Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2023ko abuztuaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4056

AGINDUA, 2023ko uztailaren 5ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, EAEko liburutegietarako funtsak sortu edo/eta berritzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia egiten duena.

Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legeak 20.4 artikuluan ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorreko eskumena duen sailak liburutegietako funtsak handitzeko laguntza-programak ezarriko ditu urtero bere aurrekontuetan.

Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14.1.d) artikuluan.

Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen esparruan Euskadiko Liburutegien Irakurketa Publikoko Sareari dagozkion planifikazio-, funtzionamendu- eta koordinazio-egitekoak garatu eta gauzatzea.

Araudi horrekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren (EIPS) barruan dauden liburutegietako titularrekin batera, bere gain hartu du liburutegi horiek funtsez hornitzeko ardura, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan erabiltzaileen beharrei behar bezala erantzuteko, betiere.

Era berean, agindu hau Sailaren 2021-2024 epealdiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan eta Dirulaguntzen 2023ko Urteko Planean jasota dago. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2023ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onetsi ziren bi plan horiek, eta Sailaren webgunean argitaratu ziren, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa-2021-2024/

Hori guztia abenduaren 23ko 15/2022 Legean bildutako aurrekontu-kredituan jasota dago. Lege horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dira.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da EAEko liburutegietako funtsak hornitu edo/eta berritzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia egitea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzetarako, 1.000.000,00 euro erabiliko dira, gehienez.

Aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduraren bidez izapidetuko dira deialdiaren xede den laguntza-lerro bakoitzean, eta prozedura horren ebazpenak erabakiko ditu erakunde interesdunek planteatutako gai guztiak.

2.– Zenbateko osoa honela banakatuko da:

a) 15.000,00 euro, gehienez, liburutegi sortu berriek funts-sortak eskuratu ditzaten.

b) 30.000,00 euro, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren euskal liburutegietako funtsak hornitzeko.

c) 955.000,00 euro, lehendik Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegiek liburu-funtsak berritu ditzaten.

3.– Liburutegi sortu berrietarako fundazio-sortei eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren liburutegiei dagokien kopurua agortzen ez bada, gainerakoa lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko erabiliko da.

3. artikulua.– Izapidetza.

1.– Erakunde interesdunek, prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko, bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte nahitaez, honako hauen bidez: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako gainerako erregistro elektronikoak.

2.– Izapidetzeko-jarraibideak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1037512 Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira arauak, laguntzen eta dirulaguntzen deialdiak eta, hala badagokio, laguntza emateko proposamena egingo duten organoen osaera. Halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren eta orokorrean eragiten dieten egintzak argitaratuko dira.

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

4.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

5.– Eskabidea eta ondorengo izapideak ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira elektronikoki, eta, horretarako, ordezkaritza hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

4. artikulua.– Pertsona onuradun izateko eskakizunak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, liburutegi publikoen titular direnek, toki-erakunde eskudunek, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegi publikoen arloan eginkizunak esleituta dituzten udal erakundeek ere, baldin eta haien liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak badira, agindu honetan funtsak hornitzeko eta/edo berritzeko ezarritako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte. Gainera, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak izanik toki-erakundeek kudeatzen ez dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko beste liburutegi batzuek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegien titular diren eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren pertsona juridiko pribatuek ere jaso ahal izango dituzte laguntzak, baldin eta artikulu honetako 4.2 atalean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

EIPSko liburutegietara bideratutako dirulaguntzen lerroetan, erakunde onuradun bakarra egon ahal izango da udalerri bakoitzeko; beraz, eskabide bat baino gehiago dauden udalerrietan, lehentasuna izango du Udalak, gainerako erakunde eskatzaileen aldean.

Eskatzaile bat baino gehiago badago, eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen dituen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi kopuru bera kudeatzen badute, lehentasuna izango du liburutegi-funts gehien dituenak.

2.– Laguntzak jaso ahal izango dituzte dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez duten erakundeek, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean daudenek. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako gainerako egoeraren batean dauden erakundeek ezin izango dituzte laguntzak jaso.

Era berean, ezin izango dute agindu honetan deitutako laguntzarik jaso, dagokion zehapenak ezarritako epean, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala duten pertsona juridikoek, ez eta Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera debeku horrekin zigortutakoek ere.

Era berean, ezin izango dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera indarrean dagoen berdintasun-plan bat izan behar duten enpresek, halakorik ez badute, ezta sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak ezarri izana egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresek ere, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritakoaren arabera. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikulua.

3.– Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak edo gizarte-aseguruarekikoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren e) apartatuan jasotzen den bezala, eta egunean izan beharko dituzte dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, bai eskabidea egiteko unean, bai likidazioa egiteko orduan.

4.– Baldintza horiek ere ezinbestekoak dira:

1) Liburutegi sortu berrietarako fundazio-sortak erosteko dirulaguntzak emateko:

a) Erakunde eskatzaileak, 2023an edo azken bi ekitaldietan, partida ekonomiko propio bat gauzatu izana liburutegi sortu berria(k) funtsez hornitzeko, edo 2023an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 1/4 adinakoa izango da.

b) Dirulaguntza jasoko du(t)en liburutegia(k) Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako.

c) Liburutegi horiek sortuak izatea eta jardunean egotea 2022ko Aginduaren eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agindu honetan eskabideak aurkezteko ezarritako azken egunera bitartean, eta helburu horretarako beste inolako dirulaguntzarik jaso ez izana Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskutik.

d) Liburutegiak sortu berriak izatea, eta ez lehendik zirenak eta berriz zabaldu direnak.

e) Liburutegi berriak etengabe jardunean izatea, eta ez aldizkako zerbitzu bereziak izatea edo aldian behingo ekitaldietarako sortuak.

f) Liburutegi berrien titulartasuna udalarena edo toki-erakunde eskudunarena izatea, edota tokiko kapital publikoak % 100eko partaidetza duen entitate publiko batena.

2) Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren liburutegientzako dirulaguntzak:

a) Liburutegiak Euskadiko Liburutegi Sistemakoak izatea.

b) Liburutegi eskatzaileek beren funtsak jendaurrean kontsultatzeko zerbitzua izatea.

c) Funtsen katalogoa Interneten eskuragarri egotea.

3) Lehendik Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegiei funtsak berritzeko dirulaguntzak emateko:

a) Entitate eskatzaileak 2023an partida ekonomiko propio bat izatea funtsak berritzeko, edo 2023an diru-ekarpen hori egiteko konpromisoa hartzea. Partida horren gutxieneko kopurua agindu honen 11. artikuluaren arabera bere biztanle-taldeari dagokion kopuruaren 1/4 adinakoa izango da.

b) Dirulaguntza jasoko duten liburutegiak Euskadiko Irakurketa Sare Publikoaren barruan sartuta egotea.

c) Eskabidea aurkezten den egunean liburutegi hori(ek) jardunean egotea.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduera eta gastuak.

1.– Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako funtsen katalogoan sartuko diren liburuak, aldizkako argitalpenak, soinu-materialak edo ikus-entzunezkoak erosteko dirulaguntzak jaso ahal izango dira, bai eta liburutegiko katalogoan eskuratzeko ere, EIPSkoak ez direnen kasuan.

Dirulaguntza horiek honako funts hauek erosteko diru-ekarpenak izango dira:

a) Liburutegi sortu berrietarako fundazio-sortak eskuratzea.

b) EIPSkoak ez diren liburutegietarako funtsak eskuratzea.

c) Lehendik, Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegietako funtsak berritzea.

Kasu guztietan beharrezkoa izango da dirulaguntzaren % 25 gutxienez euskaraz argitaratutako obrak erosteko erabiltzea.

2.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira. Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Halaber, diruz lagundu daitezkeen gastuen zenbatekoak gainditu egiten baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik.

3.– Erakunde onuradunak jarduera azpikontratatu ahal izango du, osorik edo zati batean, dirulaguntza arautzen duen araudiak hala aurreikusten duenean. Onuradunak hirugarrenekin azpikontratatzen duen diruz lagundutako jarduerak ez du dirulaguntzaren oinarri arautzaileetan finkatutako ehunekoa gaindituko. Aurreikuspen hori agertzen ez bada, onuradunak gehienez diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren ehuneko 50 azpikontratatu ahal izango du.

6. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Organo instrukzio-egileak automatikoki egiaztatuko du erakunde onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituztela, haiei baimenik eskatu beharrik izan gabe. Nolanahi ere, eskatzaileak organo instrukzio-egilearen ofiziozko egiaztatze horren aurka ager daitezke, horretarako arrazoiak emanda. Hala eginez gero, ordea, kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

2.– Eskabidea formatu elektronikoan egiteko inprimaki-ereduak barnean hartuko ditu beharrezko erantzukizunpeko adierazpenak, honako alderdi hauei buruzkoak:

a) Helburua bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, horren berri eman beharko.

b) Erakunde eskatzaileak ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera sexuagatiko bereizkeriagatiko debekuak barne.

c) Erakunde eskatzaileak adieraziko du ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

d) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela adieraztea.

e) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.5 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla adieraztea, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea bigarren aldiz aldatzen duen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen azken xedapenetako laugarrenak emandako idazketan.

f) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketak egunean izatea.

3.– Eskabidea legez eratutako toki-erakundeek edo liburutegi publikoen arloan eskumena dutenek egiten badute, agiri bidez egiaztatu beharko dute beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela.

Eusko Jaurlaritzak lehendik baldin badauka agiri hori, eskatzaileak ez du zertan berriro aurkeztu, baina zer prozeduratan eta zer organori aurkeztu zion adierazi beharko du.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hilabetekoa izango da agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen 3. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan.

Entitate eskatzaileek eskabidea eta agiriak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiriak edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango.

2.– Erakunderen batek aurrez aurre aurkezten badu eskabidea, bide elektronikoz aurkeztu beharra jakinaraziko zaio. Ildo horretatik, eskabidearen aurkezpen eguntzat hartuko da bide hori erabilita egin zenekoa.

10. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.

Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, bai eta dagokion ebazpen-proposamena egitea eta Kulturako sailburuordeari helaraztea ere.

11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.

Laguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira agindu honen 2. artikuluan zehaztutako laguntza-ildo bakoitzaren diru-baliabideak.

1.– Liburutegi sortu berrietarako funts-sortak eskuratzeko dirulaguntzaren zenbatekoa finkatzeko orduan, prozedura hau beteko da.

Liburutegi sortu berrien funts-sortei dagokien lerroan hasiko da banaketa, eta jarraian azaltzen diren zenbatekoak esleituko dira, biztanleria-irizpidearen arabera egindako taldeak aintzat hartuz:

Biztanleria zenbatekoa (euroak)

1etik 250era 3.000,00

251tik 500era 4.000,00

501etik 750era 5.000,00

751tik a 1.000ra 6.000,00

1.001etik 1.500era 7.000,00

1.501etik 2.000ra 8.000,00

2.001etik 2.500era 9.000,00

2.501etik 3.000ra 10.000,00

3.001etik 4.000ra 11.000,00

4.001etik 5.000ra 12.000,00

5.001etik 7.500era 13.000,00

7.501etik 10.000ra 14.000,00

10.001etik gora 15.000,00

Biztanleen kopuruak ez die nahitaez erakunde onuradunaren udalerriko biztanle guztiei erreferentzia egiten, baizik eta diruz lagundu nahi d(ir)en liburutegi(ar)en eragin-eremuko biztanleei.

Agindu honen 2.2.a) artikuluan adierazitako zenbatekoa nahikoa bada horrela kalkulatutako zenbatekoak ordaintzeko, kopuru horien arabera banatuko dira dirulaguntzak, eta, soberakinik geratzen bada, funts bibliografikoak berritzeko laguntzetara bideratuko da.

Kalkulatutako kopuruen batura orokorrak banatzeko dagoen zuzkidura gainditzen bada, kopuru horien zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, laguntzen bolumen osoak zuzkidura horrekin bat egin arte.

2.– Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegietarako laguntzak honela finkatuko dira:

a) Atal honetarako partida eskabide guztien artean banatuko da kopuru berdinetan, eta nolanahi ere, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntza ezin izango da 5.000,00 eurotik gorakoa izan.

b) Murrizketen ondorioz soberan geratzen den kopuru osoa murrizketek eragiten ez dieten gainerako eskabideen artean banatuko da, aipatutako formula berriro aplikatuz eta lortutako zenbatekoei gehituz. Soberakinak banatzeko eragiketa hori behar beste aldiz egingo da, harik eta zuzkidura agortu arte, hala badagokio, edo dirulaguntza jakin guztien zenbatekoak baimendutako gehienekora iritsi arte.

c) 2.2.b) artikuluan adierazitako zuzkidura nahikoa bada horrela kalkulatutako zenbatekoak estaltzeko, zenbateko horien arabera esleituko dira laguntzak. Hala ez balitz, taldeko eskabide guztien artean hainbanaketa egingo litzateke. Hainbanaketarako, kasuan-kasuan esleitu beharreko zenbatekoa banaketa proportzionaleko sistemaren arabera finkatuko da, hiruko erregela soil baten bidez. Aitzitik, banaketak soberakin bat sortuko balu, funts bibliografikoak berritzeko lerroaren zuzkidura handituko litzateke.

3.– Azkenik, EIPSko liburutegietako funts bibliografikoak berritzeko dirulaguntzen lerroari dagokion zuzkidura banatuko da.

a) Dauden diru-baliabideak agindu honetan ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten erakunde eskatzaileen artean banatuko dira.

b) Eskatzaile bakoitzari eman beharreko kopuru zehatza zehazteko, biztanleria-irizpidea aplikatuko da.

c) Banatu beharreko diru-kopurua zehazteko, honako irizpide hau erabiliko da:

Biztanleria-irizpidea: erakunde onuradunaren udalerriak zenbat biztanle dituen hartuko da kontuan. Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezartzen dira, zeinei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.

– Biztanleria homologatua (P)

Herri guztiak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta, horrela, herrien P balore homologatua lortzen da, sailkapen honen arabera:

Biztanleria P

0tik a 1.000ra 1.000

1.001etik 2.000ra 2.000

2.001etik 3.000ra 3.000

3.001etik 4.000ra 4.000

4.001etik 5.000ra 5.000

5.001etik 10.000ra 10.000

10.001etik 15.000ra 15.000

15.001etik 20.000ra 20.000

20.001etik 25.000ra 25.000

25.001etik 30.000ra 30.000

30.001etik 40.000ra 40.000

40.001etik 50.000ra 50.000

50.001etik 60.000ra 60.000

60.001etik 70.000ra 70.000

70.001etik 80.000ra 80.000

80.001etik 90.000ra 90.000

90.001etik 100.000ra 100.000

100.001etik 125.000ra 125.000

125.001etik a 150.000ra 150.000

25.000naka jarraitzen du, bai biztanleriaren tarteetan, bai P-ri dagokionez ere.

Adibideak: 3.248 biztanleko populazioa duen udalerri bat 4.000rekin parekatuko litzateke, eta 54.949 biztanlekoa duen bat 60.000rekin.

– Indize zuzentzailea (IZ)

Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:

Biztanleria IZ

0tik 3.000ra 1,6

3.001etik 5.000ra 1,4

5.001etik 30.000ra 1,2

30.001etik 100.000ra 1

100.001etik aurrera 0,8

d) Formula.

Formula hau aplikatuta kalkulatuko da dirulaguntza:

– Dirulaguntza = DK * B / BB

– Faktoreak:

DK: agindu honetara bideratutako baliabide ekonomikoak, liburu-funtsak berritzera bideratutakoak, gehi, hala badagokio, liburutegi sortu berrientzako eta EIPSekoak ez diren liburutegientzako zuzkiduratik agortu gabeak.

B: erakunde onuradun bakoitzari dagokion balorea, hau da, eskatzaile bakoitzaren P eta IZ faktoreen biderkadura.

BB: erakunde onuradun guztien B baloreen batura.

Formula hori aplikatzetik ateratzen den kopurua izango da dirulaguntzaren gehieneko muga, eta, gainera, ezin izango da inola ere izan erakunde eskatzaileak xede honetarako bideratutako baliabide propioen % 40 baino handiagoa izan, ezta 150.000,00 euro baino handiagoa ere. Beraz, ondoren aurreikusitako irizpideen arabera kalkulatutako hasierako zenbatekoa handiagoa bada adierazitako muga horiek baino, baimendutako mugetaraino murriztuko da kopuru hori.

4.– Azken dirulaguntza ez da inolaz ere egindako gastu guztiaren % 80 baino handiagoa izango. Dirulaguntza justifikatzeko eta likidatzeko agirietan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, dirulaguntza behar den heineraino murriztuko da.

5.– Deialdi honetan aurreikusitako kalkulu-irizpideak aplikatuta lortutako zenbatekoak aurreko edo ondorengo zenbaki osora biribilduko dira. Biribiltzearen ondorioz, finantzatu beharreko guztizkoak deialdian finkatutako kreditua gainditzen badu, finantzaketa handieneko proiektutik kendu egingo da ateratzen den aldea.

12. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.

13. artikulua.– Ebazpenak, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, deialdi honetako esleipen-ebazpenak ematea. Ebazpen horietan, honako informazio hau adieraziko da: eskatutako dirulaguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukapenen eta onartu gabe geratzen direnen kasuan, eskatzaileen izena edo izen soziala eta eskabidea ez onartzeko zergatiak azalduko dira.

2.– Hartutako ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei, «Nire karpeta» bidez, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko kontuan hartu beharreko data, lehenik egiten den jakinarazpen edo argitalpenarena izango da.

Ebazpena bide elektronikoz jakinarazi eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeaz gainera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora eta/edo posta elektronikoko helbidera, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela aditzera emateko. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agindu hau aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritako ondorioetarako.

5.– Hala ere, aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, agindu honen 9. artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa denean, ebazteko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen denboraz, jakinarazpena jaso izanaren eta erantzuteko epearen arabera, betiere 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

b) Jarduera aurrera eramatea, edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

c) Dirulaguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela. Besteak beste, erakundeak egunean izan behar ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko zorrak ere.

d) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez, eta, gainera, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.

e) Beste edozein administraziok, erakunde publikok edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.

f) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.

g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede bererako laguntzarik eskatu bazaie, eta agindu honetako dirulaguntzetarako eskabidea aurkezteko unean ebatzi gabe bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.

h) Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betez, ez dute hizkera sexistarik erabiliko. Gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egotea bermatuko dute.

i) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako betebeharrak.

j) Laguntza hauek jasotzen dituen onuraduna behartuta dago liburutegi informatizatuetako katalogoak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren esku jartzera, hain zuzen ere Euskadiko Katalogo Kolektiboan (Bilgunea) sar daitezen eta, horrela, herritarrek liburutegietan eskuragarri dauden funtsen berri izan dezaten.

15. artikulua.– Justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.

1.– Dirulaguntzak ordainketa bakar batean emango dira, laguntza horiek aurreko paragrafoetan jasotakoaren arabera justifikatu ondoren.

Erakundeak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, ordainketa prozedura horren amaieraren baldintzapean geratuko da, eta, itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta, erakundeak itzultzeko betebeharra badu, ordainketa egin ahal izango da soilik baldin eta nahitaezko erakundeak zorra borondatezko epean ordaintzen badu, edo zorra atzeratu eta bermatzen badu, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, erakundeak erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketarako Erregelamendu Orokorra onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriaren ildotik.

Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez baditu, edo itzulketa betebeharretan egunean ez badago.

Dirulaguntza ordaindu ahal izateko, beharrezkoa da Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroa erregistratuta egotea. Erregistratuta ez badago edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi badira, alta edo aldaketa egiteko, helbide honetara jo beharko da: https://www.euskadi.eus/altaterceros

2.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentuak baliabide telematikoen bidez baino ezingo dira aurkeztu, 2023ko abenduaren 31 baino lehen.

Justifikazio-epea administrazio-organo eskudunaren aurrean aurkeztu ez bada, hamabost egun balioduneko epe luzaezinean aurkezteko eskatuko dio onuradunak onuradunari. Justifikazioa ezarritako epe berrian aurkezten ez bada, ordaindutako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazi beharko da, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 70.3 artikuluarekin (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Horrez gain, zehapen-prozedurari hasiera eman ahal izango zaio, hala badagokio.

3.– Betiere, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

4.– Dirulaguntzak justifikatzeko agirien artean, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen «Justifikazio-ziurtagiria» aurkeztu beharko da, honako informazio hau duela: egindako gastuak eta, halakorik balego, helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen zerrenda. Ziurtagiri hori eskuragarri dago administrazio-prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: www.euskadi.eus/servicios/1037512

EIPSkoak ez diren liburutegien kasuan, gastua justifikatzeko ziurtagiria aurkeztu beharko da, administrazio-prozeduraren informazio-fitxan eskuragarri dagoena, helbide honetan: www.euskadi.eus/servicios/1037512 erakunde onuradunaren arduradunak sinatua.

Halaber, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30.3 artikuluan ezarritakoarekin, gastuak egin direla egiaztatzeko, jatorrizko fakturak aurkeztu beharko dira, bai eta zuzenbide eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako dokumentuak ere, betiere zorrotz beteta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduko 73. artikuluan bildutako betekizunak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori).

Aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta, edo epe hori igarota, Kultura Ondarearen zuzendariak likidazio-ebazpenaren proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari, ebazpena eman dezan bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Hauek dira ez-betetzeak:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.

c) Dirulaguntzen arloko beste xedapenen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.

Horrelako ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak –osorik edo partez– eta berandutze-interesak, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37.1 artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluarekin, eta honako xedapen hauetan xedatutakoa betez: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

17. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.

Zure datu pertsonalak tratatuko dira eta Kultura Ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira.

– Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza. Kultura eta Hizkuntza-Politika Saila.

Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00

Web-orria: https:/euskadi.eus

– Xedea: Kultura Ondarearen arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.

– Legitimazioa: interes publikoaren alde edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak gauzatzearen alde egindako misio bat betetzeko beharrezko tratamendua.

– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoak.

– Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren beste eskubide batzuk ere.

– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web orri honetara: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES)

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/buscar/doc.php?lang=eu&id=BOE-A-2018-16673)

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 5a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala