Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2023ko abuztuaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3886

AGINDUA, 2023ko uztailaren 11koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuarena, 2023ko ekitaldian EAEn irabazi-asmorik gabeko erakundeek joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egiteko dirulaguntzak ematea arautzen eta iragartzen duena.

Jokoa gizarte-, jolas- eta dibertsio-jardueratzat jotzen da, eta joko patologiko bihur daiteke jokalariak askatasun emozionala galtzen badu eta horrek haren jokabidean zuzeneko eragina badauka. Oso nahasmendu ezgaitzailea, progresiboa eta kronikoa bihurtzen da, eta norberaren, familiaren, gizarte-arloko eta lan-arloko narriadura eragiten du. Beraz, osasun publikoko arazoa da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Jokoaren Erregelamendu Orokorrak, uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren bidez onetsiak, joko arduratsuaren printzipioak ezartzen ditu 10. artikuluan.

Joko arduratsua esaten zaio jokalariak joko-jarduera kontzienteki eta ingurune osasungarrian garatzen duela bermatzen duten neurrien, arauen eta informazioen multzoari, betiere jokalariaren borondateari eta erabakitzeko askatasunari murrizketarik jarri gabe.

Jokoa Arautzeko Agintaritzak jokalarien eskubideak bermatuko ditu eta joko arduratsua sustatuko du; horretarako, prebentzio- eta heziketa-kanpainak bultzatu eta babestuko ditu, eta prebentzio- eta laguntza-programetan esku hartuko du Osasun arloko sail eskudunarekin, toki-administrazioekin eta adikzio-jokabideak artatzen dituzten elkarteekin elkarlanean.

Irabazi-asmorik gabeko elkarteek joko patologikoaren eremuan egiten dituzten jarduketak azpimarragarriak dira, eta oso eraginkorrak. Kontuan izanik Osasun Sailak diruz laguntzen dituela erakunde horiek adikzioen prebentzio selektiboaren, agindutakoaren eta asistentzialaren eremuan egiten dituzten jarduerak, deialdi honen helburua da informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduketetarako dirulaguntzak ematea.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoan dirulaguntzen eta laguntzen arloan indarrean dagoen araudiaren babesean egiten da. Hain zuzen, xedapen hauetan dago bilduta: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina –EONALTB– onartzen duenaren) IV. titulua, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) eta aipatutako legearen erregelamendua onartzen duen Errege Dekretua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honek xede du irabazi-asmorik gabeko erakundeei dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea, norgehiagoka-araubidean, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak egin ditzaten. Gainera, 2023ko dirulaguntzen deialdia egiten da.

2.– Dirulaguntza honen helburua da irabazi-asmorik gabeko erakundeek jokoari lotutako jokabide arriskutsu eta arazotsuei buruz egiten dituzten informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerei eusten laguntzea. Honako hau jotzen da prebentzio unibertsaltzat: biztanleria orokorrari zuzentzen zaiona eta osasunaren sustapenaren bidez egiten dena, jokoari lotutako adikzio-jokabideek dakartzaten arazoei buruzko ezagutza sortzeko eta orientazioa emateko.

3.– Agindua bat dator Segurtasun Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan ezarritako jarraibideekin. Plan hori Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren agindu baten bidez onartu zen.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzen muga.

Agindu hau betetzeko, gehienez ere 100.000 euro bideratuko dira, abenduaren 23ko 15/2023 Legearen bidez onartutako EAEren 2023ko aurrekontuetan kontsignatuak.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Lehia-konkurrentziaren araubidean, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko jarduerak, biztanleria orokorrera zuzenduta daudenak eta joko patologikoa sor dezaketen aztura edo jokabideetarako sustagarria kentzeko helburua daukatenak, egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeek heldu ahalko diete agindu honetan xedatutako laguntzei, jarduerok 2023. urtean egiten badituzte eta betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Legearen barruan sortuak izan behar dute, eta dagozkien administrazio-erregistroetan edo erroldetan behar bezala erregistratuta egon dirulaguntzen deialdia baino urtebete lehenagotik, gutxienez.

b) Irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute, edozein dutela ere forma juridikoa: elkartea, fundazioa, gizarte-ekimeneko kooperatiba edo irabazi-asmorik gabeko besteren bat; gainera, helburu publiko bat edo gizarte-interesekoa lortzea sustatu behar dute. Irabazi-asmorik ezak erakundearen estatutuetan jasota egon behar du.

c) Sustatzea helburu publiko bat edo gizarte-intereseko helburu bat lor dadila. Estatutuen xedeek interes orokorra sustatu behar dute, eta arlo hauetakoak izan ahalko dira: izaera zibikoa, hezkuntza, zientzia, kultura, kirola, osasuna, giza eskubideen sustapena, gizarte-laguntza, garapenerako lankidetza, emakumearen sustapena, familiaren sustapena eta babesa, haurren babesa, aukera-berdintasuna eta tolerantzia sustatzea, ingurumena babestea, gizarte-ekonomia edo ikerketa sustatzea, gizarte-boluntariotza sustatzea, edo arrazoi fisikoengatik edo gizarte-, ekonomia- nahiz kultura-arrazoiengatik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonei laguntzea eta arreta ematea.

d) Egunean izatea indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

f) Euren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu behar dute, nagusiki. Halakotzat jotzen dira Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen aplikazio-eremukoak.

g) Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.5 artikuluan eta azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak bete behar dituzte, eta ez dute azken artikulu horren 2. eta 3. apartatuetan aipatutako ezein inguruabarretan egon behar.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, joko patologikoari buruzko informazio eta prebentzio unibertsaleko proiektutzat joko dira xede hauek dituzten ekintzak zertzen dituztenak:

a) Joko patologikoaren arriskuarekiko kalteberatasun-egoerak detektatzea.

b) Joko arduratsuaren ezaugarriei buruzko ezagutza sustatzea.

c) Joko arazotsuan, gehiegizko jokoan eta joko patologikoan aritzeko arrisku-egoeraren adierazleei buruzko ezagutza eta jokoak adikzioa sortzeko duen ahalmenean eragin handiena duten faktoreei buruzkoa sustatzea.

d) eknologia berriek jokorako dakartzaten arriskuen berri ematea.

e) Joko patologikoaren aurka borrokatzeko jarduera eta baliabide publikoak eta pribatuak zabaltzea.

2.– Proiektuek kolektibo hauek izan ahalko dituzte xede, besteak beste:

– Adingabeak.

– Gazteak eta nerabeak.

– Emakumeak.

– Familiak.

– Hezkuntza-komunitatea.

3.– 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte burututako proiektuak lagundu ahalko dira diruz.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da jarduera bera finantzatzeko beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek ematen dituzten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzearekin. Administrazio honetako beste erakunde batzuek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin ere izango dira bateragarriak. Dirulaguntzen zenbatekoak ezingo du gainditu erakunde onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera bada ere.

2.– Aurrekoaren ondorioetarako, eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da; horren bidez, adierazi beharko da helburu bera lortzeko bestelako finantzaketa-iturririk dagoen ala ez, iturri horien zenbatekoa eta, hala badagokio, oraindik ebatzi beharreko dirulaguntzen eskaerarik dagoen ala ez, agindu honen 8. artikuluarekin bat etorriz.

3.– Lortutako laguntza eta dirulaguntza guztien batura jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa baldin bada, dirulaguntza murriztuko da soberakina kenduta.

6. artikulua.– Laguntzak elektronikoki izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoez egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Jakinarazpenak bide elektronikoez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta. Jakinarazpen-sistemak ahalbidetuko du egiaztatzea zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazten den egintza erakunde interesdunari edo, hala badagokio, legezko ordezkariari edo baimendutako pertsonari, eta noiz ikusi duen haren edukia; une horretatik aurrera, jakinarazpena egindakotzat joko da. Eskuragarri jarri dela frogatuta dagoenean eta edukia ikusi gabe hamar egun natural igarotzen direnean, jakinarazpena ukatu dela ondorioztatu, eta izapidea egindakotzat joko da. Beraz, prozedurak aurrera egingo du, ofizioz edo hartzaileak eskatuta jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatu ezean.

3.– Laguntza hauek izapidetzeko bide elektronikoen erabilera lege hauen bidez arautuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Legea), Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea) eta Administrazio Elektronikoari buruzko Dekretua (otsailaren 21eko 21/2012 Legea).

4.– Izapidetze elektronikoa eta bide elektronikoak erabiltzeko jarraibideak eskuragarri egongo dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan; hain zuzen ere, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/

7. artikulua.– Eskaerak aurkeztea: modua eta epea.

1.– Eskariak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, eta, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik hasiko da zenbatzen.

2.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa (bertan daude izapideak egiteko jarraibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta ereduak, eta haren bidez sar daiteke eskaera egiteko inprimakira) honako esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109104

Prozedura honetako izapide guztiak baliabide telematikoz egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek erabili beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein ziurtagiri elektroniko.

Helbide honetan eskura daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko baliabideak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

3.– Eskaeraren osteko izapide elektronikoak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Erakunde interesdunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztuko dira bai eskabideak bai agindu honen 8. artikuluaren arabera erantsi behar den dokumentazio osagarria. Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109104

Halaber, ordezkari baten bidez ere izapidetu ahal izango da elektronikoki; horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzako Ahalordeen Erregistro Elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

5.– Erakunde eskatzaileek aukeratzen duten hizkuntzan aurkeztu ahalko dituzte laguntza-eskaera eta erantsi behar den dokumentazioa. Era berean, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskaeraren ondoriozko jarduketetan eta prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak (azaroaren 24ko 10/1982 Legeak) ezartzen duen moduan.

6.– Bai laguntza ematean bai ordainketak egitean, eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatuko du organo kudeatzaileak, automatikoki eta behar adina aldiz, eskatzaileek baimenik eman behar izan gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) 50.3 artikuluan ezarritakoa aplikatuz. Hala ere, eskatzailea horren aurka agertu ahal izango da, horren zergatia emanda. Halakorik egiten baldin badu, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Era berean, bai laguntza ematean bai ordainketak egitean, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzen direla egiaztatuko da.

7.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, APAPELen 28. artikuluaren arabera eta eskabideei dagokienez, behar dituen dokumentuak egiaztatu eta bildu ahal izango ditu.

Ziurtagiri elektroniko aitortu bidez identifikatutako pertsona fisikoen identifikazio-datuen kasuan, ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko.

8.– Agindu honetan aipatutako erantzukizunpeko adierazpen guztietan jasotako datuak egiazkoak direla frogatu beharko dute onuradun izateko proposatzen diren pertsonek, dena delako laguntza edo dirulaguntza emateko prozedura ebatzi baino lehen frogatu ere, dagozkien agiriak aurkeztuta edo organo kudeatzaileari dokumentazioa egiaztatzeko baimena emanda.

9.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du deialdi honen oinarriek zehazten dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartzen direla.

8. artikulua.– Eskaeren edukia.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak) 50.6 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak) 13.7 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, pertsona eskatzaileak betekizun hauek egiaztatuko ditu eskaera-orri normalizatuetan:

a) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako eskainitako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu den, eta, hala balitz, horrelakorik lortu den jakinaraztea.

b) Egiaztatzea ez daudela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen inguruan hasitako inongo itzulketa- edo zehapen-prozeduratan, edota prozedura horiek amaituta daudela.

Agindu honetan xedatutako laguntzak erakunde onuradunei emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea zehapen-prozedura guztiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasiak eta oraindik izapidetzen ari direnak.

Erakunde eskatzaileak egiaztatzea ez duela zehapen administratibo edo penalik, dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, dagokion epaiak ezartzen duen aldian, edo ebazpen irmorik edo legezko debekurik, laguntzok jasotzeko gaitasuna kentzen dionik, barnean delarik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik gabeko Bizitzetarako Legearen testu bategineko 23. artikulua, zeina martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu baitzen, eta EONALTBen 50.5 artikuluak ezartzen duena.

c) Egiaztatzea erakundea ez dagoela sartuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluek zerrendatzen dituzten egoeretan.

2.– Pertsona eskatzaileak erakundearen eraketa-eskritura aurkeztu beharko du, baita haren estatutuak, haiek dagokion erregistroan duten inskripzioa eta erakundearen IFK ere.

Baldin eta organo kudeatzaileak badauka dokumentazio hori erakunde eskatzaileak dirulaguntza hauen aurreko deialdietan aurkeztu duelako, ez da beharrezkoa izango berriro aurkeztea, salbu aldaketak daudenean.

3.– Erakunde eskatzaileak lehenago jokoari lotutako arazoekin zerikusia duten dirulaguntzak eskuratu baditu, hori egiaztatzeko frogagiria aurkeztu beharko du.

4.– Proiektu bakoitzeko eskaera bat bete beharko da; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109104

Eskabideetan, gutxienez, honako datu hauek jaso behar dira:

a) Proiektua aurkezten duen erakundearen eta pertsonaren identifikazio-datuak: nor den, zer erakunde ordezten duen, eta zein diren kokapen-datuak: posta-helbidea, telefonoa, eta abar

b) Proiektuaren izendapena.

c) Erakunde sustatzailea: erakundearen deskribapena, ibilbidea eta proiektuak xede duen arloan izan duen esperientzia.

d) Proiektuan harremanez arduratzen den teknikariaren datuak.

e) Proposatutako proiekturako lantaldeko kide bakoitzaren izen-abizenak, lanbide-taldea, titulazioa, arduraldia (lanaldi osoa edo partziala –ehunekoa adierazita– eta proiektuari eskainiko zaion lanaldiaren ehunekoa), lan-kontratuaren hasiera- eta amaiera-data eta lan-kostua (Gizarte Segurantza barne).

f) Proiektua nola gauzatuko den (deskribapena).

g) Justifikazioa edo arrazoiak: egoeraren diagnostikoa.

h) Proiektuaren eta proiektua sustatzen duen erakundearen historia laburra.

i) Oinarri teorikoak: zein arlotan eragin nahi den.

j) Proiektuaren helburua: helburu orokorra, helburu zehatzak eta helburu operatiboak.

k) Proiektuaren jarduerak honako fase hauetan: plangintza eta diseinua, inplementazioa eta gauzatzea, ebaluazioa eta aurreikusitako beste fase batzuk.

l) Proiektuaren baliabideak, koordinazioa eta sareko lana barne.

m) Proiektuaren aurrekontua, bi puntu hauek ere adierazita: proiektuaren kostu osoa, kontzeptuen arabera banatuta, eta proiekturako diru-sarrerak.

9. artikulua.– Eskaerako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzak jasotzeko eskaerak behar bezala osorik betetzen ez badira edo aurreko apartatuan zerrendatutako dokumentazioa eransten ez bazaie, errekerimendu telematikoa egingo zaio interesdunari, hamar eguneko epean akatsak zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkeztu ditzan. Halaber, jakinaraziko zaio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ondorioztatuko dela. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 21. eta 68. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.

1.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza izango da agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko dira. Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, Balorazio Batzordea sortuko da, eta honako hauek osatuko dute:

Joko eta Ikuskizunen zuzendaria; batzordeburua izango da.

Joko eta Ikuskizunen Arabako Lurralde Bulegoko arduraduna.

Joko eta Ikuskizunen Bizkaiko Lurralde Bulegoko arduraduna.

Joko eta Ikuskizunen Gipuzkoako Lurralde Bulegoko arduraduna.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako teknikari bat.

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako teknikari bat.

Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez izendatuko dira batzordekideak.

Batzordeburuak izendatuko du nor izango den kide anitzeko organoko idazkaria, batzordekideen artean.

Balorazio-batzordearen funtzionamenduari dagokion guztirako, osagarri moduan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legeak) 15. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa aplikatuko da.

3.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez emango dira laguntzak.

Laguntzak kudeatzen dituen organoak edo balorazio-batzordeak egoki iritzitako informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko behar badute, eta egokiak diren egiaztapenak egin eta aurkeztutako datuak erkatu ahalko dituzte laguntzak ondo adjudikatzeko.

Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebazteko eta jakinarazteko epea 6 hilabetean amaituko da, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta.

4.– Jakinarazpen elektronikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Laguntzak emateko ebazpenetan, erakunde onuradunaren betebeharrak (agindu honen artikuluan xedatutakoak) adieraziko dira, eta berariaz aipatuko da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betetzean eskatzen duten informazio guztia eman behar dela.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta hargatik eragotzi gabe ebazpenak berariaz eta banan-banan jakinaraztea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez argitaratu ere, xedapen honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun gertatu diren erakundeen zerrenda (esleitutako zenbatekoak adierazita) eta hasiera batean emandako dirulaguntza aldatu zaienen zerrenda.

7.– Agindu honen arabera Segurtasuneko sailburuak laguntza emateko edo ukatzeko ematen dituen ebazpenek ez diote amaierarik ematen administrazio-bideari, eta horien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legeak) 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

8.– Norbaitek uko eginez gero, emandako dirulaguntza onartzeko epea igarota, ebazpen bat emango da eta, horren bidez, emandako puntuazio-hurrenkera aintzat hartuta, uko-egiteetatik ateratako zenbatekoa esleituko da.

11. artikulua.– Esleipen-irizpideak eta horien haztapena.

1.– Lehiaketa izanik laguntzak emateko prozedura, aurkeztutako eskaerak alderatuz emango dira. Horretarako, artikulu honetan agertzen diren balorazio-irizpideak eta agindu honen IV. eranskinean ezarritako puntuazio-tarteak erabiliko dira, eskaera guztien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko. Honako hauek dira balorazio-irizpideak eta haien haztapena:

1.1.– Proiektuaren iraupena. Kontuan izango da ea proiektua garatu den denboraldi batean, ea edizio desberdinak izan dituen bata bestearen ostean, eta ea erakutsi den premiazkoa dela eta parte hartzen duten eragile eta pertsonak onartu duten. Era berean, kontuan hartuko da ea egoera edo joera berrietara egokitzen den. (10 puntu, gehienez).

1.2.– Dirulaguntzarekin egingo diren jardueren balorazioa (0-90 puntu):

a) Diseinuaren kalitate teknikoa: harreman koherentea egon behar du eragin nahi zaien arloen, lortu nahi diren helburu zehatzen, helburu horiek betetzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horien lorpen-mailaren adierazleen ebaluazioaren artean (gehienez: 30 puntu).

b) Jarduera gizarte-ekimeneko beste erakunde batzuekin, eremu sozial, sanitario, soziosanitario edo hezkuntza-eremuko beste federazio edo erakunde batzuekin koordinatuta eta lankidetzan gauzatzea, sare-lana sustatuta. Era berean, Jokoa Arautzeko Agintaritzarekin –batez ere Jokoaren Euskal Behatokiarekin– elkarlanean egin diren ekintzak baloratuko dira apartatu honetan. (10 puntu).

c) Proiektuaren eraginkortasuna; hau da, proiektuaren kostuaren, onuradun kopuruaren eta programa aplikatzeak eragingo dituen onuren arteko erlazioa (gehienez: 10 puntu).

d) Proiektuak joko arazotsuaren prebentzioan eta joko arduratsuaren hedapenean izango duen eragina, proiektuko jardueren hartzaileen kopurua neurtuta (gehienez: 20 puntu).

e) Genero-ikuspegia kontuan hartzea, ulertuta ezen, proiektuaren diseinuan, exekuzioan eta ebaluazioan, kontuan hartu behar direla gizon eta emakumeen egoera, baldintza eta behar desberdinak (gehienez ere, 10 puntu).

f) Zein talde- edo pertsona-tipologiari zuzentzen zaien prebentzio-proiektua (kalteberatasun edo bazterkeria gisa ulertuta, arrisku-jokoko jokabideak izateko aukera handia dakarten ezaugarri pertsonal, familiar edo sozialei erreferentzia eginez) (gehienez 10 puntu).

2.– Aurreko apartatuan jasotako irizpideak erabiliz eskaeren hurrenkera ezarrita, puntu gehien lortzen dituzten eskaerei esleituko zaizkie laguntzak, harik eta zuzkidura ekonomikoa agortu arte.

Berdinketa gertatuz gero, 1.1.b) balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna.

3.– Eman beharreko laguntzetako bakoitza zehaztu eta zenbatesteko, kopuru hauek biderkatu beharko dira: batetik, onartutako aurrekontuaren % 75 eta, bestetik, proiektua baloratzean lortutako puntuak kalkulatuta ateratzen den ehunekoa, proiektu batek artikulu honen arabera lor ditzakeen puntuei dagokienez. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ezingo da izan eskatutako kopurua baino handiagoa.

12. artikulua.– Zenbatekoa, ordaintzeko modua eta baldintzak.

1.– Segurtasun Sailak % 75eraino finantzatu ahal izango du aurreko artikuluan ezarritako moduan onartutako aurrekontua. Onartutako aurrekontutzat hartuko da aurkeztutako proiektuaren aurrekontu osoa; eskatutako proiektuan adierazitako jardueretara egokitua eta doitua egon behar du.

Diruz lagungarria den proiektuarekin zuzeneko erlazio objektiboa daukaten jarduerei dagozkien gastuak izango dira dirulaguntzaren xedea. Diruz lagundutako proiektua zuzenean gauzatzeko behar diren erakundeko langileei dagozkien zuzeneko gastuen barruan, haien arduraldi-ehunekoa eta lan-kategoria adierazi beharko dira. Langile propioen gastuak ezingo dira izan honako hauek baino handiagoak:

a) Goi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 45.470 euro gordin urtean atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

b) Erdi-mailako teknikaria, lanaldi osoan: 37.245 euro gordin urtean atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

c) Administraria, lanaldi osoan: 30.024 euro gordin urtean atxikipenen eta Gizarte Segurantzaren zenbatekoak barne).

Zeharkako kostuak (administrazioa, kudeaketa, bulego-materiala, telekomunikazioak, ura, gasa, elektrizitatea eta bestelako zerbitzuak, dirulaguntza eskatu den proiektuari argi eta garbi egozteko modukoak badira, formulazio, jarraipen eta ebaluaziorako) ezingo dira programaren zuzeneko kostuaren % 20 baino gehiago izan.

Proiektu bakoitzari ez zaio emango laguntza-agindu honetarako xedatutako aurrekontu-partidaren guztizko zenbatekoaren % 20 baino gehiago. Geldikinik badago, ezarritako gutxieneko puntuazioa gainditzen duen proiektu nahikorik ez dagoelako, ehuneko hori handitu ahalko da, funtsak agortu arte.

2.– Diruz lagundutako jarduketak gauzatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, subjektu onuradunek DLOaren 29. artikuluan eta DEOaren 68. artikuluan xedatutako baldintzak bete beharko dituzte. Azpikontratazioaren proportzioa ezingo da izan diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 baino handiagoa. Kontratuen zenbatekoak azpikontratazioaren unean indarrean dagoen kontratu-araudian xedatutako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen badu, ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen erakunde nahikorik ez dagoenean izan ezik, onuradunak gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu. Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideei jarraituko zaie, eta hautapena memoria batean berariaz justifikatu beharko da, baldin eta proposamen ekonomikoki abantailatsuena aukeratzen ez bada.

3.– Ordainketa zatikatua izango da: % 60 laguntza onartutakoan ordainduko da, eta gainerako % 40a, berriz, 2023ko urtarrilaren 15a baino lehen, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari dirulaguntzaren justifikazio-memoria bidali ostean. Memoria horretan, diruz lagundutako proiektuaren betetze-maila adieraziko da, haren garapenaren balorazio kualitatiboa egingo da.

Ordainketa egin aurretik, egiaztatuko da erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dauzkala, eta ez dela zordun dirulaguntza itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.

4.– Justifikazio-memoriaren eredu normalizatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, eta Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari bidali beharko zaizkio.

Justifikazio-memoria horri «Jarraipen ekonomikoa» izeneko agiria erantsi behar zaio; hor egingo da gauzatutako aurrekontuaren laburpena eta justifikazio-kontua. Justifikazio-kontua onartutako aurrekontu guztiari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat da; bertan, gastua egiaztatzeko agiri guztien zerrenda jasotzen da, eta dokumentu mota, identifikazioa, pertsona edo erakunde igorlea, kontzeptua, data, zenbatekoa eta proiektuari egotzi beharreko ehunekoa zehazten dira. Aurrekontuan aurreikusitako zenbatekoa eta benetako zenbatekoa adieraziko dira, baita diruz lagundutako jarduera finantzatzeko xedatutako beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen zenbatekoa eta jatorria ere.

Justifikazioa aurkeztu ostean, justifikatutako gastuak argitzeko edo zuzentzeko eskatu ahalko du Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, baita emandako laguntza kontrolatzeko behar den dokumentazio gehigarria aurkezteko ere. Horretarako, erakunde onuradunari telematikoki jakinaraziko zaio hamar eguneko epea emango zaiola zuzenketa egiteko.

Organo kudeatzaileak egiaztapena egingo du, egokiak iruditzen zaizkion frogagirien ausazko laginketa-tekniken bidez, dirulaguntzaren aplikazio egokiari buruzko arrazoizko frogak eskuratzeko asmoz. Horretarako, onuradunari hautatutako egiaztagiria bidaltzeko eskatu ahalko dio.

Gainera, dirulaguntza egoki aplikatzen dela egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastu-egiaztagiriak, lagin adierazgarri batean oinarrituta, laguntza eman eta hurrengo bost urteetan egiaztatuko dira. Gainera, Segurtasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Kontuen Euskal Epaitegiak bidezkoak diren ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-ekintzak egin ahalko dituzte. Erakunde onuradunek emandako dirulaguntzaren kontura egindako gastuen egiaztagiriak gorde beharko dituzte, eta eskura eduki, gastua egin eta bost urtez gutxienez.

5.– Egiaztagiriak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, Nire karpeta gunearen bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta Informazioa eta prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1109104) egongo dira eskuragarri, 6. artikuluan xedatutako izapidetze elektronikoaren jarraibideetan azaldutako prozeduraren eta jarduketen arabera.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak) 14. eta 46. artikuluetan adierazitako betebeharrak, aplikatzekoak diren heinean, alde batera utzi gabe, laguntzen onuradunak diren erakundeek, aginduaren gainerako artikuluek ezartzen dituzten betebeharrez gain, honako hauek bete beharko dituzte:

a) Bai eskaerak aurkezteko bai emandako laguntzak justifikatzeko, agindu honetan xedatutako ereduak erabiltzea.

b) Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean, erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

c) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera aldatzea dakarren edozein gertaeraren berri ematea.

d) Segurtasun Sailarekin elkarlanean aritzea jarduera horiek egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko prozeduretan.

e) Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren babesa berariaz jasotzea diruz lagundutako jarduera guztietan, baldin eta zabaltzeko, hedatzeko edo, hala badagokio, argitaratzeko badira.

f) 2023ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean egitea diruz lagundutako jarduerak.

g) Agindu honetako jardueren ondorioz sortutako memoria, proiektu eta bestelako testu idatzietan, ez da hizkera sexistarik erabiliko; betiere, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean adierazitako konpromisoei jarraikiz, eta bat etorriz artxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko bizitzarako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen testu bateginak 23 artikuluan adierazitakoarekin.

h) Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean agertu beharko du. Hirugarren interesdunen alta emateko edo euren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen edozein aldaketa gertatuz gero –dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada eta behar bezala justifikatuta badaude– edo aldi berean beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira –berdin dio administrazio publiko honek edo beste batzuek edo beste erakunde publiko zein pribatu batzuek emanak izan–, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahalko da. Ondorio horietarako, Segurtasuneko sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; bertan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira, dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz, eta erakunde onuradunek jasotako gehiegizko zenbatekoak itzuli beharko dituzte, agindu honen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketak inoiz ez du eragingo emandako dirulaguntza handitzea.

2.– Era berean, onuradunak eskatu eta justifikatu ostean, laguntza eman zuen administrazio-organoak baimena eman ahalko du egin beharreko jardueren egikaritzea geroratzeko, alegatutako arrazoiek justifikatzen badute; horrelakoetan, dagokion laguntzaren ordainketa atzeratu egingo da.

15. artikulua.– Ezestea, isiltasunagatik.

Agindu honen babesean egindako laguntza-eskaerak ebazteko 10. artikuluan ezarritako gehieneko epea igaro ondoren, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat hartu ahalko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (urriaren 1eko 39/2015 Legeak) 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; edonola ere, Administrazioak badu berariaz ebazteko betebeharra.

16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Erakunde onuradunak bere betebeharrak betetzen ez baditu, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubidea galdu dela adieraztearekin batera, jasotako kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra sortuko da; gainera, ordainketaren unetik itzultzea bidezkoa dela erabaki arte sortutako berandutze-interesa ordaindu beharko da.

2.– Agindu honen 13. artikuluan aipatutako betebeharretako edozein ez betetzeak itzulketa eragingo du. Artikulu horretan aurreikusita ez dauden kasuetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatutako itzultzeko arrazoiak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak) 37.1 artikuluan (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak 91. artikulutik 93. artikuluraino garatzen duen horretan) xedatutako arrazoiak aplikatuko dira.

3.– Agindu honen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera, kasu honetan ere izango da bidezkoa dirulaguntza itzultzea: emandako zenbatekoa, bakarrik zein beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako proiektuaren kostua baino handiagoa bada. Horrelakoetan, aipatutako kostua gainditzen duen zenbatekoa soilik itzuli beharko da, dagokion berandutze-interesarekin batera.

4.– Era berean, itzultzeko arrazoia izango da agindu honen 14. artikuluak aipatutako baldintzen aldaketa. Laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera finkatzen den zenbatekoa gainditzen duen jasotako kopurua itzuli beharko da; ebazpenerako, agindu honetan dirulaguntza emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira.

5.– Itzulketa-prozedura Segurtasuneko sailburuordeak hasi eta ebatziko du, egokiak diren izapide prozesalak egin ostean. Prozedura hau izapidetzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) xedatutakoari jarraituko zaio.

6.– Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako, eta erantzukizun-araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan xedatutakoa izango da.

17. artikulua.– Itzulketa-prozedurak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

– Prozedura hasteak, edonola ere, eten egingo ditu oraindik egiteke dauden ordainketak.

– Segurtasuneko sailburuordeak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan.

– Alegazioak jaso ondoren, edo alegazio-epea alegaziorik egin gabe amaitzen bada, amaiera emango zaio prozedurari, Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez.

– Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.

– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epealditzat joko da.

Dagozkion kopuruak borondatezko aldian itzuli ez badira, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasun Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikagarri den legezko araudian xedatutakoa betez joka dezan.

18. artikulua.– Aplikatu beharreko dirulaguntza-araudia.

Dirulaguntza deialdi honi Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak) eta hori garatzen duen erregelamenduak (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsiak) jasotako oinarrizko araudian xedatutako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) xedatutakoa aplikatu beharko da.

19. artikulua.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazio-klausula.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra), Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoa (abenduaren 5eko 3/2018 Legea) eta datuen babesaren arloan indarrean dauden gainerako arauak betetzeko, jakinarazten da datu pertsonalak tratatu eta «Joko patologikoa prebenitzeko dirulaguntzak» deritzon tratamendu-jardueran sartuko direla. Hauek dira haren ezaugarriak:

Arduraduna: Joko eta Ikuskizun Zuzendaritza. Segurtasun Saila.

Xedea: EAEn irabazi-asmorik gabeko erakundeek joko patologikoari buruzko informazio- eta prebentzio-jarduerak egiteko laguntzen eskaerak eta horien jarraipena kudeatzea.

Legitimazioa: tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari esleitutako botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko.

Hartzaileak: ez da aurreikusten datu-komunikaziorik.

Eskubideak: Datuak eskuratu, zuzendu eta deuseztatzeko eskubideak dituzu, bai eta informazio gehigarrian adierazten diren beste eskubide batzuk ere.

Informazio gehigarria: Gure web-orrialdean begira dezakezu datu-babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza. https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/152700-capa2-eu.shtml

Araudia:

– Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra.

– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi epe horiek agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira zenbatzen.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ordezko araubidea.

Agindu honetan aurreikusita ez dauden alderdi guztietarako, xedapen hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina –EONALTB– onartzen duena), Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) eta aipatutako legearen erregelamendua onartzen duen Errege Dekretua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea (urriaren 1eko 39/2015 Dekretua) eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 11.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala