153. zk., 2023ko abuztuaren 11, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (162 KB - 4 orri.)
- EPUB (123 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA SAILA
3923
AGINDUA, 2023ko uztailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Euneiz Unibertsitatearen unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko.
Martxoaren 22ko Unibertsitate Sistemaren 2/2023 Legearen 8.2 artikuluak xedatzen duenaren arabera, unibertsitate-titulu ofizialei dagokienez, honako hauek beharko ditu titulazio bat emateko ekimenak: autonomia-erkidego eskudunak aldeko txostena eman beharko du aurretik dena delako unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialaz; dagokion kalitate-agentziak aldeko txostena eman beharko du ikasketa-planaren memoriaren kalitatea ziurtatzearen ondorioetarako; Unibertsitateen Kontseiluak ikasketa-plana ziurtatu beharko du eta autonomia-erkidego eskudunak ezarpena baimendu beharko du.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da nola egokitu Goi Hezkuntzako Europar Eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.
Ikasketa ofizialak nola ezarri araututa dago xedapen hauetan: Unibertsitate-irakaskuntzen antolaketa eta irakaskuntza horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen duen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuan eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.
Irakaskuntza ofizialen ikasketa-planak ziurtatzeko prozedura araututa dago 822/2021 Errege Dekretuaren 26. artikuluan. Haren 3. puntuan ezartzen duenez, autonomia-erkidegoek, beren lurralde-eremuko unibertsitate-programazioari eta titulazio ofizialen mapa antolatzeari buruzko eskumenak baliatuz, unibertsitate-titulu ofiziala ezartzeko beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzko txosten bat egin beharko dute, ziurtatzeko prozedura hasi aurretik. Prozedura honetan baimenduko diren titulazioak –Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak ezartzeko proposatuak– aldeko txostena jaso dute, beharrizan eta bideragarritasun akademiko eta sozialari buruzkoa.
Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan dago araututa zer prozedura bete behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, agindu-proposamena prestatu behar du Hezkuntza Sailak, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak ezartzea baimentzeko.
Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak edo ebaluazio-agentzia eskudunak, 822/2021 Errege Dekretuaren 26 artikuluaren 5., 6. eta 7. apartatuek xedatutakoarekin bat etorriz, aldeko ziurtapen-txostena egin du Euneiz Unibertsitateak aurkeztutako graduko eta masterreko unibertsitate-titulu ofizialak ezartzeko proposamenei buruz; I. eta II. eranskinean daude zerrendatuta ikasketa horiek.
Unibertsitate Kontseiluak ebatzi du baieztatzea I. eta II. eranskinetan zerrendatutako graduko eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialei dagozkien ikasketa-planak.
Hori dela eta, Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak nola ezarri eta kendu arautzen duen abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuz, proposamena Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari aurkeztu zaio, 2023ko uztailaren 26ko bilkuran, jakitun egon dadin eta txostena egin dezan.
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea I. eta II. eranskinetan zerrendatzen diren gradu eta masterreko ikasketa ofizialak ezartzeko.
Lehenengo XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, azken horrek proposamena Gobernuari igor diezaion tituluaren ofizialtasuna ezartzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) inskriba dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.
Bigarren XEDAPEN GEHIGARRIA
Unibertsitate-titulu ofizialek beren tituluen ziurtapena berrituko dute Unibertsitate-irakaskuntzen antolaketa eta irakaskuntza horien kalitatea ziurtatzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 28ko 822/2021 Errege Dekretuaren 34. eta 35. artikuluek xedatutakoarekin bat.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 27a.
Hezkuntzako sailburua,
JOKIN BILDARRATZ SORRON.