163. zk., 2023ko abuztuaren 28a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (437 KB - 20 orri.)
- EPUB (645 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4052
AGINDUA, 2023ko uztailaren 4koa, Hezkuntza sailburuarena, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdia egiten baita KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko Lanbide Heziketako irakasle eta ikasleentzat, Erasmus + programaren esparruaren barruan.
Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura Zuzendaritza Nagusiak proposamen-deialdia argitaratu zuen 2023ko ekitaldirako, Europar Batasuneko 2022ko azaroaren 23an Aldizkari Ofizialean - Erasmus + Programako EAC/A10/2022 (2022/C 444/07).
Erasmus + programa hori 2021 eta 2027 urteen bitartean aplikatuko da. Gaur egun, indarrean dago aurreko programa, 2017-2020koa, Erasmus+ proiektu amaitu gabeekin.
Erasmus+ programa hainbat sektoretan banatzen da. Gure dirulaguntza-deialdian, Lanbide Heziketarekin lotutako ekintzak jasotzen dira.
Deialdi hau Hezkuntza Sailaren 2023. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago jasota. Plan estrategiko hori, berriz, Hezkuntza sailburuaren Agindu bidez onartu zen, eta Hezkuntza Saileko https://www.euskadi.eus webgunean argitaratu da.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2023. urteko Aurrekontu Orokorretan, zeinak abenduaren 23ko 15/2022 Legearen bidez onetsi baitziren, kreditu nahikoa dago agindu honek aipatzen dituen laguntzak emateko.
Laguntza hauek honako arau hauetan xedatutakoaren mende daude:
– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena
– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina).
– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretuan bildutako oinarrizko erregulazioa.
Era berean, eskuragarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz.
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Dirulaguntzetarako deialdia egitea, Erasmus + Programaren barruan irakasleen eta ikasleen ikaskuntzarako onartutako mugikortasun-proiektuak kofinantzatzeko, betiere 2023-2024 ikasturtean garatzen badira.
Europako Erkidegoko finantzaketa oro har ez denez iritsiko ekintzaren aurrekontuaren % 100era, deialdi honen bitartez eskuratzen diren dirulaguntzek edota beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik lortzen direnek balioko dute Erkidegoko finantzaketak estaltzen ez duen aurrekontu-portzentajea estaltzeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikasle edo irakasleek izan beharko dute mugikortasun horien azken hartzaileak.
Laguntza honek, bestalde, 2023-2024 ikasturtean garatzen diren mugikortasun-proiektuen aurrekontuaren zati proportzionala estaliko du.
2.– Mugikortasun hauek kofinantzatu ahal izango dira:
1.– Goi-mailako Lanbide Heziketako KA1 proiektuak: ikasleen eta irakasleen mugikortasunak.
2.– Lanbide Heziketako gainerako KA1 proiektuak, goi-mailakoak ez direnak: soilik irakasleen mugikortasunak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi honetara, guztira, 500.000 euro zuzenduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak eta onuradun izateko betekizunak.
1.– Pertsona juridiko pribatuek parte hartu ahal izango dute deialdian, baldin eta:
– Egiaztatzen badute Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen dutela jarduera ekonomikoa.
– Erasmus+ proposamenen deialdian proiektuak onetsita badituzte.
– Erasmus+ Programako KA1 proiektuetan parte hartzen badute Lanbide Heziketaren eremuan.
2.– Erakunde eskatzaileek eskakizun hauek bete beharko dituzte deialdi honetan parte hartzeko:
– Ez izatea zehapen penal edo administratiborik, eragozten duenik dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea.
Ez izatea zehapen administratiborik edo penalik inor diskriminatzeagatik sexuagatik edo ez betetzeagatik emakumeen eta gizonen berdintasun-arloko araudia (Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea).
Derrigortasun-kasuetan, berdintasun-plan bat indarrean izatea, eta/edo egiaztatzea neurriak ezarri direla sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko legeriak ezarritako baldintzetan.
Diruz lagunduko den jarduerak ezin izango du eragin sexuan oinarritutako bereizkeriarik.
– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, betekizun hori betetzen dela, eta, horretarako, ez du erakundearen baimenik beharko, Ekonomia eta Ogasun sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera.
Erakunde eskatzaileak uko egin ahal izango dio egiaztapen automatiko horri. Kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
– Ordainduta edukitzea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
– Beteta izatea eska daitekeen beste edozein betebehar eta eskakizun, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera.
3.– Aurreko apartatuan adierazitako eskakizunez gain, erakundeak honako hau egiaztatuko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:
– Ea beste laguntzarik edo baliabiderik eskatu eta, hala badagokio, lortu dituen helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
– Egiaztatu duela proiektuan parte hartzen duten pertsonek ez dutela jaso Eusko Jaurlaritzako edo Espainiako Gobernuko beste dirulaguntzarik proiektu honetarako.
– Atxiki egiten zaiola Lanbide Heziketaren eremuko pertsonen ikaskuntzarako KA1 mugikortasun-ekintzak antolatu eta garatzeko dirulaguntzak kofinantzatzeko aginduan ezarritakoari, ERASMUS+ programaren esparruaren barruan.
– Ezagutzen eta onartzen dituela deialdiaren oinarri guztiak, eta konpromisoa hartzen duela haren xedeak betetzeko, baldin eta laguntza ematen bazaio.
– Betetzen dituela laguntzen onuradun izateko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen eskakizunak. Badituela hori egiaztatzen duten agiriak. Erakundeak administrazioaren esku jarriko dituela aipatutako agiriak, hala eskatzen zaionean.
– Konpromisoa hartzen duela betebehar horiek betetzeko dirulaguntza jasotzeko eskubidea duen bitartean.
– Konpromisoa hartzen duela jakinarazteko ebazpenean kontuan hartutako ezer aldatzen bada.
– Egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, bai eta harekin batera aurkeztutako agirietan emandako datuak.
4.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntza- edo dirulaguntza-arloan hasitako itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak, bai eta beteta egotea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ere.
Dirulaguntza emateko eta ordaintzeko unean egiaztatuko da ea baldintza horiek betetzen diren.
4. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateraezintasuna.
Proiektu hauetan parte hartzen dutenek ezin izango dute jaso beste laguntzarik, norbanako modura, xede bererako Eusko Jaurlaritzak edo Espainiako Gobernuak kudeatzen duen beste edozein deialdiren bitartez.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko:
– Helbide honetan eskura daiteke administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, zeinetan jasotzen baitira eskaera izapidetzeko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta zeinaren bidez jotzen baita eskabidearen datu-orrira:
https://www.euskadi.eus/servicios/0097415
– Helbide honetan egingo dira eskabidearen osteko izapideak:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Helbide elektroniko honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartuta dituen identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak:
https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da; horretarako, ordezkaria inskribatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordeen Erregistro Elektronikoan, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/ordezkariak
Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Zer hizkuntza aukeratzen duten, hizkuntza hori erabiliko da prozeduran zehar.
2.– Eskabidearekin batera (I. eranskina), honako dokumentazio hau aurkeztuko beharko da (egoitza elektronikoan dago eskuragarri, PDF betegarri formatuan):
– Formulario normalizatua. «Proiektua identifikatzea» (II. eranskina).
– Formulario normalizatua. «Eskatutako laguntza kalkulatzea» (III. eranskina).
– SEPIE Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuari egindako eskabidea. Dagoeneko onartuta dauden proiektuen kasuan, SEPIEk onartutako hitzarmenaren II. eranskina aurkeztu beharko da; izan ere, bertan azaltzen dira proiektuaren xehetasunak (besteak beste, zer dirulaguntza eman den, zein diren proiektuaren hasiera- eta amaiera-data eta ikasle eta irakasleen mugikortasun-kopuruak).
3.– Eskabideek aukera emango dute erakunde eskatzaileak espresuki baimena eman dezan organo kudeatzaileak eskura edo egiazta ditzan jarraian adierazten diren datuak edo dokumentuak. Baimen horrek ez die eragiten Administrazio Publikoaren esku dauden egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenei.
4.– Funtsezko zehaztasunik ezak, faltsutasunak edo omisioak erantzukizun penal, zibil edo administratiboak sortu ahal izango ditu.
6. artikulua.– 6. artikulua.– Aurkezteko eta zuzentzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak ez baditu betetzen eskatzen diren baldintzak, erakunde interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzen dezala edo beharrezko dokumentuak aurkez ditzala hamar eguneko epean. Horrelakorik egin ezean, ulertuko da eskaeran atzera egin duela, dagokion ebazpena emanda. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatuaren arabera.
7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako Europako Programen Atalari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak kudeatzea, eta Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria da atal horren arduraduna.
8. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta esleitzeko prozedura zehaztea.
Deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, laguntzak kudeatzen dituen organoak zehaztuko du zenbatekoa den dirulaguntza, eta honela esleituko du:
a) Zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da IV. eranskinean zehaztutako laguntza-taula.
b) 2. artikuluan adierazitako zuzkidura ez bada aski aurkeztutako eskabide guztiei hasieran kalkulatutako zenbatekoetan erantzuteko, zuzkidura hori hainbanatuko da (proportzionalki banatuko da) eskatutako eskakizun guztiak betetzen dituzten eskabideen artean, eskatutako guztizko zenbatekoan oinarriturik.
9. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak egindako proposamena ikusirik, Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du zer kasutan eman edo –hala badagokio– zer kasutan ukatu edo ez onartu deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.
2.– Ebazpena jakinarazteko, ebazpen hori argitara emango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa). Ebazpena argitaratzeko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Argitaratzeaz gain, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpen-abisuak bidaliko dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak bidalita eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dira, inoiz, gauzatutako jakinarazpentzat joko.
3.– Epea amaitu eta erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazi ezean, ulertuko da eskabidea ezetsi egin dela.
4.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza sailburuari. Errekurtsoa aurkezteko epea, berriz, hilabetekoa da, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
10. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntza bi epetan ordainduko da (lehena 2023ko ekitaldian, eta azkena 2024koan):
a) Proiektu bakoitzerako laguntza osoaren % 40, behin onartu eta gero ematen den laguntza, edo, hala badagokio, Aginduaren 11.a) artikuluan ezarritako epea igaro, eta uko espresurik adierazi ez bada.
b) Bigarren ordainketa, gainerako % 60koa, ondoren adierazten den dokumentazioa jaso eta gero.
Hala, behin amaitu eta gero diruz lagundutako proiektuan planifikatutako mugikortasun guztiak, erakunde onuradunak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du, gehienez ere hilabeteko epean:
– Egindako mugikortasunen azken laburpena, V. eranskinaren arabera.
– Ziurtagiri bat, egindako mugikortasun bakoitzeko, VI. eranskinaren arabera
– Eskabidea aurkeztean ezinezkoa izan bada SEPIEk onartutako hitzarmena aurkeztea (II. eranskina), une honetan aurkeztu beharko da.
Behin dokumentazioa jasota eta egiaztatuta dokumentazio horretan azaltzen diren datuak, agindua emango da kofinantzaketa ordain dadin egindako mugikortasunen arabera.
V. eta VI. eranskinak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/servicios/0097415
2.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako datu-basean agertu beharko du, dagokionean.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da, zeina eskuragarri baitako helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/hirugarrenak
11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Onartzea ematen den dirulaguntza. Dirulaguntza onartutzat joko da, baldin eta erakunde onuradunek ez badiote espresuki eta idatziz uko egiten hamabost egun naturaleko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
b) Zertarako eman den dirulaguntza, horretarako erabiltzea.
c) Publikotasun egokia ematea diruz lagundutako proiektuen finantzaketa publikoari, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatuaren arabera.
b) Beren eginkizunetan dihardutela Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak zer informazio eskatzen duten deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz, informazio hori ematea.
e) Jakinaraztea ea dirulaguntzarik edo laguntzarik, estatukorik nahiz nazioartekorik, jaso den xede bererako beste administrazioren batetik edo erakunde publiko zein pribaturen batetik.
f) Hezkuntza Sailak egiten dituen egiaztapen-lanak onartzea.
g) Betetzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/46 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezartzen dena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezartzen dena.
12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea eta itzultzea.
1.– Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta ezer aldatzen bada dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan baina ulertzen bada haren xedea bete dela, eta, hala dagokionean, baldin eta dirulaguntzarik edo laguntzarik lortzen bada beste erakunde publiko edo pribaturen batetik.
Halakoetan, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, berriz, doitu egingo dira eman diren dirulaguntzen zenbatekoak.
2.– Itzultzeko prozedurari ekingo zaio, baldin eta laguntzaren erakunde onuraduna kasu hauetako batean badago:
– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako kasuetan.
– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan adierazitako kasuetan.
– Ez betetzea agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak eta betebeharrak.
– Dirulaguntza ematea eragin zuten baldintzetako edozein bete ezean.
3.– Dirulaguntza ematea ekarri duten baldintzak bete ezean, erakundeak jasotako zenbateko osoa edo horren zati bat itzuli beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, dirulaguntzen arloan aplika daitekeen berandutze-interesak gehituta.
Lege-testu hauetan arautzen da nola aldatu eta itzularazi dirulaguntza:
– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
– 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duena.
– Laguntza esleitzeko ebazpena.
13. artikulua.– Datuak babesteari buruzko oinarrizko informazioa.
Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta tratamendu-jarduera honetan sartuko dira: Laguntza eta dirulaguntzak Lanbide Heziketako ikastetxeentzat eta erakunde laguntzaileentzat.
Arduraduna: Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritza, Hezkuntza Saila.
Helburua: Laguntza ekonomikoen eskaerak izapidetzea, parte-hartzaileak eta/edo interesdunak identifikatuta. Erakunde laguntzaileentzako dirulaguntzak.
Legitimazioa:
1.– Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.
3.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
Hartzaileak:
1.– Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk
2.– Ekonomia eta Ogasun Saila
Eskubideak: zuk eskubidea duzu datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko, eta informazio gehigarrian adierazitako beste eskubide batzuk ere badituzu.
Informazio gehigarria: datuak babesteari buruzko informazio gehigarri eta xehea duzu kontsultatu ahal duzu gure web-orrian.
Araudia:
1.– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.
2.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza sailburuari, hilabete bateko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, bi hilabeteko epean. Epe biak kontatzen hasiko dira agindu hau EHAAn argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 4a.
Hezkuntza sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.