Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

163. zk., 2023ko abuztuaren 28a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4050

AGINDUA, 2023ko uztailaren 26koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, ardoaren sektorerako aparteko dirulaguntzetarako 2023ko deialdiaren oinarriak, Errioxako Jatorri Deitura Kalifikatua (JDKa) ikurreko ardoak destilatzeko.

Munduko ardo-merkataritzak zalantza askoko urtea izan zuen 2022a, COVID-19aren pandemiaren ondorenari erritmo oso onean buelta eman bazion ere, Errusiako Ukrainaren inbasio militarraren ondorioz. Urte hasieran horniduren eta materialen krisia eragin zuen inbasioak, baita energia eta erregaiak nabarmen garestitzea ere, eta faktore horiek inflazio global handia ekarri dute azkenik. Horrek guztiak nahasmen handia eragin dio mahastizaintzako eta ardogintzako merkatuari, eta aldi baterako salbuespenezko neurriak ezarri behar izan dira, Errioxa JDKren babespean Euskadin ekoizten den ardoaren izakinak murrizteko.

Eragin hori bereziki kezkagarria da Errioxako JDKn, saltzeko inongo aukerarik gabe pilatzen ari baitira upategietan ardo-soberakinak eta -stocka, erruz (JDK osoan, gutxi gorabehera, 80 milioi litro, kalkuluen arabera), gehi hurrengo uztakoak. Gero eta larriago, hortaz, sektorearen egoera, denbora asko samar beharko baitu soberakin horiek merkatura ateratzeko, munduko merkataritzan etortzekoa omen den hobekuntza eta hazkundearen bitsetan.

Euskadin, Ardoaren Merkatuaren Espainiako Behatokiak aztertutako datuen arabera, ardo-esportazioak % 12,7 jaitsi ziren, bolumenaz, 2022ko lehen 10 hilabeteetan (urrira arte metatutako aldia), alegia, 38,7 milioi litro. Azken 10 urteetan aldi horretan merkaturatutako ardo-kantitate txikiena da. Horrela, bada, agindu honetan araututako salbuespenezko neurriak prezioak ez jaisten laguntzera datoz; izan ere, Errioxa JDKren babespean dagoen ardo kopurua murrizten eta eskaintza eta eskaria arautzen lagunduko dute, Euskadiko mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea berriz orekatzeko asmoz.

Agindu honetan jasotzen diren laguntzak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera emango dira. Erregelamendu horren bidez sortu zen nekazaritza-produktuen merkatuen antolakunde erkidea, eta honako erregelamendu hauek indargabetu zituen: 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) -horrek, 216. artikuluaren bidez, ahalmena eman zien estatu kideei ordainketa nazionalak egin ziezazkien ardo-ekoizleei, ardoa nahita edo nahitaez destilatzeko, krisi-kasu justifikatuetan.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluan jasotako gaikuntzan aurreikusitakoaren arabera, nahitaezkoa da Administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea laguntza-ildo guztietarako, kontuan hartuta onuradun izan daitezkeenek bitarteko horiek erabiltzeko gaitasuna badutela beren dedikazio profesionalaren ondorioz, kontuan hartuta sektorearen laguntza- eta kontrol-arloko araudiak harreman elektronikoak erabili beharra ezartzen diela hartzaileei informazio-betebeharrak betetzeko, gainera, nolanahi ere, harreman elektronikoak bideratzeko moduko ekipamendua arrunta badutela, eta, hortaz, egiaztatuta dagoela behar diren bitarteko elektronikoak badituztela eskura, eta erabiltzeko moduan.

Horregatik guztiagatik, honen bidez argitaratu egingo da laguntzen deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko 2023ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 15/2022 Legeak baimendutako kredituen arabera nahikoa zuzkidura badagoenez.

Eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearekin bat etorriz (lege horren 26.4 artikuluaren arabera, Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak emateko eskudantzia izango dute), honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Ontzat ematea ardoaren sektorerako aparteko dirulaguntzetarako 2023ko deialdiaren oinarriak, Errioxako Jatorri Deitura Kalifikatua (JDKa) ikurreko ardoak destilatzeko. I eranskinean datoz jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita bi hileko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta Espainiari jakinarazi zaio Espainian ardoaren krisia destilatzeko ordainketa gehigarriak baimentzen dituen Batzordearen 2023ko uztailaren 26ko Erabakia.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 26a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA

1. oinarria.– Xedea eta izaera.

1.– Agindu honen xedea da deialdia egitea ardoaren sektoreko 2023ko ezohiko laguntzetarako, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren babespeko ardoak destilatzeko.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.

3.– Laguntza hauen helburua da egonkortasuna ematea Euskadiko ardoa ekoizten duten enpresei, gaur egun duten egoeragatik, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren babespean dauden ardoen itzelezko soberakinak dituztenez.

4.– Laguntza hauek emateko, 1308/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2013ko abenduaren 17koa, nekazaritzako produktuen merkatuen antolakunde erkidea sortzen duena, eta 922/72 (EEE), 234/79 (EEE), 1037/2001 (EE) eta 1234/2007 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena.

5.– 1. zenbakian jasotako destilazioaren ondoriozko alkohola industria- edo energia-helburuetarako soilik erabiltzerik izango da, lehia inola faltsutzea saihesteko.

2. oinarria.– Laguntza-lerroa.

Agindu honen 1. oinarrian ezarritako helburua lortzeko, laguntza-lerro bakarra ezarriko da Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren babespeko ardoak nahita destilatzeko.

3. oinarria.– Aurrekontu-zuzkidura.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretatik, 8.000.000 euroko aurrekontu-kreditua jarri dira deialdi honetarako.

2.– Laguntza-deialdi honen kontura emango diren laguntzen kopuru osoak ezin izango ditu gainditu aipatutako baliabideak, ez eta, zenbateko hori egokitzetik ateratzen dena ere, indarrean den aldaketak egitea onartzen bada, legediaren arabera aurrekontuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin behar da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da).

4. oinarria.– Onuradunak.

Laguntza hauek jasotzekotan, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Industrien Erregistroan (NEIE) aktibo eduki behar dute establezimenduren bat ardo-enpresek, eta establezimendu aktibo horretan Errioxa JDKren babespeko ardoa ekoitzi behar dute, ardo horren zati batek Errioxa JDKren Kontseilu Arautzaileak kontrolatu eta gainbegiratuta destilatua izan behar du.

5. oinarria.– Eskakizun orokorrak.

Agindu honetan deitutako edozein laguntza-lerroren onuradun izateko, oinarri honetan ezarritako baldintzak bete behar dira; hain zuzen ere, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako baldintzak.

Hortaz, honako baldintza hauek bete beharko dira, laguntza hauek jasotzekotan:

1.– Enpresa ez egotea krisiak jota, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko zuzentarauetan ezarritako definizioaren arabera (2019ko abenduaren 31ko kategorien araberako salbuespen-erregelamenduan xedatutakoari lotuta).

2.– Ez egotea errekuperatze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki duelako laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

3.– Ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, influentzia-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

4.– Borondatez konkurtsoa deklaratzeko eskaerarik egin ez izana; edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratua ez izatea; konkurtsoan deklaratuta ez egotea (salbu eta konkurtso horretan hitzarmen batek efikazia lortu badu); esku-hartze judizialaren mende ez egotea eta Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaituta ez egotea, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe egonik.

5.– Ez izatea administrazioarekin egindako kontratu baten suntsiarazpen irmoaren eragile deklaratua.

6.– Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea honako lege hauek jasotako egoeratan: Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko Eusko Legebiltzarraren 1/2014 Legean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak ez izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

7.– Egunean edukitzea indarrean dauden xedapenek ezarritako tributu-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Eskakizun hori behar bezela beteta eduki beharko da nola onuradun izateko hala izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

8.– Egunean egotea itzulketa- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez, EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, edo dagokion itzultze-ebazpena dela-eta bertan behera uztea erabaki bada. Eskakizun hori behar bezala beteta eduki beharko da nola onuradun izateko hala izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Beraz, alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.

