153. zk., 2023ko abuztuaren 11, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (191 KB - 12 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3906
EBAZPENA, 2023ko uztailaren 24koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Diziplina Prozeduraren Arautegia argitaratzen duena.
2023ko uztailaren 20an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak egindako osoko bilkuran, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Diziplina Prozeduraren Arautegia onartu zuen.
Era berean, Gobernu Kontseiluak hartutako erabakiak xedatu egin zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, UPV/EHUko idazkari nagusiaren erabakiaren bidez, aipatutako aldizkari ofizialetan argitaratu eta hogei egunetara jarriko delarik indarrean.
UPV/EHUren Estatutuen 187.1 d) artikuluak idazkari nagusiari agintzen dio UPV/EHUren erabaki guztien publizitatea bermatzea. Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, berriz, 10. artikuluan ezartzen du unibertsitate publikoaren estatutuak, antolamendu eta funtzionamendu arauak, eta horien aldaketak eta gobernu organoek emandako aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak osorik argitaratu arte.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Bidaltzea Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Diziplina Prozeduraren Arautegia, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 2023ko uztailaren 20an onartutakoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin, eranskinean jasotako baldintzetan.
Bigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari eta, bere aurka, aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango zaio ebazpena eman zuen organo berari, hilabetearen epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio ordena horretako epaitegietan, bi hilabeteren epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ezin izango dira biak batera aurkeztu.
Leioa, 2023ko uztailaren 24a.
UPV/EHUko idazkari nagusia,
AITOR ZURIMENDI ISLA.
ERANSKINA
UNIVERSIDAD DEL PAÍS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO IKASLEEN DIZIPLINA PROZEDURAREN ARAUTEGIA
ATARIKOA
Euskal Herriko Unibertsitatearen helburu nagusia da ikasleen prestakuntza osoaz arduratzea, ikasketak emanez eta ikerketa zein garapen zientifiko eta teknologikoa sustatuz. Hori lortzeko, behar beharrezkoa da bizikidetza giro egokia egotea, non errespetatuko diren unibertsitatearen balioak eta printzipioak eta sustatuko diren elkarrizketa eta elkarrekiko errespetua.
Ildo horretan, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko otsailaren 24ko 3/2022 Legeak (2022ko otsailaren 25eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua) arau esparru bat ezartzen du unibertsitateko kideek errespetuzko eta tolerantziako giroan jarduteko aukera izan dezaten, balio demokratikoak, adierazpen askatasuna eta pentsamendu kritikoa bultzatuz.
1. artikuluaren arabera, Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legearen xedea da unibertsitate eremuko bizikidetzaren oinarriak ezartzea; baina, horrez gain, unibertsitateko ikasleen diziplina araubidea ezartzen du, alde batera utzita irakasle ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen diziplina araubidea, horiei araudi espezifikoan xedatutakoa izango baitzaie aplikagarri.
Horretarako, eta autonomia erkidegoek beren eskumenen esparruan ezarritako arauei kalterik egin gabe, Bizikidetzari buruzko Legeak bertan adierazitakoaren aurkako xedapen guztiak indargabetzen ditu, bereziki 1954ko irailaren 8ko Dekretua, Hezkuntza Nazionaleko Ministerioaren Goi mailako irakaskuntzako eta irakaskuntza teknikoko ikastegi ofizialen diziplina akademikoaren Arautegia onartzen duena.
Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legeak ikasleei zehapenak ezartzeko beharrezkoa den diziplina prozeduraren printzipioak ezartzen ditu, baina ezinbestekoa da prozedura arautzea eta zehaztea. Horretarako, bigarren azken xedapenean jasotakoaren arabera, unibertsitateek aukera dute beren eskumenen esparruan Unibertsitate Bizikidetzari buruzko Legea garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.
Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Diziplina Prozeduraren Arautegia bat etorriko da bai Bizikidetzari buruzko Legean jasotako diziplina prozeduraren printzipioekin, bai arlo honetan eragina duten gainerako arauekin, hala nola honako hauekin: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta 1/2023 Legea, martxoaren 16koa, Euskal Administrazio Publikoen zehatzeko ahalari buruzkoa.
Testu hori egiteko, 2023ko otsailaren 23ko Gobernu Kontseiluan esan zen bezala, lantalde bat eratu zen, bertan parte hartu dutelarik Gobernu Kontseiluan ordezkaritza duten unibertsitateko sektore guztiek. Talde horrek egindako lanaren emaitza abiapuntuko testu bat izan zen, zeina jendaurrean jarri baitzen interesdun guztiek egokitzat hartzen zituzten ekarpenak egin zitzaten. Era berean, testu hori irakasle ikertzaileen ordezkariei eta teknikarien eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariei helarazi zitzaien, oharrak egin zitzaten. UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluari ere entzun zitzaion eta, ekarpenak egiteaz gain, aldeko txostena egin zuen 2023ko maiatzaren 2an. Hortaz, bete egin dira Bizikidetzari buruzko Legeak unibertsitateko kideen parte hartzerako ezarritako eskakizunak.
ATARIKO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Arautegi honen xedea da tresna arauemaile bakar batean jasotzea Euskal Herriko Unibertsitatearen zehapen ahala gauzatzeko administrazio prozedura, ikasleen faltengatik ezarriko diren diziplina zuzenketetarako; guztia bat etorrita Unibertsitate Bizikidetzari buruzko otsailaren 24ko 3/2022 Legean xedatutakoarekin.
Ezin izango da zehapenik ezarri falta batengatik lehenago ez bada tramitatu eta ebatzi arautegi honetan zehaztutako prozedura, berton ezarritakoari eta aplikatu beharreko gainerako antolamendu juridikoari jarraikiz.
2.– Arautegi honen ondorioetarako, UPV/EHUko ikasleak izango dira bertan matrikulatuta daudenak -hala titulazio ofizialetan nola berezko tituluetan edo bizitza osoko prestakuntzako beste ikasketa espezifiko batzuetan-, mugikortasun programetako ikasleak barne.
2. artikulua.– Diziplina ahala gobernatzen duten printzipioak.
Euskal Herriko Unibertsitateak diziplina zehapenak ezartzeko ahala erabiliko du arautegi honetan zehazten den prozeduraren arabera, eta honako printzipio hauek betez:
a) Legezkotasunaren eta falta eta zehapenen tipikotasunaren printzipioa, Euskal Herriko Unibertsitatean onartutako falten eta zehapenen katalogoaren arabera.
b) Atzeraeraginik ezaren printzipioa ustezko arau-hauslearen aurkako xedapen zehatzaileentzat, eta atzeraeraginaren printzipioa haren aldeko xedapenenentzat.
c) Erantzukizun printzipioa.
d) Proportzionaltasun printzipioa, bai falta eta zehapenen sailkapenean eta bai haien aplikazioan.
e) Falta eta zehapenen preskripzioaren printzipioa.
f) Prozeduraren bermearen printzipioa.
g) Eraginkortasun, azkartasun eta ekonomia prozesalaren printzipioak, ustezko erantzulearen eskubideak eta defentsa bermeak guztiz errespetaturik.
h) Prozedura osoan zehar behar bezalako laguntza jasotzeko eskubidea. Beraz, ustezko erantzuleek eurek aukeratutako pertsona bat izan ahalko dute lagun prozeduran, eta instruktoreak prozeduraren nondik norakoen jakitun ipini beharko du pertsona hori.
i) Zehapen prozedura berririk ezin hastea arau-hausle batek eutsi arren arau hauste moduan tipifikatuta dauden ekintza edo jokabideei, artean ez bada eman lehen erabaki zehatzaile bat, betearazpen indarra duena.
I. TITULUA
DIZIPLINA PROZEDURA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
3. artikulua.– Erantzukizuna aitortzea.
Ustezko erantzuleek beren erantzukizuna aitortzen badute espresuki, diziplina prozedura hasteko eskumena duen organoari arau haustearen berri emanez prozedura hasi aurretik, hori kontuan hartuko da, ezinbestean, zehapena doitzeko.
4. artikulua.– Konfidentzialtasuna eta isilekotasuna.
Prozeduran, aurretiko jardunetan edo behin-behineko neurriak ezartzean esku hartzen duten pertsonek konfidentzialtasun eta isilekotasun erabatekoaz jokatu beharko dute, eta ezin izango dute informaziorik zabaldu jarritako, ebatzitako edo ikertzeko bidean dauden salaketen edukiaz.
5. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Datu pertsonalak tratatzean bete beharko da (EB) 2016/679 Erregelamendua, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren babesean (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, 27.1 art.).
II. KAPITULUA
AURRETIKO JARDUNAK
6. artikulua.– Diziplina prozeduraren aurretiko jardunen fasea.
Beharrezkoa bada diziplina prozedura hasteko arrazoi izan daitezkeen gertakariak zehaztea, balizko erantzuleak identifikatzea eta batzuen eta besteen inguruko inguruabar esanguratsuak argitzea, prozedura hasteko eskumena duen organoak aurretiko jardunen fase bat zabaldu ahal izango du.
III. KAPITULUA
BEHIN-BEHINEKO NEURRIAK
7. artikulua.– Behin-behineko neurrien ezaugarriak.
1.– Kapitulu honetan arautzen diren behin-behineko neurriak aldi baterakoak eta proportzionatuak izan beharko dira. Egoera aldatzen bada, neurriak ere egokitu ahal izango dira, horretarako arrazoiak emanda.
Edozelan ere, behin-behineko neurriak bukatuko dira prozedura amaitzen duen erabakia efikazia izaten hasten denean.
2.– Behin-behineko neurriak ofizioz hartu ahal izango dira, hurrengo artikuluetan adierazten diren kasuetan, edo kaltetutako pertsonen eskariz.
3.– Behin-behineko neurriak hartzeak ez du inolaz ere adieraziko prozeduraren emaitzaren inguruko aurrejuzgurik egiten denik.
8. artikulua.– Prozedura hasi aurretiko behin-behineko neurriak.
1.– Prozedura hasi aurretik, diziplina prozedura hasteko eskumena duen organoak, ofizioz edo alde batek eskaturik, behar diren behin-behineko neurri proportzionatuak hartu ahal izango ditu, modu arrazoituan, atzeratu ezin diren presazko kasuetan eta tartean dauden interesak behin-behinekoz babesteko.
2.– Behin-behineko neurriak berretsi, aldatu edo kendu egin beharko dira prozedura hasteko erabakian. Erabaki hori hamabost egunen barruan hartu beharko da, behin-behineko neurriak hartzen denetik aurrera.
Nolanahi ere, neurri horiek baliorik gabe geratuko dira prozedura ez bada hasi aipatutako epe horretan, edo prozedura hasteko erabakian ez bada espresuki ezer esan neurriei buruz, ez eutsiko zaiela ez aldatu egingo direla.
3.– Behin-behineko neurriak ezartzeko erabakiaren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahal izango da, edo haren aurka egin ahal izango da zuzenean administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.
9. artikulua.– Behin-behineko neurriak prozedura bitartean.
Era berean, instruktoreak edozein unetan hartu ahal izango ditu behar diren behin-behineko neurri proportzionatuak faltaren ondorioak eragozteko, ematen den erabakiaren efikazia ziurtatzeko eta, beharrezkoa bada, inplikatutako interesak eta pertsonak babesteko.
IV. KAPITULUA
PROZEDURA HASTEA
10. artikulua.– Organo eskuduna.
1.– Errektorearena da prozedurak erabaki baten bidez hasteko eskumena, nahiz eta eskuordetu ahal duen. Prozedura has dezake bere ekimenez, beste organo baten eskari arrazoituaz, edo norbaitek salaketa eginda.
2.– Prozedura salaketa baten ondorioz hasten bada, salatzaileari horren berri eman beharko zaio.
3.– Salatzaileak parte hartu baldin badu UPV/EHUko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegian unibertsitatearen ondarearen kaltetan jasotako arau hauste batean eta beste arau-hausle batzuk baldin badira, prozedura ebazteko eskumena duen organoak salbuetsi egin beharko du salatzailea legokiokeen zehapenetik, bera baldin bada prozedura hasteko edo arau haustea egiaztatzeko froga elementuak ekarri dituen lehena, betiere une horretan ez bazegoen daturik prozedura hasteko eta egindako kaltea erreparatzen bada.
11. artikulua.– Prozedura hasteko erabakiaren edukia.
Erabakiak honako hauek jaso beharko ditu gutxienez:
a) nor den edo diren ustezko erantzule;
b) gertakarien azalpen laburra, izan lezaketen kalifikazioa eta legokiekeen zehapena;
c) nor den prozeduraren instruktorea, espresuki adierazirik abstentziorako edo errekusaziorako araubidea, Sektore Publikoaren Erregimen Juridikoaren Legeari jarraituz (40/2015 Legea urriaren 1ekoa). Falta larrietarako eta oso larrietarako, prozedurako idazkaria ere izendatu ahal izango da;
d) zer organo den prozedura ebazteko eskudun, eta zer arauk esleitzen dion eskumen hori;
e) adierazi behar da prozeduraren edozein unetan alegazioak egiteko eskubidea dagoela;
f) adierazi behar da entzunaldi tramitean alegazioak egiteko eskubidea dagoela;
g) adierazi behar da diziplina prozeduran inplikatutako pertsonek badaukatela bitartekaritza eskatzerik;
h) adierazi behar da ustezko erantzuleak bere erantzukizuna aitortzen badu berari deklarazioa hartu aurretik, hori kontuan hartu ahal izango dela kasuan kasuko zehapena doitzeko;
i) prozedura hasi aurretik hartutako behin-behineko neurriei buruzko irizpen esplizitua, halako neurririk hartu bada;
j) prozedura ebazteko eta erabakia jakinarazteko epea, arautegi honetako 22. artikuluko 7. atalean jasotakoa;
k) adierazi behar da prozedura ebazteko eta jakinarazpena egiteko epea betetzen bada erabakirik eman gabe, prozedura iraungi egingo dela.
l) adierazi behar da ustezko arau-hausleak aholkua eskatu ahal izango diola Ikasleen Kontseiluari.
12. artikulua.– Jakinarazpena.
1.– Diziplina prozedura hasteko erabakia jakinaraziko zaie gertakarien ustezko erantzuleari eta kaltetua, biktima edo iraindua izan den pertsonari. Kaltetu, biktima edo iraindua interesduntzat joko da, baldin eta prozeduran pertsonatzen bada instruktoreari zuzendutako idatzi baten bitartez, eta instruktoreak esplizituki onartzen badu pertsonatze hori.
Era berean, prozedurako instruktoreari eta, halakorik balego, idazkariari ere jakinaraziko zaie prozedura hasteko erabakia.
Ustezko erantzule bat baino gehiago egonez gero, denei bidaliko zaie jakinarazpena.
2.– Jakinarazpenak, bai erabakiarena eta bai prozedurako gainerako jarduerei buruzkoak, elektronikoki egingo dira, UPV/EHUko egoitza elektronikoan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa) eta Sektore publikoak bitarteko elektronikoen bidez jarduteko eta funtzionatzeko Arautegiari jarraituz (203/2021 Errege Dekretua, martxoaren 30ekoa).
Horretarako, UPV/EHUk abisua bidaliko die ikasleei beren helbide elektroniko korporatibora, unibertsitatearen egoitza elektronikoan jakinarazpen bat daukatela esateko eta jakinarazpenaren kopia bat erantsiz.
V. KAPITULUA
PROZEDURAREN INSTRUKZIOA
13. artikulua.– Alegazioak.
1.– Interesdunek alegazioak egin ahal izango dituzte, edo dokumentuak, informazioak edo bestelako irizpen elementuak aurkeztu ahal izango dituzte hamar eguneko epean, prozedura hasteko erabakiaren jakinarazpena jasotzen dutenetik hasita. Hala ere, prozedurako beste edozein momentutan ere aurkeztu ahal izango dituzte.
Era berean, nahi dituzten frogabideak ere proposatu ahal izango dituzte.
2.– Hortik aurrera eta kargu orria egiten den unera arte, interesdunek aukera izango dute bitartekaritza eskatzeko UPV/EHUko Bizikidetza Batzordearen aurrean.
14. artikulua.– Ustezko erantzuleari deklarazioa hartzea.
1.– Lehendabizi, instruktoreak deklarazioa hartuko die ustezko erantzuleei. Ustezko erantzuleak beste pertsona batek lagunduta joan ahal izango dira deklarazioa egitera.
2.– Falta leporatzen zaion pertsonak bere erantzukizuna aitortzen badu une horretan bertan edo prozedura hastean egiten diren alegazioetan, prozedura beste tramiterik gabe ebatzi ahal izango da, instruktorearen erabaki proposamenarekin eta diziplina erabakiarekin. Erabakian zehapena ezarriko da, UPV/EHUko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegiari jarraituz, nahiz eta, arau-hausleak erantzukizuna aitortu badu, hori kontuan hartu ahal izango den zehapena doitzeko.
3.– Arau hauste larrien kasuan, erabaki proposamenean jaso ahal izango da zehapena beste mota bateko neurriekin ordezteko aukera.
15. artikulua.– Eginbideak gauzatzea.
1.– Instruktoreak aginduko du gertakariak zehaztu eta egiaztatzeko behar diren eginbideak egiteko. Zehazki, aginduko du behar diren frogak egin daitezen gertakariak argitze aldera eta zehatzeko modukoak izan daitezkeen erantzukizunak zehazteari begira. Era berean, aginduko du prozedura hastea ekarri duen komunikazio edo salaketatik eratorritako eginbideak egiteko.
Alegazioak eta ustezko erantzulearen deklarazioa ikusita, eta proposatutako frogaren argitan, halakorik egin bada, instruktoreak behar diren pausoak emango ditu, ofizioz, arau haustea izan daitezkeen gertakariak zehazteko, interesekoak diren datuak eta informazioak bilduz.
2.– UPV/EHUko atal, zerbitzu edo egitura guztiak behartuta egongo dira instruktoreari behar diren aurrekariak edo txostenak emateko, bai eta bere zereginak betetzeko behar dituen giza baliabideak eta baliabide materialak eskaintzeko ere.
3.– Diziplina prozedura baten instrukzioan ondorioztatuko balitz aztergai den egitatea delitu izan daitekeela, bertan behera utziko da tramitazioa, eta instruktoreak Fiskaltzaren esku utziko du gaia, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiaren bidez.
16. artikulua.– Espedientea artxibatzeko proposamena.
Egindakoen argitan instruktoreak uste badu ez dagoela faltaren zantzurik, edo ezin bada argitu nortzuk diren balizko erantzuleak, espedientea artxibatzea proposatuko dio errektoreari edo eskumenen eskuordetzaz dagokion organoari; bestela, frogaldia irekiko du.
Berdin jokatuko du, edozein momentutan, arau hausteak preskribatu badu, eta gertakariak ezin badira argi eta garbi arau hauste moduan tipifikatu UPV/EHUko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegiaren arabera.
17. artikulua.– Frogaldia.
1.– Instruktoreak erabaki ahal izango du frogak egitea: eskatu zaizkionen artetik egoki deritzenak eta berak beharrezkotzat jotzen dituenak.
Instruktoreak bakarrik eman ahal izango die ezezkoa argi eta garbi desegokiak edo premia gabeak diren frogei. Horretarako, erabaki arrazoitu bat emango du, zeinaren kontra ezin izango den errekurtsorik jarri.
2.– Prozedura ebazteko esanguratsuak diren gertakariak zuzenbidean onartzen den edozein frogabidez egiaztatu ahal izango dira.
3.– Hilabeteko epea egongo da onartutako frogak egiteko, frogaldia irekitzen denetik hasita. Dena dela, epea amaitu aurretik, instruktoreak beste hil erdi batez luzatu ahal izango du, horretarako arrazoiak emanda.
4.– Instruktoreak interesdunari jakinaraziko dio non, noiz eta zein ordutan egingo diren eskatutako frogak eta ofizioz egitekoak, halakorik egin nahi badu. Espedientean jasota geratuko da interesdunak hartu egin duela jakinarazpena.
5.– Instruktorea, eta, hala badagokio, idazkaria, aurrean egongo dira frogak egiten direnean.
18. artikulua.– Bitartekaritza prozedura UPV/EHUko Bizikidetza Batzordean.
1.– Frogak amaituta, aldeek horretarako epean adierazi badute jo nahi duela bitartekaritza prozedura, UPV/EHUko Bizikidetza Arautegiko 21. artikuluan jasota dagoen bezala, instruktoreak ordura arte bideratutako espedientea bidaliko dio UPV/EHUko Bizikidetza Batzordeari.
Bestela, hamabost eguneko epean kargu orria egingo du, hurrengo artikuluan zehazten den moduan.
2.– Bizikidetza Batzordeak erabakiko du, bere funtzionamendu arauen eta UPV/EHUko Bizikidetza Arautegiaren arabera, egokia den bitartekaritzara jotzea ala inhibitu egiten den eta espedientea itzultzen dion instruktoreari, kargu orria egin dezan.
3.– Bizikidetza Batzordeak erabakitzen badu egokia dela bitartekaritza erabiltzea, aldeei eta instruktoreari jakinaraziko die, eta hark eten egingo du prozedura.
Bitartekaritza erabiltzea egokitzat jotzen duen erabakiak iraungitze eta preskripzio epeak etengo ditu, bere datatik hasita.
4.– Bitartekaritza prozeduraren bidez akordio osoa lortuko balitz, behin aldeek akordioa beteta batzordeak jarritako epean, batzordeak horren berri emango dio instruktoreari, eta hark espedientea artxibatzea proposatuko dio errektoreari, edo eskumena eskuordetu zaion organoari.
5.– Akordioa partziala bada, behin aldeek akordio hori beteta eta Bizikidetza Batzordeak horren berri emanda, instruktoreak prozeduraren etena indargabetuko du eta prozedurarekin jarraituko du dagokion puntuan.
6.– Aldeek bete ez badute akordioa adostu duten moduan, Bizikidetza Batzordeak horren berri emango dio instruktoreari, eta hark etena indargabetuko du eta diziplina prozedurarekin jarraituko du dagokion puntuan.
19. artikulua.– Kargu orria.
1.– Aldeek ez badute adierazi bitartekaritzara jo nahi dutela, edo Bizikidetza Batzordeak erabaki badu bitartekaritzara jotzea ez dela egokia eta hala adierazi badio instruktoreari, eta, horrekin batera, espedientea itzuli, instruktoreak kargu orria egingo du.
Bizikidetza Batzordeak ez baditu ebatzi aurkeztu zaizkion gai guztiak, instruktoreak espedientea bueltan jasotzen duenean gai horien kargu orria idatziko du, haien tramitazioarekin jarraitzeko.
2.– Kargu orrian jasoko ditu ustezko gertakariak, ustez egindako falta, ezar litezkeen zehapenak, eta, hala badagokio, instruktoreak berak ezarritako behin-behineko neurriak mantentzeko ala kentzeko erabakia.
3.– Instruktoreak kargu orriaren jakitun jarriko ditu ustezko erantzuleak, eta haiek hamar eguneko epea izango dute alegazioak egiteko eta beren defentsarako dokumentuak eta informazioak aurkezteko, bai eta frogak egitea proposatzeko ere.
4.– Kargu orriari erantzuna eman ondoren, edo epea behin igarota inork erantzunik eman gabe, instruktoreak entzunaldi tramitea egingo du. Era berean, erabaki ahal izango du proposatutako frogen artetik onartu dituenak egitea hamar eguneko epean. Horren ostean, entzunaldi tramitea egingo du.
20. artikulua.– Entzunaldia.
1.– Instruktoreak espedientea erakutsiko die interesdunei, hamar eguneko epean beren defentsarako alegazioak eta dokumentuak aurkez ditzaten.
2.– Aurreko atalean adierazitako epea amaitu aurretik interesdunek adierazten badute ez dutela asmorik alegaziorik egiteko edo dokumentu edo justifikazio berririk aurkezteko, izapidea egindakotzat joko da, eta jasota utziko da hori espedientean.
21. artikulua.– Erabaki proposamena.
1.– Instruktoreak hurrengo hamar egunen barruan erabaki proposamena egingo du, interesdunek entzunaldi tramitea erabili ala ez. Bertan gertakariak azalduko ditu, modu arrazoituan, zehaztuta zeintzuk jotzen dituen frogatutzat eta zein den haien kalifikazio juridikoa.
Era berean, zehaztuko du frogatutako gertakariak zein arau hauste diren, eta nor edo nortzuk diren erantzule, eta zein zehapen proposatzen duen eta behin-behineko zein neurri hartu duen, halakorik hartu badu.
2.– Instruktoreak frogatutzat jotzen badu falta larri bat egin dela, zehapenaren ordezko neurriak proposatu ahal izango ditu, UPV/EHUko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegiari jarraikiz.
3.– Erabaki proposamena interesdunei jakinaraziko zaie eta haiek hamar eguneko epea izango dute beren defentsarako egoki deritzotena instruktorearen aurrean alegatzeko, eta entzunaldi tramitean aurkeztu ezin izan dituzten intereseko dokumentuak eta informazioak aurkezteko.
4.– Instruktorearen iritziz arau hausterik edo erantzukizunik ez balego, espedientea artxibatzea proposatuko du.
VI. KAPITULUA
PROZEDURA AMAITZEA
22. artikulua.– Prozedura diziplina erabaki batez amaitzea.
1.– Alegazioetarako epea amaituta, halakorik aurkeztu zein ez, instruktoreak erabaki proposamena aurkeztuko dio errektoreari edo eskumena eskuordetu zaion organoari. Horrek, hala ere, espedientea itzuli ahal izango dio instruktoreari, erabakia emateko ezinbestekoak diren eginbideak gauza ditzan.
2.– Aurreko ataleko kasua alde batera utzita, erabakia hamar eguneko epean eman beharko da, instruktoreak bere proposamena bidaltzen duenetik hasita.
3.– Errektoreak edo eskumenen eskuordetzaz haren ordez diharduenak uste badu arau haustea edo zehapena larriagoa dela erabaki proposamenean ezarritakoa baino, interesdunari jakinaraziko zaio hamabost eguneko epea duela alegazioak egiteko.
4.– Diziplina prozedura amaitzen duen erabakia arrazoitua izan beharko da eta bertan ebatziko dira interesdunek plazaratutako gai guztiak, bai eta prozeduran zehar sortutako guztiak ere. Erabakian ezin izango da onartu beste gertakaririk kargu orria egiteko eta erabaki proposamenerako oinarri izan direnez gain, baina gertakarien balorazio juridikoa desberdina izan ahalko da.
5.– Era berean, instruktoreak arau hauste larrirako zehapenaren ordez proposatu duen neurriari buruzko irizpen esplizitu bat jasoko du erabakiak.
6.– Prozedura ebazteko eta erabakia jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, prozedura hasteko erabakiaren datatik hasita.
7.– Erabakiaren kontra aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita. Aldi berean, erabakiaren kontra administrazioarekiko auzi errekurtsoa ere jarri ahal izango da, zuzenean, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
23. artikulua.– Prozedura amaitzeko beste era batzuk.
Titulu honetan araututako prozedura beste modu hauetan ere amaitu ahal izango da:
– jarduerak artxibatuta, instruktorearen proposamenez.
– Prozedura iraungitzat jota, erabakia emateko eta jakinarazteko epea, aurreko artikuluko 6. atalean aipatutakoa, igaro bada halakorik egin gabe.
– Unibertsitateak atzera eginda.
– Ebazteko ezintasun materialagatik, gerora sortutako arrazoiak direla eta. Hori erabaki arrazoitu batean azaldu beharko da.
– UPV/EHUko Bizikidetza Batzordearen bidez akordio bat lortuta, eta, ondorioz, espedientea artxibatuta.
VII. KAPITULUA
DIZIPLINA PROZEDURAREN TRAMITAZIO SINPLIFIKATUA
24. artikulua.– Tramitazio sinplifikaturako kasuak.
1.– Prozedura hasteko eskumena duen organoak uste badu UPV/EHUko Ikasleen Falta eta Zehapenei buruzko Arautegiaren arabera badagoela nahiko daturik arau haustea arintzat jotzeko, diziplina espedientea modu sinplifikatuan tramitatzea erabaki ahal izango du.
Era berean, instruktorearen ustez egitateek hutsegite arina eragin dezaketela pentsatzeko nahikoa elementu badaude, kapitulu honetan aurreikusitako izapideei jarraitzea erabaki ahal izango du. Prozedura ebazteko organo eskuduna berbera izango da.
2.– Artikulu honen aurreko zenbakian aurreikusitako kasuetan, interesdunei jakinarazi egin beharko zaie prozedura tramitazio sinplifikatuaz kudeatuko dela.
25. artikulua.– Tramiteak.
1.– Tramitazio arrunta azkarrago amaituko ez bada behintzat, hogeita hamar eguneko epean ebatzi beharko da tramitazio sinplifikatuaz kudeatutako prozedura bat, tramite sinplifikaturako erabakia interesdunei jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Tramite hauek baino ez ditu izango:
a) prozedura hastea.
b) Prozeduraren hasierari bost eguneko epean aurkeztutako alegazioak.
c) Entzunaldia. Tramite hau bakar-bakarrik egingo da erabakiaren bidez diziplina zehapen bat ezarriko bada.
d) Erabakia.
2.– Aurreko atalean aipatu ez den tramiteren bat egin beharko balitz, prozedura modu arruntean tramitatuko da.
II. TITULUA
ZEHAPENAK BETEARAZTEA
26. artikulua.– Betearazpena.
1.– Erabakietan zehapenik ezartzen bada arautegi honen arabera, berehala betearaztekoak izango dira, non eta ez den administrazioarekiko errekurtsorik jarri haien kontra. Kasu horretan ezin izango dira betearazi harik eta errekurtsoa espresuki ebatzi arte.
2.– Aurreko atalean esandakoa gorabehera, 22. artikuluko 4. atalean aurreikusitakoaz gain, diziplina erabakiak kautelazko neurriak ezarri ahalko ditu, betearaztekoa ez den artean bere efikazia bermatzeko. Kautelazko neurria izan daiteke prozeduran hartutako behin-behineko neurriei eustea, halakorik hartu bada.
3.– Erabakia betearaztekoa izan arren, kautelaz eten ahal izango da interesdunak unibertsitateari adierazten badio asmoa duela administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzeko, eta hala eskatzen badu esplizituki. Kautelazko etete hori amaituko da baldin eta:
a) legean ezarritako epea amaitu bada interesdunak administrazioarekiko auzi errekurtsorik jarri gabe.
b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarriz gero:
1.– Tramite horretan bertan eskatu ez badu aurkatutako erabakia kautelaz etetea.
2.– Organo judizialak irizpena ematen badu kautelazko eteteaz, bertan aurreikusitako moduan.
4.– Zehapen larria ordeztuko da diziplina erabakian zehazten den moduan, baldin eta UPV/EHUko Bizikidetza Batzordeak horren aldeko txostena egiten badu. Batzordeak hamar eguneko epean egin beharko du txostena, zehapen erabakia betearazi daitekeela edo errekurritzeko epea igaro dela jaso eta gero.
27. artikulua.– Euskal Herriko Unibertsitateko titulu ofizialekin edo berezko tituluekin egindako iruzur akademikoen zehapenen ondorioak.
Diziplina erabakian ondorioztatzen bada arau-hausleak iruzurrez eskuratu duela UPV/EHUren titulu ofizial edo berezko bat, errektoreak erabakiko du berrikuspen prozedura bat hastea ofizioz, tituluaren erabateko deuseztasuna deklaratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 106. art.).
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Tramitazioan dauden diziplina prozedurak.
Arautegi hau indarrean sartzen denean ebazteke balego UPV/EHUko ikasleek egindako falten diziplina prozeduraren bat, hasi zenean indarrean zeuden arauekin tramitatu eta ebatziko da, baina bitartekaritza ere eskatu ahal izango dute Bizikidetza Batzordean.
AZKEN XEDAPENA.– Arautegia indarrean jartzea.
Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogei egunera sartuko da indarrean.