Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2023ko abuztuaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3924

AGINDUA, 2023ko uztailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko eta beste batzuk kentzeko.

Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera, unibertsitate-titulu ofizialei dagokienez, irakatsi ahal izateko honako agiri hauek behar dira: autonomia-erkidegoko eskudunak unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko behar eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruz egindako nahitaezko eta aldeko txostena, dagokion kalitate-agentziak ikasketa-planaren memoriaren kalitatea egiaztatzeko egindako aldeko txostena, Unibertsitate Kontseiluak ikasketa-plana egiaztatzea eta adierazitako autonomia-erkidegoak hura ezartzeko baimena ematea.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da nola egokitu Goi Hezkuntzako Europar Eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Ikasketa ofizialak nola ezarri araututa dago unibertsitate-ikasketen antolaketa eta kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan eta Gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.

822/2021 Errege Dekretuaren 26. artikuluak arautzen du ikasketa ofizialen ikasketa-planak egiaztatzeko prozedura. 3. puntuaren arabera, autonomia-erkidegoek, beren lurralde-eremuko unibertsitate-programazioari eta titulazio ofizialen mapa antolatzeari buruzko eskumenak baliatuz, unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko nahitaezko txosten bat egingo dute, egiaztatze-prozedura hasi aurretik. Prozedura honetan, baimendu beharreko titulazio guztiek lortu dituzte proposatutako ezarpenen beharrari eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko aldeko txostenak, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariaren eskutik.

Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan dago araututa zer prozedura bete behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, agindu-proposamena prestatu behar du Hezkuntza Sailak, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluaren osokoak aldeko txostena egin dio, 2023ko ekainaren 28an, 2023-2024 ikasturterako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko eta kentzeko proposamenari, zeina Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aurkeztu baitzuen.

Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak edo ebaluazio-agentzia eskudunak, 822/2021 Errege Dekretuaren 26. artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuetan xedatutakoarekin bat, Euskal Herriko Unibertsitateak aurkeztutako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko proposamenen aldeko egiaztatze-txostena egin du (I., II. eta III. eranskinak), baita IV. eranskinean jasotako titulazio ofizialak kentzearen aldekoa ere.

Unibertsitate Kontseiluak ebatzi du baieztatzea I., II., III. eta IV. eranskinetan zerrendatutako gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialei dagozkien ikasketa-planak.

Horrenbestez, Gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuta, eta 2023ko uztailaren 26ko bilkuran Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari aurkeztu ondoren, jakinaren gainean eta informatuta egon daitezen, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I., II., III. eta IV. eranskinetan zerrendatzen diren unibertsitateko gradu eta masterreko irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta kentzeko.

2. artikulua.– Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuko 18.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz egin beharko da kentze hori (Gradu-, master- eta doktorego-tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen da dekretu horren bidez).

lehenengo XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, azken horrek proposamena Gobernuari igor diezaion tituluaren ofizialtasuna ezartzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskriba dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Unibertsitate-titulu ofizialen egiaztapena berrituko da, Unibertsitate-ikasketen antolamendua eta horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren 34. eta 35. artikuluekin bat.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 27a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

I. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO GRADUKO TITULU OFIZIALAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTERREKO TITULU OFIZIALAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO DOKTOREGOKO TITULU OFIZIALAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
TITULU OFIZIALAK KENTZEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala