasuan, ez badago borondatezko epean ordaindu gabeko zorrik.

– Ez izatea zehapen penalik edo administratiborik, galarazten duenik dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea; edo ez izatea debeku legalik horretarako ezgaitzen duenik.

– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetarako, ez betetzea 3/2004 Legean (abenduaren 29koa, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena) aurreikusitako ordainketa-epeak.

c) Armen ekoizpenarekin, merkaturatzearekin eta finantzatzearekin lotutako jarduerak garatzea.

d) Jarduerak garatzea enpresa-proiektu berrien sustapenaren, inkubazioaren edo azelerazioaren eremuetan.

e) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak berreskuratzeko agindu bat bete gabe izatea.

f) Sexuan oinarritutako diskriminazio-jarduera bat egitea, bai eta zehapenean ezarritako epean sexuagatik bereizteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zehapen administratibo edo penalik jasotzeagatik ere. Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso, Estatuaren araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten erakundeak izanik, plan hori ez duten erakundeek, eta 50 langile baino gehiagoko enpresek, baldin eta ez badute egiaztatzen neurriak ezarri dituztela sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera.

g) Krisian dauden enpresa eta erakundeak izatea, krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (2014/C 249/01).

h) Zehatuak egotea Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legea ez betetzearen ondoriozko ebazpen irmoaren bidez arau-hauste astun edo oso astunak gauzatzeagatik.

i) Administrazio-bidean ebazpen irmo bidez, zehatuta egotea Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunak gauzatzeagatik, harik eta neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte.

j) LGTBIfobia gauzatzea, bultzatzea edo sustatzea, konbertsio-terapiak sustatzea edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

3.– Laguntza-eskabidea aurkezten den unetik hasi, eta emandako dirulaguntza likidatu arte bete beharko dira laguntzen onuradun izateko eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako betekizunak honela egiaztatuko dira:

4.1.– SPRIk eta/edo BICek ofizioz egiaztatuko dute honako baldintza hauek betetzen direla (eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du SPRIk edo BICek ofizioz egiaztatzeko baimena, baina, kasu horretan, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu):

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako zentro bat izatea, non proiektuak eragina izango duen.

– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

– Altan emanda egotea EAEko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokion enpresa-jardueraren epigrafean.

4.2.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan baino ez, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, KAEOn inskribatutako auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez edo adostutako prozeduren txostenaren bidez egiaztatu beharko da bete egin direla 3/2004 Legean (abenduaren 29koa, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituena) aurreikusitako ordainketa-epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

5.– Gainerako eskakizunak erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira; eskabidea egiteko inprimaki elektronikoan txertatuta dago erantzukizunpeko adierazpena. SPRIk eskatuz gero, eskatzaileak betebeharra izango du erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa egiaztatzeko dokumentazioa aurkezteko.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gastuak laguntza-eskabidearen egin ondoren sortu beharko dira; gehienez ere, 24 hilabeteko epean. Proiektua, berriz, eskabidea aurkeztu ondoren hasi beharko da.

b) Ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko fakturan jasotako balio erantsiaren gaineko zerga.

c) Aurkeztutako proiektuaren arloan azpikontratatutako kanpoko enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Ezingo dira izan administrazio publikoen menpekoak edo haiekin lotutako izaera juridiko propioko erakundeak.

– Ezingo dute loturarik izan, ekintza edo parte-hartzeen bidez, laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiektuan sartutako enpresetako batekin. Halaber, ezingo dituzte haiek administratu, ez zuzenean ez zeharka.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako betekizun hauek :

a) Gastuek lotura zuzena izan beharko dute programak xedetzat duen jarduerarekin, eta artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxituko da.

c) Gastua euroa ez den moneta batekin baloratzen bada, ordainketa-dataren truke-tasara bihurtuko da.

d) Ez dira inolaz ere diruz laguntzeko moduko gastutzat joko fabrikatu edo merkaturatutako produktuak, ezta eskatzaileak edo taldeko edota lotutako enpresek laguntza-eskatzailearekin egindako lanak ere, ekintzen edo parte-hartzeen bidez, zuzenean edo zeharka.

3.– Laguntzekin, enpresa-proiektu berri bat bultzatzeko gastuak finantzatuko dira, betiere Enpresa Planean sartuta badaude edo hura garatzeko beharrezkoak badira.

Honako gastu hauek finantzatu ahalko dira:

a) Langile berriak kontratatzeko gastuak. Langile berriok, bestalde, ezin dira izan talde sustatzailekoak, zeina proiektuaren garapenarekin lotuta baitago, sustatzaileen gaitasunak osatzeko; era berean, ezin dute EAEn lan egin.

Ondorio horietarako, honako hauek soilik hartuko dira kontuan: autonomia, ekimen eta erantzukizun handiko lanbide-kategorietan sartzen direnak, zeregin konplexuak eta eduki intelektualeko edo giza harreman espezializatuko zereginak gauzatzen dituztenak, eta ordainsari-kontzeptu errepikariei dagozkien gastuak.

Ez dira diruz lagunduko enpresa berriko bazkideak kontratatzeko gastuak, ez eta talde bereko enpresetako pertsonak lekuz aldatzeko gastuak ere.

Honako hauek ez dira diruz lagundu daitezkeen langile-gastuetan sartuko: aparteko orduak egitea; mozkinengatiko ordainketak; bonuak edo dibidenduak jasotzeko eskubidea edo helburuak lortzeagatikoak; gauzazko ordainketak; hartu gabeko oporrak; dietak eta lokomozio-gastuak; ezkontzagatiko ordainsariak; heriotzagatiko kalte-ordainak eta dagozkien lekualdatzeak; lan-harremana eten, kaleratu edo uzteagatiko kalte-ordainak, eta errepikariak ez diren ordainsari-kontzeptuei dagozkienak.

b) Kanpo-lankidetza eta aholkularitza tekniko adituak, proiektuaren garapenari berariaz lotuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastu horien barruan, ez dira sartuko, besteak beste, enpresa-kudeaketari berari dagozkion kanpo-lankidetzenak eta aholkularitza teknikoenak, hala nola auditoretza- eta kontabilitate-zerbitzuekin edo finantza-aholkularitzarekin lotutakoak, edo lan-zuzenbidearen edo zerga-zuzenbidearen eremukoak.

c) Higiezinen alokairu berrien gastuak, laguntza osorik eskatu ondoren formalizatu eta sortutakoak.

d) Patenteak eta jabetza industrialeko beste eskubide batzuk eskatzeko eta mantentzeko gastuak, bai eta erregistroak, ziurtagiriak eta homologazioak ere.

e) Proiektua sustatzeko eta hedatzeko gastuak.

4.– Inola ere ezin izango da finantzatu inbertsiorik, hornidura-gasturik, finantza-gasturik, mantenu-gasturik, lokomozio- eta bidaia-gasturik, prestakuntza-gasturik, kanonik eta lizentziarik, asegururik eta bestelako gastu eratorririk, 100 eurotik beherako gasturik, eskudirutan egindako ordainketarik eta oinarri hauetan araututako laguntzak lortzeko kudeaketa-gasturik.

5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, soilik joko da egindako gastutzat benetan ordaindutako gastua, justifikazio-aldia amaitu aurretik egina. Era berean, diruz lagundu daitezkeen gastuak, onuradunak bere merkataritza-eragiketetan egindakoak, ordaintzeko, kontuan izan beharko da zer ordainketa-epe aurreikusten den aplikatu beharreko araudi sektorialean, zeren gastuak epe horietan ordaindu beharko dira, edo, halako araudirik egon ezean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

6.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak, guztira, 70.000 eurokoak izango dira gutxienez.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira, eta kontuan hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastuen % 70era arte. Kontzeptu guztiengatik metatutako laguntza, gehienez ere, 100.000 eurokoa izango da.

2.– Langile berriak kontratatzeagatik, gehienez ere, 35.000 euro emango dira, lanaldi osoaren baliokidea den enplegu bakoitzeko, eta gehienez 70.000 euro guztira.

8. artikulua.– Metaketa, laguntzen mugak eta azpikontratazioa.

1.– Deialdi hau gauzatzean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin, bai eta helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere, betiere bateratzen diren zenbatekoek errespetatzen badituzte 7. artikuluan ezarritako laguntzaren gehieneko intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak. Bestela, murriztu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, muga horiek gaindi ez daitezen.

2.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea edo hirugarrenekin kontratatzea.

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluak eta Lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, ulertuko da onuradunak azpikontratatu duela baldin eta hirugarrenekin adosten badu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egikaritzea. Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira, bestalde, onuradunak egin behar dituen gastuak, diruz lagundutako jarduera bere kabuz egiteko. Ildo horretatik, hirugarrenen azpikontratazioa edo kontratazioa diruz lagundutako jardueraren % 100eraino irits daiteke, eta, diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin kontratatu edo azpikontratatzeko, aplikagarriak izango dira aipatutako 28. eta 69. artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.

b) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu aurretik eta zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik; salbu eta merkatuan ez badago, bere ezaugarri bereziengatik, behar beste erakunderik halakorik egiteko, mailegatzeko edo hornitzeko, edo salbu gastua dirulaguntza jaso aurretik egin bada.

Aurkeztutako hiru eskaintzen artetik hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, berariaz justifikatu beharko da erabaki hori.

9. artikulua.– Laguntza-eskabidea.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dira eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak egiteko; horretarako, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia erakundearen webgunea baliatuko da.

2.– Egoitza elektronikora jo beharko da jarraibideak eskuratu, eta jakiteko nola izapidetu bide elektronikoz eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bat aukeratu ahal izango da laguntza-eskabidea eta dokumentazioa aurkezteko. Era berean, laguntza-eskabidearen ondorioz sortutako jardueratan eta prozedura guztian zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da 10/1982 Legeak (azaroaren 24koa, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa) xedatutakoaren arabera.

4.– Laguntza-eskabideak enpresa eskatzailearen eta legezko ordezkariaren identifikazio-datuak izan beharko ditu.

5.– Erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsonak sinadura elektroniko aurreratu bidez sinatu beharko du eskabidea hori (ziurtagiri elektroniko onartu batekin). Aurkezpen-eguntzat, berriz, kontuan hartuko da zein egunetan baliatu den SPRIko sistemetan sinadura elektronikoa.

6.– Laguntza-eskabideak berekin dakar baimen espresu bat, SPRIri eta/edo BICari baimena ematen diona egiaztatzeko eskatzaileak EAEn jarduera-zentro bat duela eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, eta kontsultatzeko zein epigrafetan dagoen enpresa altan emanda EJZn (Ekonomia Jardueren gaineko Zerga) .

10. artikulua.– Aurkeztu behar diren dokumentuak.

1.– Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek informazio eta dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren zenbakia (NAN) edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ).

b) Sozietatearen eratze-eskritura, eta, hala badagokio, haren aldaketak.

c) Sozietatearen ordezkariaren ahalordea.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

f) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Adierazpen hori inprimaki normalizatuaren parte den ereduaren arabera egin beharko du erakundearen legezko ordezkariak, eta adierazi beharko du 5. artikuluan ezarritako inguruabarrak betetzen dituela, barnean dela konpromiso bat aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa jasotzeko harik eta, aplikatu beharreko kontabilitate-arauekin bat etorriz, aurrerakina emateko ezarritako baldintzak bete arte, edo, hura jasotzeari buruzko arrazoizko zalantzarik balego, SPRIri itzultzeko konpromisoarekin, dagozkion interes eta guzti, hura itzultzeko ebazpenak hala xedatuz gero. Gainera, erantzukizunpeko adierazpen bat gehitu beharko da, zeinetan zerrenda bat jasoko baita proiektu bererako erakunde publikoei edo pribatuei eskatutako laguntzekin eta/edo erakunde horiek emandako laguntzekin. Adierazpen horretan, zehaztu beharko da zein egunetan aurkeztu zen eskabidea, edo, hala badagokio, zein egunetan eman zen, eta zer erakundek eman duen dirulaguntza, eta zein diren diruz lagundutako programa, gastuak eta inbertsioak eta laguntzaren zenbatekoa.

g) Horrez gain, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Kotizazioen Likidazioen Zerrenda (KLZ) agiria eta Sozietateen Gaineko Zerga, itxitako azken ekitaldikoa.

– Datu orokorrak (proiektuaren jatorria, zer produktu edo zerbitzu garatuko den, xede-merkatua...) eta diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontu zenbatetsia eta inbertsioaren, fakturazioaren eta enpleguaren aurreikuspen-datuak, datozen hiru urteetarako.

– 30.000 eurotik gorako laguntza-eskabideetarako, erantzukizunpeko adierazpena, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako ikuskatzaile baten egiaztagiria edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikulua betetzeari buruz adostutako prozedurei buruzko txostena, ordaintzeko legezko epeei dagokienez, agindu horretan zehaztutako eran.

– Enpresa Planaren ale bat.

– Erakunde eskatzailea enpresa txikia dela egiaztatzen duen dokumentazioa, eta, enpresa-talde baten kide izanez gero, parte hartzen duen taldearen sozietate-organigrama, bai eta zeharka parte hartu ahal duten beste sozietate batzuena ere (651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean aurreikusitako irizpidearen arabera), partaidetza-ehunekoa adierazita. Enpresa txiki dela egiaztatzeko, enpresak aurkeztuko ditu enpleguari, negozio-bolumenari eta balantze orokorrari buruzko urteko datuak, bai eta harekin elkartutako edo lotutako gainerako enpresenak ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen datu orokorrak ere aurkeztuko ditu. Halaber, talde osoaren antolaketa-eskema aurkeztu beharko da, non adieraziko diren partaidetza eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea; hori guztia, laguntzak eskatu aurreko bi ekitaldiei lotuta, horrelakorik egonez gero.

2.– Aurkeztutako eskabidea ondo ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen denean, SPRIk beste dokumentazio eta/edo informazio osagarriren bat eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari.

11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza-eskabideak aurkezteko epea hasiko da oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean, eta 2023ko urriaren 11n amaituko da. Edonola ere, eskatzaileen arreta teknikoa 2023ko urriaren 11ko 15:00etan (Espainiako penintsulako ordutegia) amaituko da.

12. artikulua.– Ebaluazio-prozedura.

1.– Eskabideak aurkeztu ostean, SPRI- Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak BIC bati esleituko dizkio.

2.– BICek aztertuko dute ea betetzen diren oinarrien 5. artikuluan ezarritako baldintzak, eta eskatzaileari eskatu ahalko diote azterketa behar bezala egiteko beharrezkoa den dokumentazioa eta/edo informazio osagarria.

3.– BICek txosten tekniko ez-lotesle bat igorriko diote SPRIri aurkeztutako eskaerei buruz.

4.– SPRIko langile teknikoek aztertuko dute ea betetzen diren 5. artikuluko baldintzak, eta eskabideen lehenengo balorazioa egingo dute; horretarako, 13. artikuluko irizpideak aplikatuko dituzte, eta programa kudeatzeaz arduratzen den pertsonak onetsi beharko ditu egindako azterketa eta balorazioa.

5.– Ondoren, Balorazio Batzordeak proiektuak aztertu eta ebalutuko ditu. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren ekintzailetza saileko bi kidek (Aitor Cobanera Rodríguez eta Imanol Cuétara Camiruaga) eta EAEko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko ekintzailetza arloko bi kidek (Leyre Madariaga Gangoiti eta José Luis Espańa Guzmán) osatuko dute batzordea.

Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen guzian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

6.– Balorazio Batzordeak aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eta baloizkotutako eskabide guztiak, oinarri hauetako 5. artikuluko baldintzen arabera eta 13. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.

Ebaluazio fasean, Balorazio Batzordeak egokitzat joz gero, deitu ahalko die laguntza eskatu duten enpresei, aurkeztutako dokumentazioarekin batera, proiektuari eta haren bilakaerari buruzko azalpen xehatua emateko, eta beste edozein datu argitzeko, oinarri hauen arabera garrantzitsua bada.

7.– Hala ere, eskabideak hutsik badu, ez bada oso-osorik bete edo ez bada atxiki eskatutako dokumentazioa, BICak edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio hutsune horiek betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko 10 eguneko epean. Gainera, adieraziko dio ezen, hori egin ezean, eskabidea bertan behera geldituko dela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurretiazko ebazpena eman ondoren, 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

8.– Balorazio Batzordeak hartutako erabakiaren oinarriari dagokionez, laguntza emateko proposamena idatziko zaio SPRIren Zuzendaritza Nagusiari.

13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Onartutako eskabideak honako irizpide eta haztapen hauen arabera baloratuko dira:

a) Ekintzailetza-taldearen kudeaketa-gaitasuna (0-35 puntu).

Proiektuari dagokion sektorearen ezagutza baloratuko da (gaitasun eta esperientzia profesionala), bai eta prestakuntza akademikoa eta osagarria ere.

Horrez gain, aintzat hartuko dira ekintzailetza-taldearen konpromiso- eta dedikazio-maila, lidergoa, osagarritasuna eta kohesioa. Halaber, ekintzailetza eta I+G+b babesteko inguruneekiko lotura baloratuko dira, bai eta finantzaketaren erakarpena ere.

b) Proiektuaren oinarri teknologikoa eta berrikuntza (0-35 puntu).

Proiektuaren izaera berritzailea eta ekintzailetza-taldearen ekarpen teknologikoa eta ezagutzakoa baloratuko dira, bai eta egindako eta planifikatutako I+G+b inbertsioak ere.

Horrez gain, positiboki baloratuko da plan bat izatea jabetza intelektuala eta industriala eta patenteak kudeatzeko, eta eskabide-prozesua hasita egotea; horrez gain, aintzat hartuko dira enpresak hartutako beste babes-modu batzuk, hala nola erabilgarritasun-ereduak, sekretu industriala edo beste erregistro mota batzuk.

Halaber, aintzat hartuko dira Enpresa Planaren kalitatea eta argitasuna, eta proposatutako proiektuaren azalpena eta aurkezpena.

c) Merkataritza-plangintza eta proiektuaren inpaktua (0-30 puntu).

Plangintza operatiboa eta komertziala, inbertsioa eta finantzaketa (jarduerak, epeak eta beharrezko baliabideak) baloratuko dira.

Sarrerak sortzeko eredua, merkatu potentziala eta bezeroen ezagutza baloratuko dira.

Baloratuko da zer lan sortzea aurreikusten den, eta zer partaidetza duten emakumeek ekintzailetza-taldean.

2.– Hautagarriak izan ahal izateko, proposamenek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte, eta beharrezkoa izango da 17,5 puntuko gutxieneko puntuazioa lortzea artikulu honetako a) eta b) letretan aurreikusitako irizpide guztietan, eta 15,0 puntu c) letran aurreikusitako irizpidean.

14. artikulua.– Ebazpena eta argitalpena.

1.– SPRIren Zuzendaritza Nagusiak ebatziko ditu laguntzak, norgehiagoka araubidean. Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako epean eta moduan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, zuzenean, administrazioarekiko auzien Bilboko epaitegietan.

2.– Programan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak SPRIren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez gaitzetsiko dira, eta erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie.

3.– Eskabideen berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, egindako eskabidea formulatu, eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta jakinarazpenik jaso ez bada, ulertuko da eskabidea ezetsi egin dela.

4.– Ebazpenak SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira, denek jakin dezaten zein laguntza eman diren.

15. artikulua.– Laguntzen likidazioa.

1.– SPRIk ordainduko du erakunde onuradunei emango zaien dirulaguntza, BICek emandako balorazioaren eta SPRIren ondorengo onespenaren arabera.

2.– Dirulaguntza ematen den unean, emandako dirulaguntzaren % 10eko aurrerakina ordainduko da, dirulaguntzari datxekion jarduketak gauzatu ahal izateko beharrezko finantzaketa gisa; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua) 49.11 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa betez.

3.– Erakunde onuradunek justifikatu beharko dute zer proiektu egikaritu duten eta zer gastu egin duten; horretarako, SPRIren aplikazio informatikoan gaitutako likidazio-eskabideen inprimakiak erabili beharko dituzte.

Erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du likidazio-eskabidea, sinadura elektroniko bidez. Jakiteko zer egunetan egin den eskabidea, kontuan izango da zer egunetan baliatu den sinadura elektronikoa SPRIren sistemetan.

Likidazio-eskabidea dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko da:

a) IFZ.

b) Gastu hautagarrien fakturak, kostuak xehatuta.

c) Egindako fakturen ordainketen ordainagiriak, kontuetan jasota edo ordainketaren bankuko agiria gehituta.

d) Hala badagokio, emandako zerbitzua eta egindako gastuak egiaztatzeko agiriak.

e) Enpresa Plana martxan jartzeari eta gauzatzeari buruzko jarduera-memoria, kontabilitateko informazioarekin eta behin-behineko egoerekin batera.

Likidazio-eskabidea ez bada guztiz betetzen edo ez bada haiekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk edo dagokion BICak erakundearen legezko ordezkariari eskatuko dio hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, gehienez ere 10 egun balioduneko epean.

4.– Erakunde onuradunek gehienez ere bi likidazio-eskabide aurkeztu ahalko dituzte urteko.

Artikulu honetako 2. apartatuan aurreikusitako aurrerakinarekin egindako gastuak justifikatu ostean, hurrengo likidazioak egingo dira.

Proiektua amaitu, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean aurkeztu beharko da azken likidazio-eskabidea, eta betiere 2025eko abenduaren 11 baino lehen.

5.– Hala ere, egindako gastutzat soilik joko dira justifikazio-epea amaitu aurretik egindako gastuak, betiere betetzen badira aplikatu beharreko araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeak, edo, bestela, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.2 artikuluko bigarren paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

16. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– BICak, erakunde lankide gisa, honako zeregin hauetaz arduratuko dira:

a) Dokumentazioa aztertzea, eta proiektuak hasiera batean balioztatzea.

b) Onetsitako proiektuaren jarraipena eta tutoretza.

c) Ordainketa-proposamena ebaluatzea, eta hasiera batean balioztatzea.

d) Enpresa Planak aztertzeko txostenak egitea, eta haiek Balorazio Batzordeari bidaltzea.

e) Oinarri hauen 18. artikuluan araututako laguntzaren baldintzak aldatzeko proposamenak egitea.

f) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.

2.– EAEn dauden BICak honako hauek dira:

Araba:

– BIC Araba: Arabako Eraberrikuntza-industrialdea AB – Centro de Empresas e Innovación de Álava S.A.

Bizkaia:

– BIC Bizkaia Ezkerraldea: Ezkerraldea Enpresak Garatzeko Zentroa.

– Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentrua / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).

Gipuzkoa:

– BIC Gipuzkoa: Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa.

– Saiolan.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebehartzat joko dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitakoak, eta, zehazki, hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio berariaz uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da onartu egin dela.

b) Zer jarduketa-plan garatzeko eman den laguntza, horretara zuzentzea emandako laguntza eta haren aurrerakinak.

c) Onartzea SPRIk eskatu ahal izango duela beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egitea onuradunaren instalazioetan. Horien guztien helburua izango da egiaztatzea ea betetzen diren emandako laguntzaren xede den proiektua eta eskatutako baldintzak.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku edukitzea bost urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.

e) Laguntzen jomugaren fiskalizazio-funtzioak betetzean Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo beste kontrol-organo eskudun batzuek –nazionalak zein Europakoak– zer informazio eskatzen duten, informazio hori ematea.

f) SPRIri eta BICari berehala jakinaraztea ea beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion hemen araututako laguntzen xede bereko edo antzekoko laguntzarik edo dirulaguntzarik, eta halakorik lortu den.

g) Laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatzen denean, SPRIri jakinaraztea aldaketaren bat izan dela.

h) Publizitate egokia egitea programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriari buruz, 20. artikuluan xedatutakoa betez.

i) Hizkuntza eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea diruz lagundutako proiektua gauzatzean egiten diren dokumentu eta euskarri guztietan.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta, betiere, beste administrazio batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek emandako laguntzarik edo dirulaguntzarik lortzen bada, bai eta helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabide lortzen bada; betiere, programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitzen bada.

2.– Jarduketek beren barnean hartuko dituzte laguntza-eskabidean eta aurkeztutako dokumentazio osagarrian jasotakoak; dena den, SPRIK baimena eman ahal izango du egin beharreko jarduerak aldatzeko, baldin eta erakunde onuradunak jarduerak behar bezala justifikatzen baditu amaitu aurretik, eta ez badira aldatzen jardueren izaera eta programa honen hasierako helburuak.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek ez badute betetzen oinarri hauetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzetakoren bat, edo, hala badagokio, laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, galdu egingo dute emandako laguntza jasotzeko eskubidea, eta betebeharra izango dute SPRIri itzultzeko ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, ekintza legalak abiaraziko dira itzulketa hori lortzeko.

2.– Edonola ere, artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako hauek hartuko dira ez-betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskabidean eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak. Halaber, ez-betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea edozein aldaketa, laguntza emateko aztertu ziren baldintzak aldatzen dituena.

b) Epe barruan ez justifikatzea gastu hautagarriak, edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako betekizunak.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortzean, ez bete izana programa honetan jasotako baldintzak, edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratu izana.

e) Uko egitea edo oztopoak jartzea programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea, edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

g) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea abiarazi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta hala badagokio emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez-betetze espedientea ireki eta dirulaguntza ezeztatu egingo da, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko zaizkio jasotako laguntzak nahiz berandutze-interesak, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoari jarraikiz; hargatik eragotzi gabe kasuan kasuko lege-ekintzak eta zehapenak. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntzaren zatia ere itzuli beharko da, baldin eta, laguntza kobratu ondoren, programa gainfinantzatzen bada 8. artikuluan araututako beste laguntza batzuk metatzeagatik. Kasu horretan, gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da zenbat diru itzuli beharko den.

6.– Halaber, onetsitako proiektu bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egikaritzen bada, itzuli beharko da jasotako laguntza.

20. artikulua.– Hedapena.

Erakunde onuradunek adierazi beharko dute diruz lagundutako jarduerak finantzaketa publikoa izan duela. Horretarako, jasotako laguntza aipatu beharko dute, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren logotipoa sartu beharko dute, ikusteko moduan, diruz lagundutako jardueren dibulgazio publikoko material, argitalpen edo ekitaldi guztietan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Bat etorriz Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (aurrerantzean, DBEDBLO), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datu pertsonalak babestearen arloan aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin, jakinarazten da SPRIk tratatu egingo dituela ematen diren datuak, eta Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko dituela.

Tratamendu horren oinarrian, deialdiaren interes publikoa eta parte hartzeko eskabidea daude, eta helburua da eskatzen den laguntzaren espedientea kudeatzea; datu pertsonalen oinarri juridikoa, berriz, SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako sorrera- estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko baita.

Informazio hori laga ahalko zaie hala arlo horretan eskumena duen administrazio publikoari nola SPRI taldeko enpresei.

Datuak gorde egingo dira laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdunek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, tratamenduari uko egiteko, datuak eramateko edo ez izateko tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere egikaritzeko, baldin eta eskubide horiek aplikagarriak badira. Eskubideok baliatzeko, komunikazio idatzi bat bidali beharko da lopd@spri.eus helbide elektronikora. Era berean, interesdunak harremanetan jarri ahal izango dira datuak babesteko gure ordezkariarekin, dpd@spri.eus helbide elektronikora idatzita.

Era berean, interesdun orok eskubidea du edozein motatako erreklamazioak aurkezteko dagokion kontrol-agintaritzan; SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.avpd.eus

SPRIk datu pertsonalak babesteari buruz duen informazio gehigarri eta xehatua kontsultatzeko, interesdunek pribatutasun-politika atalera jo ahal izango dute https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/ helbidean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erabakiak, oinarri hauei dagokienez, administrazio-izaerakoak dira, eta jurisdikzio eskuduna, berriz, administrazioarekiko auziena da.


Azterketa dokumentala