151. zk., 2023ko abuztuaren 9a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (147 KB - 4 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
3871
AGINDUA, 2023ko uztailaren 28koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Maristak Euskadi Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.
2023ko urtarrilaren 27an eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Erregistroan, Maristak Euskadi Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Horrekin batera, administrazio espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.
Estatutuen 5. artikuluak, fundazioaren xedeak jasotzen ditu:
«1.– Maristak Euskadi Fundazioaren helburua hau da: onuradunen artean prestakuntza integrala sustatzea, pertsonaren, bizitzaren eta munduaren ikuspegi kristauaren arabera. Modu horretan, bere gaitasunak alderdi guztietan garatuko ditu, hezkuntza-estilo maristaren arabera, bere izaera propioan islatua.
2.– Xede hori betetzeko, Maristak Euskadi Fundazioak honako jarduera hauek egin ahal izango ditu, besteak beste:
a) Ikastetxe katolikoen eta prestakuntza-zentroen titulartasuna bere gain hartuko du, eta zentroak sustatzeko eta haiei jarraipena emateko zeinahi ekintza bideratuko du. Ildo horretan, bere gain hartuko ditu bere ikastetxeetako titulartasunari datxezkion funtzio guztiak.
b) Irakaskuntza arautuko, ez-arautuko eta gizarte-ekimeneko ikastetxe berriak sortuko ditu edo haiek ezartzen lagunduko du, lurralde-eremu jakin batean hezkuntza-eskaintza marista sendotzeko.
c) Era guztietako laguntzak emango ditu bere ikastetxeetan irakaskuntza-, hezkuntza-, kultura- eta prestakuntza-lanak egiteko: etengabeko prestakuntza eman eta hezkuntza-komunitateko kideak lagundu, ikastetxeen azpiegitura mantendu eta egokitu, familia-ezbehar egoeran dauden ikasleei laguntza eman, etab.
d) Ikasleen artean hezkuntza pertsonala, soziala, etikoa eta transzendentea sustatuko du.
e) Hezkuntza-, kultura- eta prestakuntza-jarduerak sustatuko ditu, bai eta hezkuntza-sistemako edozein ikasgai eta mailatako irakaskuntza-zerbitzua ematea ere. Horretarako, zerbitzu eta jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak baliatuko ditu. Halaber, beste ekintza batzuk baliatuko ditu, hala nola liburuak, eskola- eta kirol-uniformeak eta eskolako materiala eta material digitala saltzea. Ekintza horiek fundazioko ikastetxeen hezkuntza-lana bideratzen eta babesten dutela irizten da.
f) Norberaren ingurune soziokulturalean txertatuko da, eta ingurune horretako balio espezifikoak sendotuko ditu.
g) Hezkuntza-maila ezberdinetan espazioak sortuko ditu, barnekotasuna, transzendentzia, anaitasuna eta elkartasunaren balioak bizi eta parteka daitezen. Hori guztia, San Marcellin Champagnaten estiloan.
h) Hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartze eraginkorra sustatuko du, eta adierazitako xedeekin koherentea den hezkuntza emateko konpromisoa hartuko du.
i) Jardueren onuradunek haren izaera propioa, hezkuntza-proiektua eta antolaketa- eta funtzionamendu-arauak errespetatu beharko dituzte.
j) Maristak Euskadi Fundazioak bere xedeak gauzatuko ditu hezkuntza-proiektu maristaren arabera hezkuntza eta prestakuntza jaso nahi duten eta fundazioarekin harremanak izan nahi dituzten pertsona guztiei arreta emateko.
k) Patronatuak inpartzialtasunaren eta diskriminaziorik ezaren irizpideak aintzat hartuko ditu fundazioaren jardueraren onuradunak zehazteko eta haiekin harremanetan izateko.
l) Gizarte- eta hezkuntza-sustapeneko programak eta premia duten edo kalteberatasun-egoeran dauden pertsonen inklusiorako programak sustatuko eta garatuko ditu, zuzenean edo irabazi-asmorik gabeko beste entitate batzuekin hitzartuta.
m) Maristak Euskadi Fundazioaren ikastetxeetan, hezkuntza-proiektu marista garatuko da. Proiektu horretan, erregulartasunez emango da Eskolako Erlijio Irakaskuntza; erlijio-zerbitzua eskainiko da, eta erlijio-ospakizunetarako kapera bat egongo da.
n) Haurren eskubideak defendatuko ditu eta horretarako konpromisoa hartuko du; halaber, fundazioaren ikastetxeetan adingabeak babesteko eta haiei tratu ona emateko inguruneak sortzeko konpromisoa hartuko du.
o) Fundazioaren ikastetxeen hezkuntza-zerbitzuari atxikitako jarduera eta zerbitzu osagarriak gauzatuko ditu, eskolaz kanpoko jarduerak barne.
p) Bere helburuak hobeto betetzeko, Maristak Euskadi Fundazioak lankidetza-hitzarmenak izenpetu ahal izango ditu, baita antzeko xedeak dituzten beste entitate batzuekin itunak egin ere.
q) Oro har, pertsonen, eta, bereziki, haurren eta gazteen hezkuntza integralaren mesedetan patronatuak zehazten dituen gainerako jarduerak, fundazioaren helburuekin bat etorriz.
3.– Maristak Euskadi Fundazioak egoki iritzitako moduan gara ditzake fundazioaren xedeak, baita beste entitate edo erakunde batzuetan parte hartzen ere; fundazio-gutunean, fundazioaren estatutuetan eta legeetan ezarritakoa muga izanik.
4.– Fundazioaren jardueretan kontuan hartuko dira Iberiar Probintziako Irakaskuntzako Anaia Maristen Erakundeak –entitate fundatzailea– ezarritako gidalerro eta helburu orokorrak».
Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diruzko ekarpena da, osorik ordainduak.
Jarduerak garatzeko lurralde-eremu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoa da, hargatik eragotzi gabe beste autonomia-erkidego batzuetan edo atzerrian jarduerak egin ahal izatea.
Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatuak gutxienez 8 kide izango dituela eta gehienez 12.
Fundazioaren hasierako patronatua kargu eta kide hauek osatzen dute (haien izendapena eta onarpena fundazioaren eskrituran jasota dago):
– Presidentea: Jaime Comabella Callizo jauna.
– Presidenteordea: Montserrat Giménez Hernández andrea.
– Idazkaria: Moisés Alonso Pérez jauna.
– Kidea: Alfonso Fernández García jauna.
– Kidea: Iñigo García Blanco jauna.
– Kidea: Samuel Holguín Díez jauna.
– Kidea: Alejandro Mena Goldáraz jauna.
– Kidea: Alberto Burguete Huarte jauna.
– Kidea: Miren Alazne Azaceta Márquez andrea.
– Kidea: Izaskun Lamborena Elorduy andrea.
Lehen patronatua lau urterako izendatu da, fundazioaren estatutuen 10. artikuluak xedatutakoaren arabera. Kide berrien izendapena estatutuen 10. eta 11. artikuluetan araututa dago.
Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Aholku Batzordea 2023ko ekainaren 15ean bildu zen, inskripzio-eskaera baloratzeko, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasunari erreparatuta, eta aldeko txostena eman zuen aho batez, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.
Era berean, 2023ko uztailaren 27an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eraketa-espediente honi buruzko ebazpena, arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 7.1.n) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7.etik 12.era bitarteko artikuluetan eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako baldintzak.
Hori guztia kontuan hartuta,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Maristak Euskadi Fundazioa izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea F-484 erregistro zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, 2023ko urtarrilaren 20an, Madrilen, Ignacio Paz-Ares Rodríguez notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan jasotako baldintzetan (protokolo-zenbakia: 114).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, haren aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 28a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
OLATZ GARAMENDI LANDA.