Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

153. zk., 2023ko abuztuaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
3922

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 18koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen baitira nekazaritza-ustiategien koaderno digitalen informatika-tresnak erabiltzen dituzten askotariko eragileei behar dituzten baimenak emateko eta horiek erregistroan inskribatzeko prozedurak.

Estatuak 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratu berria aplikatzeko onetsitako arau sorta berriaren barnean dago 1054/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, zeinaz ezartzen eta arautzen baitira Nekazaritza eta Abeltzaintza Ustiategien eta Nekazaritza Ekoizpenaren Informazio Sistema (aurrerantzean, SIEX), Nekazaritza Ustiategien Erregistro Autonomikoa (aurrerantzean, REA) eta Nekazaritza Ustiategiaren Koaderno Digitala (aurrerantzean, CUE), eta haren bidez egituratzen da SIEX, elkarrekiko lotura duten datu-baseen eta administrazio-erregistroen multzo gisa, Espainiako nekazaritza-ustiategien eta lotutako enpresen ezaugarriak jasotzeko.

Bestalde, otsailaren 28ko APA/204/2023 Aginduak nekazaritza-ustiategien autonomia-erkidegoko erregistroaren eta nekazaritza-ustiategien koaderno digitalaren gutxieneko edukia eta informazio-iturriak nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien eta nekazaritza-ekoizpenaren sisteman sartzeko kronologia ezartzen eta arautzen ditu.

Halaber, abenduaren 27ko 1054/2022 Errege Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenean ezartzen da ezen aipatutako aginduak Nekazaritza eta Elikagaien idazkari nagusiaren ebazpen bat ekar dezakeela, hartan xehetasun tekniko batzuk zehazteko, zeinek ez baitiete betebehar berririk ezarriko nekazaritza-ustiategien eta enpresa lotuen titularrei, ez eta haien araubide juridikoan eragingo ere. Era berean, azken xedapenetako zazpigarren horrek, bigarren apartatuan, Nekazaritza eta Elikagaien Idazkaritza Nagusiko titularrari ahala ematen dio ebazpen bidez Errege Dekretuaren 5.2 eta 10.3 artikuluetan aipatutako interfazeen alderdi tekniko eta informatikoak, eta informazio-segurtasunekoak garatzeko.

Eman zaizkion ahal horiek egikarituz, 2023ko maiatzaren 25eko Ebazpenaren bidez, Nekazaritza eta Elikagaien Idazkaritza Nagusiak nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien, eta nekazaritza-ekoizpenaren informazio-sistemaren, nekazaritza-ustiategien autonomia-erkidegoko erregistroaren eta nekazaritza-ustiategien koaderno digitalaren xehetasun teknikoak ezarri ditu (2023ko ekainaren 1eko BOE, 130. zk.). Ebazpenaren lehenengo atalean, nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien eta nekazaritza-ekoizpenaren informazio-sistema koordinatzeko agiri teknikoa onartu eta argitaratu zen Nekazaritza Bermearen Espainiako Funtsaren webgunean (NBEF https://www.fega.gob.es/es/content/siex/documentacion-tecnica-siex).

Agiri horretan hainbat eranskin daude, eta horietan jasota daude SIEXaren alderdi tekniko eta informatikoen garapena, REAren gutxieneko edukia, CUEren gutxieneko edukia, SIEXean informazio-iturriak sartzeko kronologia, proiektuan erabilitako akronimoak, REAren eta CUEren aldagaien definizioak eta informazio-eremuak, eta inportazio-sistemaren diseinua.

Jakina denez, nekazaritza-ustiategien koaderno digitalaren (CUE) helburua da ekoizleek nekazaritza-ustiategiaren kudeaketako xehetasun-datuak sartu eta mantentzea, nekazaritza-ustiategien autonomia-erkidegoko erregistroan integratuta. Koaderno hori bakarra da ustiategi bakoitzeko, eta bertako informazioa SIEXera bidaliko da REAen bitartez. Koadernoko datuen arduraduna ustiategiaren titularra edo ekoizlea izango da, eta bere datuak EAEko Administrazio Nagusiak garatutako informatika-sisteman grabatu ahal izango ditu (autonomia-erkidegoko CUEn), edo nahi dituen bestelako informatika-sistema pribatuak erabili ahal izango ditu (merkataritzako CUE), baldin eta araudiko betekizun teknikoak betetzen baditu eta inskribatuta badago Erregistroko autonomia-erkidegoko merkataritza koadernoetarako softwarea garatzen duten erakundeen erregistroan. Merkataritzako CUE erabiltzeko, ustiategiaren titularraren dagokion baimena beharko da, informazioa eskuratu ahal izateko, dokumentu teknikoaren IX eranskinaren arabera. Gainera, ustiategi baten titularrek datuak zuzenean jaso ahal izango dituzte administrazioko CUEan zein merkataritzako CUEan, edo nahiago badute, gaitutako erakunde bati edo erakunde kudeatzaile bati laga diezaiokete datuak betetzearen ardura. Horretarako ere dagokion baimena beharko da, dokumentu teknikoaren IX eranskinaren arabera. Emandako baimen horiek nekazaritza eta abeltzaintza arloetan eskumena duen zuzendaritzari jakinarazi beharko zaizkio.

Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da kudeaketa-prozedura eta barneko antolamendu-arauak zehaztea, ustiategien koaderno digitalen kudeaketako informatika-tresnekin lan egiten duten askotariko eragileei behar dituzten baimenak emateko, eta horiek erregistroan inskribatzeko.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Hau da ebazpen honen xedea:

a) Merkataritzako CUE softwarea garatzen duten enpresak eta Euskadin lan egin nahi duten gaitutako erakundeak edo erakunde kudeatzaileak erregistratzeko prozedura ezartzea eta,

b) Ekoizlearen baimen-prozedura ezartzea softwarea garatzen duen enpresari zein gaitutako erakundeari, eta nekazaritza eta abeltzaintza arloetan eskumena duen zuzendaritzari jakinaraztea.

Bigarrena.– Definizioak.

Ebazpen honen ondorioetarako, hona hemen definizio batzuk:

a) Softwarearen enpresa garatzailea: merkataritzako CUE garatzen duen enpresa.

b) Gaitutako erakunde edo erakunde kudeatzailea: nekazariekin zuzeneko harreman izango duen erakundea. Koaderno bat edo gehiago erabili ahal izango ditu, administraziokoak zein merkataritzakoak.

c) Ekoizlea: nekazaritza-ustiategiaren titularra. Baimena eman beharko du gaitutako erakundeak erregistro- eta koaderno-datuak ikusi ahal izateko eta merkataritzako CUE baten bidez erabili ahal izateko.

d) Merkataritzako CUE: erakunde pribatu batek garatutako informatika-tresna nekazaritza-ustiategiak egindako jardueren datuak erregistratzeko (datu horiek indarreko araudiak eskatzen ditu). Araubidean ezarritako betekizunak bete beharko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko REArekin eta CUErekin informazio-fluxua gauzatzeko.

Hirugarrena.– Merkataritzako CUE softwarea garatzen duten enpresak.

Merkataritzako CUE softwarearen enpresa garatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan lan egin nahi badu, interfazeen betekizun teknikoak eta segurtasunekoak ezartzen dituen agiri teknikoaren VI. eranskineko betekizunak bete beharko ditu. Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien, eta nekazaritza-ekoizpenaren informazio-sistema (SIEX) koordinatzeko agiri tekniko hau eskuragarri dago Nekazaritza Bermearen Espainiako Funtsaren webgunean (NBEF https://www.fega.gob.es/es/content/siex/documentacion-tecnica-siex).

Laugarrena.– CUE baten gaitutako erakundea edo erakunde kudeatzailea.

CUE baten gaitutako erakundeak edo erakunde kudeatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan lan egin nahi badu, interfazeen betekizun teknikoak eta segurtasunekoak ezartzen dituen agiri teknikoaren VI. eranskineko betekizunak bete beharko ditu. Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategien, eta nekazaritza-ekoizpenaren informazio-sistema (SIEX) koordinatzeko agiri tekniko hau eskuragarri dago Nekazaritza Bermearen Espainiako Funtsaren webgunean (NBEF https://www.fega.gob.es/es/content/siex/documentacion-tecnica-siex).

Bosgarrena.– Komunikazioa eta izen-ematea.

1.– Softwarea garatzen duten enpresek eta gaitutako erakundeek, Euskadin jardun nahi izanez gero, 3. eta 5. apartatuetan jasotako datuen berri eman beharko diote nekazaritza eta abeltzaintza arloetan eskumena duen zuzendaritzako titularrari.

2.– Komunikazioa bitarteko elektronikoak erabiliz egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta eta helbide hauetan:

– Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/cuaderno-digital-explotacion-agricola/web01-a2nekabe/es/

– Euskaraz: https://www.euskadi.eus/nekazaritza-ustiategiaren-koaderno-digitala/web01-a2nekabe/eu/

3.– Enpresa garatzaileek honako datu hauen berri eman beharko dute:

a) Enpresaren IFZ.

b) Izen soziala.

c) Merkataritzako CUEren izena.

d) Eskatutako harremanetarako datuak.

e) Merkataritzako CUE ostatatuta dagoen zerbitzariaren domeinua (bakarrik enpresa garatzaileak zerbitzua zuzenean ematen badie nekazariei, gaitutako erakunde baten bitartekaritzarik gabe).

4.– Nekazaritza eta abeltzaintza arloetan eskumena duen zuzendaritzak softwarea garatzen duten enpresak erregistratuko ditu, beren softwarearekin batera, eta une oro, indarrean edo baja emanda dauden merkataritzako CUEen berri izango du.

5.– Merkataritzako CUE baten gaitutako erakundeek edo erakunde kudeatzaileek honako datu hauen berri eman beharko dute:

a) Gaitutako erakundearen IFZ.

b) Erabiliko duen CUE. Merkataritzakoa izatekotan, aldez aurretik, autonomia-erkidegoaren merkataritzako CUE erregistroan jasota egon beharko litzateke.

c) Hala badagokio, merkataritzako CUE ostatatuta dagoen zerbitzariaren domeinua.

d) Gaitutako erakundearen harremanetarako datuak.

6.– Nekazaritza eta abeltzaintza arloetan eskumena duen zuzendaritzak gaitutako enpresak erregistratuko ditu, eta indarrean edo baja emanda dauden enpresen berri izango du une oro.

Seigarrena.– Ekoizlea.

1.– Ekoizleak bere datuak CUEan grabatu ahal izango ditu zuzenean, edo gaitutako erakunde bati laga diezaioke eginkizun hori.

2.– Nekazaritza-ustiategiaren titularrak edo ekoizleak aukeratzen badu bere datuak zuzenean merkataritzako CUEan grabatzea edo nahiago badu aurretiaz gaitutako erakunde batek bere datuak koadernoan grabatzea administrazioko edo merkataritzako CUE bat erabiliz, softwarearen erakunde garatzailea edo gaitutako erakundea baimendu beharko du, hurrenez hurren, eta horren berri eman beharko dio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, agiri teknikoaren IX. eranskinaren arabera. Ekoizleak edozein unetan baliogabetu ahal izango ditu emandako baimenak. Baimenaren jakinarazpena, edo hala badagokio, hura baliogabetzearen jakinarazpena, egoitza elektronikoaren bidez egingo da, honako esteka hauetan:

– Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/cuaderno-digital-explotacion-agricola/web01-a2nekabe/es/

– Euskaraz: https://www.euskadi.eus/nekazaritza-ustiategiaren-koaderno-digitala/web01-a2nekabe/eu/

3.– Emandako baimenak REAren eta CUEren informazio-fluxua ahalbidetuko du, bai eta CUE betetzea ere gaitutako erakundeei dagokienez.

4.– Nekazaritza eta abeltzaintza arloetan eskumena duen zuzendaritzak erregistro bat izango du, eguneratuta, nekazaritza ustiategien titularrek edo ekoizleek emandako baimenak jasotzeko.

Zazpigarrena.– Publizitatea.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Egoitza Elektronikoan argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari. Hilabeteko epea emango da horretarako, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 18a.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria,

JORGE GARBISU BUESA.


Azterketa dokumentala