13.3bis artikuluko betekizunari dagokionez, eskatutako laguntzaren zenbatekoa 30.000 eurokoa edo handiagoa bada, eskatzaileak IV. eranskinean deskribatutako dokumentua erantsi beharko dio eskabideari.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluko 5. paragrafoari men eginez, ezin izango zaio inolako laguntzarik edo dirulaguntzarik eman sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duen jarduera bati, ez eta sexu-bereizkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoei ere, kasuan kasuko zehapenean ezarritako aldian. Halaber, laguntza eta dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira estatu-araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten arren halakorik ez duten enpresak, eta, estatu-legeriak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esparruan finkatzen duen moduan sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak ezarri dituztela egiaztatzen ez duten 50 langiletik gorako enpresak.

Halaber, ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalik dutenek, ez eta martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren indarrez debeku horren zehapena dutenek ere (1/2023 Legegintzako Dekretua, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen testu bategina onartzen duena).

6. oinarria.– Aplikazio-eremua.

2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 30era bitartean, EAEn ekoitzitako ardoaren nahitako destilaziorako laguntza bat ezartzen da, Errioxa JDKren babespeko ardo beltz eta gorrietarako, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamenduaren 93.1 a) artikuluan ezarritakoan oinarrituta aitortu eta babestuetarako.

7. oinarria.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Errioxa JDKak babestutako eta EAEn egindako ardo destilatuaren litro bakoitzeko laguntzaren balioa honako hau izango da:

a) Ardo beltza: 0,925 €, litroko

b) Ardo gorria: 0,835 €, litroko

2.– Destilatu daitekeen gehieneko litro kopurua honako hau izango da:

– Errioxa JDKak babestutako eta 2022an EAEn ekoitzitako ardo guztiaren % 10, baldin 500.000 litro edo gehiago badira.

– Errioxa JDKak babestutako eta 2022an EAEn ekoitzitako ardoaren guztizko ekoizpenaren % 15, baldin 250.000 litro edo gehiago eta 500.000 litro baino gutxiago badira.

– Errioxa JDKak babestutako eta 2022an EAEn ekoitzitako ardoaren guztizko ekoizpenaren % 20, baldin 250.000 litrotik beherakoa bada.

3.– Ardogintzako kooperatibei ez zaie aplikatuko aurreko puntua, eta destilatzerik izango dute, gehienez ere, EAEn 2022an babestutako eta ekoitzitako ardo guztiaren % 20.

4.– Upategi batek 2022an ardorik elaboratu ez badu, 2021ean egindako uzta hartuko da erreferentziatzat.

5.– Ardo hauek ez dira destilagarritzat joko:

– Ardoaren sektorean COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak biltegiratzeko emandako laguntzen onuradun izan direnak (2021eko ekainaren 16ko Aginduko aparteko neurrietan bildurikoak) edo COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko ardoaren sektorean aparteko neurriak hartzen dituen ekainaren 9ko 557/2020 Errege Dekretuak araututako biltegiratze pribaturako laguntzen onuradun izan direnak.

– Upategi berean egin ez, eta aurretiazko merkataritza-jarduera baten bidez egindako erosketa batetik datozenak.

6.– Eragiketa horren ondoriozko kopurua ordainketa bakarrean ordainduko da, destilazioa gauzatu dela egiaztatu ondoren.

8. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2023ko abenduaren 31 arte luzatuko da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta aurkeztu behar dira, ebazpen honen 4. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

3.– Enpresa bakoitzak eskabide bakarra.

4.– Eskabidea nola tramitatu jakiteko, eta erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak eskuratzeko, jo helbide honetara: https://www.euskadi.eus/servicios/1106102. Eskabide-agiria ere bertan dago.

Eskaeraren ondorengo izapideak, bide elektronikoz, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta»ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak helbide honetan eskuratu daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak.

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza, ahalordeen erregistro elektronikoaren bitartez: https://www.euskadi.eus/representantes.

6.– Laguntzak eskatzeko ereduaren oinarrizko edukia agindu honen II. eranskinean dago argitaratuta.

7.– Eskabidearekin batera, agindu honen III. eranskinean zehazten den dokumentazio orokorra aurkeztu beharko da.

8.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean daudela adierazteko ziurtagiriak. Sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan, egiaztapen hori parte-hartzaile guztiei egingo zaie. Hala ere, eskatzaileak uko egin diezaioke egiaztapen horri eskatzaileak, berariaz, inplizitu baitago baimena dirulaguntza-eskaeran. Uko egiten badu, berak aurkeztu beharko du ziurtagiria edo eskatzen zaion dokumentua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

9.– Oinarri honen 7. puntuan eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste edozein administraziotan aurkeztu bada, eta eskatzaileak berariaz adierazten badu dokumentu horietan ez dela inolako aldaketarik egon, eta adierazten badu non, noiz eta zer prozeduraren barruan aurkeztu ziren dokumentu horiek, aurkeztutzat joko dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan aurkeztu diren eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen horri, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

10.– Bai eskabidea bai aurkeztu beharreko dokumentazioa aukerako hizkuntza ofizialean aurkez dezake eskatzaileak. Era berean, laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

11.– Eskabideak ez baditu betetzen bete beharreko baldintza guztiak, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

12.– Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

9. oinarria.– Laguntzen kudeaketa.

1.– Nekazaritzako Elikagai Politika eta Industriarako Zuzendaritzak du dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko eskumena.

2.– Sustapen-eskaerak ebaluatzeko eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hiru kidek osatuko dute (hirurak bokalak) emakumeen eta gizonen presentzia ziurtatuta, non eta ez dagoen behar bezala arrazoitutako arrazoi sendo eta objektiborik hala ez izateko. Hirurak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailekoak izango dira, eta horietako bat Enpresa Programaren arduraduna. Beste biak Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikarien artean aukeratuko dira.

Agindu honetan araututako deialdirako, Balorazio Batzordea honako hauek osatuko dute: Elisa Torre-Enciso Enciso andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako Enpresa Programaren arduraduna, presidente gisa jardungo duena; M.ª Carmen González Hernández andrea, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, bokal gisa jardungo duena; eta Eduardo Castillo Díaz jauna, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, bokal eta idazkari gisa jardungo duena. Ordezkoak honako hauek izango dira: M.ª Luisa Fraile Correa, Ikerketa Programen arduraduna, Elisa Torre-Enciso Encisoren ordezko; Iñaki Aresti Uribe, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, M.ª Carmen González Hernándezen ordezko; eta Amaya Jalón Ayala, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzako teknikaria, Eduardo Castillo Díazen ordezko.

Batzordeak, bere eginkizunak bete beharrez, aukeran izango du egoki jotzen dituen adituei galdegitea bileretara joateko eta aholkularitza emateko.

3.– Balorazio-batzordearen egitekoak hauek izango dira:

a) Aurkeztutako eskabide guztiak aztertzea, eta aplikatzekoa den araudia betetzen ez dutenak baztertzea. Era berean, araudia betetzen ez duen eskabide bakoitza baztertzeko arrazoiak zerrendatuko ditu.

b) Araudia betetzen duten eskabideak ebaluatzea eta onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoari buruzko proposamena egitea.

4.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamen bat egingo dio, eskatzaile bakoitzari buruz bana, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, destilaziorako laguntzari buruz, eta Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari, uzta berdeari buruz. Proposamen horrek eranskin honen 11. oinarrian aipatzen den edukia jaso beharko du, gutxienez.

5.– Balorazio-batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu. Arau horiek aurreikusten ez dituzten gaietan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatuko da.

10. oinarria.– Esleitzeko prozedura.

Laguntzak emateko prozedura ondoz ondoko konkurrentzia izango da, eta, beraz, espedienteak eskabideak aurkezteko ordenaren arabera aztertu eta izapidetuko dira, eta behar bezala formulatuta eta osatuta geratzen diren neurrian eta ordenan ebatziko dira, funtsak agortu arte.

Laguntza horietara bideratutako aurrekontua agortzen bada, horren berri zabalduko da Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta. Baldin aurkeztuta dauden eskaera batzuk, osorik badaude eta izapidetzen ari badira, baina ezin badira eman, esleitutako aurrekontu-zuzkidura agortu delako, baztertu egingo dira, arrazoi horrexegatik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

11. oinarria.– Ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertu ondoren, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari dagokio eskabidea ebaztea eta eskatzaileari jakinaraztea, gehienez ere sei hilabeteko epean, laguntza-eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Ebazpen horretan, eskatutako laguntza eman edo ukatuko da.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

Baietsitako eskabideei buruz:

a) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

b) Eskatutako litroak / Diruz lagundutako litroak.

c) Laguntzaren zenbatekoa, guztira.

Ukatutako eskabideei buruz:

a) Onuradunen izena edo izen soziala, eta IFK edo NANa.

b) Ukatzeko arrazoiak.

3.– Onuradunei dirulaguntza horiek emateko eta ordaintzeko, lehenik eta behin, destilazioaren ziurtagiria beharko da, eta amaituta egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedurak.

4.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Ebazpena aldekoa bada, onuradunek hamabost egun izango dituzte gehienez jota, adierazteko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari adierazteko ebazpena onartu dutela, ezarritako baldintzetan onartu ere.

6.– Oinarri honen lehenengo apartatuan aurreikusitako epea igarota, interesdunei ez bazaie eskaeraren ebazpena jakinarazi, ezetsi egin zaiela ulertu beharko dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen otsailaren 11ko 1/2021 Legearen azken xedapenetako hirugarrenaren 6. apartatuarekin lotuta.

7.– Prozedurako ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo, hiru hilabeteko epean administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

12. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan iragarritako laguntzen onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei (aurrerantzean EONALTB-ri) buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan araututako betebeharren araubidea bete beharko dute; zehazki, hauek bete beharko dituzte edonola ere:

14.1 artikuluari buruz:

a) Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoena taxutzea (helburua bete, proiektua egikaritu, jarduera burutu edo jarrera hartu).

b)Behar bezala justifikatzea -dirulaguntza ematen duen organoaren edo, hala badagokio, erakunde laguntzailearen aurrean- betekizunak eta baldintzak betetzen direla, bai jarduera egin dela eta dirulaguntza ematea edo baliatzea eragin duen helburua bete duela.

c) Dirulaguntza ematen duen organoak edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, bai eta eskumena duten nazioko zein Europako Erkidegoko kontrol-organoek egin dezaketen finantza-egiaztapeneko eta -kontroleko beste edozein jarduketa ere, eta jarduketa horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko estelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso baditu, horren berri ematea dirulaguntza eman duen organoari edo erakunde laguntzaileari. Jaso dela jakin bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen.

e) Egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, laguntza edo dirulaguntzaren lidikdazioa egin artekoak.

f) Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako dokumentuak behar bezala ikuskatuak izatea, onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, bai eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko guztiak ere, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia ziurtatzeko.

g) Emandako laguntza onartzea, 11. oinarriko 5. apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

h) Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita agiri elektronikoak ere, egiaztatu eta kontrolatzeko balioko dutelakoan.

i) Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluak ezartzen dituen zabaltze-neurriak hartzea.

j) Jasotako funtsak itzultzea, baldin Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta EONALTBren 53. artikuluan ezarritako kasuren bat gertatu bada.

46. artikuluari dagokionez, lankidetzan aritzea ezinbestekoa da, honela:

1.– Onuradunak, erakunde laguntzaileak, hala badagokio, eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin zerikusia duten hirugarrenak behartuta daude Estatuko Administrazioaren, autonomia-erkidegoen edo toki-korporazioen Kontu Hartzailetza Nagusiari laguntzera eta kontrol-funtzioak betetzean eskatzen zaien dokumentazio guztia ematera, dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruan, bai eta, Europar Batasuneko araudiari jarraikiz, finantza-kontroleko eginkizunak esleituta dituzten organoei ere; horretarako, honako ahalmen hauek izango dituzte:

a) Egiaztatu beharreko dokumentazioa eskura izan behar da, nahieran, baita informatika-euskarrietako programak eta artxiboak ere.

b) Negozio-lokaletara eta diruz lagundutako jarduera garatzen den gainerako establezimendu edo lekuetara sartzeko aukera izatea, nahieran, edo dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketen errealitatea eta erregulartasuna egiaztatzeko aukera.

c) Faktura, agiri baliokide edo ordezko eta eragiketei buruzko beste edozein agiri atxiki edo kopia eskuratzeko aukera izatea, baldin eta dirulaguntza oker lortu, gozatu edo bideratu dela erakusten duten zantzuak badaude.

d) Dirulaguntzak kobratzeko edo xedatutako funtsen kargua egiteko finantza-erakundeetako banku-kontuetako informazioa eskura izatea, nahieran.

2.– Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentziatzat, aitzakiatzat, oztopatzetzat edo ukapentzat hartuko da, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluaren arabera, eta hala badagokio, zehapenak ezarriko dira.

Era berean, laguntza hauek jasoko dituzten erakunde onuradunek beren gain hartu beharko dituzte martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuak ezarritako betebeharrak (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategina onartzen duena); besteak beste, tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta langileen aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioak bete beharko dituzte. Publizitatean nahiz sortuko dituzten dokumentuetan hizkera eta irudi inklusiboak erabiliko dituzte, sexuari lotutako rolak eta estereotipoak saihestuz.

Agindu honetan jasotako laguntzak, ardoa destilatzekoak, jaso dituztenek konpromisoa hartuko dute, idatziz, 2023ko ekitaldian gutxienez jarduerari eta enplegu-mailari eusteko.

Azkenik, azken 5 urteetan Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso ez badute, Hirugarrenen Alta Agiria aurkeztu beharko dute, emandako laguntza mamitzeko, beraz dirulaguntza ordaindu aurretik.

Hirugarrenen alta elektronikoki izapidetu daiteke. Badago horretarako zerbitzu bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/altaterceros

13. oinarria.– Ordainketak.

Laguntza onartzeko ebazpena eman ondoren eta onartzeko epea igaro ondoren ordainduko da laguntza.

14. oinarria.– Atzera egitea.

Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

15. oinarria.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeen kausak izango dira, gutxienez, hauek guztiak:

a) Agindu honetan ezarritako betebeharretako edozein ez betetzea.

b) Dirulaguntza emateko ebazpenean baldintzarik ezarri bada, haiek ez betetzea.

c) Laguntza emateko xedea ez betetzea edo mantentzea.

d) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 2003ko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako itzulketa-kausaren bat denean.

2.– Onuraduna aurreko atalean zerrendatutako ez-betetzeen kausetako baten egoeran egongo balitz, Elikagaien Kalitate eta Industriaren Zuzendaritzak, 15 eguneko epean, interesdunari entzunaldia emango dion ez-betetze espedientea egin ondoren, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, ebazpen baten bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, partez edo osorik, eta, hala dagokionean, kobratu dituen laguntzak eta dagozkion legezko interesak itzuli beharko dizkio onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, partez edo osorik, proiektuaren gauzatze-mailaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatuarekin bat. Gainera, dagozkion gainerako neurriak hartuko dira.

Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

3.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

18 oinarria.– Datuen babesa.

Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira. Datuen babesari buruzko informazioa nahi izanez gero, begiratu hemen: https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/delegada-protección-datos/inicio/

II. ERANSKINA
ESKABIDE-INPRIMAKIAREN EDUKIA
ERRIOXA JDK-AREN BABESPEAN DAUDEN ARDOAK DESTILATZEKO MAHASTIZAINTZA ETA ARDOGINTZA SEKTORERAKO APARTEKO LAGUNTZAK ESKATZEKO INPRIMAKIAREN EDUKIA

Oinarrizko eremu orokorrak:

– Titularra.

– Identifikazio-agiriaren mota.

– Identifikazio-zenbakia.

– Izen-abizenak eta sexua (pertsona fisikoek soilik).

– Entitatearen izena (pertsona juridikoek soilik).

– Helbidea.

– Lurraldea.

– Telefonoak, e-maila.

– Harremanetarako solaskidea.

– Legezko ordezkaria, izen-abizenak, telefonoa eta NAN.

– Jakinarazpen- eta komunikazio-bidea.

– Jakinarazpenetarako hizkuntza.

– Zerga-egoitza.

– Jarduera nagusia eta lortutako produktuak.

Gainera, biltegiratzeko eskabideek honako datu hauek ere jaso behar dituzte:

a) Produktuaren datuak: Zer JDKtakoa den, eta zenbateko bolumena nahi duen deskalifikatu (hektolitroak, bi hamartarrekin).

b) Erantzukizunpeko adierazpena, honakoa adierazteko:

– Betetzen dituela Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren Aginduan ezarritako betekizunak (agindu horren bidez egin zen deialdia 2023ko ekitaldirako ardoaren sektorerako ezohiko laguntzetarako), baduela hori egiaztatzen duen dokumentazioa, Administrazioaren esku jarriko dituela eskatzen zaionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko laguntza-eskubidea aitortzeak dakarren aldi osoan.

– Enpresa ez dagoela krisialdian, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

– Ez dagoela /Badagoela (jarri tokatzen dena) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza eta dirulaguntzen esparruan abiarazi duten itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean sartuta

– Egunean dagoela dirulaguntzen esparruko itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez. Obligazio horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da, baldin eta zorrak geroratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, gaineratutako zor, interes eta gastu guztiak estaliko dituen bermea eratu bada.

– Ez daukala / Badaukala (jarri tokatzen dena) dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, edo horretarako legezko inolako debekurik, sexu-diskriminazioagatiko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako otsailaren 18ko 1/2023 Legean zehaztutakoari jarraikiz.

– Eskatu du / Ez du eskatu (jarri tokatzen dena) konkurtsoa deklaratzea, ez dago inongo prozeduratan kaudimengabetzat jota, ez dago konkurtsoan deklaratuta, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, ez egotea esku-hartze judizialaren eraginpean edo desgaituta, Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaikuntza-denboraldia amaitu gabe.

– Ez dago / Badago (jarri tokatzen dena) dirulaguntzak lortzeko aukera galduta ebazpen irmo baten bidez ezarritako zehapena dela-eta, edo honako delitu hauetakoren bat egin izanagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

– Ez dagoela / Badagoela (jarri tokatzen dena) administrazioarekin egindako kontratu baten suntsiarazpen irmoaren eragile deklaratua.

– Ez dagoela / Badagoela (jarri tokatzen dena) pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza duena ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargurik ez duela, horietan ezarritako baldintzetan.

– Ez duela / Baduela (jarri tokatzen dena) egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako lurralde edo herrialde batean.

– Elkarteen kasuan, badaudela / ez daudela (jarri tokatzen dena) horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausaren batean. Eta zigor-arloko delituren bat egin duelako arrazoizko zantzuak egoteagatik inskribatzeko administrazio-prozedura eten ez izatea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuta, dagokion erregistroan inskribatzeko ahala dagoela ziurtatzen duen ebazpen judizial irmoa eman ez bada.

– Ez dagoela / Badagoela (jarri tokatzen dena) berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki duelako laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

Kontrakoa adierazi ezean, ulertuko da eskatzaileak baimen inplizitua ematen duela Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean dituela adierazten duten ziurtagiriak. Alabaina, baimen hori berariaz ukatzeko aukera dauka; halakoetan, dagokion ziurtagiria edo eskatutako dokumentua eskatzaileak berak aurkeztu beharko du.

III. ERANSKINA
LAGUNTZA-ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

a) Dokumentazio orokorra.

Pertsona juridikoak:

– Ahalordetze-eskritura.

– Erakundearen eratze-eskritura eta estatutuak, dagokion erregistroak zigilatuta.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, baimen hori berariaz ukatu bada soilik.

Pertsona fisikoak:

– NANaren kopia, baldin baimena berariaz ukatu badu eskatzaileak.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duen ziurtagiria, baimen hori berariaz ukatu bada soilik.

b) Dokumentazio partikularra. (Erakunde eskatzaileak ez badu ardorik egin 2022an 2021eko ekitaldiari dagokion dokumentazio bera aurkeztuko du).

– 2022ko laugarren hiruhilekoko 553 deklarazioa. Ardoaren eta edari hartzituen fabriketako eta gordailuetako eragiketen aitorpena.

– 2022ko 390 eredua.

– Zinpeko aitorpena, 2022an ardoa saltzeari lotu gabeko eragiketen zatia adierazteko.

– Ez badu Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik jaso azken 5 urteetan, Hirugarrenaren altaren agiria.

c) Destilazioarekin lotutako dokumentazioa:

– Produktu destilatuaren datuak: erakunde eskatzaileak destilatu duen bolumena, litrotan eta bi hamartarrekin, ardo-kategoria bakoitzean (beltza eta gorria).

– Destilazioaren justifikazioa, honakoa azalduta:

• Destilazio-prozesua egin duen erakundeak emandako destilazio-ziurtagiria. Ziurtagiri horretan berariaz adieraziko da erakunde eskatzaileari egindako destilazioaren ondoriozko alkohola industria- edo energia-helburuetarako soilik erabiliko dela, lehia ez faltsutzeko.

• Destilazioa baimentzeko agiriaren kopia, Errioxa JDKren Kontseilu Arautzaileak emandakoa.

• Destilazioari dagokion faktura, dagokion erakundeak emandakoa, honela xehatuta: babestutako ardoaren bolumena litrotan, bi hamartarrekin, ardo kategoria bakoitzeko (beltza eta gorria). 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitartekoa besterik ez da baliozkoa.

Edonola ere, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko, beharrezkotzat jotzen dituen bestelako argibide edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio enpresa eskatzaileari.

IV. ERANSKINA
DIRULAGUNTZEI BURUZKO AZAROAREN 17KO 38/2003 LEGE OROKORRAREN 13.3BIS ARTIKULUKO BETEKIZUNARI BURUZKO DOKUMENTAZIOA

DIRU-LAGUNTZEN PROZEDURA: Agindua, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, Errioxa JDKren babespeko ardoak destilatzeko ardoaren sektorerako 2023ko ezohiko laguntzak onartzen dituena.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3.bis artikuluak ezartzen duenez, kasu jakin batzuetan, ezin izango dira onuradun izan abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten enpresak (lege horren bidez, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dira).

Goian aipatutako dirulaguntzen prozeduran __________ erakundeak egindako eskaerari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, espedienteari dagokion dokumentazioa eransten diot, egoeraren arabera:

A) Erakundeak urteko kontu laburtuen ereduak aurkeztu ditu, eta 30.000,00 eurotik gorako zenbatekoa ematea nahi du. Kasu horretan, erantzukizunpeko adierazpen bat erantsi behar da, ordezkaritza-botere nahikoa duenak sinatua. Honakoa:

«Nire erantzukizunpean aitortzen dut ez ditudala betetzen merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak».

B) Erakundeak ez du urteko kontu laburtuen eredurik aurkeztu, eta 30.000,00 eurotik gorako zenbatekoa ematea nahi du. Kasu horretan, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da, a) edo b) kasu hauetara egokituta:

a) Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditoreak emandako ziurtagiria, ikuskatutako azken urteko kontuen memorian deskribatutako ordainketen arloko informazioaren transkripzio banakatua jasotzen duena, baldin kontu horietatik ondorioztatzen bada abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-maila lortu dela, apartatu honetan zehaztutakoa, abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa kontuan hartuta.

b) Aurreko zenbakian aipatzen den ziurtagiria egitea ezinezkoa bada, adostutako prozeduren txostena, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egina. Txosten horrek, erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaintzeke dauden fakturen lagin adierazgarri bat berrikusi ondoren, ondorioztatu beharko du abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko salbuespenik ez dela detektatu, edo, halakorik detektatuz gero, ez direla izan eskatutako betetze-maila lortzea eragozteko modukoak.

Eskatutako betetze-maila lortu dela ulertuko da abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeen betetze-maila berdina bada edo handiagoa Enpresak Sortu eta Hazteko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren apartatuan aurreikusitako ehunekoarena baino.

Adostutako prozeduren txostena auditatutako sozietateak emandako dokumentazioaren gainean egin beharko da; zehazki, hornitzaileei ordaintzeke laga diren fakturen xehetasunen gainean, loturadun alderdiei dagozkienak baztertuta. Erreferentziazko data jartzeko, ebakitze-data bat ezarriko da, gehienez ere, txostena eman baino hilabete lehenagokoa.

Vitoria-Gasteizen,

Sin.


Azterketa dokumentala