163. zk., 2023ko abuztuaren 28a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (178 KB - 8 orri.)
- EPUB (305 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
4051
AGINDUA, 2023ko ekainaren 21ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, itunpeko ikastetxe pribatuek 2023-2024 ikasturtean Ulibarri Programan sartzeko edo bertan jarraitzeko dirulaguntza-deialdia egiten duena.
Ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuak (ekainaren 21eko EHAA) hizkuntza-normalizazioko Ulibarri Programa arautzen du.
Aipatu dekretuaren 8.d) artikuluak zera dio: «Hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuetan, hezkuntza arloko eskumenak dituen Sailak dirulaguntza emango du ikastetxeko hizkuntza normalizazioko arduradun teknikoari bere eskola-emankizunetan esleitu zaizkion ezinbesteko liberazio-orduen kostua ordaintzeko, dekretu honen 20. artikuluan xedatutakoarekin bat».
Bestalde, hau dio Dekretuaren 18.1 artikuluaren lehenengo puntuak: «Dirulaguntza deialdia hezkuntza alorreko eskumenak dituen sailburuaren agindu baten bidez egingo da. Deialdi horretan ezarriko dira programari esleitutako aurrekontu-kreditua eta eskabideak aurkezteko epea». Deialdi hau 2023. urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Horrez gain, Dekretuaren 27.3 artikuluak dio itunpeko ikastetxe pribatuentzat aipatutako prozedurak agindu bakarrean iragarri ahal izango direla, edo bereizitako deialdietan.
Deialdi honen prozeduran, xedapen hauek izango dira aplikagarri: hizkuntza-normalizazioko Ulibarri Programa unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretua (ekainaren 21eko EHAA); Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren eta berorren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko xedapenak; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. titulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
Hortaz, agindu honen bidez ezartzen dira, batetik, 2023-2024 ikasturtean Ulibarri Programarako eta programa horretan parte hartuko duten ikastetxeentzako baliabideak, eta, bestetik, programan sartu nahi duten ikastetxeentzako prozedura eta balorazio-irizpideak.
Hori dela eta, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta diru-baliabideak.
1.– Agindu honen xedea da itunpeko ikastetxe pribatuei dei egitea 2023-2024 ikasturtean Ulibarri Programan sartzea edo bertan jarraitzea eskatzeko.
Deialdi honi dagokion araudia unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan hizkuntza-normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan jasota dago.
2.– Hezkuntza Sailak gehienez 1.225.000 euro erabiliko ditu deialdi honetan Ulibarri Programan sartuko diren edo bertan jarraitu nahi duten itunpeko ikastetxeei dirulaguntzak esleitzeko.
2. artikulua.– Eskabideak.
1.– Ulibarri Programan sartu edo bertan jarraitu nahi duten itunpeko ikastetxeek eskabidea egin behar dute. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarrietan jasotako baldintzak espresuki eta formalki onartzea dakar.
2.– 2023-2024 ikasturtean Ulibarri Programan sartu nahi duten ikastetxe berriek, eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte:
a) Ikastetxearen hizkuntza-normalizaziorako proiektua (2022-2026), bat etorriz ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan xedatutakoarekin eta Berritzeguneetako hizkuntza-normalizazioko aholkulariek emandako jarraibideekin, eta, betiere, www.ulibarri.euskadi.eus webgunean dagoen eredua erabilita.
b) Proiektuak ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenaren edo ikastetxeko Eskola Kontseiluaren onarpena baduela egiaztatzen duen agiria.
c) Proiektua ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren ildo nagusietan txertatzen dela egiaztatzen duen ikastetxeko zuzendaritzaren agiria.
Administrazio-prozeduraren informazio-fitxan daude eskuragarri izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta bertatik sartzen da eskabide-inprimakira; helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173221
3.– Jadanik Ulibarri Programan dauden eta 2023-2024 ikasturtean ere bertan jarraitu nahi duten ikastetxeek honako helbide honetan jasotako arauen arabera aurkeztu beharko dute eskabidea: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173222
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak eta justifikazioak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
6.– Eskabidea elektronikoki izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, haren ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da; helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
3. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharrak eta justifikazioa.
1.– Ikastetxeek, Ulibarri Programan lehenbizikoz sartuko direnek nahiz bertan jarraitu nahi dutenek, hizkuntza-normalizazioko 2023-2024 ikasturteko plana aurkeztu beharko dute 2023ko irailaren 1etik 2023ko irailaren 29ra, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Era berean, 2024ko ekainaren 3tik 2024ko ekainaren 28ra bitartean, 2023-2024 ikasturteko memoria aurkeztu behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– 2024ko ekainaren 3tik 2024ko ekainaren 28ra bitartean, 2023-2024 ikasturtean hizkuntza-normalizazioko ikastetxeko planaren arduradun tekniko denaren (HNAT) liberazio-ordu diruz lagunduak estaltzeko kontratatutako irakasleen nominak aurkeztu beharko dituzte, egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
a) 2023ko irailetik 2024ko ekainera arteko nominak aurkeztu behar dira, biak barne.
b) Aurkeztu beharreko nominak hizkuntza-normalizazioko ikastetxeko planaren arduradun teknikoa (HNAT) ordezkatzeko kontratatutako irakasleenak dira.
c) Ikastetxean planaren arduraduna ordezkatzeko kontratatutako irakasleen nominek ordainketa eskuordetutik kanpo egon beharko dute.
4. artikulua.– Justifikazio-inprimakia.
Ikastetxeek helbide honetan jasotako justifikazio-inprimakia bete eta bidali beharko dute: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0173222
5. artikulua.– Jarraipen-batzordearen osaera.
– Batzordeburua: Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria: Amaia Agirre Pinedo.
– Bokalak:
a) Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren Zuzendaritzako Euskara eta Eleaniztasunerako zerbitzuburua: Alberto Telleria Zabala.
b) Euskara eta Eleaniztasunerako Zerbitzuan Ulibarri Programaz arduratzen diren bi teknikari: Alfredo Castresana Herran eta Maitane Izagirre Zubimendi.
c) Berritzeguneetako normalizazioko bi aholkulari (HNA) eta Berritzegune nagusiko hizkuntza-normalizazioko programaren arduraduna: Rakel Iruarrizaga Barragan, Jasone Aldekoa Arana eta Joseba Ibarretxe Fernandez de Larrinoa.
d) Egoki iritziz gero, hizkuntza normalizazioaren arloan itzala duten adituek ere parte hartu ahal izango dute batzordean, gehienez bik.
– Idazkaria: b) letran aipatutako teknikarietako bat.
6. artikulua.– Bete beharreko araudia.
Deialdi honi dagokion araudia unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan hizkuntza normalizazioko Ulibarri Programa arautzen duen ekainaren 11ko 84/2019 Dekretuan dago jasota.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beraz, honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 21a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.